34. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Gazteriaren Kontseilu Sektorialaren Erregelamendua. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2023ko urtarrilaren 26ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Zizur Nagusiko Gazteriaren Kontseilu Sektorialaren Erregelamendua.

Onetsitako erregelamendua Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan egon da ikusgai 30 egun baliodunean, hasierako onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik zenbatzen hasita. Epe horretan, herritarrek ez dute alegaziorik jarri, eta, hortaz, behin betiko onesten da dokumentua.

Aplikatzekoa den araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Zizur Nagusian, 2023ko urriaren 11n.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIKO GAZTERIAREN KONTSEILU SEKTORIALAREN ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

Herritarren Parte-hartzearen Udal Ordenantzari eta Udal Erregelamendu Organikoaren 131. eta 132. artikuluei jarraikiz, Zizur Nagusiko Udalak udal kudeaketan parte hartzeko eta horri buruzko informazioa jasotzeko bide batzuk antolatu nahi ditu herritarrentzat, herriko hainbat erakundek eta kolektibok duten rola aintzatetsiz eta kontuan izanik ezen kontseilu sektorialak ezartzen ahal direla udalaren jarduera eremuetan, horrela behar edo erabakitzen bada.

Azken helburua kontseilu sektorialen funtzionamendua eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin lortzea da, Zizur Nagusiko Udalaren jarduerari buruzko informazioa emateko, parte hartzeko, proposatzeko eta kontrolatzeko organoak baitira. Jarduera hori –eta beraz, zerbitzuen kalitatea– hobetzen laguntzea da horren guztiaren helburua.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea Gazteriaren Kontseilu Sektorialaren antolaera, eskumenak eta funtzionamendua arautzea da. Zizur Nagusiko Herritarren Parte-hartzearen Udal Ordenantzaren III. kapituluko 18. artikuluan eta Udal Erregelamendu Organikoaren 131. eta 132. artikuluetan xedatutakoaren arabera eratzen da kontseilu hori.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Gazteriaren Kontseilu Sektoriala –aurrerantzean, Gazteriaren Kontseilua– Zizur Nagusiko udalaren kide anitzeko organo iraunkor bat da, eta haren bidez udalerriko herritar eta erakundeen parte-hartzea bideratzen da, gazteriaren arloan.

Gazteriaren Kontseilua Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzerako Informazio Batzordeari edo gazteriaren alorreko gaiak koordinatzeko eginkizunarekin sortzen den informazio batzordeari lotuta egonen da. Hain zuzen, Gazteriaren Kontseiluak egiten dituen bileren berri eman beharko dio batzorde horri.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

Gazteriaren Kontseiluaren jarduna Erregelamendu honen araberakoa izanen da. Erregelamenduan jasotzen ez den guztirako, toki erakundeen beharrezko diren organoen funtzionamenduari buruzko xedapen orokorrak aplikatuko dira, bai eta Herritarren Parte-hartzearen Udal Ordenantza bera ere.

Erregelamendu hau ezartzeko eta aplikatzeko zeregina udaleko osoko bilkurari dagokio, Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzerako Informazio Batzordearen irizpena jaso ondoren.

4. artikulua. Helburuak eta eskumenak.

a) Ekintzak sustatzea eta bultzatzea, bete daitezen Zizur Nagusiko Udalaren Gazteria Planean jasotako helburuak eta ekintzak.

b) Gazteen parte-hartzea bultzatzea Zizur Nagusiko gizarte-bizitzan, elkarteen sorrera, boluntarioen lana eta gizarte-lankidetza sustatuz arlo honetan, aukeren berdintasunean oinarrituta, eta horien garapena sustatuz eta beharrezkotzat jotzen duen edo eskatzen zaion babesa, laguntza eta aholkularitza emanez.

c) Gazteen bizitzan eragiten duten alderdiak oro kontuan hartzea, ondorioak aztertuz eta gauzatu beharreko neurriak proposatuz.

d) Jarduerak sustatzea ziurtatze aldera gazteek berdintasunez parte hartzen dutela haiengan eragina duten erabaki eta neurrietan.

e) Aholkularitza-organo gisa jardutea Udalak garatzen dituen ekintzetan gazteriarekin lotutako gaiak aztertzeko, hala nola jarduerak, proiektuak edo programak, eta, orobat, interesgarriak iruditzen zaizkionak proposatzea.

