27. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17an hartua, "Artesiagako (Esteribar-Baztan, Nafarroa) magnesitak ustiatzeko proiektua" udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzen duena, Magnesitas Navarras SA enpresak sustatua.

2022ko uztailaren 30ean, José Alberto Josa Mutuberría jaunak, Magnesitas Navarras SAren (aurrerantzean, MAGNA) ordezkari gisa, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian "Artesiagako magnesitak ustiatzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala" izeneko dokumentua aurkeztu zuen, 2022ko uztailekoa, udalez gaindiko proiektu sektorialtzat (aurrerantzean, UGPrS) hartzeko eta onesteko.

Aldez aurretik, 2022ko uztailaren 29an, MAGNAk "Artesiagako (Esteribar-Baztan, Nafarroa) magnesitak ustiatzeko proiektua" aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, baimentzeko. Proiektu horrekin batera, ustiategia lehengoratzeko plana, linea elektrikoaren hartunearen proiektua, NA-1740 errepidea egokitzeko azterketa, ingurumen inpaktuaren azterketa eta laburpen dokumentua aurkeztu ziren.

I.–Xedea.

UGPrSaren xedea da magnesita ustiategi bat eta hari lotutako instalazioak ezartzea, eta ustiapenerako beharrezkoak diren elektrizitate eta bide azpiegiturak indartzea eta gauzatzea.

Ustiategia Artesiagako lepoan planteatzen da, Baztan eta Esteribar udalerrien artean, Eugiko eta Iruritako herriak lotzen dituen NA-1740 tokiko errepidearen ekialdean, eta izen bereko mendatearen ipar-ekialdean.

Eremuak 95 hektarea inguru ditu, Erdizko larreetan. Ustiategiaren perimetroaren % 72 Esteribarren dago, eta gainerako % 28a Baztanen.

Meatze proiektua lur gaineko edo aire zabaleko meatze bat da; ebaketa sistemaren erabiliko da, eta bi meatze zulo eginen dira. Instalazio lagungarriak dira hauek: birrintzeko eta ehotzeko instalazioa, bulego blokea, ibilgailu arinentzako aparkalekua, tailerra, dekantazio putzuak eta lurpeko urak hartzeko putzua.

Aurreikusitako sarbidea dela eta, NA-1740 errepidean 6,675 km luze den zati bat egokituko da, NA-138 errepidearekiko bidegurutzetik Artesiagako mendateraino (15+755 KP), eta 1.170 m-ko luzerako bide berri bat eginen da KP horretatik meatze ustiategiraino.

Hornidura elektrikorako, "Eugi" TZtik Saioa mendirako igoeraren inguruetara dagoen aireko linea elektrikoa egokitzea planteatzen da, eta handik "Artesiaga" TZraino 13,2 kV-eko lurpeko linea berri bat egitea.

Materiala bainuontzi-kamioi estalietan kargatuko da, eta ustiategitik 22 km-ra dagoen Zubiriko fabrikara bidaliko da. Fabrika horretan magnesita nekazaritzarako, abeltzaintzarako, ingurumenerako, industriarako eta abarretarako produktu bihurtzen da.

Ustiategiaren funtzionamendurako, 39 pertsonako zuzeneko enplegu plantilla kalkulatu da, eta horri sor daitekeen zeharkako enplegua gehitu beharko zaio.

Meatze proiektuak 25 urteko iraupena izanen du, lehengoratzea amaitu eta lurrak jabeei itzuli arte.

II.–Txosten sektorialak.

Hautemandako ukipen sektorialak eta aplikatu beharreko araudi sektoriala ikusita, 2023ko otsailaren 14an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko eta Lurralde eta Paisaiako Zerbitzuko zuzendariek, batera, UGPrSari, meatze ustiapenaren proiektuari eta linea elektrikoa eraikitzeko proiektuari buruzko txostenak eskatu zizkieten Ebroko eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoei, Herri-lurren Atalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari. Guztiak daude jasotzeke.

Lurralde Antolamendurako Batzordeak eskatuta, txostena eskatu zaio gero Turismoko Zuzendaritza Nagusiari.

Gainera, interes orokorreko deklarazioari buruzko txostena eskatu behar zaie Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari, Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari eta ekonomiaren garapenean eta meategietan eskumena duen departamentuari.

