34. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARINOAIN

Ordenantza fiskala, arautzen duena eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Behin betiko onespena

Garinoaingo Udalak, 2023ko irailaren 22an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza fiskal bat, arautzen duena eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ean, baita Garinoaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garinoainen, 2024ko urtarrilaren 31n.–Alkatea, Eva Martínez Catalán.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, zehazki II. tituluko V. kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Izaera eta zerga-egitatea.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da, eta udal-mugarteko edozein eraikuntza, instalazio edo obra egiteak sortzen du haren zergapeko egitatea, horretarako nahitaezko baldintza bada obra- edo hirigintza-lizentzia edukitzea –lizentzia hori lortua izanik nahiz izan gabe– edota aurkeztea erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa; baldin eta zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, hura emateko txostena egitea –Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera–, edo kontrol-jarduera gauzatzea.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren erakundeak (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra), baldin badira eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabeak, hura egiten den higiezinaren jabe izan nahiz ez izan.

Aurreko paragrafoko ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat joko da bere gain hartzen dituena haiek eragindako gastuak edo kostua.

Baldin eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira eskatzen dituztenak kasuko lizentziak, aurkezten dituztenak kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak, edo egiten dituztenak eraikuntzak, instalazioak edo obrak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Baldin eta zergaren subjektu pasiboak aldatzen edo ordezten badira eraikuntzak, instalazioak edo obrak gauzatu bitartean, bukaerako likidazioa eginen zaio obrak bukatzen diren egunean subjektu pasibo denari.

4. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honen xede den zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira honako hauek, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen bosgarren eta seigarren xedapen gehigarriei eta 168. artikuluari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea):

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen erakunde juridikoak.

b) Plangintza orokorreko mankomunitateak, eskualdeak eta mankomunitateak, bai eta haiek beren helburuak betetzeko sortzen dituzten erakunde juridikoak ere.

c) Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea, horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak edo toki entitateak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, portu, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, baita erakunde autonomoek kudeatzen dituzten kasuan ere.

d) Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan eraikuntza, instalazioa edo obra egitea baldin eta, etxebizitzen jabeak izanik Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak, eta horiek lagata egonik irabazi asmorik gabeko erakundeei, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

5. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria da eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, hura materialki gauzatzeari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin ez badute berezitasun edo nortasun propiorik lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntzarekiko, instalazioarekiko edo obrarekiko.

Honako hauek ez dira zerga-oinarriaren zati: balio erantsiaren gaineko zerga, araubide bereziko antzeko zergak, tasak, prezio publikoak, eta tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek baldin badira eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak, eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina, gastu orokorrak, eta honako hauei dagozkien zenbatekoak: segurtasuna, osasuna, kalitate kontrola eta hondakinen kudeaketa.

Zerga-oinarria zehaztuko da interesdunek aurkeztutako aurrekontuaren arabera, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi beharko du, hura aginduzko baldintza denean.

Aurrekonturik ez badago, edo udal teknikariek egiaztatzen badute aurrekontu hori osatu gabe dagoela edo ez datorrela bat instalazioaren edo obraren eraikuntzaren benetako kostuarekin, udal teknikariek zerga-oinarria zehazten ahalko dute eraikuntza, instalazio edo obraren kostu estimatuaren arabera.

6. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa %2ren eta %5en artekoa izanen da. Udalaren osoko bilkurak erabakiko du tasa zehatza urtero, ehuneko tarte horren barnean.

7. artikulua. Kuota.

Zerga honen kuota kalkulatzeko, zerga-oinarriari aplikatuko zaio Udalak osoko bilkuran urtero onetsitako karga-tasa.

8. artikulua. Sortzapena.

Zerga hau sortuko da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik, nahiz eta ez lortu hartarako lizentziarik edo ez aurkeztu erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa.

Lortu bada dagokion lizentzia edo aurkeztu bada dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa, eta obra berehala hasi behar ez bada, eskatzen ahalko da zergaren ordainketa atzeratzeko, harik eta eraikuntza, instalazioa eta obra hasi arte.

Ez da ordaintzeko betebeharrik izanen, baldin interesdunak bere eskaeran atzera egiten badu lizentzia emateko alkatetza-ebazpena eman baino lehen. Ez da ordaindu beharko, baldin obra osteko kontrolerako udal ebazpena eman aurretik adierazten bada obrak gauzatzeari uko egiten zaiola.

Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, interesdunak Udalari ordaindu beharko dio lizentzia emateko egindako kanpo txostenen zenbatekoa, baldin Udalari kostu bat ekarri badiote.

9. artikulua. Zergaren kudeaketa.

