2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
1. eta 4. ordenantza fiskalen aldaketak behin betiko onestea. 1. ordenantzak lurraren kontribuzioaren zerga arautzen du, eta 4.ak, berriz, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga; biak ala biak 2025eko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean
Iruñeko Udalak, 2024ko urriaren 3ko osoko bilkuran, aldaketa batzuk onetsi zituen, hasiera batez, 2025eko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko diren ordenantza fiskalen eta prezio publikoak erregulatzen dituzten arauen artikuluetan eta tarifa-eranskinetan.
2024ko urriaren 15ean, hasierako onespenaren ediktua argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (209. NAO). Ediktu hori argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 30 egun balioduneko jendaurreko epea ireki zen, 2024ko azaroaren 27ra arte. Epe horretan zenbait alegazio aurkeztu ziren 1. eta 4. ordenantzen aldaketei buruz (1. ordenantzak lurraren kontribuzioaren zerga arautzen du; 4.ak, berriz, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga).
Iruñeko Udalak, 2024ko abenduaren 12an egindako osoko bilkuran, alegazioak ezetsi zituen eta behin betiko onetsi zituen 1. eta 4. ordenantza fiskalen testuan egindako aldaketak eta tarifak; ordenantza horiek arautzen dituzte, hurrenez hurren, lurraren kontribuzioaren zerga eta hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga.
Jarraian argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan, 2024ko abenduaren 12an egindako osoko bilkuran behin betiko onetsitako aldaketen testu osoa, bete dadin Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 13. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 eta 326. artikuluetan ezarritakoa.
Iruñean, 2024ko abenduaren 12an.–Alkate udalburua, Joseba Asiron Saez.
Jakitera ematen da hauek direla 1. eta 4. ordenantzetan aldatu diren artikuluak eta karga-tasak –ordenantza horiek arautzen dituzte, hurrenez hurren, lurraren kontribuzioaren zerga eta hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga–, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko direnak:
1. ordenantza.–Honako hauek aldatu dira:
–1. artikulua berridatzi da.
–Hiru artikulu gehitu dira: 2.a, 3.a eta 4.a.
–Xedapen gehigarria berridatzi da.
4. ordenantza.–Tarifen eranskina aldatu da; karga-tasa murriztu da.
1. ORDENANTZA.–LURRAREN KONTRIBUZIOA
Hobariak.
1. artikulua. Hobaria, eguzki-energia edo bestelako energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu dituzten ondasun higiezinentzako, instalazioa legalizatu eta hurrengo hiru zergaldietan (instalazioa erregistratzeko data hartuko da kontuan, hala instalazio termikoetan nola fotovoltaikoetan).
1.1. Higiezinetan egindako instalazioetarako hobaria %50ekoa izanen da, berdin higiezinak bizitegi-erabilerakoak izan edo ez.
1.2. Hobari hau aplikatuko da baldin eta beroa sortzeko instalazioek kolektoreak badituzte, administrazio eskudunak homologatutakoak.
1.3. Eraikinetan, eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termikorako edo elektrikorako sistemak instalatzen ahal dira banakako autokontsumorako. Eraikin horiek hobari bat izanen dute zergaren kuota osoaren gainean, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Instalazio horiek dagokien udal-lizentzia eduki behar dute, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztua.
b) Subjektu pasiboaren errentek (errenta salbuetsiak alde batera utzita) ezin dute izan lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino handiagoak.
1.4. Eraikinetan, eguzki-energia edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu elektrikorako sistemak instalatzen ahal dira autokontsumo kolektiborako. Eraikin horiek hobari bat izanen dute zergaren kuota osoaren gainean, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Instalazioek dagokien udal-lizentzia eduki behar dute, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta.
b) Subjektu pasiboaren errentek (errenta salbuetsiak alde batera utzita) ezin dute izan lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino handiagoak.
c) Autokontsumo kolektiboko instalazio fotovoltaiko bati lotuta egon behar du.