f) Gazteriaren arloan funtzioak eta eskumenak dituzten erakunde eta entitateen arteko koordinazioa sustatzea, publikoak edo pribatuak (irabazi asmorik gabekoak) izan.

g) Administrazioaren eta herriko gazteen arteko solaskidea izatea.

h) Zizur Nagusiko Udalarekin lan egitea gazteentzako politikak prestatzen, populazio gazteari zuzendutako kanpainak eta jarduerak sustatuz.

i) Berdintasun-politikak aplika daitezen bultzatzea.

j) Gazteen bizi kalitatea hobetzen eta aisia modu osasuntsuan garatzen laguntzea, jarduera kulturalak, informatiboak, prestakuntzakoak eta parte-hartzaileak antolatuz eta haiek gazteen populazio osoaren ezaugarrien arabera planifikatuz.

k) Gazteriaren Kontseiluarentzat interesa duten gaiei buruzko informazioa lortzea, aldez aurretik eskaera arrazoitua eginda.

l) Urteko txostena prestatzea gazteriaren parte-hartzearen arloan izandako lorpenei buruz eta Gazteriaren Kontseiluak egindako jarduketei buruz.

m) Gazteriarekin zerikusia duten gaiei buruzko txosten edo azterlanak egitea, bere kasa nahiz Administrazioak eskatuta. Horretarako, Gazteriaren Kontseiluak Udalari beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatzen ahalko dio.

n) Gazteen zerbitzuan udalerrian dauden baliabideak eta ondarea eraginkortasunez kudeatzeko neurriak proposatzea eta neurri horiek hartzen laguntzea; halaber, aipatutako baliabideak eta ondarea erabiltzeko irizpideak ezartzea.

o) Gazteriaren Kontseiluari esleitzen zaion bestelako eskumen oro.

II. KAPITULUA.–OSAERA ETA KIDEAK

5. artikulua. Gazteriaren Kontseiluaren osaera.

Honako kide hauek izanen ditu Kontseiluak:

a) Alkatea edo alkatetzaren ebazpen bidez izendatutako ordezko zinegotzia.

b) Udalbatzan ordezkaritza duten udal talde politikoek eta talderik gabeko zinegotziek izendatutako ordezkari bana.

c) Gazteriako teknikaria, zeinak Kontseiluko idazkariaren zereginak izanen baititu, eta, hala badagokio, aholkua emanen baitu, hitza izanik, baina bozkatzeko eskubiderik ez.

d) Gazteen ordezkariak, 16 eta 30 urte bitartekoak eta erroldatuak, ezein elkartetako bazkide ez direnak eta elkarte edo gazte kolektibo hauetako kide direnak:

a. Zizurko BHIko Batxilergoko 4 ordezkari (A ereduko 2 eta D ereduko 2).

b. Aisialdiko lokaletako 2 ordezkari.

c. Gazteen lagun taldeetako 2 ordezkari; talde horiek ez dira ezein elkartetako bazkide eta ez daude sartuta aipatutako talderen batean.

d. Gazteen elkarte, kolektibo edo entitate bakoitzeko 2 ordezkari, udal erregistroan inskribatuta egon ala ez.

e. Berdintasun arloko elkarte, kolektibo edo entitate bakoitzeko ordezkari 1 (emakumeak, LGTBI+, kultura aniztasuna eta abar).

Herriko gazteen ordezkarien kopurua aldatzen ahalko da, kopuru hori murriztuz edo handituz une bakoitzeko egoeraren arabera. Dena den, kopurua aldatzeko, Gazteriaren Kontseiluak horretarako erabakia eman beharko du.

Gazteriaren Kontseiluaren bileretara joaten ahal dira, halaber, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe, kontseiluburuak gonbidatutako pertsonak edo, egokitzat jotzen bada, eztabaidatuko diren gaietan adituak diren pertsonak edo entitateak.

Legegintzaldi bakoitzaren hasieran, Gazteriaren kontseiluko kideak berrituko dira; zehazki, udalbatza berria eratu eta lehenengo sei hilabeteen barruan gauzatu beharko da berrikuntza hori.

6. artikulua. Gazteriaren Kontseiluaren egitura.

