1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
301/2023 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, akats zuzenketa bat egiten duena Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 14ko 224/2023 Ebazpenean, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira etxebizitzak Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri (NASUVINSA) lagatzen dizkioten etxejabeentzat, Alokairu Poltsa izeneko etxebizitza programan sar daitezen. DDBN identifikazioa: 727150.
Akats bat atzeman da Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 14ko 224/2023 Ebazpenaren I. eranskinean ( 2023ko 260. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 18koan, argitaratua). Ebazpen horren bidez dirulaguntza-deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira etxebizitzak Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri (NASUVINSA) lagatzen dizkioten etxejabeentzat, Alokairu Poltsa izeneko etxebizitza programan sar daitezen. DDBN identifikazioa: 727150. Horrenbestez, akatsa zuzentzen da akats zuzenketa honen bidez.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125,1. artikuluaren bidez eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren 8.n) artikuluaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Zuzentzea Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 14ko 224/2023 Ebazpenaren I. eranskina. Ebazpen horren bidez dirulaguntza-deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten dira etxebizitzak Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri (NASUVINSA) lagatzen dizkioten etxejabeentzat, Alokairu Poltsa izeneko etxebizitza programan sar daitezen. DDBN identifikazioa: 727150. Hauxe da eranskinaren eduki berria:
"I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ETXEBIZITZA ALOKAIRU POLTSARAKO LAGATZEN DUTEN ETXEJABEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO
Lehena.–Xedea eta onura publikoko helburua.
Oinarri hauen xedea da arautzea etxejabe partikularrek beren etxebizitzak Alokairu Poltsan sartzea sustatzeko emanen diren dirulaguntzak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoarekin.
Etxebizitzak arrazoizko prezioetan errentan hartzeko eskari handia dago, gero eta handiagoa, eta Alokairu Poltsarako etxebizitza hutsak lortzeko aurreikuspenak ez dira betetzen ari. Gainera, Nafarroan alokairuen prezioa gora egiten ari da nabarmen.
Premia hori asetzea da, gaur gaurkoz, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikaren zeregin nagusia. Hori dela kausa, neurri sorta bat hartu da eskura dauden etxebizitzen parkea handitzeko eta arrazoizko prezioetan errentan emateko. Baina emaitzak ez dira esperotakoak izan.
Horregatik, dirulaguntza honekin sustatu nahi da etxebizitzak NASUVINSAri lagatzea, Alokairu Poltsa izeneko etxebizitza programan sartzeko. Hala, onura publikoko helburua da hobeki erantzun ahal izatea etxebizitzak arrazoizko prezioetan errentan hartzeko dagoen eskari handiari.
Bigarrena.–Onuradunak eta diruz lagungarria den jarduketa.
Laguntzen onuradunak izanen dira NASUVINSArekin (hura baita Alokairu Poltsa kudeatzen duen organoa) etxebizitza lagatzeko kontratua sinatzen duten pertsona fisikoak, etxebizitza Alokairu Poltsan sartua izan dadin, baina, betiere, hura hiru hilabeteko epean alokatzen bada, lagatzen den egunetik hasita, deusetan galarazi gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa.
Hirugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
3.1. Deialdi honetarako 225.000 euro bideratu dira. Diru hori erabilgarri egonen da 2024ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide den partidan: 2023ko gastu aurrekontuko 320000-32100-4809-261402 partida, "Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako dirulaguntzak" izenekoa.
3.2. Etxejabe bakoitzak dirulaguntza gisa jasoko duen zenbatekoa proportzioan zehaztuko da, kontuan harturik zer portzentaje den bere titulartasunekoa. NASUVINSArekin adosturiko errentaren hiru hileko kuota adinakoa izanen da, eta ordainketa bakarrean ordainduko da.
3.3. Hileko errenta kalkulatzeko, eta, hortaz, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, jarraituko zaio Etxebizitzako zuzendari nagusiaren urriaren 17ko 120/2023 Ebazpenari; izan ere, ebazpen horretan ezarrita dago zer prezio ordaindu behar diren 2024an etxebizitzak Alokairu Poltsan eskaintzeagatik, honako hauek, alegia:
ETXEBIZITZA | GARAJEA | TRASTELEKUA |
6 euro/m² erabilgarri | 70 euro | 2,30 euro/m² erabilgarri |
Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoa aterako da taulan adierazitako prezioak etxebizitzaren metro erabilgarriekin biderkatuz (90 metro gehienez ere), eta emaitzari gehituta garaje bakar bati dagokion zenbatekoa (halakorik badago) eta trastelekuari dagokiona (gehienez ere 15 metro erabilgarri). Zenbateko hori bider hiru izanen da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. NASUVINSAk etxejabeei hileko errenta gisa ordaintzen dien prezioan gero batean gertatzen ahal diren gorabeherek ez dituzte inola ere aldatuko hemen dirulaguntza gisa ezarrita dauden zenbatekoak.
