29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

360/2023 FORU AGINDUA, abenduaren 20koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onesten duena 2024. urterako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Era berean, foru lege horren xedea gizarte zerbitzuen sistema bat itxuratzea da, halako moduan non bermatuko baita zerbitzuak pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintza onenetan ematen direla.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua 3. eta 4. artikuluetan zehaztuta dago. Izan ere, artikulu horietan ezartzen da zer den gizarte zerbitzuen sistema eta zeintzuk diren gizarte zerbitzu horien hartzaileak. Era berean, 6., 7. eta 8. artikuluek Gizarte Zerbitzu horien hartzaileen eskubideak eta betebeharrak ezartzen dituzte, eta azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legeak, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoak, horiek aldatu eta areagotu ditu. Halaber, maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoak, pertsona horien eskubideak zehaztu eta osatzen ditu, 15/2006 Foru Legean oro har ezarrita daudenak.

Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 70. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortzea eta haiei eustea. Baimen horien xedea da baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea.

Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio eremuan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende. Ildo bereko xedapenak ematen dira maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 33.2 f) artikuluan, haren aplikazio eremuari dagokionez.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitzen dio Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen den jakiteko kontrola eta ikuskapena egiteko ardura, hau da, gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta zerbitzu horien hartzaileek lege horretan xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzekoa. Ikuskapen Atalak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak foru dekretu horretan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu gizarte gaien, familiaren eta adingabeen babesaren esparruan, bereziki, honako hauek:

a) Departamentuko gainerako unitate organikoekin lankidetzan, kontrolatzea eta ikuskatzea betetzen dela gizarte zerbitzuen araudian eta itunetan ezarritakoa, bai gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzu-emaileen partetik, bai zerbitzu horien hartzaileei ematen zaien arretan.

b) Departamentuaren unitate organiko kudeatzaileekin lankidetzan, kontrolatzea eta ikuskatzea departamentuak ematen dituen gizarte zerbitzuen sistema publikoari dagozkion laguntzak eta prestazio ekonomikoak.

c) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuen ikuskapena kontrol eskumen gisa hartu behar dela, kontrolatzeko, batetik, zentro eta zerbitzuek egoki betetzen dutela baliabideen eta eginkizunen arloan indarra duen araudia, eta bestetik, zerbitzu-emaileek sinatutako kontratuetako baldintzak eta agiri arauemaileak betetzen dituztela, eta, horrez gain, gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak zaindu eta errespetatzen direla zaintzeko.

Gainera, zaindu behar du pertsonek jasotzen dutela beren beharretarako laguntza egokia, hots, arreta osoa, espezializatua eta pertsonalizatua.

Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketa-lerro nagusien oinarriak.

2024. urterako Ikuskapen Planak jarraipena emanen die 2023an abiatutako neurri batzuei. Neurri horiek onetsi ziren apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren ondorioz abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretua aldatu zelako; izan ere, 38/2023 Foru Dekretuan adingabeen arretaren arloa sartu eta arautu zen, eta 2020ko araudia egokitu zen Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren Akordioarekin bat, Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemako (MAAS) zentro eta zerbitzuetako egiaztapen eta kalitate irizpide komunei dagokienez.

PAGNAk eta zerbitzu-emaileek sinatutako araudi erregulatzaileak eta itunak edo kontratuak betetzen ote diren kontrolatzeko ikuskapen lana egiten jarraituko da, egiaztatzeko entitate horiek Nafarroako Gobernuak finantzaturik ematen dituzten zerbitzuak administrazio kontratatzaileak ezarritako baldintzei jarraikiz eta hark eskatutako kalitatearekin egiten direla, horri buruz agindutako instrukzio edo araudietan sartutako malgutasunekin.

Aurreko urtetan bezala, egiaztatuko da betetzen diren egoitzetako, mendeko adinekoentzako eguneko zentroetako, eguneko egonaldietako eta Nafarroako Foru Komunitateko Autonomia Sustatzeko Zerbitzuetako (Open House) plazak kudeatzeko sisteman ezarritako agiri arautzaileak eta baldintza tekniko eta administratiboak, bai eta sinatutako gainerako kontratu eta itunetakoak ere betetzen diren.

Zehazki, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren III. eranskinean aurreikusitako hiru dimentsioen betetze maila berrikusiko da, honako hauei dagokienez: zerbitzuaren kudeaketa (kexa- eta iradokizun-sistemak, gogobetetze-inkestak, PZAren ezarpenaren ebaluazioa), langileen kudeaketa (harrera-planak, PZAri eta laneko arriskuei buruzko prestakuntza-planak, PZAren ezarpenaren ebaluazioa eta langileen arteko informazio- eta koordinazio-sistemei buruzko ebaluazioa) eta erabiltzaileekiko harremanaren kudeaketa (bizitzako historiak, balorazio integralak, pertsonarengan zentratutako banakako arreta plana –PZBAP–, erreferentziazko langileak egotea).

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuarekin plaza publikoak kudeatzeko kontratuak edo itunak sinatu dituzten zentro eta zerbitzuen kasuan, aipatutako tresna horien klausula teknikoak betetzen dituzten ere egiaztatuko da.

Halaber, egiaztatuko da sinatutako kontratuetan ezarrita dauden langileen arloko betebeharrak eta ratio orokor lotesleak betetzen diren, eta, kontraturik ezean, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan eskatutakoak betetzen diren (apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren ondoriozko aldaketak barne harturik, foru dekretu horretan baitaude Gizarte Zerbitzuen eta MAASaren Lurralde Kontseiluaren Akordioan ezarritako konpromisoak, zentro eta zerbitzuetako egiaztapen eta kalitate irizpide komunei dagokienez).