Bestalde, prozedura honetan nahitaezkoak ez diren arren, Industriarekin batera txostenak eskatu zaizkie Baztango eta Esteribarko udalei.

Baztango Udalaren txostenaren arabera, "proiektu horrek abeltzaintzako lanpostuei eta beste lanpostu askoren egonkortasunari eraginen lieke, eta ez da ahaztu behar tokiko nekazaritza eta abeltzaintza sektorea dela, neurri handi batean, gure paisaiak eta bizimodua mantentzearen arduraduna; gure kulturaren sustrai eta euskarrietako bat da".

Esteribarko Udalaren txostenak dioenez, meatze ustiapenak eragindako lurzatiak Esteribarko arau subsidiarioak onetsi osteko mugaketa batetik sortu ziren, eta, beraz, ez dira mugaketaren barruan sartzen. Gainera, gogorarazi du jarduketak Aldude mendiaren kontserbazio bereziko eremuari eragiten diola –abuztuaren 22ko 105/2002 Foru Dekretuan halakotzat jo zen–.

III.–Ingurumen arloko izapideak.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eginen zaio proiektuari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. Eranskineko 2. taldean ("Erauzketa industria") aurreikusitako proiektuen barruan dagoelako, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 44.d) artikuluan (aurrerantzean, LAHFLTB) adierazitakoarekin bat etorrita.

IV.–Aurkeztutako tresnari buruzko oharrak.

a) Aukeratutako tresnari dagokionez, adierazi behar da proiektuak UGPrS baten izaerari erantzuten diola, ezaugarri bereziak dituelako magnitudeari, udalez gaindiko eremu geografikoaren gaineko ukipenari eta lurralde inpaktuari dagokienez; lurralde egituraketa eta kohesioa lortzen laguntzen du, ikuspegi sozialetik eta enplegagarritasunaren eta biztanleria finkatzearen ikuspegitik; jarduera industrialak eta ekonomikoak dinamizatzen, dibertsifikatzen eta orekatzen ditu ezarpenaren lurralde eremuan –Nafarroako Lurralde Estrategiako 7.1, 8.1 eta 10.2 azpieremuak–, eta, duen izaera estrategikoagatik, lurralde garapen jasangarriaren politika publikoan laguntzen du. UGPrS gisa deklaratzeak bermatzen du lurraldean egoki txertatzen dela, lehendik dauden sareekin konektatzen dela, ingurunera egokitzen dela eta hirigintza plangintzan artikulatzen dela.

b) Tresnaren xedeari eta irismenari dagokionez. Adierazi den bezala, UGPrSaren xedea da 11,8 Mt inguruko magnesita ustiategi bat ezartzeko erregulazio egokia jartzea. Hortaz, irismena ezarpen horretarako behar diren hirigintza antolamenduko determinazioetara mugatzen da. Testuinguru horretan, argitu behar da ustiapen proiektuari buruzko edo meatze baimenerako aurkeztutako dokumentazioa ez dela UGPrSaren barruan sartzen, aldi berean izapidetzen den prozedura bat delako, eta prozedura hori meategien arloan eskumena duen departamentuari dagokiolako.

c) UGPrSaren dokumentazioa aztertu ondoren, honako hauekin osatu behar da:

–LAP2 eremurako egindako paisaia dokumentuarekiko koherentzia justifikatzeko atala (paisaia berezia: PS.02 Belate-Saioa-Argintzu).

–Ingurunera egokitzeko betebeharraren justifikazioa, LAHFLTBaren 86. artikuluaren arabera.

–Proposatutako erregulazioaren justifikazioa, besteak beste, mugikortasun jasangarriari buruzko determinaziorik ez dagoela edo horiek ez direla bidezkoak.

–LAHFLTBaren 44.3 artikuluan ezarritako bermeak.

–Dokumentuaren idazketa berrikusi eta hizkuntza inklusiboarekin osatuko da.

–Klima aldaketa kontuan hartzea aurreikusitako plangintzan, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legearen 21. artikuluaren eta Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera.

–Planeamenduaren Erregistroa arautzen duen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuan jasotako aginduak.

–Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko abenduaren 15eko txostenaren 2. eranskinak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70 ter.3 artikulua betez, ukitutako lurzatien zerrenda jasotzen du (ustiapena, sarbideak eta linea elektrikoa, jabe guztien nortasunarekin).

