35. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 31n hartua, Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspena onesten duena.

Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 15ean hartutako erabaki baten bidez onetsi zen. Plan hori gure lurraldean hondakinen prebentzio eta kudeaketaren arloko politikaren oinarrizko tresna da. Hondakin Planaren denbora-esparrua 2017tik 2027ra bitartekoa izatea ezarri zen, eta 2022an berrikuspena egitea, Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legearen II. kapituluan azaltzen da nolakoa izan behar duen hondakinen arloko plangintzak Nafarroan. 11. artikuluak dioenez, Hondakin Planaren berrikuspena gutxienez ere 6 urtean behin eginen da, hartutako neurrien eraginkortasuna eta emaitzak aztertzeko. Berrikuspen hori plan osoaren gainekoa izanen da, eta agerian uzten ahalko du helburu berriak eta aurrekoak baino anbizio handiagokoak ezarri beharra.

2018ko maiatzaren 30ean, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/851 (EB) Zuzentaraua onetsi zuten, hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentaraua aldatzen duena. Zuzentarau berri horretan hondakinen prebentzio eta kudeaketa planen edukiaren zenbait aldaketa jasotzen dira, eta horietako batzuk Europar Batasunaren hondakin arloko finantzaketa eskuratzeko gaitzen duten baldintzak dira. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak ebaluatu du Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planak gaikuntzarako baldintza betetzen duen, eta betetzen duela ondorioztatu duenez, Nafarroak eskuratzen ahal du Europako finantzaketa.

2022an Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea onetsi zen; lege horrek indargabetu du 22/2011 Legea, berrikusi beharreko Nafarroako Hondakin Plana egiteko oinarritzat hartu zena. Araudi horrek antolamendu juridikora ekarri ditu 2018/851 (EB) Zuzentaraua, aldaketak egiten dituena hondakinen esparru-zuzentarauan, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/904 (EB) Zuzentaraua, plastikozko produktu jakin batzuek ingurumenean sortzen duten inpaktua murrizteari buruzkoa. Horrenbestez, Nafarroako Hondakin Planaren plangintza eta helburuak berrikusi eta araudi berri horretara egokitu behar dira.

Hondakinen eta haien Fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legearen 13. artikuluak agintzen du jarraipen batzorde baten lana dela Hondakin Plana ebaluatu eta haren eguneraketa proposatzea, eta batzorde horren antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarri behar direla.

Abuztuaren 2ko 61/2023 Foru Dekretuaren bidez arautzen da Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordearen antolaketa eta funtzionamendua (2023ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 17koa).

Batzorde horren bitartez Nafarroako Hondakin Plana ebaluatu eta eguneratzen ahal da, kontuan hartuta haren garapena, ezarpena eta sortzen doazen arau berriak; Nafarroan hondakinen kudeaketaren arloan dagoen egoeraren berri eman beharko zaio batzordeari, eta planak eragindako neurri garrantzitsu guztietan parte hartuko du.

2023ko urriaren 11n egin zuen lehen bilkura batzordeak, eratzeko eta Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspena egitea erabakitzeko.

Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren indarraldian, Hondakinen Atalak haren jarraipena eta kontrola egin ditu, eta horri esker jakin ahal izan da noraino bete diren aurreikusitako helburuak eta neurriak egokiak eta eraginkorrak izan diren. Egindako jarraipenaren ondorio gisa, beharrezkotzat jotzen da erabakiak hartzea hasierako plangintzaz, helburuak zehaztu eta/edo aldatzea eta aurrekontua eguneratzea jasangarritasun ekonomikoa bermatuta.

Hondakinen Atalak Hondakin Planaren indarraldian izan diren arau aldaketen eta jarraipenaren ondorioen berri eman zion Hondakin Planaren Jarraipen Batzordeari, batzordeak 2023ko urriaren 11n egin zuen lehen bilkuran.

Jarraipen Batzordeak onetsi zuen 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspena egitea, egungo planaren adenda izaerarekin, neurri berriak gehituta, halakorik proposatuz gero.

2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspenari buruz proposatzen den agiria bukatu ondoren, parte-hartze publikorako prozesua hasi zen, 27/2006 Legearekin bat. Prozesua 2023ko urriaren 11tik abenduaren 12ra bitartekoa izan zen, eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atariaren bitartez egin zen, bertan jaso behar baitziren proposamenak. Horrez gain, parte-hartze prozesurako proposamena aurkeztu zen bi mailatako bilerak eginez: 1. mailakoak, toki erakundeekin, eta 2. mailakoak, planaren parte-hartze taldearekin. Parte hartzeko hirugarren maila bat ere jartzea planteatu zen, espezifikoa talde ekologista batzuentzat, 2. mailan parte hartzeko interesa agertu baitzuten.

Aldi berean, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak adierazi zuen 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspena ez dela aldaketatzat jotzen, ez funtsezkoa ez xehea, eta beraz ez dela beharrezkoa inongo ebaluazio estrategikorik izapidetzea Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearekin bat. Edonola ere, parte-hartze prozesua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan adierazitako ondorioetarako ere egin zen.

Parte-hartze prozesuan 41 alegazio jaso ziren guztira, 8 alegazio-egilek aurkeztuak 14 gairi buruz. Alegazioak baloratu ondoren, hein batean nahiz osorik baietsi ziren haietako 19, eta 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspenaren azken agirian erantsi ziren.

2024ko urtarrilaren 15ean, Nafarroako Ingurumen Kontseiluak aldeko txostena egin zuen 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspenaz. Kontseiluaren azterketaren ondorioz, zenbait proposamen gehitu ziren gai hauei buruz: gordailu, itzulketa eta berrerabilera sistema indartzeko neurriak, hondakinen karakterizazioa eta hondakinen kudeaketarako edo kudeaketa zaileko hondakinen azpiegiturak jasaten dituzten udalentzako konpentsazioak.

2024ko urtarrilaren 19an, Nafarroako Hondakin Planaren Jarraipen Batzordeak aho batez onetsi zuen Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspena aurkeztea Nafarroako Gobernuak onets dezan, planaren aldaketarik gabe.

Horregatik guztiagatik, ikusirik Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak egindako txostena, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 12.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspena onestea.

2. Nafarroako Parlamentura igortzea Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Planaren berrikuspena, erabaki honen eranskin gisa onetsitakoa, haren berri izan dezan.

3. Erabaki hau igortzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau, eranskinik gabe, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Nafarroako Hondakin Planaren berrikuspena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2401887