Beraz, langileak eta arestian aipatutako araudian aurreikusitako alderdi funtzionalak eta egiturazkoak kontrolatuko dira, bizitzako historiak eta pertsonarengan zentratutako arreta eredua ezartzeari dagokionez, lanerako eta erabiltzaileari arreta pertsonalizatua emateko metodo gisa. Era berean, benetako bizikidetza unitateak (erabiltzaile eta langileen talde txikientzako bizitokiak) ezarri diren egiaztatuko da, arreta pertsonalizatuagoa eta etxekoagoa izan dezaten, bai eta banakako gelak gehitu diren ere, beren egokitzapen planen arabera. Hori guztia, arauan ezarritako egokitzapen epeak errespetatuz.

Aurten ere, berriro, arreta berezia jarriko zaio euskailuen gaiari, 2024. urtea amaitutakoan ezin izanen baita halakorik erabili (larrialdietarako salbu) egoitza-zentroetan; horren oinarria 2022ko Gizarte Zerbitzuen eta MAASaren Lurralde Kontseiluaren Akordioan zentro eta zerbitzuetako egiaztapen eta kalitate irizpide komunei dagokienez hartutako konpromisoak dira, zeinak apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuan jaso baitziren. Hori dela eta, zentroek euskailuak kentzeko egin duten lana eta hartu duten konpromisoa islatu behar dira, horiek nabarmen murriztuz, aurreko urteen aldean.

Era berean, eta aurreko urteetan egiten zen bezala, euskailu fisikoen erabilerari buruzko alderdi guztiak betetzen diren egiaztatuko da (baimen informatua, euskailuaren preskripzioa, hilean behingo berrikuspena, neurri alternatibo esperimentatuak, talde teknikoaren azterlana, denbora mugatu baterako egokiespena, osasun-helburuengatik beti eta ez antolakuntzako arrazoiengatik). Orobat, beste elementu murriztaileen kontrol handiagoa eginen da (barandak eta bestelakoak); haien erabilera zentro bakoitzeko euskailuen batzordean landu eta aztertuko da, eta euskailuak kentzeko planean aurreikusiko dira. Plan hori Nafarroako egoitza-zentro eta eguneko zentro guztiek eduki behar dute idatzirik dagoeneko.

Plan horretan euskailu guztiak erabat eta segurtasunez kentzeko modua ezarriko da, eta hala, salbuespenezko kasuetan baino ezin izanen dira erabili. Plan hori ikuskaritzak baliozkotu beharko du eta 2025eko ekainaren 30erako ezarrita egonen da zentroetan.

2024. urte honetan, ikuskapen arruntak eginen dira eguneko arretako zenbait zerbitzutan eta hainbat egoitzatan: zaharrei edo adingabeei arreta ematekoak, mendekotasunaren arlokoak, nahasmendu mentala edo desgaitasuna dutenentzakoak eta gizarte bazterketaren arlokoak. Bereziki azpimarratuko da zerbitzu horiek kudeatzen dituzten entitateek erabiltzaileen eskubideak errespetatzen dituztela, bereziki arreta osoa, berariazkoa eta haien premietara egokitua jasotzekoa eta zerbitzua ematearen baldintza guztiak harrera kontratuaren bidez ezagutzekoa, eta zerbitzua PZA, autonomia, aukeratzeko askatasun eta erabiltzaileen parte-hartzeko ereduei zuzenduta ematen dela. Horretarako, funtsezkoak izanen dira erabiltzaileei, senideei eta langileei eginen zaizkien gogobetetze-inkestak, eta horien emaitzak ikusirik zentroek hartuko dituzten neurriak.

Zehazki, Ikuskapen Atalak 2024ko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Halaber, aplikatzekoak zaizkien beste arau batzuk partez/mailaka edo osorik betetzen diren egiaztatuko da, esaterako segurtasun zibileko aseguruak, pertsonarengan zentratutako banakako arreta planak (PZBAP) eta bizitzako historien, berdintasun planen eta bestelako protokolo eta erregistroen ezarpenak betetzen diren. Horiek betetzea eskatuko zaie, bakoitzean ezarritako epeetan, bai PAGNArekin kontratua sinatu dutenei, bai gizarte zerbitzuetako sistemaren parte diren guztiei, baldin eta abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretua eta haren azken aldaketa (apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren bidezkoa) aplikatzekoak bazaizkie. Ikuskatutako zerbitzuen langileen antolakuntza, eginkizunak, lan-planak eta banaketa ere aztertuko dira, erabiltzaileei zerbitzua modu egokian emateko. Bereziki, Open House kontratazio sistemaren bidez loturiko zentroetan, egiaztatuko da langile guztiek fitxatu egiten dutela eta adostutako eta sinatutako ratioak betetzen direla.

Aurreko urteetan egin den bezala, 2024. urtean, zentro edo zerbitzuen benetako okupazioa kontrolatuko da, eta erabiltzaileen mendekotasuna baloratuko da, baieztatu ahal izateko zerbitzua baimenduta dagoela eskaintzen diren prestazioak eskaintzeko, eta erabiltzaileek jasotzen dutela behar duten arreta, beren egoera eta beharrak kontuan hartuta.

