27. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17an hartua, zeinaren bidez hasten baita izapidetzen Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatua.

2023ko martxoaren 30ean, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko proposamena aurkeztu zuen.

I.–Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2010eko urtarrilaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zuen (2010eko 26. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 26koa). Planaren sustatzailea orduko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua zen.

Aurretik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 2666/2009 Ebazpenaren bidez, udalez gaindiko plan sektorialaren (aurrerantzean, UGPS) ingurumen eraginaren adierazpena egin zen.

Gero, Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 4an hartutako Erabakiaren bidez ebatzi zen Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektorialak ukituriko jabe partikular berriei entzutea emateko izapidea, Nafarroako Gobernuak 2010eko urriaren 13ko Erabakiaren bidez irekia. Hortaz, aurkeztutako alegazioen ondorioz, San Makario Baterako Planeko SGA-2 biribilguneak ukitutako lurren eremua UGPSaren eremutik atera zen, UGPSaren mugak baterako plan horren mugetara egokitzeko.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala eguneratu zen (2015eko 99. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 25ekoa). Eguneratze hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2013ko ekainaren 27an emandako epaian oinarritzen da. Epai horren bidez, zati batean baiesten da Nafarroako Gobernuak 2010eko urtarrilaren 18an hartutako Erabakiaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa (581/2010 zenbakiko errekurtsoa), eta zati batean deuseztatzen da UGPSa, ez baitu barne hartzen Zizur Txikiko 1. poligonoko 373. katastro-lurzati osoa; beraz, finka hori osorik sartu behar da, horrek dakartzan legezko ondorioekin.

UGPSaren xedea da trenbide begizta kentzea, tren geltoki berria egitea eta lurzoru liberatuen eta Etxabakoizko eremuaren hirigintza garapena. Lau udalerriri eragiten die: Iruña, Zizur Nagusia, Zizur Zendea eta Barañain. Banaketa area bakar gisa definitzen diren 2 eremutan banatzen da:

–I. eremua: Barañaingo udal mugarteak, Elortz ibaiak, Donejakue bideak eta A-15 errepideak mugatzen duten eremua, gutxi gorabehera. Eremu horretan, honako hauek aurreikusten dira: Abiadura Handiko Trenarentzako (AHT) geltoki berria, trenbide linearen trazadura berria, etxebizitzetarako, hirugarren sektorerako eta jarduera ekonomikoetarako eremu garrantzitsu bat garatzea. Errepide gabezia handiak konpondu nahi ditu, batez ere Barañain Mendebaldeko Ingurabidearekin (A-15) lotzeko eta Aróstegui etorbidea Donejakue bideko autobiarekin (A-12) lotzeko.

–II. eremua: Sanduzelai eta Buztintxuri artean, trenbide begizta kentzearen eta egungo tren geltokia lekuz aldatzearen ondoriozko espazioa. Bizitegi zona bat garatzea planteatzen da; orain arte trenbideek fisikoki bereizten zituzten eremuei hiri- eta espazio-jarraipena emanen die.

Indarrean dagoen UGPSari dagokionez, honako hauek aldatzea proposatzen da:

–Eremua: eremu batzuetan zabaltzea eta beste batzuetan mugak egokitzea.

–Lurzoruaren sailkapena: lurzoru berrien sailkapena eta indarreko UGPSak sailkatutako lurzoru batzuena aldatzea.

–Sistema orokorren definizioa: adierazten da Trenbide Sistema Orokorra Iruñerriko Trenbide Sarearen Informazio Azterlanera egokitu beharko dela, eta, gainera, Garraio eta Komunikazio Sistema Orokorra aldatzea proposatzen da, A15 eta A12 errepideekiko loturei dagokienez.

–Hiri bilbearen definizio zehatza: eraikinak eta bideetako elementuak definitzen dituzten lerrokadurak eta sestrak aldatzea proposatzen da.

–Erabilerak: hirugarren sektoreko erabilerak murriztea eta bizitegi erabilerak areagotzea proposatzen da.

–Bide publikoen, hiri zerbitzuen, espazio libre publikoen eta ekipamendu publiko nahiz pribatuen tokiko sistemak edo zuzkidura publikoen multzoak definitzea.

–Antolamenduz kanpoko eraikuntzak eta instalazioak: berrikusi egiten dira, eta aldatzea proposatzen da, antolamendutik kanpo zeuden eraikin batzuk finkatuz.

–Irisgarritasun determinazioak.

–Ereduzko aprobetxamendua eta plangintza homogeneizatzeko koefizienteak.

