35. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9E/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 25ekoa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira "Aniztasuna, aberastasun iturri" izeneko VII. eskola lehiaketaren 2024ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. Lehiaketaren sustatzailea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzua da.

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak, zehazki Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak, sari batzuk eman nahi dizkie Nafarroako ikastetxeek "Aniztasuna, aberastasun iturri" gaiarekin lotuta egindako eskola-lanei, eta izenburu hau eman dio lehiaketari: "Aniztasuna, aberastasun iturri" VII. eskola lehiaketa. Sariak hauexek izanen dira: plaka grabatuak ematea sariren bat irabazten duten ikastetxeei, eta, kategoria bakoitzean irabazle suertatzen diren ikasleentzat, egun bateko egonaldia ordaintzea Nafarroako Foru Komunitateko jolas-parke batean.

Lehiaketa Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Batxilergoko 1. maila, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiei zuzenduta dago. Sormenezko lehiaketa bat da, helburu duena gizarteak aniztasuna balioestea, hura ikusiz, sentituz eta aberastasun gisa bizi izanez, desberdina dena errespetatuz eta desberdintasun hori ikaskuntza-baliabide gisa erabiliz.

Sariak ematearen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko B20002 B2100 2268 232500 partida dago, "Sariak, lehiaketak eta txapelketak" izenekoa. Partida horretan dagoen gerakina nahikoa da eskola lehiaketa honetan emanen diren sarietako gastuei aurre egiteko.

Espedientean jasota daude proposamen-txostena, kontabilitate-zentroaren baimena eta horretarako txosten juridikoa.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenez baliatuz, honako hau

AGINTZEN DUT:

1.–Onestea "Aniztasuna, aberastasun iturri" izeneko VII. eskola lehiaketaren 2024ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak, foru agindu honen bukaeran daudenak.

2.–Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.–Foru agindu hau igortzea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 25ean.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

ANIZTASUNA, ABERASTASUN ITURRI
NAFARROAKO GOBERNUKO MEMORIA ETA BIZIKIDETZA ZUZENDARITZA NAGUSIAK ANTOLATURIKO VII. SORMEN LEHIAKETA 2024

Justifikazioa: Aniztasuna aberastasun modura ikusi, sentitu eta bizi duen gizartea ederragoa da. Ezberdintasuna errespetatu eta ezberdintasuna ikasbide bihurtzen duen gizartea ederragoa da. Begirada koloretsua duen gizartea ederragoa da. Bizikidetza osasuntsua izan nahi duen gizarteak aniztasuna izan behar du oinarri.

Zergatik sormen lehiaketa bat? Herritarra modu aktiboan, kritiko izanez, begiratzera, sentitzera eta hausnartzera bultzatzen duelako.

ESKOLA LEHIAKETAREN OINARRIAK

1. Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. maila) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Batxilergoko 1. maila, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiek parte hartu ahalko dute.

2. Parte-hartzea taldekakoa izanen da (ikasle talde osoa + irakasle arduraduna).

3. Talde bakoitzak lan bakarra aurkeztuko du.

4. Lanak euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez daitezke.

5. Gaia. Aniztasuna, aberastasun iturri–Ispiluak. Lehiaketako gai nagusi eta orokorra ANIZTASUNA, ABERASTASUN ITURRI izanik, aurtengo gai zehatza ISPILUAK da. Gure esentzia islatzen duten ispiluak, gure izatea balioesten duten ispiluak, nor garen eta nolakoak garen ikusarazten diguten ispiluak. Ispiluek gureaz bestelako pertsona, leku, hizkuntza, ideia, pentsamendu... guztiak islatzera gonbidatzen gaituzte, espektroa aberastuz. Tamainan amaigabeak diren ispiluak, elkar ezagutu nahi duten ezberdintasun guztiei besoak irekitzen dizkietenak.

6. Modalitateak:

Lehen Hezkuntzako (LHko 1. eta 2. mailak) ikasleek ondoko modalitatean aurkeztu beharko dituzte lanak:

A.–Zer aurkeztu: marrazki kolektibo bat (teknika librea: akuarela, collage-a, estanpazioa, ikatz-ziria) eta esaldi bat marrazkian txertatua, guztia proposaturiko gaiari lotua: ISPILUAK.

Lehen Hezkuntzako (LHko 3., 4., 5. eta 6. mailak) ikasleek ondoko modalitatean aurkeztu beharko dituzte lanak:

B.–Zer aurkeztu (eskutitza eta audioa): zu ez bezalakoa den pertsona horri, zuen taldea ez bezalakoa den beste talde horri, zuena ez den beste leku horri, zuena ez den beste hizkuntza horri, zurea ez den pentsamendu edo ideia horri, zuena ez den espazio horri... gutun bat idatzi. Zuen begietara desberdina den horri eskutitza idatzi, ezberdin egiten duen horri balioa emanez. Gutuna audio batean grabatuko da, eta eskutitzarekin batera aurkeztuko da. Gutunak gehienez 200 hitz izanen ditu, eta edukian ISPILUAK ideiari eginen dio erreferentzia.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek ondoko modalitatean aurkeztu beharko dituzte lanak:

C.–Zer aurkeztu: gehienez 60 segundo izanen dituen bideo bat. Ikus-entzunezkoaren helburua gizarteari mezu argi bat bidaltzea da. "Ispiluak" ideia izan behar du bere baitan gidoiak proposatutako gaia kontuan hartuz.