Memoriatik kendu egin beharko dira obra proiektu baten berezko deskribapenak jasotzen dituzten atalak, bereziki 5. atala (Proiektuaren ezaugarrien deskribapena); izan ere, xedapen horiek bereiziz gero, horiek baimentzea baldintza lezakete, nahiz eta informatiboak izan.

d) Lurraldea antolatzeko tresnetara egokitzeari dagokionez. LAParen PN8 eranskineko erauzketa jardueretarako baimen irizpideak UGPrSaren araudira eraman behar dira, edo, halakorik ezean, haiek aintzat ez hartzea justifikatu behar da.

e) Hirigintza antolamenduko tresnetara egokitzeari dagokionez. Baztango udalerrian aurreikusitako jarduketek udalerri horretako udal planean baso lurzoru urbanizaezin eta lehendik dauden azpiegitura gisa sailkatutako lurzoruei eragiten diete (NA-1740 IRURITA-EUGI). Baso lurzorurako ezarritako babes araubideak (13.2 artikulua), besteak beste, meatze ustiategia eta azpiegiturak baimengarritzat jotzen ditu. Gainera, honako hau arautzen du: "Interes sozialeko arrazoiak direla medio eremu horietan planteatzen den edozein jarduketa Mendietako Zuzendaritzak eta Ingurumen Zuzendaritzak onetsi beharko dute, eta horiek ezarriko dute zer baldintzatan egin behar den eta proiektua eraikitzeko fasean zer neurri hartu behar diren". Egungo azpiegituren lurzoru araubideak sektoreko legeriara jotzen du, eta "kontserbazio, entretenimendu eta zerbitzu azpiegiturarekin bateragarriak diren" jarduerak eta erabilerak ahalbidetzen ditu.

Bestalde, Esteribarko udalerrian aurreikusitako eta udal mugarteen aldaketak eragiten ez dien jarduketek Esteribarko arau subsidiarioetako A1 baso lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruari eragiten diote. Lurzoru horietarako ezarritako araubideak (39.1 artikulua) Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzko 6/1987 Foru Legearen 20.2 artikuluan kategoria horretarako aurreikusitako babes baldintzetara jotzen du, non meatze ustiategia eta azpiegiturak jarduera baimengarri gisa jasotzen diren.

Funtsean, eremu sektorialen, Ingurumenaren eta Herri-lanen eta Azpiegituren aldeko iritziekin, ondoriozta daiteke bateragarria dela Baztango eta Esteribarko udal mugarteetan indarrean dagoen hirigintza plangintzako aurreikuspenekin.

f) Proposatutako hirigintza antolamenduaren eta araudiaren determinazioei dagokienez.

–UGPrSaren araudiak lurzoru urbanizaezina babesteko araubidea ezarri behar du, edo jarduera eta erabilera baimenduak, baimengarriak eta debekatuak arautu behar ditu, bai eta jarduera eta erabilera horiek, eraikuntzakoak izan ala ez, landa izaerari eusteko, natura ingurunea babesteko eta eraikuntzen izaera isolatua ziurtatzeko bete behar dituzten baldintzak arautu ere. Antolamendu planoek araudi horri bakarrik erantzun behar diote.

–LAHFLTBaren 113. artikuluaren arabera, aurreikusitako jarduketak berekin ekarriko du udalari esleitu beharra ukitutako lurren balio gehikuntzaren % 10i dagokion aprobetxamendua, behin baimena eman ondoren eta edozein jarduketari ekin baino lehen. Gai hori ez da jasotzen proposatutako araudian, eta, hala badagokio, gogoratu egin beharko da UGPrSaren onespenean.

–Araudiko erabileren araubideak ezin izanen ditu hiri lurzoruari edo lurzoru urbanizagarriari dagozkion kontzeptuak jaso, besteak beste, eraikigarritasuna eta erabilera nagusia, eta, LAHFLTBak eta LAPak bezala, ez du erabilera osagarririk arautuko. Zerbitzu eman nahi den jarduera nagusiaren parekoak izanen dira. Dena den, kokapenari, okupazioari, altuerei, akaberei eta abarri buruzko eraikuntza jarduketetarako edo eraikuntzaz bestelako jarduketetarako ezartzen diren baldintzak, erabilera horiei buruzkoak izan daitezke.