Jabetza horizontalaren araubideari lotutako higiezinen kasuan, hobaria aplikatuko da baldin eta autokontsumo partekatuko instalazioak energiaz hornitzen baditu, higiezineko elementu komunez gain, higiezinean bertan dauden pisu edo lokal guztiak edo horietakoren bat. Instalazioari lotutako pisuek eta lokalek soilik jaso ahal izanen dute hobaria.
1.5. Hobaria ez da aplikatuko baldin eta, gaiari buruzko berariazko araudiarekin bat, nahitaezkoa bada energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemak instalatzea.
1.6. Hobaria edozein unetan eskatzen ahalko da hura baliatzeko gehieneko epea amaitu aurretik, eta eragina izanen du, kasuan-kasuan, eskaera noiz egin eta hurrengo zergalditik aurrera.
1.7. Hobaria aplikatzeko baldintzak betetzen direla justifikatu beharko da eskaera egiteko unean, honako dokumentazio hau aurkeztuta:
–Instalazioa legeztatu izanaren frogagiriak: Instalazioaren ziurtagiria eta erregistroak, behar bezala izapidetuta, eta, hala badagokio, zerbitzuan (goi tentsioa) jarri izanaren dokumentazioa. Instalazio fotovoltaikoen kasuan, justifikatuko dira behe- edo goi-tentsioko instalazioa erregistratu izana, eta autokontsumoko Nafarroako erregistroan erregistratu izana.
–PFEZaren gaineko aitorpenaren edo likidazioaren kopia -eskaera egitean aurkezteko epea amaiturik duen ekitaldiari dagokiona-, edo, halakorik aurkezteko betebeharrik ez badu, eskuratutako errenten justifikazioa, eskaera aurkeztu aurreko ekitaldikoak. Alor kudeatzaileak ezarritako kasuetan, ofizioz egiaztatzeko aukera izanen da. Horrelakoetan, betekizuna betetzearen egiaztagiria aurkeztu beharrean, ofizioz egiaztatzeko baimena emanen da nahitaez.
–Autokontsumo kolektiboko instalazioen kasuan, banaketa-akordioa aurkeztuko da, honako hauek berariaz adierazita: higiezinaren helbidea, hornidura-puntuaren kode bateratua (CUPS), banaketa-koefizientea eta jabe guztien sinadura.
2. artikulua. Hobariak familia ugarientzako, familia gurasobakarrentzako edo gurasobakartasun-egoerako familientzako, eta kotizaziorik gabeko pentsioak, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dituztenentzako.
Horiek guztiek zergaren kuotan %90era arteko hobaria izanen dute, adierazten diren errenta-tarteen arabera, etxebizitza hori ohiko bizileku dutenean familia ugariaren, familia gurasobakarren edo gurasobakartasun-egoerako familien titular diren subjektu pasiboek. Hobari hori aplikatuko zaio, bakar-bakarrik, ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari. Hobari honen ondorioetarako, hobaria jasoko lukeen etxebizitza ohiko bizilekutzat hartzeko, beharrezkoa izanen da hartan erroldatuta egotea.
Hobari hori aplikatuko zaie, halaber, kotizaziorik gabeko pentsioak dituzten, edo errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dituzten zergadunei.
Hobaria aplikatu ahal izateko, subjektu pasiboaren errenta guztien batura, errenta salbuetsiena kenduta, ez da izanen lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino handiagoa. Muga hori ezin da gainditu; eta hobari-tarte eta -ehuneko hauek ezartzen dira, errentaren arabera:
FAMILIA-UNITATEAREN ARABERAKO ERRENTA-TARTEA | HOBARIA (%) |
Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) bat baino gutxiago | %90 |
LGSa halako 1 eta halako 2 artean | %60 |
LGSa halako 2 eta halako 3 artean | %20 |
LGSa halako 3 eta halako 4 artean | %10 |
Hobari-ehuneko horiek errenta-tarteen arabera kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (zerga-oinarri orokorra gehi zerga-oinarri berezia, ondare-gehikuntzen saldo garbiagatikoa, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduaren 507 eta 524 gelaxkak). Hobaria kalkulatzeko kontuan hartuko den familia-unitatea izanen da PFEZaren gaineko indarra duten arauetan definitutako hura.
