29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARTAXOA

Deialdia, lan-kontratu bidez hartzeko gizarte-langile bat, Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzarako

Ondokoa erabaki zuen Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzako Patronatuko Batzordeak, 2023ko azaroaren 27an hartutako Erabakiaren bidez:

1. Honako honen oinarriak onestea: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin gizarte-langilearen lanpostu bat, lan-kontratudunen araubidean, lanaldi osoan, aritu dadin Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzaren zerbitzura.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea deialdiaren eta haren oinarrien iragarkia, argitara dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Artaxoan, 2023ko azaroaren 30ean.–Alkatea, Juan Ramón Elorz Domezain.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea gizarte-langilearen lanpostu bat, lan-kontratudunen araubidean, lanaldi osoan, aritu dadin Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzaren zerbitzura.

Kontratatzen diren langileak honako arau hauen menpe egonen dira: Langileen Estatutua, ematen diren berariazko xedapenak, eta erabakitzen diren hitzarmen kolektiboak, galarazi gabe zerbitzuaren izaera publikoari dagozkion berezitasunak. Aurreko guztia, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.2. Orobat, deialdi honen xedea da zerrenda bat sortzea, hautaketa-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera. Hori dena, 9. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Zerrenda hori indarrean egonen da zerrenda berriak eratu arte.

1.3. Hitzarmen kolektiboan bere kategoriarako ezarritako ordainsariak izanen ditu lanpostuak; hots, Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzako hitzarmen kolektiboan ezarritakoak.

1.4. Plazaren titularrak bete beharko ditu dagozkion lanak eta eginkizunak, hau da, deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriari dagozkionak eta gizarte-langilearen lanpostuaren zereginei dagozkienak.

1.5. 45 laneguneko probaldia ezartzen da, hitzarmenaren arabera.

1.6. Lan hori egiteko, eskuratzen ahal ditu egoiliarren datu pertsonalak, osasunari buruzkoak barne, eta baimena izanen du fitxategiak dauden tokietara sartzeko. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei buruz eta egindako lanei esker jasotzen duen informazio guztiei buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia-egoera eta abar). Daukan informazioa erabiltzen ahal du soilik lanpostuko beharkizun eta beharretarako, eta ezin izanen du erabili lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarrenei komunikatu ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.

1.7. Kontratatzen den pertsona zuzenean egonen da egoitzako zuzendaritzaren menpe, eta beteko ditu eskatzen zaizkion eginkizunak eta horiekin zerikusia dutenak, eta/edo bere titulazioarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:

–Egoitzako gizarte lana planifikatu eta antolatzea, xedeak egoki programatuz eta lana arrazionalizatuz.

–Egoitzara sartzeko prozesuan laguntzea eta erabiltzailearen historia eta fitxa soziala egitea.

–Erabiltzaileei buruzko alderdi sozialak ikertzeko azterlanak egitea eta egiten laguntzea.

–Jarduera administratiboak egitea eta erabiltzaileen txosten sozialak prestatzea, bai eta egoitzako zuzendaritzak eskatzen dizkionak ere. Informazioa ematea erabiltzailearen beraren nahiz beste batzuen baliabideez, eta baloratzea haren egoera pertsonal, familiar eta soziala.

–Zuzeneko arreta ematea, banaka, taldean eta komunitatean.

–Bultzatzea erabiltzaileak egoitzako bizitzan eta inguruneko bizitzan integratzea eta parte hartzea.

–Parte hartzea erabiltzaileak egoitzara egokitzeko programak prestatzen eta martxan jartzen.

–Koordinatzea animazio soziokulturalerako jarduerak eta lantaldeak.

–Batzorde teknikoan parte hartzea.

–Behar diren kudeaketak egitea erabiltzaileei eragiten dieten arazo sozialak ebazteko, batez ere entitate eta erakundeekin.

–Sustatzea gizarte eta osasun zerbitzuen sistemako profesionalekiko eta baliabideekiko koordinazioa, komunikaziorako bideak ezartzeko.

–Parte hartzea, talde multiprofesionalarekin edo osasun-departamentuarekin, erabiltzaileek behar dituzten orientabideak edo laguntza prestatzen.

–Gelak eta jangelako mahaiak esleitzen eta aldatzen parte hartzea, erizaintzako departamentuarekin eta zuzendaritzarekin.

–Jarraipena egitea osasun-zentroetan dauden erabiltzaileei, eta, hala badagokio, behar diren bisitak egitea.

–Egoitzan erabiltzaileari ematen zaion gizarte-laguntzaren prozesuan, familiari ematea informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza.

2. oinarria.–Betekizunak.