Laguntzak kontrolatzeko lerroari dagokionez, errenta bermatuen ikuskapenak mantentzen dira, eta ikuskapenak eginen dira, jadanik ebatzita egonda ere, baldintzak betetzeari buruz zalantza edo zantzuren bat egoteagatik, Diru-sarreren Bermearen Atalak bidalitako espedienteen gainean. Kontrol hori egiteko, Foruzaingoaren laguntza eskatzen ahalko da, aurretik ezarritako prozeduraren arabera. Bizitzeko gutxieneko errentari buruzko espedienteak ere bideratzen ahalko dira, baldin eta betetzeari buruzko zalantzarik badago eta errenta bermatua jasotzen ez badute.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onestea, 2024. urterako. Foru agindu honen eranskinean jaso da.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 20an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–NAFARROAKO GIZARTE ZERBITZUEN IKUSKAPEN PLANA 2024. URTERAKO

Lehena.–Organo arduraduna.

Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ikuskapen Atala da Plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.

Bigarrena.–Helburuak.

1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia eta kalitatekoa jasotzen dutela zaintzea, araudi indardunarekin bat.

2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen diren begiratzea.

3. Zentro eta zerbitzuei aholku ematea indarreko arauak betetzeari buruz eta erabiltzaileei kalitateko arreta ematearekin lotura duten alderdiei buruz, batetik, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuan prestatzen diren agiriei dagokienez, eta bestetik, zentroek bete behar dituzten baldintza material eta funtzionalei dagokienez –baldintza horiek ezarrita daude abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan (abenduaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren aldaketarekin) eta aplikatzekoak zaizkien gainerako arauetan–.

Horri loturik, bereziki aholkatuko da pertsonarengan zentratutako arreta (PZA) ereduak ezartzeko beharrari buruz, indarreko araudian eta 92/2020 Foru Dekretuaren III. eranskinean ezarritako hiru dimentsioetan xedatua.

Hirugarrena.–Prozedura.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak 2024. urtean egin dituen ikuskapen lanak plan honetan jaso direnak dira, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai, baita Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitako baimenei erantzuteko behar direnak edo aurretiazko jakinarazpenen ondorioz sortutakoak (abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan aurreikusitakoak) ere.

Salbuespen gisa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak, goragotik datorren aginduaren ondorioz, agintzen dituen jarduera guztiak egiten ahalko dira, edo beste organo batzuek (hala nola zuzendaritza nagusiek edo PAGNAko kudeatzaileak) eskaera arrazoitua egiten dutenean, baita Ikuskapen Atalaren beraren ekimenez egokitzen direnak ere.

Laugarrena.–Aplikatzekoa den araudia.

Ikuskapen lanetan gizarte zerbitzuen arloko arau guztiak izanen dira aplikatzekoak. Lan horretan, batez ere, honako arau hauei begiratuko zaie:

1) 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2) 92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmendu mentala dutenen, adigabeentzako arretaren eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

3) 12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

4) 31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa, eta 8/2021 Legea, ekainaren 2koa, Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legedi zibil eta prozesala eraberritzekoa.

5) 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena, martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak eta apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuak aldatu ondoan.

6) 221/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena, eta horren garapenerako araudia, irailaren 8ko 79/2021 Foru Dekretuak egin zuen aldaketa kontuan hartuta.

7) Ikuskatu beharreko laguntzen arau berariazkoak, eta izenpetutako kontratuen agiri teknikoak eta administratiboak, bidezkoa bada.

8) 48/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 16koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Ikuskatzaileen Araubidea ezartzen duena.

Bosgarrena.–Jarduketa lerro nagusiak.

Jarduketa lerro nagusiek helburu hauek lortzea izanen dute xede:

I.–Bermatzea gizarte zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen eskubideak errespetatzen direla, bereziki egoitza-izaera duten gizarte zerbitzuen hartzaileenak eta batez ere honako hauei dagokienez: arreta osoa, espezifikoa eta beren beharretara egokitua jasotzea, eta erabiltzaileek zerbitzuaren baldintza guztien berri izatea, zerbitzuan sartzeko kontratua sinatzearekin batera. Zehazki, Ikuskapen Atalak 2023ko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Era berean, indarrean dagoen araudia betetzen dela egiaztatuko da, euskailuei eta aplikagarri diren bestelako erregulazioei dagokienez, bai eta kontratuen alderdi zehatzei dagokienez ere, hala nola, erreferentziako langileak izatea, erabiltzaileak aukeratua, bizitzako historiak eta pertsonarengan zentratutako arreta ereduak ezarrita egotea, erabiltzaileek beren arretan parte hartzearekin eta zentroaren funtzionamenduan parte hartzearekin lotuta, ordutegiak, gelak, adiskideak, jarduerak eta abar hautatzeko aukera. Era berean, pertsonarengan zentratutako banakako arreta planak (PZBAP) dauden egiaztatuko da, erabiltzaileekin batera prestatuak eta aldian behin informatu eta berrikusiak.

Protokoloak eta erregistroak daudela egiaztatuko da (gorabeheren parteak, zereginen liburuak, etab.). Zehazki, nahitaezkoa izanen da dokumentu horiek egotea eta hor bilduta dauden gertaerak ikusi dituzten langileek sinatuta egotea. Horien osagarri, txanda bakoitzean profesional eta erabiltzaile bakoitzari gertatutakoaren laburpen bat izanen da, horrek zaintzarako informazio garrantzitsua ematen baitu, eta funtsezkoa baita profesionalen arteko informazio-trukerako.