Hona hemen aldaketaren proposamenaren arrazoiak, batez ere:

–Azterketa hidrauliko berri bat, uholde arriskuaren eta lehentasunezko fluxu eremuaren baldintzatzaileak aldatzen dituzten neurriak hartzean oinarritua.

–Hirigintzaren aldetik hiriarentzat interesgarriagoa izanen den erabileren proposamen berri bat, zarataren baldintzatzaileak betetzeko beharrezko neurriekin.

–Mugikortasunari buruzko azterketa berri bat, bideetako aldaketen emaitza dena.

–Dekra-k Huntsman-entzat egindako txosten bat –aipatzen dute, baina ez dute aurkeztu–, enpresa horren gaineko ukipenaren perimetroa murrizten duena.

–Txosten juridiko bat, banaketa area eta egikaritze unitate bakarra mantentzea justifikatzen duena, bai eta birpartzelazio proiektuan aitortutako kalte-ordainak mantentzea ere.

Antolamendu berri bat proposatzen da, eta bertan, funtsean I. eremuari eragiten dioten gai garrantzitsuenak honako hauek dira:

–Aróstegui etorbidearen aurrean dauden eraikinen hirugarren sektoreko erabilera bizitegi erabilera bihurtzea.

–Donejakue bidearen aurrean bizitegi erabilerak areagotzea.

–AHTaren trazaduraren eta geltokiaren hegoaldean dagoen zerrenda birmoldatzea, hau da, udalez gaindiko zuzkiduren erabileratik bizitegi erabilera igarotzea, eta bi zuzkidura partzela erreserbatzea.

–Elortz ibaiaren ondoan aisialdiko baratzeetarako bi zuzkidura eremu zehazten dira.

–Hiri espazioa artikulatuko duten bi plaza sortzea, bai eta elkartzeko leku bat ere geltoki berriaren aurrean.

–UGPSak Barañaingo mazelaren malda handieneko eremuetan proposatzen zituen eraikinak kendu dira.

Aldaketaren azterketatik ondoriozta daitekeenez, nagusiki honako helburu hauek jorratzen ditu:

  • Erabilerak aldatzea, alegia, hirugarren sektorekoak murriztea eta bizitegi erabilerak areagotzea, UGPSaren hirigintza eta ekonomia bideragarritasuna handitzeko.
  • Antolamendu xehatua aldatzea, egokiagotzat jotzen den hiri bilbea lortzeko (espazio libreak, bisualak, altuerak, etab.).
  • Eremu batzuk handitzea, bide proposamen berrira egokitzeko eta orain arte Iruñeko Udal planak antolatutako lurzoru mugakide batzuen urbanizazioa eta/edo kudeaketa barne hartzeko.

II.–Erabaki sektorialak.

1. Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak orain arte honako txosten sektorial hauek eskatu ditu:

–Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala (NG).

–Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua (NG).

–Klima Aldaketaren Atala (NG).

Dataren egunean, honako hauek jaso dira:

–2023/08/07: Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren txostena (Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko atala).

Honako determinazio hauek ezartzen ditu:

Uste da I. eremuan ibilgailuen zirkulazioa leuntzeko neurriak aurreikusi beharko liratekeela, kutsadura akustikoaren iturri nagusia baita eremu horretan. Neurri horiek, Aróstegui etorbidetik zirkulatzeko abiadura geldotzeaz gain, gaur egun bide horretatik igarotzen den sarrerako trafikoa beste bide berri batzuetara ere banatu beharko lukete.

–2023/11/03: Babes Zibilerako Zerbitzuaren txostena.

Honako determinazio hauek ezartzen ditu:

Emandako uholde arriskugarritasunari buruzko azterlana eguneratu behar da, 2022ko azterlanean eguneratutako emari datuetatik datozen arrisku eta arriskugarritasun mapa berriekin. Aurreikusita dago 2023ko azaroan jendaurrean jartzea.

2. Antolamenduaren proposamenaren azterketak agerian uzten du hainbat ukipen sektorialek baldintzatzen dutela, eta, beraz, legerian ezarritakoaren arabera, honako organo sektorial hauek txostena egin behar dute dokumentuari dagokionez, hura onetsi aurretik:

–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Azpiegiturak Kudeatzeko Atala.

–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Ingurumen Ebaluazioaren Atala eta Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoa.

–Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala.

–Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren Nafarroako Memoriaren Institutua.

–Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua.

–Osasun Zuzendaritza Nagusiaren Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzua.

–Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondare Zerbitzua.

–Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Etxebizitza Zerbitzua.

–Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzua.

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzua.

–Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua.

–Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritza.

–Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusia eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

–ADIF (Trenbide Azpiegituren Administratzailea).

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Iruñerriko Mankomunitatea.

–Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA)

III.–Ingurumen arloko izapideak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean (aurrerantzean, IEL) ezarritakoa betez, Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, hots, aldaketaren sustatzaileak, 2023ko urtarrilaren 18an eskatu zuen ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta edo ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiten hasteko, eta hasierako dokumentu estrategikoa aurkeztu zuen, UGPSa aldatzeko zirriborro batekin batera, irismeneko dokumentua prestatzeko.

2023ko urtarrilaren 23an, IELaren 19. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, ingurumen organoak ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko epea hasi zuen, eta honako hauen erantzunak jaso zituzten: Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia eta Hiri Ekologiako Zerbitzua, Iruñerriko Mankomunitatea eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.

2023ko martxoaren 9an, ingurumen organoak ingurumen azterketa estrategikoari buruzko irismeneko dokumentua eman zuen, aipatutako legearen 19. artikuluan ezarritakoa betez.

UGPSa aldatzeko dokumentuak ingurumen azterketa estrategiko bat jasotzen du. IELaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, azterketa hori, UGPSaren aldaketaren hasierako bertsioarekin batera, jendaurrean jarri behar du plana edo programa onartzeko edo onesteko eskumenak dituen organo substantiboak edo administrazio publikoko organoak.

Aurreko manuaren arabera, "Informazio publikoan jarritako dokumentuak barnean hartuko du ingurumen azterketa estrategikoaren laburpen ez-teknikoa". Sustatzaileak 2023/12/27an aurkeztu zuen ingurumen azterketa estrategikoaren laburpen ez-teknikoa, eta, beraz, uste da espedientea osatuta dagoela jendaurrean jartzeko.

IV.–Oharrak.

Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak (LAB) espediente horri buruz onetsitako txostenak, 2023ko abenduaren 18koak, sakon aztertzen du aurkeztutako proposamena. Txosten horretan jasotako oharrek honako puntu hauek jorratzen dituzte:

1. Aldaketaren planteamenduari buruz.

2017an, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiak txosten bat eskatu zion NASUVINSA sozietate publikoari, indarrean dagoen UGPSaren egoerari eta bideragarritasunari buruz. Ondorioetan, UGPSa aldatzeko beharra aipatzen zen, laburbilduz honako helburu hauek lortzeko:

–Sustapenaren eremua berrikustea.

–Erabilerak birplanteatzea, hirugarren sektoreko erabilerak murriztuz.

–Bideragarritasun erreala baloratzea, jarduketen denbora osagaia kontuan hartuta.

–Trenbide proiektuaren programazioarekin bat datozen hirigintza betebeharrak betetzeko epeak ezartzea.

Horien artean, aurkeztutako aldaketak lehenengo biak garatzen ditu, eta azkenak urbanizazio eta birpartzelazio proiektuetara helarazten ditu.

2. Xedea, justifikazioa, koherentzia eta argitasun dokumentalari buruz.

Aurkeztutako aldaketak argitu eta sakondu egin beharko du aldaketaren xedea eta justifikazioa. Gainera, antzemandako inkoherentziak eta akatsak zuzendu beharko dira, LABaren txosten hori kontuan hartuta.

3. Aldaketaren eremuari buruz.

LAHFLTBaren arabera, mugatutako eremuak jarduketaren kanpoko sistema orokorrekin konektatzeko azpiegiturak barne hartu beharko ditu. Era berean, eremua hirigintza antolamenduko determinazio egituratzaile gisa sartu behar da aurkeztutako araudiaren 2. puntuan.

Dokumentazioak proposatzen diren eremuaren zabaltze guztiak identifikatu eta justifikatu behar ditu, baita indarrean dagoen plangintzari buruzko erreferentziak, onetsitako garapen tresnak barne, eta hirigintza egoerari buruzkoak ere.

4. Lurzoruaren sailkapenari buruz.

Indarreko UGPSak urbanizagarri gisa sailkatzen ditu aldaketaren eremuan sartutako lurzoru gehienak, eta, honetan, sailkapen bera proposatzen da eremua zabaltzea proposatzen den lurzoru batzuetarako, bai eta orain hiri lurzoru finkatutzat hartzen diren eta indarreko UGPSan sartutako beste batzuetarako ere.