Oposizioan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

–Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, parte hartzen ahal dute espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek parte hartzen ahal dute, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Gizarte Laneko diplomadunaren edo gradudunaren unibertsitate-titulua, edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

–Atzerrian lortutako tituluak baldin badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

–Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik kendua, ez eta diziplinaz kaleratua ere.

–B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

–Izangaia kondenatua egon ez izana 1/2004 Lege Organikoan edo 14/2015 Foru Legean jasotako inguruabarren bat dela-eta (1/2004 Lege Organikoa, Genero Indarkeriari buruzkoa, eta 14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko Indarkeriari buruzkoa).

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu bai plaza betetzeko izendatutakoak, bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen dutenek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak, edo Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzari baimena ematen ez diotenak horiek kontsultatzeko, ezin izanen dira izendatu, plaza bete behar badute, edo, gainerako kasuetan, ezin izanen dira kontratatu. Baliorik gabe geldituko dira ordura arteko haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautaketa-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Artaxoako Udalaren Erregistro Orokorrean, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), jarraikiz I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari.

Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten eta/edo zer moldaketa behar duten denboretan eta baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean.

3.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Honako hauek erantsi behar zaizkio eskaerari:

–Nortasun Agiri Nazionalaren edo balio bereko beste agiri baten fotokopia.

–Deialdi honen 2. oinarrian eskatutako titulazioaren fotokopia arrunta, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

–Alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien frogagiri jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, deialdiaren 6. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du hura argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Juan Ramón Elorz Domezain, Artaxoako Udaleko alkate udalburua.

  • Ordezkoa: María Angeles Vitrian Serna, Artaxoako Udaleko zinegotzia.

–Lehen epaimahaikidea: Andrea Barrera, gizarte-langilea.

  • Ordezkoa: Amaia Maeztu, gizarte-langilea.

–Bigarren epaimahaikidea: Anyuri Gorjón Lizarbe, egoitzako koordinatzaile asistentziala.

  • Ordezkoa: Beatriz Lacabe Barrachina, gizarte-langilea eta Lares Navarrako idazkari teknikoa.

–Hirugarren epaimahaikidea: Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzako langile publikoen ordezkari sindikalek izendatzen dutena.

  • Ordezkoa: Artaxoako Udaleko langile publikoen ordezkari sindikalek izendatzen dutena.

–Laugarren epaimahaikidea: Yaquelin Maestre Corpas, Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzako zuzendaria eta erizaina.

  • Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–Bosgarren epaimahaikidea: Miguel Pajares Paniagua, kudeaketako teknikaria.

  • Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–Seigarren epaimahaikidea: Artaxoako Udaleko idazkaria.

  • Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko legez ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak izan dezake aholkulari espezialisten laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Hautaketa-prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren; lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahal dira.

6.1. Lehiaketa-fasea.

6.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3.3 oinarriak dioen bezala, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

Egindako zerbitzuen apartatuan alegatutako merezimenduak frogatuko dira erabiliz dagokion administrazio publiko, gobernuz kanpoko erakunde (aurrerantzean GKE), elkarte edo irabazi asmorik gabeko fundazioaren ziurtagiria, enpresa-ziurtagiria, eta ziurtagiri horretan agertu beharko dira lan egindako denbora, lanbide-kategoria eta lanaldiaren iraupena.

6.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak epaimahaiak sailkatuko eta puntuatuko ditu, deialdi honetako baremoaren arabera.

6.1.3. Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal ditu lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

6.1.4. Lehiaketaldiak 30 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Honela banatuko dira puntuak:

a) Izangaiak zenbat denbora eman duen gizarte-langile gisa (10 puntu gehienez):

–Esperientzia egoitza geriatrikoetako teknikari gisa, titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan, behar bezalako kontratu harremanarekin: 10 puntu bitarte; 0,1 puntu hilabete bakoitzagatik.

Lanaldi osoan emandako zerbitzuei aplikatuko zaizkie puntuazio hauek, eta proportzionalki baloratuko dira lanaldi partzialean egindako merezimenduak, frogatzen direnak. Aldi berean egin badira atal batean baino gehiagotan sailkatutako zerbitzuak, puntu gehien ematen dituena besterik ez da kontuan hartuko aldi horretan.

Urteak osoak ez badira, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

b) Prestakuntza osagarria: 20 puntu, gehienez.

–Honelako prestakuntza jaso izana: zuzendaritza gizarte zerbitzuen zentroetan, zentro gerontologikoetan eta hirugarren adineko zentroetan: 10 puntu, gehienez.