Halaber, zerbitzuen zinezko okupazioa egiaztatuko da, bai eta haien erabiltzaile guztien mendekotasunaren balorazioa ere, egiaztatzeko zerbitzua baimenduta dagoen benetan eskaintzen dituen zerbitzuak emateko eta erabiltzaileek beren egoerara eta premietara egokitutako arreta jasotzen duten.

II.–Zentroen eta zerbitzuen gainbegiratzea eta kontrolatzea. Bereziki aztertuko dira langileen antolamendu eta banaketa, eta haien eginkizunak, begiratzeko horiek proportzionalak eta egokiak direla asteko egun guztietan eta eguneko nahiz gaueko ordutegian, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten. Apartatu hori behar bezala aztertzeko, ikuskatzaileek honako hau eska dezakete: fitxaketak, lan kontratuak, txanden orriak eta lan planak. Halaber, banakako elkarrizketak egin ahal izanen zaizkie langileei, haien ordezkariei edo beharrezkotzat jotzen diren beste pertsona edo erakundeei. Orobat, behaketa zuzenaren bidezko egiaztapen jarduerak egin ahal izanen dituzte egindako bisitetan.

III.–Errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren onuraduna izateko baldintzak betetzeari buruzko ikuskapenaren oinarrizko lerroa, jadanik emandako espedienteen gainean egina, baldintzak ez betetzeari buruz zantzuren bat egoteagatik Diru-sarreren Bermearen Atalak kontrolerako bidali ondoren.

Seigarrena.–Metodologia.

Ikuskapena, legez onartutako eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik eginen da:

1. Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietan sartzen ahalko dira. Orobat, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak eta/edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eman behar zaizkie.

Bisitaren unean zerbitzuaren arduraduna bertan ez badago, bere eginkizunak zerbitzuko beste langile baten esku utzi beharko ditu aldez aurretik, eta hark izanen du ikuskatzaileari laguntzearen eta errekerimenduei erantzutearen ardura, eta pertsona horrek eskura izanen ditu eskatzen zaizkion agiri, datu edo informazio guztiak.

Ildo horretan, zentro edo zerbitzu bakoitzak zerrenda bat izanen du, gutxienez hiru arduradunekin, zuzendaria ez dagoenean arreta emateko ikuskatzaileei nahiz erabiltzaileei eta senideei.

Ordezkapenen zerrenda hori zentroko iragarki-taulan egonen da ikusgai, eta arduradun ordezkoen izen-deiturak eta lanpostuak izanen ditu, baita ordezteko hurrenkera ere. Zerrenda hori ez da tramite administratibo hutsa. Hartan ageri direnek ahalmena izan behar dute, alderdi guztiei dagokienez, zuzendariaren ordez aritzeko eta eskatzen zaien dokumentazioa emateko.

Ikuskatzaileei ez bazaie uzten instalazioetara joaten edo agiriak eskuratzen, izan ez delako ordezkorik izendatu izan hark ez dakielako non dauden datuak edo ezin dituelako eskuratu, uler daiteke ikuskapen lanari egiten zaion eragozpena dela, eta hori arau-hauste astun gisa dago sailkaturik Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86. artikuluaren n) letran; eragozpena dela joko da, bereziki, zerbitzuei egindako aurreko ikuskapenetan agiri horiek eskatu zaizkienean dagoeneko edo horren gaineko ohartarazpena egin zaienean.

2. Bisita arruntak eta salaketa baten ondoriozkoak ez dira aldez aurretik iragarriko. Ikuskatzaile egiaztatuen identifikazioarekin hasiko dira, eta ikuskatzaileek zehaztuko dute zein den bisitaren zergatia.

Ikuskatzaileek egokitzat jotzen dutenean, beharrezkotzat jotzen dituzten areto edo geletara joan daitezke zuzenean, ikuskatu beharreko gauza zehatzak egiaztatzeko, itxoin beharrik gabe zerbitzuko arduraduna agertu eta haiekin joan arte.

3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanik ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahalko dira, egunez edo gauez.

4. Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete beharko dituzte.

5. Departamentuko organo eta erakundeak behartuta daude ikuskatzaileei ahalik arinen eta eraginkortasunez laguntzeko, hala eskatzen zaien guztietan.

6. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.

Zazpigarrena.–Gizarte eskubideen arloko ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2024. urtean.

I.–Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzeko oinarrizko jarduketa lerroa. Zehazki, erabiltzaileen beharren araberako arreta egokia den behatuko da. Zehazki, Ikuskapen Atalak 2023ko Ikuskapen Plana gauzatzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Era berean, egiaztatuko da indarreko araudia bete den euskailuei dagokienez eta aplikatu beharreko beste erregulazio batzuei dagokienez eta kontratuetako baldintzei dagokienez: pertsonarengan zentratutako banakako arreta planak (PZBAP), protokoloak eta erregistroak, erreferentziako langileak izatea, bizitzako historiak eta pertsonarengan zentratutako arreta ereduak ezarrita egotea. PZBAPek erabiltzailearen balorazio integrala izanen dute, eta hartan agertuko dira haren gaitasunak eta lehentasunak.

Halaber, agiri bat pertsonarengan zentratutako banakako arreta plantzat hartzeko, helburu orokorrak eta zehatzak markatu beharko ditu arloka, baita horiek lortzeko neurriak edo programak ere. Agiri horretan, erabiltzailearen mendekotasuna eta arreta zuzenari lotutako alderdiak bildu beharko dira, hala nola oheratzeko, jaikitzeko, garbitzeko, mugiarazteko eta jateko ordutegiak, eta horien justifikazio teknikoa, ohikotzat jotzen direnetatik desberdinak badira; modu orokorrean ezin izanen dira antolamendu-neurri hutsak hartu erabiltzaileen eta senideen beharrak eta nahiak aintzat hartu gabe.