Gazteriaren Kontseiluak egitura hau izanen du:

a) Kontseiluburua: alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia.

b) Kontseiluko buruordea: 9. artikuluaren arabera hautatutako pertsonak hartuko du kargu hori bere gain.

c) Idazkaria: Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzeko teknikaria edo Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario bat.

d) Kideak: gazteen ordezkariak, baita Udalbatzan ordezkaritza duten udal talde politikoek eta talderik gabeko zinegotziek izendatutako ordezkariak ere.

e) Gazteriaren Kontseiluaren Biltzarra, aurreko guztiak eta, hala badagokio, gonbidatutako lagunak edo entitateak bilduko dituena.

f) Lantaldeak eratzen ahalko dira gai zehatzetarako edo Gazteriaren Kontseiluko Biltzarrak eskatzen duenean edo kontseiluburuak proposatzen duenean.

7. artikulua. Kideen izendapena.

Sektore bakoitzak Gazteriaren Kontseilurako ordezkari titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu kontseiluburuari zuzendutako idazki baten bidez.

Era berean jokatuko dute Udalbatzako talde politikoek beren ordezkariak eta horien ordezkoak izendatzeko.

8. artikulua. Kontseiluburua.

Gazteriaren Kontseiluko burua alkatea bera edo hark eskuordetutako zinegotzia izanen da, eta eskumen hauek izanen ditu:

a) Gazteriaren Kontseiluaren bileren deialdia egitea, gai-zerrenda ezartzea eta bilerak amaitutzat jotzea.

b) Gazteriaren Kontseiluaren bileren buru izatea eta Kontseiluaren ordezkari gisa jardutea, beharrezkoa denean.

c) Gazteriaren Kontseiluko bileretako eztabaidak zuzentzea eta moderatzea.

d) Gazteriaren Kontseiluaren gainean ezarritako arauak aplikatzea.

e) Gazteriaren Kontseiluko kideek aurkezten dituzten proposamenei erantzutea.

9. artikulua. Kontseiluko buruordea.

Gazteriaren Kontseiluko buruordea Udalbatzako talde politikoek eta, halakorik balego, talderik gabeko zinegotziek izendatutako ordezkarien artean hautatuko da bozketa bidez. Boto gehien lortzen duen hautagaia izanen da hautetsia. Kontseiluko buruak eskuordetzen dizkion eskudantziak hartuko ditu bere gain, eta Kontseiluko buruaren ordez arituko da bururik ez dagoenean, bilkuretara joan ezin denean edo gaixo dagoenean.

10. artikulua. Idazkaria.

Zizur Nagusiko Udaleko Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzeko teknikariak beteko du idazkari kargua edo, bestela, Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario batek.

Idazkaria arduratuko da bileretako akta egiteaz eta Gazteriaren Kontseiluko buruari eta, oro har, Kontseiluari aholkularitza teknikoa emateaz. Gainera, Kontseiluaren bileretan onetsitako erabakiak jakinaraziko ditu, kontseiluburuak ikusi eta onetsi ondoren.

III. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

11. artikulua. Kideen eskubideak.

Gazteriaren Kontseiluko kideek eskubide hauek dituzte:

a) Gazteriaren Kontseiluaren Biltzarreko bilkuretan parte hartzea.

b) Informazioa jasotzea honako hauen jardunaren gainean: Gazteriaren Kontseilua eta Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzerako Informazio Batzordea.

c) Gazteriaren Kontseiluko aktak eta dokumentazioa eskuratzea.

d) Norbere erakundearen, elkartearen edo talde politikoaren ordezkari izatea eta haren interesak defendatzea Gazteriaren Kontseiluaren esparruan.

e) Gazteriaren Kontseiluan ekimenak eta proposamenak aurkeztea eta defendatzea. Proposamen horiek onetsi eta, egoki bada, Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzerako Informazio Batzordeari helarazten ahal zaizkio.

f) Erregelamendu honen kontrakoak direla uste duen erabakiak aurkaratzea.

12. artikulua. Kideen betebeharrak.

Gazteriaren Kontseiluko kideek betebehar hauek dituzte:

a) Gazteriaren Kontseiluaren Biltzarreko bilkuretan parte hartzea.

b) Gazteriaren Kontseiluaren funtzionamendu egokia eta sustapena bultzatzea.

c) Inongo kudeaketarik ez egitea Gazteriaren Kontseiluaren izenean hark espresuki jakin eta baimendu gabe.

d) Gazteriaren Kontseiluaren Biltzarrak harturiko erabakiak errespetatzea.

e) Gazteriaren Kontseiluak bere jarduera gauzatzean bere gain hartzen dituen lan guztietan laguntzea.

f) Erregelamendu honetan xedatutakoa errespetatzea eta betetzea.