Laugarrena.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Dirulaguntza jasotzen duten pertsonek honako baldintza hauek izanen dituzte:
a) Pertsona fisikoak eta adinez nagusiak izatea, beren buruari betebeharrak jartzeko legezko gaitasunarekin.
b) Beren jabetzako etxebizitza lagatzeko kontratua sinatu izana NASUVINSArekin, etxebizitza Alokairu Poltsan sartzeko. Kontratuak indarra hartu beharko du 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera. 2023. urtean eskaera aurkeztu arren aurreko deialdiko aurrekontua agortzeagatik dirulaguntza lortzerik izan ez zuten eskaerak deialdi honetan aurkeztutzat joko dira, haien sarrera-ordenari zorrozki jarraituz.
c) Lagatzen den etxebizitzaren titularra izatea. Etxebizitza horrek ezin du izan salmentako edo errentako prezio mugarik, salbu eta bost urte iragan badira behin betiko kalifikaziotik, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.
d) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko gainerako betebeharrak betetzea.
Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.
Dirulaguntzak banakako ebaluazio prozeduraren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, aurrekontuko kreditu erabilgarria agortu arte.
Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (II. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere sinatuak, eskabide-orrian berean adierazten den dokumentazioarekin batera.
2. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko abenduaren 5ean bukatuko.
3. Eskaerak, ahal dela, telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) dirulaguntza honen tramiteari dagokion fitxaren bidez, edo Etxebizitza Zerbitzuaren erregistroan (Alondegi kalea 1, 1.a, 31002 Iruña). Hala ere, eskaera aurkezten ahal da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietako edozeinetan, eta Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduko zaio.
4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko gehieneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena emanda.
Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.
Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.
Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.
Zortzigarrena.–Ebazpena.
Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 66/2023 Foru Dekretua). Eskaeraren sarrera-datatik hasita hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da, eta epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Hori guztia, ukatu gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa. Ezespenaren aurka, berariazkoa izan edo administrazio isiltasunaren bidezkoa, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, etxebizitzaren arloko eskumena duen kontseilariari zuzendua.
Bederatzigarrena.–Dirulaguntza nola eta noiz ordainduko den.
Behin dirulaguntza ematea erabaki dela, ordainketa ofizioz eginen da, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 66/2023 Foru Dekretuarekin bat), behin NASUVINSAren eta dagokion maizterraren artean sinaturiko errentamendu kontratua ikus-onetsita dagoenean.
Onartutako dirulaguntza ez da ordainduko errentamendu kontratua 2024ko abenduaren 20tik aurrera aurkezten bada ikus-onetsia izateko. Egun horretarako dirulaguntza emateko ebazpena ez duten eskaerak ezetsitzat joko dira.
Etxebizitza lagatzen den egunetik hasi eta hiru hilabete iragaten direnean ez bada errentamendu kontratua aurkeztu administrazioak ikus-onesteko, ez da dirulaguntza ordainduko.
Baldintzak betetzen dituzten etxebizitzen kasuan, baldin eta etxebizitzak erabiltzen badira adjudikazioa zentsuaren bidez egiten ez den berariazko beste etxebizitza programa batzuetako eskariari erantzuteko, ez da beharko aldez aurretiko ikus-onespenik, eta ordainduko dira errentariarekin edo erakunde laguntzailearekin kontratua sinatzen den unean.
Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza bateraezina da berak edo beste erakunde batzuek etxebizitza hutsak programa publikoen bidez merkatuan jartzea eta errentan ematea errazte aldera eman ditzaketen beste batzuekin.
Era berean, ezin izanen da dirulaguntzarik jaso etxebizitza lagatzen bada hiru urtetik beherako epe baterako.
Hamaikagarrena.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
Etxebizitza NASUVINSAri laga beharko zaio Alokairu Poltsaren programan ezartzen den eperako. Errentariak etxebizitza uzten badu laga zenetik hiru urteko epea igaro baino lehen, etxebizitzaren titularrak lagapen kontratu berri bat sinatu beharko du une horretan programak finkatua duen denborarako. Bestela, jasotako dirulaguntza itzuli beharko du, oso-osorik.
Hamabigarrena.–Itzulketa.
Onuradunak oinarri hauetan berariaz ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako dirua itzuli beharko da, osorik edo hein batean.
Hamahirugarrena.–Errekurtsoen araubidea.
Oinarri arautzaile hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.
Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak etxebizitza gaietarako informazio webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/) argitaratuko ditu 2024. urtean zehar ematen diren dirulaguntzak, behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak) eta bakoitzak jasotako kopurua. Halaber, martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretua betetzeko, informazio hori Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.
Hamabosgarrena.–Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.
Hamaseigarrena.–Datuen babesa.
Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko.
Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea
Argibide gehiago daude helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu"
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2023ko abenduaren 18an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Maite Arrondo Segovia.
Iragarkiaren kodea: F2317807