1. Konturako behin-behineko likidazioa.

a) Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten obrak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotutako obrek edo aurretiazko komunikazioari lotutako obrek autolikidazio sistema bidez ordainduko dute zerga, eta betiere behin-behinekoa eta konturakoa izanen da.

Adierazpena edo komunikazioarekin batera nahitaez aurkeztu beharko dira honakoak: Garisoaingo Udalak emanen duen autolikidazio dokumentua, behar bezala beteta, eta dagokion zergaren ordainagiria.

Nahitaez aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpena edo kasuan kasuko aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe obrari ekin bazaio, dagokion autolikidazioa egin beharko da, eta edozein kasutan behin-behinekoa eta konturakoa izanen da.

Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua edo xedea aldatzen bada, eta horren aurrekontuak gora egiten badu, subjektu pasiboek zergaren autolikidazio osagarri bat aurkeztu beharko dute, hasierako aurrekontuaren eta aldaketaren ondoriozkoaren artean dagoen aldea dela eta, ordenantza honetan ezarritako epe, betekizun eta ondorioei lotuta.

b) Obra-lizentzia behar duten obrak.

Obra-lizentzia nahitaezko duten obren kasuan, edo nahitaezko lizentziarik gabe abiatutako edo egindako obren kasuan, Garinoaingo Udalak zergaren tasa likidatuko du, eta betiere behin-behinekoa eta konturakoa izanen da. Instalazioa, eraikuntza edo obra hastear dagoenean egin beharko da ordainketa.

Lizentzia eman ondoren obra ez bada berehala hasten, eskatzen ahalko da zergaren ordainketa geroratzeko.

Aldatzen bada eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua edo xedea, eta horren aurrekontuak gora egiten badu, subjektu pasiboek aurkeztu beharko dute zergaren likidazio osagarria, eta hartan jasoko da hasierako aurrekontuaren eta aldaketaren ondoriozkoaren artean dagoen aldea, betiere lotuz ordenantza honetan ezarritako epe, betekizun eta ondorioei.

2. Zergaren behin betiko likidazioa.

Behin bukaturik eraikuntzak, instalazioak eta obrak, eta ikusirik egiazki egin direnak, gehienez ere hiru hilabeteko epean, haiek bukatu edo behin-behineko harreratik aurrera, tributudunak deklarazio bat aurkeztuko du inguruabar hori azalduz, eta adieraziz eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako kostu erreala, eta, deklarazioarekin batera, obraren zuzendari eskudunak haren gainean emandako ziurtagiria, betiere dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, eta, halakorik behar izanez gero, kostu hori frogatzeko fakturak edo bestelako agiriak.

Subjektu pasiboek aurkeztu behar dute bukatutako eraikuntzen, instalazioen edo obren benetako kostuaren gaineko deklarazioa, nahiz eta ez aurkeztu hasierako likidaziorik edo, hala behar denean, autolikidaziorik, eta nahiz eta Administrazioak ez errekeritu aurrez ordaintzea kontzeptu hori dela medio.

Izapidetu behar baldin bada jarduera baten abiatzea, edo eraikin edo instalazioen lehen erabilera edo okupazioa, dokumentazio hori aurkezten ahal da behar den lizentziaren eskaerarekin batera, edo, behar denean, aurkezten denean dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa.

Eraikuntzen, instalazioen edo obren bukaerako datatzat joko da zuzenbidean onargarri den edozein frogabide erabiliz zehazten dena, eta, partikularki, aurreikusitako xederako edo erabilerarako prest dauden unea, hots, ondoren inolako jarduketa materialik egin beharrik gabe prest dauden unea.

Behin benetako kostua ezagututa, eta egitekoa den administrazio-egiaztapena eginik, Udalak behin betiko likidazioa eginen du, subjektu pasiboak hasieran autolikidatutako kuotarekin dagoen diferentzia positibo edo negatiboaren gainean, halako eran non, behar izatera, subjektu pasiboari behar den kopurua galdatu edo itzuliko baitzaio.

Udal administrazioak egiaztatuko du likidazioak eta autolikidazioak egin direla ordenantza honen arauak zuzen aplikatuz eta, beraz, arau horien emaitza direla kalkulatutako oinarri eta kuotak. Xede horrekin, udal administrazioak beti egiaztatuko du jarritako oinarria dela interesdunek aurkeztutako aurrekontuan agertzen den bera, edo fakturetan edo benetako kostua justifikatzen duten ziurtagirietan agertzen den bera.

Udal administrazioa likidazioekin edo autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak eginen ditu, zuzenduta gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak, eta berandutze-interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu. Era berean, subjektu pasiboak aitortu ez dituen zerga-egitateen likidazioa eginen du.

