34. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

9E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizten baitzaio aldaketa ez-funtsezko bat dela Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean aglomeratu asfaltikoa fabrikatzen duen instalazio baten aldaketa proiektua, makinetarako estalpe bat jartzeko xedea duena. Instalazioaren titularra Asfaltos De Biurrun SA da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen-baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 69E/2023 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 16.7 eta 5.1 taldeetan.

2023ko azaroaren 27an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi du, makinetarako biltegi-estalpe bat jartzeko, 755 m²-koa.

Ikusirik industria-instalazioaren aldaketa proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honek uste du aldaketa hori aldaketa ez-funtsezkoa dela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); izan ere, aldaketak ez dakar berekin erregelamendu horren 37. artikuluan ezarritako egoeretako bat ere.

Bestalde, aldaketa ez-funtsezkoa egiteko proiektu horren ondorioz, beharrezkoa da ingurumen-baimen bateratuaren testua aldatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Beste alde batetik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aldatzeko proiektuak ez du behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik ez ukipenik.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Iriztea aldaketa ez-funtsezko bat dela Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean aglomeratu asfaltikoa fabrikatzen duen instalazioaren aldaketa proiektua, makinetarako estalpe bat jartzeko xedea duena, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi da). Instalazioaren titularra Asfaltos De Biurrun SA da.

Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak aurrera eramaten ahalko du aurreikusitako proiektua, deusetan galarazi gabe dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk tramitatzea.

Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen-baimen bateratuaren testua aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak sartuz.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Asfaltos De Biurrun SAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2400930