2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Alkatearen ordainsariak eta dedikazio araubidea
Tafallako Udaleko Osoko Bilkuraren erabakia, 2024ko urtarrilaren 25ekoa, alkatearen dedikazio esklusiboko araubideari eta ordainsariari eusten diena eta horiek NUKFrekin egindako hitzarmen baten bidez formalizatzen dituena.
2023ko maiatzaren 28an egindako hauteskundeen ondoren, 2023ko ekainaren 17an egindako osoko bilkura berezian eratu zen 2023-2027 agintaldirako udalbatza berria.
Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), bide ematen da udalbatzetako kideek ordainsariak jaso ditzaten beren karguetan aritzeagatik, kargu horiek dedikazio esklusiboan betetzen badituzte, Gizarte Segurantzako araubidearen estaldura sozialarekin eta udalak enpresa kuotak ordaindurik. Hori bateraezina izanen da sektore publikotik edo haren mendeko erakunde edo entitateetatik beste ordainsari batzuk jasotzearekin. Bestalde, bide ematen da ordainsaria jasotzeko dedikazio partzialean aritzeagatik, Gizarte Segurantzako araubidearen estaldura sozialarekin eta udalak enpresa kuotak ordaindurik.
Udalak 2023ko uztailaren 5ean egin osoko bilkuran, Alkatetzako karguarentzat dedikazio esklusiboa ezarri zen, 42.000 euroko urteko ordainsari gordinarekin (2023ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 1ekoa).
Tafallako alkatea, 2023ko urriaren 6an, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) lehendakari izendatu zuten.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2020ko abuztuaren 14ko 1046 Ebazpenaren bidez, erabaki zuen gora jotzeko 19-02615 errekurtsoa ezestea, zeina Azkoiengo zenbait zinegotzik aurkeztu baitzuten, udal horrek 2019ko azaroaren 26an egin osoko bilkuran hartu zen bertako alkatearen dedikazio esklusiboko araubideari eusteko erabakiaren aurka, hura NUKFko lehendakari izendatu ondotik ere.
Horren ondorioz, toki-korporazioetako kideek ordainsariak jaso ditzakete beren karguak betetzeagatik, dedikazio esklusiboan ari direnean, eta, era berean, karguak bete ditzakete beste erakunde batzuetako gobernu-organoetan, sektore publikoa ordezkatuz, nola gertatzen baita kasu honetan, NUKFko lehendakari kargua betetzean.
Kontuan harturik Tafallako alkate kargua betetzea eta hari dedikazioa ematea –hain zuzen ere, kargu horregatik hautatu da NUKFko lehendakari– bateratu behar dela kargu berria betetzearekin, eta hartara hedatu, eta Udalean dedikazio esklusiboko araubidea eta dagokion ordainsaria esleituak izanik, bidezkoa da konpentsazio sistema bat erabakitzea, NUKFk bere gain har dezan federazio horretako lehendakari karguaren dedikazio zatia.
NUKFko Batzorde Betearazleak, 2023ko azaroaren 21ean egin bilkuran, erabaki zuen konpentsazio ekonomiko bat onestea, 2023ko urriaren 6tik aurrerako ondorioekin, Tafallako Udalarentzat. Konpentsazioa urtean 18.000 euro gordinekoa izanen da, eta, gainera, enpresaren kargurako Gizarte Segurantzako gastuak ere barne hartuko du, aipatu zenbatekoari dagokionez. Horiek guztiak Tafallako Udalari ordaindu zaizkio, eta konpentsazioa hitzarmen baten bidez formalizatuko da.
Kontu-hartzaileak aldeko txostena eman zuen, eta Kontuen Batzordeak irizpena eman zuen espedienteari buruz 2024ko urtarrilaren 17an egin bilkuran.
Horiek horrela, eta bat etorriz xedaturik dagoenarekin apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75., 75 bis eta 75 ter artikuluetan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 13. artikuluan (errege-dekretu horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua), eta abenduaren 21eko 24/2018 Errege Dekretuaren 18. artikuluan (sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesteko errege-dekretua), Tafallako Udalak, osoko bilkuran,
ERABAKITZEN DU:
Lehena.–Tafallako Udaleko alkatearen dedikazio esklusiboko araubideari eta ordainsariari eustea; horiek, hain zuzen, esleitu zitzaizkion 2023ko uztailaren 5eko osoko bilkuran hala erabakirik. Ulertzen da dedikazio hori hedatzen dela NUKFko lehendakari kargua betetzera ere.
Bigarrena.–NUKFrekin formalizatzea, hitzarmen baten bidez, federazioak Tafallako Udalari emanen dion konpentsazio ekonomikoa, bertako lehendakari karguari eskainiko dion dedikazioagatik.
Hirugarrena.–Alkateordeari ahalmena ematea hitzarmen hori sina dezan; izan ere, NUKFren aldetik lehendakariak sinatuko du, Tafallako alkateak berak, alegia.
Laugarrena.–Erabaki hau igortzea Tafallako Udaleko Zerbitzu Ekonomikoen eta Toki Garapenaren Arlora eta Langileria Unitatera.
Bosgarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, erakunde honen iragarki-taulan eta Tafallako Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
Tafallan, 2024ko urtarrilaren 26an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.
Iragarkiaren kodea: L2401510