2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Alkateordearen ordainsariak eta dedikazio araubidea
"Tafallako Udaleko Osoko Bilkuraren erabakia, 2024ko urtarrilaren 25ekoa, lehen alkateordearen dedikazio partzialaren araubidea %50etik %70era handitzen duena, eta urteko ordainsari gordina ezartzen duena.
2023ko maiatzaren 28an egindako hauteskundeen ondoren, 2023ko ekainaren 17an egindako osoko bilkura berezian eratu zen 2023-2027 agintaldirako udalbatza berria.
Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), bide ematen da udalbatzetako kideek ordainsariak jaso ditzaten beren karguetan aritzeagatik, kargu horiek dedikazio esklusiboan betetzen badituzte, Gizarte Segurantzako araubidearen estaldura sozialarekin eta udalak enpresa kuotak ordaindurik. Hori bateraezina izanen da sektore publikotik edo haren mendeko erakunde edo entitateetatik beste ordainsari batzuk jasotzearekin. Bestalde, bide ematen da ordainsaria jasotzeko dedikazio partzialean aritzeagatik, Gizarte Segurantzako araubidearen estaldura sozialarekin eta udalak enpresa kuotak ordaindurik.
Udalak 2023ko uztailaren 5ean egin osoko bilkuran, lehen alkateordearentzat %50eko dedikazio partziala ezarri zen, 18.000 euroko urteko ordainsari gordinarekin (2023ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 1ekoa).
Kontu-hartzaileak aldeko txostena eman zuen, eta Kontuen Batzordeak irizpena eman zuen espedienteari buruz 2024ko urtarrilaren 17an egin bilkuran.
Horiek horrela, eta bat etorriz xedaturik dagoenarekin apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75., 75 bis eta 75 ter artikuluetan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 13. artikuluan (errege-dekretu horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua), eta abenduaren 21eko 24/2018 Errege Dekretuaren 18. artikuluan (sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesteko errege-dekretua), Tafallako Udalak, osoko bilkuran,
ERABAKITZEN DU:
Lehena.–Handitzea 2023ko uztailaren 5ean lehen alkatearentzat ezarritako dedikazio partzialeko araubidea %50etik %70era, eta urteko ordainsari gordina 18.000 eurotik 25.200era.
Bigarrena.–Honako hau aditzera ematea dedikazio eta ordainsari horren gainean:
Zenbatekoa eguneratu beharko da bat etorriz Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak urtero funtzionarioentzat ezartzen duenarekin, eta aplikatuko da foru lege horrek 2024ko ekitaldirako xedaturikoa.
Udalak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa kuotak.
Dedikazio partzialari dagozkion urteko ordainsari gordinak, kargu publiko horiek behar duten jarduna aintzat harturik, proportzionalak izanen dira benetako dedikazioaren ordu kopuruarekiko, erreferentzia dela urtean 1.592 ordu.
Hirugarrena.–Xedatzea erabaki honen eraginkortasuna gerora dadila, harik eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den arte, bete beharrez Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoa.
Laugarrena.–Erabaki hau igortzea Tafallako Udaleko Zerbitzu Ekonomikoen eta Toki Garapenaren Arlora eta Langileria Unitatera.
Bosgarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, erakunde honen iragarki-taulan eta Tafallako Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
Tafallan, 2024ko urtarrilaren 26an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.
Iragarkiaren kodea: L2401512