Pertsonarengan zentratutako banakako arretarako plana dokumentu diziplinartekoa eta integrala izanen da, eta aldian behin berrikusi beharko da, gutxienez ere urtean behin eta erabiltzailearen egoeran aldaketa garrantzitsuak gertatzen diren aldiro. Orobat, agiri horren berri emanen zaie erabiltzaileari eta/edo senideei. Haiekin adostu beharko da (ahal den neurrian), eta haiek sinatu beharko dute.

Bestalde, bizitzako historiak ez dira tramite dokumental hutsa izanen, ezta banakako arreta plana osatzen duen erabiltzailearen balorazio tekniko-soziala; izan ere, narrazio gisa ulertu behar da, erabiltzaileak edo haren hurbilekoek bere bizitzaz, balioez, gustuen hezibideaz, kidetasunez, helburuez eta bizitza planez egiten duena, haren irudia taxutzeko eta haren jokabidea ulertzeko lagungarria. Bizitzako historiak agiri bizia eta dinamikoa izan behar du, erabiltzaileak zerbitzuan bizi izandakoak ere biltzen dituena. Pertsona horri arreta ematen dioten langile guztiek eskura izan eta ezagutu behar dute agiria. Hala ere, erabiltzaileak aukeratu dezake zentro edo zerbitzuko zein langilek izanen dute eskura agiria, osorik edo partez.

2024. urtean zehar, aurreko urteetan bezala, egiaztatuko da, alde batetik, Open House kontratazio-sistema izenpetu duten zerbitzu guztiek betetzen dutela pertsonarengan zentratutako arreta eredua ezartzeari buruzko betekizuna, zeina kontratuko klausuletan jasota baitago. Bestetik, egiaztatuko da halako klausularik bete behar ez duten zerbitzuak pertsonarengan –eta ez antolaketan– zentratutako arreta eredua ezartzen ari diren, mailaka eta indarreko arauekin bat, horretarako neurri zehatzak hartuz. Zerbitzuek foru-araudian ezarritako neurriak hartu beharko dituzte, 2022ko uztailaren 28ko Lurralde Kontseiluaren Akordioarekin bat egitean hartutako erabakien ondorioz, hala nola, banakako gelen kopurua handitzea (arauetan ezarritako ehunekoan); gela bikoitzetan egoiliarrak bereizteko elementuak paratzea, haien intimitatea zaintzeko; irakurketarako argiak jartzea, egoiliarrek aukera izan dezaten gauetan irakurtzeko, gelakidea gogaitu gabe; erabiltzaileei aukera ematea dutxa eta garbiketa arratsaldean egin nahi duten erabakitzeko; gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko ordutegi zabalak ezartzea; menua hautatzeko aukera izatea, bi edo gehiagoren artean; lagun egiteko eta aisialdirako boluntarioen lana sustatzea; eta bizikidetza-unitateak sartzea zentroetan, elkarbizitza etxekoagoa izan dadin. Horretarako, langileen txandakatzea murriztu beharko da ahal den neurrian, txandak murriztuz nahiz arreta zuzeneko langileak izendatuz bizikidetza-unitate bakoitzerako.

Bukatzeko, erreferentziako langilea, zeina kontrolatzen baitzen aurreko urteetan ere, funtsezko figura izatera pasatu da pertsonarengan zentratutako arretan. Erabiltzaileak aukeratu behar du figura hori, bere premien arabera eta harekin duen kidetasunaren arabera. Erreferentziako langileak dibertsifikatuak egonen dira, eta arreta zuzeneko langileak izanen dira lehentasunez. Erreferentziako pertsona bakoitzak pertsona bakan batzuk izanen ditu bere ardurapean. Egoiliarrei eta senideei figura honen berri emanen zaie, haren funtzioak ezagutu ditzaten eta nahi dutena izenda dezaten. Are, erabiltzaileek uko egin diezaiokete pertsona horren esleipenari, beren kasa zeregin horiek bete ditzaketela iritzita.

Helburua.–Ikuskapen lanaren bidez egiaztatuko da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren, hau da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz (Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko Legea).

Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, egiaztatuko da ea egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen diren, honako hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, desgaitasunak dituzten pertsonak, nahasmendu mentalak, adingabekoentzako arreta eta gizarte bazterketa.

Eskubideak errespetatzen diren jakiteko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, ikuskapenak erabiltzaileen eskubide hauek bete ote diren aztertuko du nagusiki:

1. Zentroko langileengandik eta erabiltzaileengandik tratu duina jasotzeko eskubidea, arreta jarriz, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenekiko tolerantzian eta ulermenean.

Era berean, erreferentziazko langileek duten garrantzia azpimarratuko da, baita erabiltzaileen zainketa pertsonalei ematen zaien arreta egokia izatea ere, haien inguruabarren eta egoeraren arabera.