Hobaria erregutua da, eta aplikatzen ahalko zaio, bakar-bakarrik, onura fiskal honen titular bakoitzaren ondasun higiezin bakar bati. Ematen den ekitaldian soilik izanen du balioa, eta eskatu beharko da eragina zer zergalditan duen, zergaldi horren urtarrilaren 1aren eta 31ren artean. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da nahitaez:
–Hobaria, familia ugariko, familia gurasobakarreko edo gurasobakartasun-egoerako familiako titular diren subjektu pasiboen ohiko bizilekua den etxebizitzarentzako:
a) Eskabidea, sinatuta.
b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiri, titulu edo txartel ofiziala, egiaztatzen duena ezen, ekitaldiko zerga sortzeko unean, hots, urtarrilaren 1ean, subjektu pasiboa familia ugariaren titularra dela, edo familia gurasobakarrarena, edo gurasobakartasun-egoerako familiarena.
c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia, familia-unitateko kide guztiena; edo, hura aurkeztera behartuta ez baldin badaude, Foru Ogasunaren ziurtagiria, aitorpen hori egin ez izanari buruzkoa. Halakorik izan ezean, eskatzaileak zinpeko adierazpen bat aurkeztuko du, familiak izandako diru-sarrera gordinei buruzkoa, eta horren egiaztagiriak aurkeztuko ditu.
–Etxebizitza-hobaria, etxebizitza hori ohiko bizileku baldin badute kotizaziorik gabeko pentsioak dituzten edo errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten subjektu pasiboek:
a) Eskabidea, sinatuta.
b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia, familia-unitateko kide guztiena; edo, hura aurkeztera behartuta ez baldin badaude, Foru Ogasunaren ziurtagiria, aitorpen hori egin ez izanari buruzkoa. Halakorik izan ezean, eskatzaileak zinpeko adierazpen bat aurkeztuko du, familiak izandako diru-sarrera gordinei buruzkoa, eta horren egiaztagiriak aurkeztuko ditu.
Epez kanpo aurkezten diren eskabideak ez dira onartuko.
Gerta daiteke ohiko bizilekua aldatu eta, ondorioz, beste etxebizitza batean erroldatzea. Horrelakoetan, hobaria galduko da hurrengo zergaldian, eta higiezin berrirako eskatu beharko da, hala badagokio betiere.
3. artikulua. Aurreko artikuluetan araututako hobariak aplikatuko direla aitortzeko, ezinbestekoa izanen da subjektu pasiboek egunean izatea Iruñeko Udalarekin dituzten tributu-betebeharrak.
4. artikulua. Zerga honen kuota osoa zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik sortuko da.
Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako, eta ordenantza fiskal honetan ezarritakoa izanen da.
Karga-tasa: %0,25.
XEDAPEN GEHIGARRIA
2. eta 4. artikuluak indarrean sartuko dira baldin eta egun izapidetzen ari den balorazio txostenean jasotzen diren katastro-balioek onespena jasotzen badute eta katastroa kudeatzeko aplikazio informatikoan erregistratzen badira.
Gerta daiteke katastro-balio berriak 2025eko urtarrilaren 1erako onetsita eta erregistratuta ez egotea eta, horrenbestez, ezin aplikatu ahal izatea. Hori gertatzen baldin bada, 2024an indarrean zegoen zerga-tasa mantenduko da, %3 handituta, eta ez da indarrean sartuko familia ugarientzako, familia gurasobakarrentzako edo gurasobakartasun-egoerako familientzako hobaria, ez eta kotizaziorik gabeko pentsioak, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenentzako hobaria ere.
4. ORDENANTZA.–HIRI-LURREN BALIO-GEHIKUNTZAREN GAINEKO ZERGA ERREGULATZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA
TARIFEN ERANSKINA
Zerga-oinarria
Sortzapenaren unean lurrak duen balioaren gainean aplikatu beharreko koefizienteak, balio-gehikuntzaren sortzealdiaren arabera: Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituen martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175.2 artikuluan ezarritako koefizienterik handienak izanen dira.
Karga-tasa: %17.
Iragarkiaren kodea: L2418202