13. artikulua. Kide izateari uztea.

Inguruabar hauek direla-eta utziko zaio Gazteriaren Kontseiluko kide izateari:

a) Kargua borondatez uztea, Gazteriaren Kontseiluko buruari idatziz jakinarazita.

b) Erregelamendu honetako 12. artikuluan ezarritakoa ez betetzea, behin eta berriz eta nahita.

c) Baja hartzea, ordezten duen elkartea, entitatea, kolektiboa edo taldea desegin dela eta.

d) Kargutik kentzea elkartearen, entitatearen, kolektiboaren edo taldearen ordezkaria.

e) Jarrera desegokia izatea, baldin eta Gazteriaren Kontseiluaren izen onari kalte egiten badio edo larri erasaten badie Gazteriaren Kontseiluak antolatzen dituen jarduerei edo kontseilukideen arteko bizikidetza normalari.

f) Gazteriaren Kontseiluaren bilkuretara ez joatea justifikaziorik gabe, bi aldiz jarraian edo hiru aldiz jarraian izan gabe.

Gazteriaren Kontseilutik kanporatzeko erabakia –betiere b) eta e) letretan aurreikusitako kausei jarraikiz– Gazteriaren Kontseiluaren Biltzarrak hartuko du. Kontseiluburuak bakarrik proposatzen ahalko du kide bat kanporatzea, eta hala erabakiz gero kide horrek ezin izanen du Kontseiluan parte hartu aurreko akordioa jakinarazi eta gutxienez urtebete iragan arte.

IV. KAPITULUA–GAZTERIAREN KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDUA

14. artikulua. Biltzarra eratzeko bilkura eta ohiko bilkurak.

Gazteriaren Kontseiluaren Biltzarra formalki eratuko da Erregelamendu honen indarraldia hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan. Lehen bilkura horretan ohiko bilkuren egutegia onetsiko da, gutxienez hiruhilekoan ohiko bilkura bat jarrita. Ondoren, urtero antolatuko da bileren egutegia, lehen aipatutako maiztasuna errespetatuta.

Kontseilua eratu aurretik, beharrezkoa bada, Udalak bilera eginen du interesdun guztiekin, jarraitu beharreko prozeduraren berri emateko.

15. artikulua. Bilkura bereziak.

Landu beharreko gai bereziren bat dagoenean, bilkura berezia egiten ahal da, Gazteriaren Kontseiluko buruak edo kideen heren batek eskatuta.

Azken kasu horretan, bilkura berezia eginen da eskaera egin eta hamabost egunera, beranduenez ere.

16. artikulua. Deialdia.

1. Gazteriaren Kontseiluaren ohiko bilkuraren aurretik, deialdia igorriko zaie bitarteko elektronikoen bidez kideei, bilera egiteko ordua baino 72 ordu lehenago, gutxienez. Bertan adieraziko dira Kontseiluko buruak ezarritako gai-zerrenda eta bilkuraren lekua eta ordua. Kideek deialdia hartu izanaren agiria igorri beharko dute.

2. Bilkura berezien deialdia bilera egiteko ordua baino 24 ordu lehenago, gutxienez, eginen da.

17. artikulua. Bertaratze quoruma.

Bilkurak egin ahal izateko, kideen gehiengoak bertaratu beharko du, gutxienez, lehen deialdian, eta heren batek bigarrenean, Kontseiluko buruaz eta idazkariaz gainera. Bigarren deialdia lehen deialdia eta ordu erdi beranduago izanen da.

18. artikulua. Gai zerrenda.

Kontseiluburuak finkatuko du gai-zerrenda. Gai-zerrendako gaiak baino ez dira landuko, premiazko kasu arrazoituetan izan ezik. Premia hori badela berretsi beharko dute Kontseiluko kideek gehiengo osoz.

19. artikulua. Bilkuraren aktak.

Idazkariak Gazteriaren Kontseiluaren bilkura guztien akta eginen du, eta Kontseiluko kideei igorriko die.

Hurrengo bileraren deialdiarekin batera aktak igorriko dira, onesteko.

Honako hauek jasoko dira aktan: bilkuraren eguna, ordua eta lekua, bertaratu direnen izenak eta hartutako erabakien edukia. Aktak bilera bakoitzaren amaieran onetsiko dira.

Aktak erregistro liburu bati erantsiko zaizkio.

20. artikulua. Bozketak.