2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzeko eskubidea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzekoa, berariazko baimena eman ahal izateko. Ildo horretan, bereziki, kontrolatuko da ea erabiltzaileek eta/edo haien senideek ezagutzen dituzten eta jaso dituzten zerbitzuaren barne araubidearen erregelamendua eta zerbitzuarekin sinatu duten kontratuaren baldintzak, zerbitzua ematen hasi baino lehen, eta bi agiri horiek errespetatzen dituztela erabiltzaileen autonomiarako eskubidea eta askatasuna. Horri dagokionez, batez ere, desgaitasuna duten pertsonen eskubideak azpimarratuko dira, eta haiek beren kabuz baliatzeko, behar diren laguntzak emanen dira, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legedi zibil eta prozesala eraberritzeko ekainaren 2ko 8/2021 Legean eta Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko azaroaren 28ko 31/2022 Legean ezarritakoaren arabera.

3. Banakako arreta jasotzeko eskubidea, erabiltzaileen berariazko beharren araberakoa, baita haien mendekotasun mailaren araberakoa ere. Zehazki, ikuskatuko da ea zerbitzuek pertsonarengan zentratutako banakako arreta planik ote duten erabiltzaile bakoitzeko, eta profesional eskudunek aldian-aldian aztertu duten. Halaber, kontrolatuko da ea eraginkorra, egokia eta bana-banakoa den arreta pertsonala, soziala, sanitarioa, farmazeutikoa, hezkuntzakoa eta kulturala, eta ea errespetatzen diren haien borondatea eta lehentasunak, pertsonarengan zentratutako arreta ereduek adierazi bezala. Ildo horretan, eta eredu horretan aurrerabidea izanen bada, erabiltzaile bakoitzari aukera eman behar zaio zenbait arreta motatako alderdi batzuen artean: garbiketak, ordutegiak, menuak, jarduerak, lagunak, erreferentziako langilea, etab. Orobat, egiaztatuko da zentroek bete dituzten 2023. urtean atal horiei buruz jasotako eskaerak eta/edo ohartarazpenak.

4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Bereziki begiratuko da zerbitzuak ba ote dituen bisitak ahalik eta intimitate handienarekin izateko egokiak diren instalazio eta eremuak, eta pribatutasuna errespetatzen den erabiltzaileak kanpoko edonorekin izaten duen komunikazioan, dela posta arruntez dela telefonoz edo dela beste edozein baliabidez. Osasun beharra dagoenean bakarrik hartzen ahalko dira unitate soziosanitarioak ematen dituen jarraibideetan aurreikusitako neurriak, bisitak eta irteerak egiteko, erabiltzaileek beren senideekin harremanak izateko duten eskubideari eutsiz.

5. Kexen eta iradokizunen sistema erabiltzeko eskubidea. Atal honetan, zerbitzuek esparru horretan erabiltzen dituzten protokoloak aztertuko dira, baita zerbitzuak emandako eta eskatzaileak jasotako erantzunik baden eta horretarako zer epe behar izan den ere.

6. Zentroetan parte hartzeko eskubidea, partaidetza kontseiluen bitartez, araudi aplikagarriak horien eraketa eta urteko bilkura ezartzen baititu. Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak partaidetza kontseiluaren osaera zabaltzen du, eta eginkizun berriak eta garrantzitsuagoak esleitzen ditu; kontseilua sei hilean behin bildu beharko da, nahitaez. Beraz, aipatu foru dekretuaren 43. artikuluan oinarriturik, 2024. urtean zehar egiaztatuko da haren osaera zuzena den, funtzionamendua egokia den eta sei hiletik behin bilerak egiten diren.

7. Baimen informaturik gabe edo sendagileek agindu eta gainbegiratu ezean, inolako immobilizazio edo murrizketa fisikorik edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, salbu eta erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako berehalako arriskua badago, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruko lotura fisikoen eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuari eta apirilaren 2ko 186/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako erabilera protokoloari. Zehazki, egiaztatuko da euskailuen batzordea badagoen eta jardunean ari den, "euskailurik gabeko" zentro gisa aitortuta daudenetan ere; euskailuen ordez erabil daitezkeen aukeren proposamenak, ezarpenak eta ebaluazioak ere egiaztatuko dira. Euskailuen batzordeko jarduketa esparrua zabalduko da, baranda eta bestelako elementu murrizgarrien ingurukoak ere azter ditzan. Egiaztatuko da bete diren Ikuskapen Atalak arlo horretan, 2023. urtean, zentroei bidalitako errekerimenduak eta/edo ohartarazpenak, 2023ko Ikuskapen Plana gauzatzearen ondorioz edo gai horren gaineko salaketa ebatzien ondorioz.

Puntu honetan, araudi eta dokumentu ugari daudenez, bai Estatukoak (Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 1/2022 Instrukzioa eta MAASen Lurralde arteko Akordioa, ekainaren 2ko 8/2021 Legea, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legedi zibil eta prozesala eraberritzekoa), bai foru mailakoak (azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legea eta apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuak), egiaztapenak eginen dira, eta zentro eta zerbitzuei aholku emanen zaie halako elementuak ezabatzeko plana prestatu beharrari buruz, erabat ezar dezaten 2025eko uztailean. 2023. urtean, plana prestatzea gomendatu eta eskatu zen, baina aurten, idatzita eta onetsita egon dadin eskatuko da, eta abian jar dadin 2025. urtea euskailurik gabe hasi ahal izateko zentroetan.