–Honelako prestakuntza jaso izana: pertsonarengan zentratutako arreta, ekipoak kudeatzea, lidergoa eta erdi mailako kargudunak, dementzia eta jokabide-maneiua, inguruneak eta komunitatearentzako zerbitzuak: 10 puntu bitarte; 2 puntu ikastaro bakoitzagatik, baldin gutxienez 15 ordukoak badira.

6.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

6.1.6. Merezimenduak baloratutakoan, emaitzak argitara emanen dira udaletxeko iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, web-orrian (www.artajona.net).

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan zehaztuko dira oposizioko lehenbiziko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Artaxoako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2.2. Oposizioaldiko probak honako oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaiendako eginen dira posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

6.2.3. Oposizioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:

6.2.3.1. Lehen ariketa.

Proba teorikoa izanen da, eta hartan idatziz erantzun beharko zaie test motako 25 galderari, gehienez ere, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Zenbait aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzari puntu bat emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko dira. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.

Kalifikazioa: ariketa horretan gehienez 25 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 12,5 puntu lortzen ez dituztenak.

6.2.3.2. Bigarren ariketa.

Hiru kasu praktiko izanen dira. Epaimahaiak proposatuko ditu II. eranskineko gaiekin lotutako arazo batzuk, eta horiek garatu eta ebatzi egin beharko dira, eta baloratuko da izangaiak daukan gaitasuna egituratzeko, sintetizatzeko, argumentatzeko eta egoki aplikatzeko.

Atal honetan gehienez 45 puntu emanen dira, 15 puntu ariketa bakoitzeko, eta gainditzeko gutxienez ere 22,5 puntu erdietsi behar dira.

Lehenbiziko atala (proba teorikoa) gainditzen ez dutenei ez zaie zuzenduko bigarrena (kasu praktikoari buruzko ariketa).

6.3. Ariketa guztiak eginen dira plika sistemaren bidez.

6.4. Epaimahaiak adieraziko du zenbat denbora duten izangaiek ariketa egiteko, hura hasterakoan.

6.5. Genero-indarkeriaren biktima izan direnek arriskurik izan ez dezaten, eta bete beharrez abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa (lege horrek hizpide ditu genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriak), bermatuko da biktimen datu pertsonalak babesten direla administrazioko egintzak argitaratzean eta jakinaraztean, eta, oro har, hautaketa-prozesu osoan.

6.6. Hiru egun baliodun izanen dira proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko, zenbatzen hasita ariketa egin den egunaren biharamunetik edo, test motako ariketaren kasuan, erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Test motako ariketari buruzko alegazioei dagokienez, epaimahaiak aztertuko ditu, eta ebatzitzat eta erantzuntzat joko dira aldatutako erantzunen txantiloia argitaratzearekin edo, hala badagokio, probaren kalifikaziotik ondorioztatzen den erabakiarekin.

6.7. Soilik hiru egun balioduneko epean onartuko dira azterketak berrikusteko eskabideak, ariketako kalifikazioak argitaratu eta biharamunetik.

6.8. Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da deialdi honen 6. oinarriko bigarren eta lehen ariketetan ateratako puntuazioa (ordena horretan), eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio-epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda eratzeko. Izan ere, zerrenda hori erabiliko da, indarrean dagoen bitartean, egitekoak diren kontratazioetarako. Indarraldia urtebetekoa izanen da, eta 4 urtez luzatzen ahalko da gehienez.

Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Udalaren webgunean.

7.2. Proposatzen den izangaiak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Deialdiaren 2. atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Txosten medikoa, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.

–Zin egitea edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

–Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Frogagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Alkatetzak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8. oinarria.–Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzako langile, gizarte-langilearen lanpostuan aritu dadin.

8.2. Izendatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatua bihurtzea nomina eta plantillako lan-kontratudun, eta izanen ditu Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzako lan-kontratudunek dituzten eskubide eta betebehar guztiak, indarreko xedapenen arabera. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatuko eta kidetuko da, eta araubide horretan ezarritako babesa izanen du.

8.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

8.4. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.

Baldin epe horretan, eta salbu ezinbesteko kasuetan, jabetza hartzen ez badu, galduko ditu Artaxoako Virgen de Jerusalén Zahar Egoitzako langile izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatuz gero, jarraituko zaio deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.1. Izangaien zerrenda bat eratuko da, aldi baterako kontratazioak egiteko, eta zerrenda horretan egonen dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenak; hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari.

Behin zerrenda eginik, behar izanez gero izangaiak kontratatuko dira, probetan lortutako puntuazio-ordenaren arabera, horrela erantzuteko lan handiko uneei edo horrela betetzeko bajak, oporrak eta aldi baterako beste absentzia batzuk, zerrenda berriak egin arte.

