3. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERIN

Udal ordenantza, arautzen dituena hileta-zerbitzuak. Behin betiko onespena

Leringo Udalak, 2023ko maiatzaren 19an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, arautzen dituena hileta-zerbitzuak. Erabakia argitaratu zen 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ean.

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, hasierako onespena behin betiko bilakatu da, eta ordenantzaren testua osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Lerinen, 2023ko azaroaren 21ean.–Alkatea, María Esmeralda Masó Cabezón.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA HILETA-ZERBITZUAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da hileta-zerbitzuak arautzea Leringo udal-mugartean.

2. artikulua. Ordenantza hau nahitaez bete beharrekoa da, eta ordenantzaren aginduen pean geldituko dira hileta-zerbitzuekin lotutako jarduerak eta instalazioak, udal-mugarte honetan.

3. artikulua. Leringo Udalari dagokio ordenantza hau betetzen dela kontrolatzea, galdatzea beharrezko neurriak har daitezela, mugak adieraztea, behar diren ikuskapenak agintzea, eta agindutakoa betetzen ez denean zehapenak ezartzea.

4. artikulua. Ordenantza hau indarrean sartzen denetik aurrera baimentzen diren jarduera, instalazio eta obrek nahitaez bete beharko dituzte ordenantzan ezarritako aginduak.

Ordenantza indarrean sartu aurretik baimendutako jarduera, instalazio eta obrei dagokienez, ordenantzan ezarritako arauetara egokitu beharko dira, urtebeteko epean gehienez.

II. KAPITULUA.–JARDUERAK INSTALATZEKO ETA IREKITZEKO BALDINTZAK

5. artikulua. Baimendu daiteke oraingo hirigunean ezartzea hileta-zerbitzuak emateko instalazioak.

Errausketa-instalazioei dagokienez, jarraituko zaio 297/ 2001 Foru Dekretuaren II. kapituluari (foru dekretu horren bidez onesten da hileta-osasunari buruzko erregelamendua).

6. artikulua. Eraikinaren beheko solairuan egon beharko da hileta-zerbitzuak emateko tokia; behar bezala isolaturik egonen da akustikoki, eta jarduera honetarako egokitua, eta ez da inola ere loturik egonen eraikineko beste gune batzuekin, ezta beste erabilera batzuk dituzten lokalekin ere.

Zilegi da eraikineko beste gune batzuetan beste zerbitzu-jarduera batzuk egitea, zerikusirik ez dutenak hileta-zerbitzuekin.

7. artikulua. Hileta-zerbitzuetarako lokalak nahikoa toki izan beharko du hileta-autoa sartzeko, bertan egiteko honelako zerbitzuetarako zereginak, diskrezio handienarekin.

8. artikulua. Hileta-zerbitzuetarako instalazioek bete beharko dituzte honako arau hauetan ezarritako zehaztapen teknikoak eta legalak: Osasunari buruzko Foru Legea, Hileta-osasunari buruzko erregelamendua eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

9. artikulua. Sortzen diren hileta-zerbitzuen instalazio berriek ez dute inolako distantziarik izanen aurreko instalazioekiko; hots, ez da distantziarik izanen instalazio baten eta bestearen artean.

10. artikulua. Udal-mugartean hilotzak lekualdatzeko edo eramateko, erabiliko dira horretarako berariaz baimendutako ibilgailuak.

11. artikulua. Berariaz debekaturik dago hilotzak ehorztea edo lurperatzea horretarako berariaz egokitutako edo baimendutako hilerriak ez diren tokietan, salbu Udalak baimen berezia ematen badu.

III. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

12. artikulua. Arau-hausteak:

1. Ordenantza honetako arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

2. Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Hileta-zerbitzuak ematea behar diren lizentziak edo baimenak izan gabe.

b) Ordenantza honetan araututako jarduerak egitea, horretarako behar diren aginduzko lizentziak edo baimenak ez dituzten lokaletan edo eraikinetan.

c) Osasun arloko legeetan halakotzat jotzen direnak.

d) Hilotzak ehorztea edo lurperatzea horretarako berariaz egokitu edo baimendu ez diren tokietan.

e) Arau-hauste astunetan berrerortzea.

3. Arau-hauste astuntzat joko dira honako hauek:

a) Hileta-zerbitzuak emateko eraikinean beste jarduera batzuk egitea, haiekin bateragarriak ez direnak.

b) Kontra egitea edo ez betetzea jardueren lizentzian, irekitzeko lizentzian edo, kasua bada, baimen espezifikoan ezarritako aginduak edo neurriak.

c) Administrazioko erakunde eta organo eskudunek, kasua bada, ezartzen dituzten neurri zuzentzaileak ez betetzea.

d) Aplikatzekoak diren osasun arloko legeetan halakotzat jotzen direnak.

e) Behar den baimenik ez duten ibilgailuetan eramatea hilotzak.

f) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

4. Arau-hauste arintzat joko dira aplikatzekoak diren osasun arloko legeetan halakotzat jotzen direnak, eta ordenantza honetan arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez direnak.

13. artikulua. Zehapenak:

Aurreko artikuluan bildutako arau-hausteengatik zehapen hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste oso astunak egiteagatik: 6.000 euro eta 12.000 euro bitarteko isuna, eta jarduera edo instalazioa etetea, 6 hilabete eta 3 urte bitarte, edo behin betiko ixtea.

b) Arau-hauste astunak egiteagatik: 600 euro eta 6.000 euro bitarteko isuna, eta/edo jarduera edo instalazioa etetea, hilabete bat eta 6 hilabete bitarte.

c) Arau-hauste arinak egiteagatik: 600 euro bitarteko isuna.

Ez dute zehapen izaera izanen honako hauek: enpresak, instalazioak nahiz hiletak ixtea, ez izateagatik aginduzko osasun erregistroak edo baimenak; edo haien funtzionamendua etetea gabeziak zuzendu arte; edo haien funtzionamendua etetea harik eta segurtasun eta osasun publikoagatik eskatutako eskakizunak bete arte.

IV. KAPITULUA.–HILERRIKO ZERBITZU PUBLIKOA

14. artikulua. Ordenantza honetatik kanpo gelditzen da Hilerrien Zerbitzu Publikoa, eta hura arautuko da dagokion araudi espezifikoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2316476