1. Bozketak, oro har, eskua altxatuta eginen dira, salbu eta Gazteriaren Kontseiluko kide batek bozketa sekretua egiteko eskatzen badu. Kasu horretan, boto paper bidez eginen dira.

2. Botoa aldekoa, aurkakoa edo abstentzioa izaten ahalko da. Bozketako emaitzak zenbatzeari dagokionez, bileran egonik ere bozketan parte hartzen ez duten pertsonak eta gai baten eztabaida hasi ondoren bileratik joan direnak abstenitu egin direla joko da.

21. artikulua. Erabakiak.

Erabakiak gehiengo sinplez hatuko dira; hots, aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izan behar dira. Berdinketa izanez gero, beste bozketa bat eginen da eta, berdinduta jarraituz gero, kontseiluburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Gairen bat informazio batzorde batek aztertu edo funtsatu behar badu edo horrelako batzorde baten irizpena behar bada, ahal bezain laster jakinaraziko zaio batzorde horren buruari edo, halakorik ez balego, alkateari. Batzordeak onartu ondoren, ohiko administrazio prozedurari jarraituko dio, eta Gazteriako eta Herritaren Parte-hartzerako Zerbitzuak prozedura hori betetzen dela zainduko du.

V. KAPITULUA.–LANTALDEAK

22. artikulua. Sorrera eta helburua.

Gazteriaren Kontseiluak proposatuta, lantaldeak sortzen ahalko dira, modu eraginkorrean lantzeko gazteriaren arloko gaiak, hala nola herriko gazteen kezka, proposamen, ideia eta abarrak ukitzen dituzten alderdiak. Lantaldeek egindako azterlanak Gazteriaren Kontseiluari, Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzerako Batzordeari eta/edo gobernu organo eskudunari aurkezten ahalko zaizkie. Gobernu organoak, Informazio Batzordeak aldeko irizpena eman ondoren, horiek berresten baditu, Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzerako Zerbitzua arduratuko da horiek betetzen direla bermatzeaz.

23. artikulua. Lantaldeetan parte hartzea.

Lantaldeetan parte hartu ahal izanen dute, batzordeburuari aldez aurretik eskatuta eta Gazteriaren Kontseiluaren oniritziarekin, Kontseiluaren jardun esparruan kaudimen eta interes aitortua duten pertsona eta entitateek. Gainera, udaleko edo kontratatutako teknikarien aholkularitza jasotzen ahalko dute, betiere Batzordeak onetsi badu.

VI. KAPITULUA.–MEMORIA ETA EBALUAZIOA

24. artikulua. Memoria.

Urtero, epe horretan egindako jarduketei buruzko txosten bat eztabaidatu eta onetsiko du Gazteriaren Kontseiluak, eta hobetzeko zer egin proposatuko da. Txosten hori Udalean aurkeztuko da, eta batzordeetan edo dagokion gobernu eta erabakitze organoetan eztabaidatuko da hari buruz.

25. artikulua. Ebaluazioa.

Etengabeko ebaluazioa sustatuko da. Urteko bilera batean, gutxienez, Gazteriaren Kontseiluaren funtzionamendua, erabilgarritasuna, parte-hartzea eta jarduna ebaluatuko dira.

Metodologia bat diseinatuko da kontseilu sektorialaren beraren funtzionamendua eta Zizur Nagusiko Udalak kontseilu horren erabakien azken onespena egiteko modua ebaluatzeko. Metodologia hori Gazteriako eta Herritarren Parte-hartzerako Zerbitzuak eginen du, behar duen aholkularitzarekin, eta informazio batzordeak eta Kontseiluak berak onetsiko dute.

Ebaluazioa negatiboa bada, egoera oneratzeko bideak sortuko dira. Ebaluazioak negatiboa izaten jarraitzen badu, Gazteriaren Kontseilu Sektorialaren kideek, gehiengo osoz, Kontseilua desegiteko prozesua abiarazten ahalko dute.

VII. KAPITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA/EDO KONTSEILUA DESEGITEA

26. artikulua. Erregelamendua aldatzea eta/edo Kontseilua desegitea.

Kontseilua desegiten ahalko da, edo Erregelamendua aldatzen, osoko bilkurak onetsita bakarrik, Gazteriaren Kontseiluak berak eskatu ondoren eta, edonola ere, azken horri entzun ondoren.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek ez du ondorio juridikorik izanen, harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

Iragarkiaren kodea: L2318372