34. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Caparrosoko 11. poligonoko 104., 149. eta 151. lurzatietan Udal Plan Orokorra aldatzeari buruz, Pedro Angel Aicua Pascual jaunak sustaturik.

Udalak 2023ko irailaren 28an onetsi zuen hasiera batez planaren aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2023ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 13koan.

Aldaketaren helburua da 133 m²-ko azalera hartzen duen landa-lurzoru bat, 11. poligonoko 151. lurzatian dagoena, Caparrosoko hiri-lurzoruan sartzea. Aldaketa horren ondorioz, lurzoru urbanizaezin horren sailkapena aldatuko da, hiri-lurzoru gisa (berdeguneen sistema orokorra-3) eta bizitegi-erabilera intentsiborako hiri-lurzoru gisa sailkatzeko, 104. lurzatiaren garapena errazteko asmoz, zeinak bizitegi-erabilera baitu.

Jarduketaren eremua "Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" izeneko ES2200035 Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) mugakidea da. Jarduketa Aragoi ibaiaren inguruan garatuko da, jabari publiko hidraulikoaren barruan (Ebroren demarkazioan urpean gera daitezkeen eremuen sistema kartografiko nazionalaren arabera), eta antzinako sakan baten hustubidea ere identifikatzen da bertan. Arrazoi horiengatik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena behar da.

Proposamenak balio naturalik ez duten eremu eraikiei edo zolatuei eragiten die.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da, aldekoa, Caparrosoko 11. poligonoko 104., 149. eta 151. lurzatietan Udal Plan Orokorra aldatzeari buruz, ingurumenean ukipen nabarmenik eragiten ez duela iritzita. Sustatzailea Pedro Angel Aicua Pascual da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari (Lurralde eta Paisaia Zerbitzua), Caparrosoko Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2401159