35. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

10/2024 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zenbait eskumenen erabilera uzten baita Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuetako zuzendari titularren esku.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Horrez gain, artikulu horrek ezartzen du eskumenen eskuordetza noiznahi egin edo errebokatu daitekeela, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela. Ezartzen du, orobat, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Zuzendaritza Nagusiaren jardueren garapenean beharrezkoak diren eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko, egokitzat jotzen da zerbitzuetako zuzendari titularren esku uztea Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari dagozkion zenbait eskumenen erabilera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea zerbitzu horrek tramitatutako dirulaguntzen ordainketa, itzulketa eta haiek kobratzeko eskubidearen galera agintzeko eskumena, zeina indarreko legeek Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari esleitzen baitiote.

2. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea indarreko legeek Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari esleitzen dizkioten honako eskumen hauen erabilera, industriaren, azpiegitura energetikoen eta meategien arloari loturik:

a) Profesionalei energiaren, meategien eta industria segurtasunaren arloko egiaztagiriak eta baimenak ematea.

b) Meategietan hauts-laginak murrizteko baimena.

c) Meatze-eskubideak eskualdatzeko baimena.

d) Meategiko jardueretan lanen planak onestea.

e) Instalazio elektrikoen eta gas-instalazioen arloko baimenak, garraio linea edo sareenak izan ezik.

f) Ibilgailu historikoak katalogatzea.

g) Produktu galkorrak lurreko garraioaren bidez tenperatura kontrolatuan garraiatzen dituzten ibilgailu berezien gaineko ziurtagiriak ematea.

h) Zentro teknikoak eta tailerrak baimentzea takografoen eta abiadura-mugagailuen arloetan aritzeko.

i) Neurri alternatiboak eta arau tekniko baliokideen erabilera baimentzea, berariazko arauek aukera hori ematen dutenean.

j) Zerbitzuak tramitatzen dituen dirulaguntzak ordaintzea, haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta dirua itzultzeko eskatzea.

k) Arau-hauste arin eta larriengatik irekitzen diren zehapen prozedurak hastea eta ebaztea, energiaren, meategien eta industria segurtasunaren arloetan.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea zerbitzu horrek tramitatutako dirulaguntzen ordainketa, itzulketa eta haiek kobratzeko eskubidearen galera deklaratzeko eskumena, zeina indarreko legeek Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari esleitzen baitiote.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 1ean.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2401883