Testuinguru horretan, 1. artikulua (Xedea) eta 11. atal osoa ("Lurzoruaren hirigintza araubidea") berrikusi behar dira. Gainera, antolamendu plano hauek ezabatu behar dira: 0.02 Meategiak ustiatzeko gunea, 0.03 Oinplanoa, tailerra eta bulegoak, 0.05 Ustiapen faseen atalak, 0.06 Sarbidea eta garraio pistak, 0.07 Azpiegiturak, 0.08 Sare elektrikoa egokitzea eta 0.09 NA-1740 errepidea egokitzea. Plano horiek informazioko plano bihurtzea aztertzen ahalko da, eta berariaz adierazi beharko da meatzaritzako edo obretako proiektuari dagokion informazioa izanik, UGPrSaren determinazioak justifikatzeko sartzen direla, bereziki, haren eremua.

–Era berean, idatzizko araudian, bidaltze oharrez ordeztu edo ezabatu egin behar dira lege testuen errepikapenak, 4. artikulua ("Betearazpena eta indarraldia") eta 5. artikulua ("UGPrSaren aldaketa").

–2. artikulua ("Eremua") behar bezala aplikatzeko, mugaketa grafikora jo behar da, alegia, antolamendu planoetara, ez memoriaren atal batera. Horrez gain, eremu horiek bat etorri behar dute hirigintza araubideekin, eta kategorizatu egin behar dira LAHFLTBaren 92. artikuluari jarraikiz.

–3. artikulua ("Garapena"), izena gorabehera –UGPrSaren jarduketaren gutxi gorabeherako programazioa aipatzen du–, memoriara eraman behar da, haren edukia ez baitagokio hirigintza determinazio bati.

–6. artikuluak ("Artesiagako proiektuaren ezaugarriak eta etorkizunean egin daitezkeen egokitzapenak") jasotzen du meatze ustiapenari lotutako azpiegituretako obra proiektuetan obrak egiteko eska daitezkeen egokitzapenak egiten ahal direla, azalera muga hauekin: -% 50 eta +% 50.

Artikulu horri "Garapena eta egokitzapenak" izena eman behar zaio, eta testu batekin osatu behar da, aipatzen dituen proiektuak sartzeko edo UGPrS bat nola garatzen den adierazteko, hala nola: UGPrS horretan aurreikusitako determinazioei dagozkien obra proiektuen bidez garatuko dira, eta dagozkien baimenen xede izanen dira.

Bestalde, artikulu horretan jasotako mugak berrikusi egin behar dira eta txosten honetan tresnaren xedeari eta irismenari buruz egindako oharretara egokitu behar dira, bai eta eraikuntza jarduketetarako eta eraikuntzaz bestelako jarduketetarako ezartzen diren baldintzetara ere. Horren harira, esan behar da, aurreko mugak alde batera utzi gabe, ezin izanen dela UGPrSaren eremutik kanpo egokitzapenik egin; horiek ezin izanen dira baimendu. Horregatik, muga horiek eragiten dituzten zerrendak edo eremuak UGPrSaren eremutzat definitu beharko dira. Gainera, azaldutako arrazoiengatik, ez da egokia antolamendu planoek jarduketen kokapen zehatza grafiatzea.

–7. artikuluaren ("Egokitzapen posibleen justifikazioa eta baimena") edukia 6. artikulura eraman behar da azken puntu gisa.

–Azkenik, idatzizko araudiari dagokionez, adierazi behar da ingurumen neurriak UGPrSaren ingurumen ebaluazioan ezarritakoak izanen direla, kasuan kasu. Horiei buruzko araudiaren atala ezabatu edo egoera horretara egokitu beharko da.

–Araudi grafikoari edo antolamendu planoei dagokienez, 0.1 planoak SUGPrSaren eremuari egin behar dio erreferentzia, eta lurralde eremuaren mugaketa grafikoa jaso behar du, idatzizko araudia, hirigintza araubidea eta egokitzapenak aplikatzeko. UGPrSaren jarduketa guztiak barne hartu behar ditu (meatze ustiategia eta haren instalazio edo azpiegitura osagarri edo elkartu guztiak). Eremu horrek, lehen aipatu den bezala, egokitzapenei buruzko artikuluak eska ditzakeen mugaketak edo eremuak jaso beharko ditu, eta ezartzen den lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioarekin identifikatu beharko da.