Era berean, aurreko urtean egin zen bezala, egiaztatuko da baranda-erregistrorik badagoen, eta horien osasun-adierazpenik eta erabiltzailearen edo, hala badagokio, senidearen adostasunik badagoen. Zentroek ahalegina egin behar dute haien erabilera murriztu eta zentzuz erabiltzeko, elementu murriztaileak direnez gero, arriskutsuak izan daitezkeenak, eta, hortaz, neurriz erabiltzekoak. Hori dela eta, barandak sartu behar dira euskailuen batzordea osatzen duten profesionalen lan arlo gisa. Era berean, nahasmendu mentalaren arloan egoten diren euste-gelak ere arautzen dira, araudian aurreikusten diren eskakizunak bete behar diren neurri murriztaileak direnez gero. Halaber, egiaztatuko da larrialdiko euskailuak proportzionatuak eta beharrezkoak diren eta Fiskaltzari horien berri ematen zaien.

Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren jakiteko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:

–Zentroko erabiltzaileek eta/edo horien senideek eta adiskideek ikuskatzaileei ematen dieten informazioa.

–Ikuskapen lanean nabarmentzen diren gorabeherak.

–Zentroko langileek, langile ohiek eta arduradunek ematen duten informazioa.

Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek Ikuskapen Protokoloetan finkatuko dira.

II.–Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzeko oinarrizko jarduketa lerroa, bereziki azpimarratuz erakundearen kontrola eta langileen banaketa eta langileen eginkizunak, begiratzeko proportzionalak eta egokiak diren asteko egunetan eta eguneko eta gaueko orduetan, zerbitzua behar bezala emateko erabiltzaileei premien arabera, egoeraren arabera eta arretaren zenbait alderditan egin dituzten aukeren arabera, pertsonarengan zentratutako arreta ereduak ezartzen direnean. Bereziki, Open House kontratazio-sistema izenpetu duten zentroetan, egiaztatuko da zuzeneko arretako langileen eginkizunak erabiltzaileentzat soilik diren eta ez dituzten garbiketako, ikuztegiko, sukaldeko edo mantentze-lanetako langileenak diren zereginak bere gain hartzen, gaueko txandan izan ezik; izan ere, gaueko txandan, zuzeneko arreta beste lan batzuekin bateratzen ahalko da, betiere, lehentasuna emanez erabiltzaileen premiak zuzenean artatzeari. Kontratatutako langileek zaintzailez bestelako kategoria baten kontratua dutenean, lan-kontratuan zehaztu beharko da lanaldiaren zer portzentaje erabiliko den arreta zuzenerako, eta egiaztatzen ahalko da hori betetzen den benetan. Orobat, kontrolatuko da zentroko ratio globala bat datorren, uneoro, PAGNArekin izenpetutakoarekin, kontratua indarrean den bitartean.

Era berean, egiaztatuko da zentroek dokumentazio administratibo guztia duten, indarreko araudiak nahiz izenpetutako kontratuen agiriek eskatzen dutena. Zehazki, bereziki egiaztatuko da badagoen Erantzukizun Zibileko Aseguru-poliza, eta horrek betetzen dituen izenpetu den Open House agirian ezarritako baldintzak. Berebat, horretara behartuta dauden zentroei eskatuko zaie berdintasun plana izan dezatela langileentzat, eta berdintasunaren arloko ikastaroak prestatu eta egin ditzatela enplegatuen prestakuntzaren urteko planaren barnean. Halaber, egiaztatuko da prestakuntzaren urteko plan horietan ikastaroak antolatzen diren langile guztientzat pertsonarengan zentratutako arreta ereduei buruz. 2023. urtean ikusi da zentro askok online edo presentziazko oinarrizko prestakuntza egin dutela. Prestakuntza hori langile sartu berriei harrera egiteko egokia bada ere, urteko prestakuntza planaren barruan areagotu egin behar da, bai ordu kopuruari dagokionez, bai horren edukiari dagokionez zein prestakuntzaren hartzaile diren langileei dagokienez. Orobat, urteko prestakuntzak egin behar dira, eta ezin dira 2020. eta 2021. urteetan egindako ikastaroak baliatu hori frogatzeko.

II.1 programa.–Jardunean ari diren zentro eta zerbitzu guztiak legeztatzea.

Helburua.–Jardunean egon arren beharrezko baimenak ez dituzten edo funtzionamendurako oinarrizko baldintzak betetzen ez dituzten zentro eta zerbitzu guztien administrazio egoera erregularizatzea. Beraz, aurretik emandako baimenak baliogabetu eginen lirateke. 2023. urtean egiaztatu zen zenbait zentro eta zerbitzu, bere garaian baimendu baziren ere orduan indarrean zegoen araudiko oinarrizko baldintzak betetzen zituztelako, gaur egun, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren bidez onetsitako araudia eta hari apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren bidez egindako aldaketa kontuan harturik, ez direla betetzen ari ezarritako oinarrizko baldintzak, eta horrenbestez, zentro eta zerbitzu horiek egokitzapenak egin behar dituzte baimenei eusteko, batzuek berehala, 2025eko martxoa baino lehen beste batzuek.

Halaber, 2023. urtean atzeman da ezen, zentro eta zerbitzu askok beren egiturak egokitzeko proiektuak aurkeztu dituztela arauzko eskakizuna betetzeko bizikidetza-unitateen, pertsonarengan zentratutako arreta ereduen eta irisgarritasunaren arloan besteak beste, eta proiektu horietarako dirulaguntzak eskatu dituztela. Horrez gain, beste entitate titular askok zentro berriak ezartzeko laguntzak eskatu dituzte. Proiektu horiek, baina, dirulaguntza jaso zein ez, aurretiazko baimena behar dute gauzatzeko eta abian jartzeko (funtzionamendurako baimena, berrien kasuan, eta funtsezko aldaketarena lehendik daudenen kasuan); baimen hori Ikuskapen Atalak eman behar du, eta kasu askotan ez zaio halakorik eskatu. Horregatik, 2023. urtean zehar eskakizun horren beharra gogorarazi da: funtsezko aldaketa egiteko baimena aurkeztu behar da halako obrak egiteko, edo funtzionamendu baimena, zerbitzu berrien kasuan. Hala, 2024. urtean aholku emanen da oinarrizko eskakizun horiek betetzeko, eta egiaztatuko da araudia betetzen den.