Horri dagokionez, azpimarratu behar da lurzoruaren sailkapena araututako baldintza dela, eta haren egoerari eta antolamenduaren proposamenari erantzun behar diola. Nolanahi ere, LAHFLTBan ezarritako lurzoru motei eta baldintzei erantzun behar die (90. eta 93. artikuluak).

5. Hirigintza estandarrei buruz.

Zuzkidura, zerbitzu edo etxebizitza espazioei buruzko hirigintza estandarren edo determinazioen berrikuspena azken antolamenduarekin edo LABaren txostenean eta txosten sektorialetan jasotako ohar guztietatik ondorioztatzen denarekin egin beharko da.

6. Uholde arriskua duten eremuei eta lehentasunezko fluxu eremuari buruz.

Aldaketa Babes Zibileko Zerbitzuaren txostenean bildutakora egokitu beharko da, bai eta arlo horretan eskumena duten eta oraindik txostenik egin ez duten organo sektorialen txostenetan jasotakora ere (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa eta Nafarroako Gobernuaren Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoa).

7. Zaratari buruz.

Dokumentuan zaratari buruzko azterlan bat jasotzen da, etorkizuneko kalkulu egoera desberdinekin, zeinak koherenteak baitira mugikortasun ohituretan espero diren aldaketekin, abiadurak murrizteko neurriekin eta ibilgailuen hobekuntza teknikoekin. Aróstegui etorbideko erabileren aldaketa, hau da, hirugarren sektoreko erabileretatik bizitegi erabileretara igarotzea, azterlan horretan justifikatzen da. Hala ere, kontuan hartu beharko da Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren txostenean adierazitakoa.

8. Huntsman-en arriskuen aurkako babes perimetroari eta haren lurren deskontaminazioari buruz.

UGPSaren aldaketak I. eremuaren bizitegi antolamendurako proposamen berri bat egiten du, besteak beste, Huntsman enpresa lekuz aldatzearen mende baitago. Babes Zibileko Zerbitzuak aldeko txostena eman du, eta ondorioztatzen du establezimenduaren jardueragatiko arriskua onargarria dela babes zibilari dagokionez.

9. Egungo eta etorkizuneko trenbide sistema orokorrari buruz.

2023ko martxoaren 29an, Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak "Iruñerriko trenbide sareari buruzko informazio azterlana" behin-behinean onestea erabaki zuen, bai eta jendaurrean jartzeko eta administrazioei entzuteko prozesua hastea ere (2023ko 77. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa).

Aurkeztutako UGPSaren aldaketak ez du barne hartzen izapidetzen ari den azterlan horretan azken aukera gisa aukeratutako trazadura (3B aukera); horregatik, dokumentua horretara egokitu beharko da dagokion neurrian (adibidez, trazadurak, konexioak, geltokia, programazioa, eta abar).

Horren haritik, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeari jarraikiz, egungo eta etorkizuneko trenbide sistema orokorra plangintza dokumentuan nola jaso behar den zehazteko eskumena duen organoaren txosten sektorialak ezarritakoa beteko da.

10. Eremuaren kudeaketari buruz.

Memorian azpimarratzen denez, aldaketaren xedea da "trenbidea eta hirigintza bereiztea errazteko antolamenduaren eta kudeaketaren definizioan aurrera egitea". Xede hori justifikatzeko, honako hau dio memoria horrek berak: "Zenbait eremuren arteko kudeaketari dagokionez, independentzia handiena nahi bada, banaketa area desberdinak planteatu beharko dira, baina horrek ez du eragotziko banaketa area bakoitzean urbanizazio faseak sortzea, eta fase horiek inbertsioak arautzeko eta zentzuzko hazkundea eskaintzeko balioko dute, unean-unean aurreikusten diren bizitegi lurzoruaren premiekin bat".

Argudio hori gorabehera, urbanizazio kargak orekatzea erabaki da, "eremu osoko lurzoruaren titularrak elkarren artean eta administrazio jardulearekin lotuta egotearen kontura, sektorea ekonomikoki itxi arte". Horregatik, banaketa area bakarra mantentzen da, egikaritze unitate bakarra, eta birpartzelazio eta urbanizazio proiektuetara helarazten da faseak ezartzea "lehentasunak ezarriz eta horien egikaritzea aldi baterako programatuz".

Hori dela eta, azkenean hautatu den aukera justifikatu egin beharko dela uste da, eta izapidetu daitekeen dokumentuan etxebizitza premiei buruzko azterlan bat erantsi, azkenean aukeratutako kudeaketa proposamena justifikatzearren.

