32. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARGUEDAS

Aldaketa, Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta ateratzeko eta bide publikoa aparkaleku esklusibo gisa erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Arguedasko Udalak, 2023ko azaroaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta ateratzeko eta bide publikoa aparkaleku esklusibo gisa erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2023ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 14an, eta jendaurrean egoteko legeak ezartzen duen epea iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da aldaketa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarriari jarraikiz. Hona hemen nola gelditu den idatzirik.

Arguedasen, 2024ko urtarrilaren 4an.–Alkatea, José Luis Sanz Zubieta.

ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK ESPALOIETAN BARNA SARTZEKO ETA ATERATZEKO ETA BIDE PUBLIKOA APARKALEKU ESKLUSIBO GISA ERRESERBATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Honako ordainarazpen hau ezarri da martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.4 artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatua tasa eta prezio publikoen alorrean).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Hona hemen ordenantza fiskal honen zerga-egitatea:

a) Eraikin eta orubeetan trakzio mekanikoko ibilgailuak espaloietan barna sartu eta ateratzea.

b) Erabilera publikoko bide eta lurrak erreserbatzea entitate edo partikularren zerbitzurako ibilgailuak aparkatzeko; aparkatzeko eskubidea duten ibilgailuen matrikulak agertu beharko dira haien plaketan. Ulertzen da ibi bakoitzean bi ibilgailu erreserbatzen direla, eta, hortaz, plaketan agertzen diren matrikulen letra eta zenbakiek bat egin beharko dute titular erabiltzaileen ibilgailuen matrikulekin.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Honako hauek izanen dute ordaintzeko beharra 2. artikuluan adierazitako kontzeptuagatik:

a) Udal lizentziaren titular diren pertsona fisikoek, juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko subjektuek.

b) Ibilgailuendako sarbideak eta pasabideak zer eraikinetan ezarri diren, haien jabeek.

c) Ordenantza honen 2. artikuluko b) apartatuko aprobetxamenduez baliatzen diren entitate edo partikularrek.

Lizentziaren titularraren edo titularren kargura izanen da ordainketa, beti.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Karga-oinarria izanen da ibilgailuen sarbide edo pasabidearen luzera, metro linealetan neurtua. Ordenantza honi dagokion tasaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da zer luzera duen ordenantza honen xedeko aprobetxamendu bereziak egiteko behar den espaloien eta/edo bide publikoaren erreserbak, metro linealetan neurtua.

Tarifak

5. artikulua. Aplikatuko diren tarifak izanen dira urte bakoitzerako Udalak osoko bilkuran onesten dituenak, kontzeptu bakoitzerako tasa eta prezio publikoetan.

Zerga-kuota

6. artikulua. Kuota zehazteko, karga-oinarriari dagozkion tarifak aplikatuko zaizkio.

Tasaren sortzapena eta diru-bilketa

7. artikulua. Udalak baimena emandakoan sorraraziko da tasa lehendabiziko aldiz, hurrengo ordainketa egin arteko aldirako.

Gainera, alta emateko tasa ordaindu beharko da. Tasa horrek barnean hartuko ditu sarrerako erreserba-eremua markatzeko seinalizazio lerro horia lehen aldiz pintatzeko lana eta ibiaren edo erreserbaren identifikazio seinalearen mailegua.

Ondoren, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tasa.

Tasaren zenbatekoa ez da inoiz murriztuko, urtebeteko aldirako.

Salbuespenak eta hobariak

8. artikulua. Salbuespen gisa, ez zaie tasa ordainaraziko edo hobaria aplikatuko zaie komunitatearendako zerbitzu mesedegarriak egiten dituzten pertsona edo entitate publiko edo pribatuei, Alkatetzaren ebazpen bidez hala erabakitzen bada. Alkatetzak Gobernu Batzarrari eskuordetzen ahalko dio zeregin hori.

Kudeaketa arauak

9. artikulua. Ordenantza honetan araututako lizentziaren kontzesioa beti diskrezionala izanen da, prekarioan eta hirugarrenei kalterik egin gabe; orobat, ez du inolako eskubide subjektiborik sortuko.

Baimenak Alkatetzaren ebazpen bidez emanen dira, baina hori Gobernu Batzarrari eskuordetzen ahalko dio.

10. artikulua. Lizentzia eman ondotik, Udalak araututako eremuaren luzera mugatuko du, seinalizazio lerro horia lehen aldiz pintatuz, eta titularrari ibiaren edo erreserbaren identifikazio seinalea emanen dio.

Beharrezkoa izanez gero, Udalak ibilgailuak sartu ahal izateko moldatu beharreko espaloi tartea mugatuko du. Obra hori titularrak egin beharko du, Udalaren baimenarekin eta dagokion zerga ordaindu ondotik.

Seinalizazio lerroaren, identifikazio seinalearen eta arrapalaren mantentze-lanak titularrari dagozkio, eta kasu eginen beharko die Udalaren errekerimenduei.

11. artikulua. Ibilgailuendako sarbidearen lizentzia eskuratzeko ez da eskatuko lokalaren gutxieneko azalerarik, ez eta gutxieneko ibilgailu kopururik ere.

Sarbidearen gutxieneko zabalera 2 metrokoa izanen da eta gehienekoa, berriz, atearen zabalera gehi 0,50 m.

12. artikulua. Titulartasuna aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, bete beharko dira ordenantza honetan ezarritako izapide eta baldintzak.

13. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura ekar dezaketenean, onuraduna beharturik dago aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua osoki itzultzera, bai eta aurretik zenbateko hori gordailuturik uztera ere, dagokion prezio publikoa ordaindu beharra kendu gabe.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kalteek eraginiko narriadura norainokoa den, horrenbesteko kalte-ordaina emanen zaio erakundeari.

Toki-erakundeak ez ditu inola ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta itzulketak.

14. artikulua. Lizentziaren titularrak beharturik daude, aprobetxamendua bukatu eta gero, baja ematera, ibiaren mugaketa-lerroa ezabatzera, Udalak ibi edo erreserbarako emandako identifikazio seinalea itzultzera eta, kasua bada, espaloia eta espaloi-zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da, harik eta betebehar horiek bete arte.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Udalaren Ikuskatzailetzak eta Udaltzaingoak, baldin aprobetxamendu hori egiten duen lokal edo lekurik ikusten badute, pasabide lizentziarik gabe, horren berri emanen diote Udalari.

16. artikulua. Arau-hauste arruntak dira:

a) Aprobetxamendua egitea behar den baimena eskatu gabe.

b) Lizentzia zer epetarako eman zen, hura iraungita aprobetxamendua egiten jarraitzea.

c) Bide publikoko lurzorua edo jabari publikoko lurrak okupatzea, baimenak finkatutako mugetatik kanpora.

d) Paratzea Udalak emandako plaka edo bereizgarri ofizialak ez diren beste batzuk, eta espaloia kolore horiz pintatzea behar den baimena izan gabe.

17. artikulua. Gainerako arau-hausteetan, eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta bat heldu diren arauetan agindutakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko dira Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2400281