35. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 2koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez zuzentzen baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 31/2022 Foru Aginduan atzemandako akatsa. Foru agindu horren bidez, araubide orokorra ezartzen da nekazaritza, ingurumen eta klimaren laguntzak (10. neurria) eta nekazaritza ekologikoarenak (11. neurria) eman, kudeatu eta kontrolatzeko Nafarroako Foru Komunitatean. Laguntza horiek Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean daude.

2022ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 19koan, argitara eman zen martxoaren 11ko 31/2022 Foru Agindua, zeinaren bidez araubide orokorra ezartzen baita nekazaritza, ingurumen eta klimaren laguntzak (10. neurria) eta nekazaritza ekologikoarenak (11. neurria) eman, kudeatu eta kontrolatzeko Nafarroako Foru Komunitatean. Laguntza horiek Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean daude.

Akats bat egin zen 22. artikuluko 4. puntuko II. atalean, "aldatzeko" hitza ez baitzen sartu.

Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 109. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluan xedatutakoarekin, egintza eta xedapen administratiboetako akats materialak, aritmetikoak eta egitatezkoak zuzentzea egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio.

Akatsen zuzenketan, horrek dakartzan ondorio juridikoak zehaztu beharko dira, horrelakorik baldin badago. Jakinarazi edo argitaratu diren egintzak izanez gero, zuzenketak ere nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko dira.

Kasu honetan, 31/2022 Foru Aginduaren azken xedapen bakarrak ezartzen du foru agindua aplikatuko zaiela 2022ko otsailaren 1etik aurrera aurkezten diren laguntza-eskaerei. Beraz, akatsen zuzenketak egun horretatik aurrera izan behar ditu ondorio juridikoak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Zuzentzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 31/2022 Foru Aginduaren 22.4 artikuluko II. apartatuan atzemandako akatsa. Foru agindu horren bidez, araubide orokorra ezartzen da nekazaritza, ingurumen eta klimaren laguntzak (10. neurria) eta nekazaritza ekologikoarenak (11. neurria) eman, kudeatu eta kontrolatzeko Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean. Horrenbestez:

Honako hau dioen tokian:

"eskaerak aurkezteko epearen bukaeran".

Honako hau behar du:

"eskaerak aldatzeko epea bukatzen den egunean".

2. Akatsen zuzenketak 2022ko otsailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio juridikoak.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2024ko otsailaren 2an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José M.ª Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2402051