Udal administrazioak subjektu pasiboari errekeritzen ahalko dizkio eraikuntza, instalazio eta obren kostu erreal eta benetakoa jasotzen duten agiriak, hala nola behin betiko aurrekontua, obra ziurtagiriak, exekuzio kontratuak, proiektuari dagokion kontabilitatea, obra berriaren deklarazioa edo kostua zehazteko egokitzat jotzen den beste edozein dokumentu. Eskatutako agiriak aurkeztu ezean, edo osatu gabe aurkezten badira, edo haietatik ezin bada atera kostu erreal eta benetakoa, udal administrazioak zerga-oinarria zehaztuko du, jarraikiz abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritako prozedurari (Tributuei buruzko Foru Legea).

Zergaren likidazioaren ondorioetarako, berdin jokatuko da administrazioaren isiltasun positiboz eman diren lizentziekin eta berariaz eman direnekin.

3. Instalazioa, eraikuntza edo obra egiteari uko egitea.

Behar den zerga aldez aurretik likidatu, eta gero obrak egiteari berariaz uko egiten zaiola jakinarazten bada idatziz, itzulketa eskatzen ahalko da, eta, hala badagokio, ordaindutakoa itzuliko da; halaber, egiaztatu egin beharko da obra hori ez dela egin, aldez aurretik Udalak ikuskatuta, eta, hala badagokio, behar den tasa igorriko da, halakorik egonez gero.

Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, interesdunak Udalari ordaindu beharko dio lizentzia emateko egindako kanpo txostenen zenbatekoa, baldin Udalari kostu bat ekarri badiote.

4. Instalazio-, eraikuntza- edo obra-lizentzia iraungitzea.

Era berean, lizentzia iraungi ondoren, Garinoaingo Udalak deuseztatu eginen du egindako likidazioa, eta, hala behar denean, itzuli eginen du, salbu titularrak eskatzen badu lizentzia berritzea eta Udalak baimentzen badu.

Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, interesdunak Udalari ordaindu beharko dio lizentzia emateko egindako kanpo txostenen zenbatekoa, Udalari kostu bat ekarri badiote.

10. artikulua. Kuotarako hobariak.

Hobari bat ezartzen da, likidatutako zergaren kuotaren %95ekoa gehienez, adierazitako errenta-tarteen arabera, obrak egiten direnean sistemak ezar daitezen autokontsumorako eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako, edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako, bai lehendik dauden eraikin edo instalazioetan bai berrietan.

Hobaria aplikatuko zaio, bakar-bakarrik, eguzki-energiaren edo autokontsumorako beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikoko sistemen kostuari; hau da, baldin sistema horien instalazioa bada beste obra handiago baten parte, eta obra handiago horren barnean baldin badaude zerga honen menpeko beste kontzeptu batzuk, interesdunak aurrekontu banakatua aurkeztu beharko du, eta argi eta garbi zehaztuko du sistema horien kostua, obraren gainerako kontzeptuetatik bereiz.

Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan egotea administrazio eskudunak homologatutako kolektoreak.

Hobari hau aplikatzeko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea, eskaera aurkezteko unean, lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (2022ko lanbide arteko gutxieneko soldata: 1.000 euro hilean / 12.000 euro urtean).

ADIBIDEA. ERRENTA-TARTEAK

HOBARIA (%)

Familiaren diru-sarrera gordinak < 10.000 euro

%95

Familiaren diru-sarrera gordinak, 10.000,01 eta 15.000,00 euro artean

%60

Familiaren diru-sarrera gordinak, 15.000,01 eurotik gorakoak eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 4 gehienez

%30

Aipatutako hobarien ehunekoak kalkulatzeko, kontuan hartzen dira familiaren diru-sarrera gordinak (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren likidazio-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz.

Adierazitako hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da interesdunak berariazko eskaera egitea; Alkatetzaren ebazpen bidez erabakiko da dagokion hobaria.

Eskaerak Udalean aurkeztuko dira horretarako ezartzen diren inprimakietan, behin bukaturik obra, instalazioa edo eraikuntza, eta zergaren behin betiko likidazioa egin ondoren.

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaeraren inprimakia, sinatua.

b) Administrazio eskudunaren homologazioa, beroa sortzeko instalazioetako kolektoreena.

c) Instalazioaren fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

d) Familia-unitatea osatzen duten kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen kopia, edo, bestela, Ogasunak emandako ziurtagiria.

Foral de no haberse efectuado dicha declaración en los supuestos en los que no es obligatoria la presentación. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du zinpeko deklarazio bat, familiak lortutako diru-sarrera gordinena, agiri bidez frogatuta.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera baldin eta Udalari lehendik aurkeztu badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskaeran jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2401761