2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARANGUREN
Udal ordenantza, lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Arangurengo Udalak, 2023ko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.
Jendaurrean jartzeko iragarkia 2023ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.
Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua.
Mutiloan, 2024ko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.
UDAL ORDENANTZA, LEHENDIK DAUDEN ERAIKINEN BIRGAITZE ENERGETIKORAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
Ordenantza honen xedea da Arangurengo Udalak birgaitze energetikorako ezarri dituen laguntzak arautzea, zehazki, honelako eraikinak birgaitzeko: etxebizitza kolektiboko eraikinak, beheko solairua eta beste lau solairu edo gehiago dituztenak garaieran, eta 1975ean edo lehenago eraikiak, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroaren arabera.
2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.
Udalak babesten dituen obrak dira inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketak, jabeen erkidegoak sustatuak eta kanpo-inguratzaile termiko berria gauzatzeko direnak, arotzeria berritzea barne.
Ez da inola ere onartuko Udaleko zerbitzu teknikoek ikus-onetsi gabeko materialik, bai kalitateari, bai diseinuari dagokionez.
Ordenantza honetatik kanpo gelditzen dira puntu honetan ageri ez diren jarduketa guztiak.
3. artikulua. Onuradunak.
Onuradun izanen dira eraikinetako atarietako jabeen erkidegoak, 2. artikuluaren arabera babestekoak diren jarduketak sustatzen badituzte.
4. artikulua. Obretarako dirulaguntza.
Dirulaguntza izapidetuko da banakako ebaluazioaren araubidean. Hala, eskaerak ebaluatu, eta ebaluazio horien araberako intentsitatea duen dirulaguntza ematen da. Aurkeztu ahala izapidetu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.
Dirulaguntzak honako kontzeptu hauek izanen ditu:
–Honako hauen %100: obra gauzatzeko behar den dokumentazioa prestatzeko ordainsari teknikoak (proiektua, segurtasun eta osasun plana, eraikinaren liburua, laguntzak kudeatzea eta izapidetzea), obra-zuzendaritza eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa, BEZa barne.
Honako hauek izanen dira dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak:
Proiektua eta segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana, obren zuzendaritza fakultatiboa eta obren segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa: kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren (KGA) %7 eta dagokion BEZa.
Eraikinaren liburua prestatzea eta laguntzak kudeatzea eta izapidetzea: 5000 euro + BEZa atari bakoitzeko.
–Obra gauzatzeari dagokion zenbatekoa: 3000 euro etxebizitza bakoitzeko, eta 6000 euro beheko solairuko lokal guztiendako, atari bakoitzeko, baldin eta jarduketan sartzen bada solairu horretako fatxada egitea.
Atari bakoitzari esleitzen zaizkion zenbatekoak ez dira izanen halakoek eginiko inbertsioa baino handiagoak.
5. artikulua. Laguntzak eskatzea.
Laguntzak eskatuko dira Arangurengo Udalaren erregistro orokorrean, eta horretarako honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Obra-lizentziaren eta laguntzen eskabidea, obra mota adierazita, bai eta dirulaguntzak sartzeko banku-erakundea eta kontu-zenbaki osoa ere.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, non zehaztuko baita eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, bestela, ez dagoela zehapen edo kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
c) Erkidegoaren ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
d) Ordezkaritza frogatzen duen agiria.
e) Jabeen erkidegoaren erabakia, obrak egiteko.
f) Obren proiektu teknikoa.
g) Proiektua idazteko ordainsarien faktura.
6. artikulua. Diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko justifikazioa.
Diruz lagundutako kontzeptu bakoitzaren justifikazioa honako dokumentazio honen bidez eginen da:
–Proiektua eta segurtasun eta osasun plana idazteko ordainsariak: justifikatutzat joko dira laguntzak eskatzeari buruzko 5. artikuluan azaltzen den dokumentazioa aurkezturik.
–Eraikinaren liburua prestatzeko ordainsariak: justifikatzeko, aurkeztuko dira liburuaren kopia eta arkitektura-ekipoak jabeen erkidegoari entregatu izanaren frogagiria, bai eta eraikinaren liburua bera egiteari dagokion faktura.
–Laguntzak izapidetzea eta kudeatzea: justifikatzeko, aurkeztuko dira beste erakunde batzuek laguntzak emateko ebazpena eta izapidetze eta kudeatze horri dagokion faktura.
–Obra gauzatzearen zenbatekoa: obraren lehen ziurtagiria eta dagokion faktura.
–Obra zuzendaritzaren eta obra-faseko segurtasunaren eta osasunaren koordinazioaren ordainsariak: justifikatzeko, obraren bukaerako dokumentazioa aurkeztuko da, alegia, obra-bukaerako ziurtagiria, ziurtagiri partzialak, eta obraren likidazioa, bai eta obraren harreraren akta ere.
7. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza ordainduko da 6. artikuluan azaldutako justifikazioa egin ondoko 15 egun baliodunen barnean.
8. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.
Udalak ordenantza honetan ezartzen duen dirulaguntza ez da bateraezina beste dirulaguntza batzuk jasotzearekin beste zeinahi erakunderengandik, baldin eta dirulaguntzek, guztiak baturik, ez badute gainditzen inbertsioaren zenbateko osoa.
Iragarkiaren kodea: L2400511