34. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

17E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Azkoiengo udal mugartean alpapa deshidratatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Navarro Aragonesa de Forrajes SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 247E/2017 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 6ko 101E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2023ko abenduaren 1ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, salbuets dezatela nahitaezko finantza-bermea kontratatzetik, Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28. artikuluan xedatutakoan oinarrituta.

Eskaera oinarritzen da titularrak, Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzu honi 2023ko azaroaren 9an igorri zion erantzukizunpeko adierazpenean, haren arabera uste baitu nahitaezko finantza-bermea eratzetik salbuetsita dagoela, kalteak konpontzeko kalkulatu den zenbatekoa 300.000 eurotik beherakoa delako.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta egiaztatu du operadoreak bete dituela urriaren 23ko 26/2007 Legean eta hura partzialki garatzeko erregelamenduan ezarritako baldintzak, hots, finantza-bermea zehaztu eta, hala badagokio, eratzekoak.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Azkoiengo udal mugartean alpapa deshidratatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Navarro Aragonesa de Forrajes SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Navarro Aragonesa de Forrajes SAri eta Azkoiengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2401426