0.4 planoak (Meatze ustiategiaren faseak) 3. artikulura egokitu behar dira (UGPrSaren araudiaren garapena), fase berberak jaso behar dituzte eta "UGPrSaren jarduketak garatzea. Proiektuaren faseak" izena jarri behar zaie. Gainera, hirigintza antolamenduko determinazioak eratzen edo ordezkatzen ez dituztenez (LAHFLTBaren 49. artikulua), ezin dira antolamendu plano gisa jaso, informazio plano gisa baizik.

g) Onura publikoko edo interes sozialeko eta interes orokorreko deklarazioei dagokienez. Meatze proiektuak onura publikokotzat edo interes sozialekotzat jotzea dakar berekin, eta ez da bidezkoa deklarazio hori "errepikatzea" UGPrSarekin. Antzeko izaera duten edo enpresa berak sustatutako beste UGPrS batzuetan bezala, komeniko litzateke ekonomiaren garapenaren, industriaren eta meategien arloan eskumena duen departamentuak txostena egitea deklarazioaren harira

h) Beste ohar batzuk. Ingurumenaren gaineko ukipenak ingurumen ebaluazioaren izapidean balioetsiko ditu ingurumen organoak, besteak beste, "Aldude mendia" KBEaren gaineko afekzioa.

–Gainera, baso administrazioak iritzia eman beharko du onura publikoko mendien gaineko ukipenari buruz, zehazki 3. zenbakiko "Erregerena" OPMaren eta 424. zenbakiko "Arbuz eta Bailegi" OPMaren gainekoari buruz.

–GR 322 Nafarroa Xtrem-en desbideratzea, "2. etapa. Urkiaga-Lantz (Itxesolako postea)" tartea, eta interes kultural arkeologikoko ondasunekiko hurbiltasuna ere aztertuko dira espedientearen azterketan; organo eskudunek horien gaineko txostena egin beharko dute.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2023ko abenduaren 18ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesioko kontseilariak proposaturik, honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. "Artesiagako (Esteribar-Baztan, Nafarroa) magnesitak ustiatzeko proiektua", Magnesitas Navarras SAk sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial gisa deklaratzea, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Enpresa sustatzaileari adieraztea ezen, tresna ebatzi dadin, akordio honetan jasotako oharren arabera osatu beharko duela proiektua.

3. Adieraztea proiektu sektorialak eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko duela.

4. Adieraztea deklarazio hau udalez gaindiko proiektu sektorialean aurreikusitako jarduketen obra proiektuek behar dituzten baimen guztiei kalterik egin gabe egiten dela.

5. Udalez gaindiko proiektu sektoriala 30 egun balioduneko epean aldi berean jendaurrean jartzeko eta udalei entzuteko izapideen mende jartzea, baldin eta udal horien mugei eragiten badiete planteatutako jarduketek, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren ondorioetarako.

6. Era berean, magnesitak ustiatzeko proiektua eta linea elektrikoaren hartunearen proiektua jendaurrean jartzea, epe berean, Meategien uztailaren 21eko 22/1973 Legearen eta erauzketa-industrien hondakinak kudeatu eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta birgaitzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuaren ondorioetarako.

7. Orobat, espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen ondorioetarako.

8. Espedientea jendaurrean jartzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen eta Energia elektrikoko instalazioen garraio, banaketa, merkaturatze eta hornidura jarduerak eta baimen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren ondorioetarako.

9. 5., 6., 7. eta 8. puntuetan aurreikusitako ondorioetarako, dokumentazioa hemen kontsultatzen ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es webgunean, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bulegoetan (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua; Tomás Caballero parkea 1, 5. solairua, Iruña), eta Nafarroako Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren Atarian. Epe horretan, egoki iritzitako alegazioak aurkezten ahalko dira.

10. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta txostena eskatu zaien eta akordio honen II. atalean ("Txosten sektorialak") jasotzen diren unitate edo erakundeei, Baztango eta Esteribarko udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 17an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Patricia Fanlo Mateo, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2400910