9.2. Alkatetzaren ebazpen bidez onetsiko dira gainditu bai baina plazarik gabe gelditu direnen zerrenda eta zerrenda hori kudeatzeko arauak.

9.3. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, jokatuko da jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari; legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Kontratatzen diren langileak honako arau hauen menpe egonen dira: Langileen Estatutua, ematen diren berariazko xedapenak, eta erabakitzen diren hitzarmen kolektiboak, galarazi gabe zerbitzuaren izaera publikoari dagozkion berezitasunak. Aurreko guztia, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

9.4. Kontrataziorako deitutako izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.

9.5. Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

9.6. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

9.7. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den moduan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.

2. 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, hizpide dituena Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideak eta betebeharrak: xedapen orokorrak. Laguntza zerbitzuekin lotutako eskubideak. Ahultasun handieneko kolektiboen eskubideak. Intimitatearekin eta konfidentzialtasunarekin lotutako eskubideak. Informazioaren eta parte-hartzearen arloko eskubideak. Borondatearen autonomiari buruzko eskubideak. Osasun dokumentazioaren arloko eskubideak. Pertsonek osasunaren arloan dauzkaten betebeharrak.

3. 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, zeinak hizpide baititu autonomia pertsonala sustatzea eta mendekotasuna duten pertsonei arreta egitea: mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistema (2): Mendekotasuna eta haren balorazioa. Eskubidea aitortzea. Sistemaren finantzaketa eta onuradunen ekarpena.

4. Otsailaren 15eko 1/2011 Foru Legea, zeinaren bidez ezartzen baita mendekotasun egoera aitortzeko prozedura eta arautzen baitira Nafarroan mendekotasun egoera balioesteko taldeak eta organoa eratzen dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea: mendekotasun-egoera aitortzeko prozedura eta sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea.

5. Ospitaleko altaren plangintza: esparru teorikoa, alderdi orokorrak, programaren inplementazioa, xedeak, zirkuituak, kronologia, biztanleria taldeen araberako plangintza.

6. 3/2028 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, hizpide duena Datu Pertsonalak Babestea eta Eskubide Digitalak Bermatzea.

7. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.

8. Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte-laguntzaileen Elkargo Ofizialetako Kontseilu Nagusia.

9. Bioetika: jatorria, bilakaera, printzipioak: autonomia, kalterik ez eragitea, ongintza eta justizia.

10. Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.

11. Osasunaren-gaixotasunaren kontzeptua. Garapena eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.

12. Urgentzia/emergentzia kontzeptua. Lehen laguntza.

13. Pazientea laguntzea eta zaintzea higiene-beharretan.

14. Zaharra zaintzea eta laguntzea: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zainketak, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.

15. Hil hurren den pazientea zaintzea eta laguntzea, zainketa aringarriak: Gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.

16. Pertsonarengan zentratutako arreta eredua. Autonomia pertsonala sustatzea. Ezarpen sistemak egoitzetan, eguneko egonaldietan eta beste programa batzuetan.

17. Jarduteko gaitasuna aldatzea. Prozesua, legezko gaitasun aldatua, ustez ezgai denaren babesa. Tutoretza eta kuradoretza.

18. COVID-19arengatik egoitzetan aplikatu beharreko araudia.

19. 92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen duena nola funtzionatuko duten egoitza zerbitzuek, eguneko zerbitzuek eta zerbitzu anbulatorioek, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sisteman, arlo hauetan: adinekoak, desgaitasuna dutenak, eritasun mentala dutenak eta gizarte-inklusioak; orobat, arautzen du baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

20. 38/2023 Foru Dekretua, apirilaren 5ekoa, honako hauek aldatzen dituena: batetik, 92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen duena nola funtzionatuko duten egoitza zerbitzuek, eguneko zerbitzuek eta zerbitzu anbulatorioek, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sisteman, arlo hauetan: adinekoak, desgaitasuna dutenak, eritasun mentala dutenak eta gizarte-inklusioak; orobat, arautzen du baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea; eta, bestetik, 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena gizarte zerbitzu orokorren zorroa eta, horrekin batera, onesten dituena gizarte eta osasun arloko arreta integralerako zerbitzu soziosanitarioak eta migrazio politiken zerbitzuen zorroa.

21. Kontratazio sistema irekiko edo Open House-ko baldintza teknikoen agiria. Kontratazio sistema hori erabiltzen da plazak kudeatzeko egoitzetan, eguneko egonaldietan eta adinekoen garraioan eta eguneko zentroetan, Nafarroako Foru Komunitatean.

Iragarkiaren kodea: L2317927