7. Marrazkiek, testuek, audioek eta bideoek originalak izan behar dute eta lehiaketarako propio sortuak.

8. Ez marrazkian, ez testuan, ez audioan, ez bideoan ez da taldearen erreferentziarik azalduko. Azalduko balitz, lanek ez lukete saria jasotzerik izanen.

9. Lehiaketaren oinarrien berri Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu daitezke lanak.

10. Lanak aurkezteko azken eguna: 2024ko martxoaren 27ko (asteazkena) 14:00ak baino lehen.

11. Lanak bizikidetza@navarra.es helbide elektronikora bidaliko dira, gaian "Aniztasunaren lehiaketa-aukeratutako ezizena" jarrita.

12. Aurkezpena:

–A Modalitatea: bidalitako mezuan bi artxibo atxikiko dira: marrazkia eskaneatua "Marrazkia" izenpean eta "Datuak_ikasmaila zehaztu artxiboaren izenean" izenpean taldearen datuak jasoko dituen dokumentu bat (ikastetxea, maila eta gela, taldeko ikasle kopurua, zein ikasgaitan landu den lana eta irakaslearen izen-abizenak eta bere helbide elektronikoa).

–B Modalitatea: bidalitako mezuan hiru artxibo atxikiko dira: eskutitza (Word edo bateragarria den formatuan) "Gutuna" izenpean, audioa (mp3 formatuan) "Audioa" izenpean eta "Datuak_ikasmaila zehaztu artxiboaren izenean" izenpean taldearen datuak jasoko dituen dokumentu bat (ikastetxea, maila eta gela, taldeko ikasle kopurua, zein ikasgaitan landu den lana eta irakaslearen izen-abizenak eta bere helbide elektronikoa).

–C Modalitatea: bidalitako mezuan bi artxibo atxikiko dira: bideoa mp4 formatuan "Bideoa" izenpean, eta "Datuak_ikasmaila zehaztu artxiboaren izenean" izenpean taldearen datuak jasoko dituen dokumentu bat (ikastetxea, maila eta gela, taldeko ikasle kopurua, zein ikasgaitan landu den lana eta irakaslearen izen-abizenak eta bere helbide elektronikoa).

13. Formularioa. Talde parte hartzailearen datuak biltzen dituen dokumentua atxikitzeaz gain, ondoko formularioa bete eta bidali behar da: https://docs.google.com/forms/d/1W1VDL_ub3WLp4AHS0QnUNAOBXJUKbD0Vi8Ww7QHSsww/edit

14. Epaimahaiak bere erabakiaren berri apirilaren 15ean emanen du eta ondoren jakinaraziko zaie epaia parte hartu duten guztiei.

15. Epaimahaia Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko bi teknikarik eta Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko beste bi teknikarik osatuko dute.

16. Epaimahaiak kontuan izanen dituen alderdiak:

–A modalitatea:

  • Proposaturiko gaiarekiko marrazkiak duen orijinaltasuna.
  • Marrazkiaren kalitatea, trazua, kolorea, konposaketa.
  • Esaldiaren zehaztapena eta marrazkiarekin duen lotura.
  • Lanak bere osotasunean helarazten duen mezu baikor eta eraikitzailea.

–B modalitatea:

  • Eskutitzaren orijinaltasuna.
  • Edukiaren kalitatea.
  • Proposatutako gaiarekiko erlazioa.
  • Grabazioa: intonazioa, erritmoa eta ahotsak edo ahotsek transmititzen duten indarra.
  • Lanak bere osotasunean helarazten duen mezu baikor eta eraikitzailea.

–C modalitatea:

  • Proposaturiko gaiarekiko mezuak duen orijinaltasuna.
  • Gidoiaren kalitatea.
  • Irudien kalitatea.
  • Lanak bere osotasunean helarazten duen mezu baikor eta eraikitzailea.

17. Sari-banaketa Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak apirilean antolatzen dituen Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Jardunaldietan eginen da.

18. Sariak:

–Lehen Hezkuntza:

LHko 1. eta 2.mailako ikasleen artean:

  • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.
    • LHko 3. eta 4.mailako ikasleen artean:
  • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.
    • LHo 5. eta 6.mailako ikasleen artean:
  • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.

–Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa:

  • DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen artean:
    • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.
  • DBHko 3. eta 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleen artean:
    • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.

19. Aurkeztutako lanak Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak erabili ahalko ditu helburu hezitzaile eta dibulgatzaileekin.

20. Lehiaketa honetan parte hartzeak baldintza hauek onartzea dakar berarekin.

21. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero: 848426048 / bizikidetza@navarra.es

Iragarkiaren kodea: F2401405