Halaber, nabarmendu behar da proposatzen den kudeaketa lurzoruaren sailkapenari eta lurzoru mota bakoitzarentzat LAHFLTBan ezarritako gainerako baldintzei egokitu beharko zaiela.

11. Proposatutako homogeneizazio koefizienteei buruz.

Aprobetxamenduak behar bezala alderatu ahal izateko, ezarritako ereduzko aprobetxamendua berrikusiko da, eta erreferentziako balio gisa eremuaren erabilera gehiengoarena ezarriko da, hau da, etxebizitza librea, aldatzen den jatorrizko dokumentuan egiten zen bezala.

Ekipamendu pribatuko lurzoruaren hondar balioa babes ofizialeko etxebizitzarenarekin parekatu dela justifikatu beharko da, baita etxebizitza libreko lurzoruaren hondar balioa nola kalkulatu den ere. Era berean, etxebizitza librearen salmenta balioa justifikatuko da, bai eta lurzoru urbanizatuak babes ofizialeko etxebizitzarako eta prezio tasatuko etxebizitzarako izanen dituen ondorioen kalkuluak ere.

12. Antolamenduz kanpokotzat jotako eraikinei buruz.

Aldaketaren araudiak (9. artikulua) antolamenduz kanpoko eraikuntza eta instalazioetarako araubidean "bereziki" proposatzen du "eraikin jakin batzuei eutsi ahal izatea, titulartasun publikoko zuzkidura erabilerei eta ekipamenduei atxikitzeko". Kasu horretan, baloratu eginen dira –baita horiek eraistea ere–, jabeei kalte-ordainak emateko, eraitsi gabe, harik eta administrazio titularrak helburua erabakitzen duen arte. Lurzatiaren azken xedea ezarriko duen udal organoak hartuko du, zuzenean, dagokion eraikina birgaitzeko edo eraisteko erabakia.

Argitu behar da ea hori bakarrik aplika dakiekeen antolamenduz kanpokotzat jotako eraikuntzei eta instalazioei, artikuluaren izenburuak adierazten duen bezala, edo mantendu nahi diren beste batzuei, bai eta balorazio hori eta eraisteko erabakia zein unetan edo tresnatan emanen diren ere, hala badagokio bideragarritasun ekonomikoan aintzat hartu ahal izateko eta urbanizazio kostuen parte izan dadin.

Bestalde, dokumentua osatu egin behar da, LAHFLTBaren 82. artikuluaren arabera. Artikulu horrek ezartzen du plangintzak, kasu honetan aldaketa dokumentuak, antolamenduz kanpokotzat sailkatutako eraikinak edo instalazioak zerrendatu behar dituela, ez baitatoz bat horrekin eta eraistea aurreikusita baitago.

Aurreko zerrenda gorabehera, argi eta garbi adierazi edo identifikatu behar dira indarrean dagoen UGPSari dagokionez proposatutako aldaketak.

13. Urbanizazio proiekturako determinazioei buruz.

Dokumentuan jasotako gaiak, alegia, urbanizazio proiektuen irismenari dagozkionak, ezabatu egin behar dira, eta memorian urbanizazio proiektuetarako adierazten diren baldintzak araudira eta antolamendu planoetara eraman behar dira.

14. Bide diseinuan proposatutako aldaketei buruz.

UGPSaren aldaketak mugikortasunari eta zaratari buruzko azterlanetik eratortzen den, eta, azkenean, organo eskudunekin adosten den bide diseinua jaso beharko du. Aldez aurreko definizioa funtsezkoa da aldaketa baloratzeko, ebazpena eman aurretik.

15. Antolamenduaren diseinuari eta determinazioei buruz.

Organo sektorialek baliozkotu beharreko azterlanek eta LABaren txostenean adierazitako beste ohar batzuek baldintzatzen dituztenez, espedientearen azken ebazpenaren unean eginen da alderdi horien balorazioa.

16. Programazioari buruz.

Hirigintza eginbeharrak betetzeko epeak zehaztea hirigintza antolamendu xehatuaren determinazioetako bat da (LAHFLTBaren 49.3 h artikulua).

Horregatik, komenigarria litzateke dokumentuak plangintza sektorialarekin eta Iruñerritik igarotzen den trenbide begizta eraisteko aurreikusitako egikaritze epeekin bat datorren programazioa jasotzea.

17. Bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Bideragarritasun ekonomikoa berrikusiz gero, kostu eguneratuak kontuan izan beharko dira, baita denborazko aldagaia eta horri lotutako finantza kostuak ere.

18. Tokiko ogasunentzako jasangarritasun ekonomikoari buruz eta UGPSak ukitutako udal mugarteen mugaketa berriari buruz.

Jasangarritasun ekonomikoa berrikusiko da, eta honako puntu hauek justifikatuko dira:

–Barañaingo udal mugarteko tokiko ogasunean izanen duen eragina.

–Udalerrien aprobetxamendu-eraikigarritasunaren banaketa zuzena egiteko planteatutako antolamendu erreala.

–Okupazio erreala, proposatutako jarduketa gauzatu ondorengo denbora tarte batean.

–Udalerrietako zuzkiduren proportzioa, emandako azaleraren eta biztanle kopuruaren arabera.

–Udalez gaindiko ogasunetan izanen duen eragina sartzea.

Horrez gain, oraintsuko esperientziak kontuan edukita, espedienteak udal mugarteak aldatzeko proposamen bat jasoko du, prozedura horietarako legez ezarritako izapideei kalterik egin gabe. Proposamen hori jasangarritasun ekonomikoari buruzko azterlanean sartuko da, eta horren balorazioa ere jasoko du.

19. Espedientea izapidetzeari buruz.

Dokumentuaren memorian adierazten den legez, UGPSaren aldaketa egituratzailea da, hirigintza antolamenduko determinazio egituratzaile eta xehatuei eragiten dielako, LAHFLTBaren 49. artikuluaren arabera. Udalez gaindiko plan sektorialen determinazio egituratzaileen aldaketak izapidetzea eta onestea Lurralde Kohesiorako Departamentuari dagokio, LAHFLTBaren 45. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

20. Beste ohar batzuk.

LABak onetsitako txosteneko dagokion atalean adierazitako puntuak zuzendu beharko dira, honela laburbilduta:

–Partzuergoari buruzko zenbait aipamen ezabatzea, UGPS tresnarenak ez direlako.

–Zizur Nagusiko udal mugarteko "Eskualdeko Ibai Parkea" UGPSaren koherentziaren edo aldaketaren justifikazioa.

–Herritarren partaidetza planaren ondorioak osatzea.

–"Klima inpaktuaren ebaluazioa" izeneko dokumentu bat erantsi behar da, arintzeari eta klima ikuspegia egokitzeari eta txertatzeari begira.

–Jabeen zerrenda berrikusi, eguneratu eta osatu behar da, eta "aurreko bost urteetan ukitutako finken gaineko beste eskubide erreal batzuen jabe edo titular guztien nortasuna" barne, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70 ter artikuluaren arabera.

Horrenbestez, Lurralde Antolamendurako Batzordeak 2023ko abenduaren 18an onetsitako txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesioko kontseilariak proposaturik, honako hau,

ERABAKITZEN DU:

1. Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea izapidetzen hastea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatua, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako.

2. Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea, 45 eguneko epean, jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalei entzuteko izapideen mende jartzea, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, aldaketaren dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web orri honetan egonen da ikusgai: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan, egoki jotzen diren alegazio idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

3. Espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, dagokion ingurumen prozeduraren ondorioetarako, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera.

4. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, hots, espedientearen sustatzaileari, aurkeztutako dokumentazioa osatzeko eskatzea, LAHFLTBaren 43. artikuluan zerrendatutako beharrezko eduki guztiak barne, izapideekin jarraitu ahal izateko, eta kontuan hartuta Lurralde Antolamendurako Batzordearen 2023ko abenduaren 18ko txostena eta igorritako eta eskatutako txosten sektorialetako oharrak.

5. Jasotako txosten sektorialak sustatzaileari helaraztea, jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioetarako.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta honako hauei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan: Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Azpiegiturak Kudeatzeko Atala; Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Ebaluazioaren Atala eta Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoa; Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala; Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren Nafarroako Memoriaren Institutua; Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua; Osasun Zuzendaritza Nagusiaren Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzua; Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondare Zerbitzua; Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Etxebizitza Zerbitzua; Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzua; Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzua; Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua; Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritza; Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusia eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia; ADIF (Trenbide Azpiegituren Administratzailea); Ebroko Konfederazio Hidrografikoa; Iruñerriko Mankomunitatea; Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA); Iruñeko, Zizurko, Zizur Nagusiko eta Barañaingo udalak, eta sustatzailea.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 17an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Patricia Fanlo Mateo, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2400909