II.2. programa.–Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Espezifikoen Erregistroan baimen eta inskripzio berriak ematea, bai baimen berrien ondorioz, bai abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan aurreikusitako aurretiazko komunikazioen ondorioz.

Helburua.–Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetako funtsezko aldaketenak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak, behin-behineko baimenak salbuespen kasuetarako, eta jarduera uztekoak), eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan egin, kendu edo aldatzen diren inskripzioetarako. Orobat, aurretiazko komunikazioak jasoko dira, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak aurreikusten dituen zerbitzuak funtzionamenduan jarri baino lehen. Foru dekretu horren bidez arautzen da, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmendu mentala dutenen, adingabeen arretaren eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

2024. urtean ez da eginen Erregistroko datuen urteko eguneraketa –maiatzaren 2ko 34/2011 Foru Dekretuan aurreikusia–, datuen eguneraketa globala egin baita 2023ko azken hiruhilekoan.

II.3 programa.–Zentro eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten uneoro kontrolatzea. Hiru hilean behin argitaratzea, Nafarroako Gobernuaren Gardentasun Atarian, ikuskapen txosten arrunta, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren 46.3 artikulu berria betez (apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuak aldatu zuen foru dekretu hori).

Helburuak:

Urtean behin bisita bat egitea honako arlo hauetako egoitzetara eta eguneko zentroetara: adineko pertsonentzako arreta, mendekotasuna, desgaitasunak, nahasmendu mentala, gizarte bazterketa eta adingabeen arreta. Egiaztatuko da ea honako alderdi hauek legearen arabera betetzen dituzten:

a) Aplikagarria den araudia betetzea: funtzionamendua, segurtasuna, arlo administratiboa.

b) Giza baliabideak eta langileriaren antolaketa. 2024. urtean, xehe-xehe aztertuko da arlo hori. Horretarako, eta beste alderdi batzuetako ikuskapenak atzeratu ez daitezen, laginketa eginen da, ausaz, xehetasun handiko azterketa egiteko; eta bertan aztertuko da PAGNA eta entitate adjudikaziodunen artean izenpetutako itun/kontratuetako klausuletan ageri diren langile ratioak betetzen diren.

Langileen antolamendua eta banaketa, eta haien eginkizunak kontrolatuko dira bereziki, begiratzeko proportzionalak eta egokiak diren asteko egunetan eta eguneko nahiz gaueko orduetan, erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten beren beharren eta egoeraren arabera. Bereziki, honako hau egiaztatuko da: Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak zerbitzuak emateko izenpetutako kontratuetako baldintza teknikoen agirian jasotakoa, eta egoitzetako, eguneko zentroetako, eguneko egonaldietako eta autonomia sustatzeko zerbitzuetako plazak kudeatzeko Open Houseren agirietan jasotakoa, hala zentroak aitortzen dituen zerbitzuetarako, nola zentroak aitortu eta izenpetutako ratio globaletarako. Horregatik, zerbitzuen zinezko okupazioa egiaztatuko da, bai eta haien erabiltzaile guztien mendekotasun mailaren balorazioa ere, egiaztatzeko zerbitzua baimenduta dagoen benetan eskaintzen dituen zerbitzuak emateko eta erabiltzaileek beren egoerara eta premietara egokitutako arreta jasotzen duten. Atal hori behar bezala aztertzeko, ikuskatzaileek fitxaketak eskatzen ahal dituzte, fitxatzea nahitaezkoa baita, bai lan arloko araudian, bai aipatutako esparru-akordioetako agiri administratiboetan. Berebat, lan kontratuak, txanden orriak eta lan planak eska daitezke. Halaber, banakako elkarrizketak egin ahal izanen zaizkie langileei, beren ordezkariei edo beharrezkotzat jotzen diren beste pertsona edo erakundeei. Orobat, behaketa zuzenaren bidezko egiaztapen jarduerak egin ahal izanen dituzte egindako bisitetan.

Egiaztatuko da bete diren Ikuskapen Atalak arlo horretan, 2023. urtean, zentroei bidalitako errekerimenduak eta/edo ohartarazpenak, 2023ko Ikuskapen Plana gauzatzearen ondorioz edo gai horren gaineko salaketa ebatzien ondorioz.

III.–Ikuskatzeko oinarrizko lerroa, errenta bermatuaren eta bizitzeko gutxieneko errentaren onuraduna izateko baldintzak betetzearen kontrolari buruz, arreta berezia emanez bizikidetzari, bizilekuari eta diru-sarrerak izateari.

Onartutako espedienteak berrikusiko dira bereziki, baldin eta Diru-sarreren Bermearen Atalak aditzera ematen badu badirela zantzuak edo zalantzak pentsarazten dutenak aipatutako baldintzak betetzen ez direla.

Hori gauzatzeko, Foruzaingoaren laguntza eskatu ahal izanen da, aurretik Foruzaingoarekin prestatutako eta adostutako prozedurari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2318318