2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARINOAIN
Ordenantza fiskala, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Garinoaingo Udalak, 2024ko irailaren 20an egindako osoko ohiko bilkuran, ordenantza bat hasiera batez onestea erabaki zuen, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak erabiltzeko prezio publikoak arautzeko.
Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) in fine eta 326. artikuluen manuak betez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Garinoainen, 2024ko azaroaren 25ean.–Alkatea, Eva Martínez Catalán.
ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZUTOINAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Oinarria eta araubidea.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11-15 eta 28-35 bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz, Garinoaingo Udalak ibilgailu elektrikoak kargatzeko bere jabetzeko zutoinak erabiltzeko prezio publikoak ezartzen ditu.
2. artikulua. Zerga-egitatea.
Pertsona fisikoek nahiz juridikoek Garinoaingo Udalak ibilgailu elektrikoak kargatzeko dituen zutoinak erabiltzea da prezio publikoaren zerga-egitatea. Gaur egun, La Ermita kalean dago kokatuta.
Etorkizunean Udalak beste instalazio batzuk jartzen ahalko ditu udalerrian, eta ordenantza honen mende egonen dira ere bai.
3. artikulua. Subjektu pasiboa.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak erabiltzeagatik prezio publikoa ordaintzera behartuta daude pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta udalaren titulartasuneko kargatzeko puntuak erabiltzen badituzte.
4. artikulua. Kuota.
Prezio publikoen zenbatekoa izanen da kargaren kostua estaltzen duena.
Energia kostuen aldakortasunaren ondorioz, zerbitzuaren prezioa eguneratzen ahalko da, haren kostura egokitzeko. Prezioaren eguneraketa Garinoaingo Udalak eskura jartzen d(it)uen aplikazio(et)an agertu beharko da.
Hornitutako energia kantitatearen eta haren unitateko neurketaren arabera finkatzen da prezioa, hau da, kargatutako kWh kopuruaren arabera. Unitate horiek kudeaketa aplikazioan adierazten dira, eta kargatzeko gailuaren barne kontagailuak digitalki neurtzen ditu.
Honako prezio hau ezartzen da: 0,30 euro/kWh.
5. artikulua. Ordaintzeko betebeharra eta modua
Ordaintzeko betebeharra ibilgailu elektrikoa kargatzeko zutoina erabiltzen hasten den unean hasten da.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak erabiltzeko prezio publikoak erabiltzaileek ordainduko dituzte, autolikidazio araubidean, karga puntuetan instalatutako bitarteko fisiko nahiz elektronikoen bidez.
Energiaren prezioa (euro/kWh) argi eta gardentasunez adieraziko da, baita hornitutako energia ere (kWh).
Udalak, karga puntuaren operadore gisa, mugikortasun elektrikoko zerbitzuak hornitzen dituen enpresa baten bitartez jarduten badu, elkarreragingarritasuneko akordio baten arabera, prezio publikoak elkarreragingarritasuneko akordioari jarraikiz eta mugikortasun elektrikoko zerbitzuak hornitzen dituen enpresaren bidez ordainduko dira.
Sistema horiek erabiltzeak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori, gehienez ere, kargaren zenbatekoaren %5 izanen da, eta 0,25 euroko kostu finkoa karga bakoitzeko.
Erabiltzaileak ez badu kargatzeko zutoina erabiltzerik, prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko eta/edo juridikoari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, kasuko zenbatekoa itzuliko du Udalak.
Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.
6. artikulua. Kargatzeko puntuen erabilera-arauak.
1. Erabiltzeko denbora.
Kargatzeko puntuetan, gehienez, bost orduz kargatzen ahalko da ibilgailua. Udalak denbora hori mugatzen ahalko du, hala behar bada edo eskariaren intentsitateak hala eskatzen badu.
2. Kargatzeko aparkatzea.
Kargatu beharreko ibilgailua espazio mugatuaren barruan aparkatu beharko da, kargaren norabidean, eta balazta edo antzekoa aktibatu.
Ibilgailuak kargatzeko mugatutako espazioan ezin da aparkatu. Espazio hori oztoporik gabe eta erabiltzaileen esku egon behar da, bere xederako erabiltzen ez den bitartean.
3. Segurtasun arauak.
Kargaren erabiltzaileak kargatu beharreko ibilgailuaren fabrikatzaileak xedatutako segurtasun arau guztiak beteko ditu, bai eta Udalaren kargatzeko puntuko ekipo edo instalazioen fabrikatzailearenak ere.
4. Erabilera arduratsua.
Udalaren kargatzeko puntuaren erabiltzaileak arduraz erabili beharko du, behar bezala zainduz, zerbitzu publikoa egokia izan dadin. Ekipoari edo azpiegitura osatzen duten elementuei dagokienez, ez dira aldatzen edo manipulatzen ahalko. Halaber, kableak ez dira behartzen, tolesten edo zimikatzen ahalko, ez eta horiek aldatu edo kaltetzeko ekintzarik egiten ahalko ere. Halaber, ekipo edo azpiegitura horiek ez dira erabiltzen ahalko ibilgailu elektrikoak kargatzeaz bestelako helburuetarako.
5. Zehaztapenak.
Kargatzeko puntuaren erabiltzaileek bete egin beharko dituzte Udalak instalazioen zaintza eta errespetuaren gainean ematen dituen adierazpenak, betiere Udalaren kargatzeko puntua egoera onean zaintzeko.
Udalak ez du bere gain hartuko kalte eta galeren gaineko erantzukizunik (ondasun edo pertsonei, ibilgailua kargatzeko ezintasuna, etab.), baldin eta Udalarenak ez diren arrazoiengatik sortu badira erabiltzean.
6. Karga bukatu eta ibilgailua erretiratzea.
Karga bukatutakoan, erabiltzaileak berehala erretiratu beharko du ibilgailua.
7. Ibilgailua erretiratzea.
Ibilgailuak gehieneko karga aldia gainditzen badu, hogeita hamar minututik gorako aldeaz, zilegi izanen da erretiratzea, mekanikoki ibilgetzea edo langile baimendunek salatzea. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgetzeak eragindako gastuak.
7. artikulua. Zehapen-prozedura.
7.1. Arau-hausteak.
Ordenantza honen arau-hausteak dira honako jarrera hauek:
1. Falta arinak.
(a) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza bat baino gehiago okupatuz aparkatzea.
(b) Ez erretiratzea ibilgailua, ibilgailua kargatzeko denbora bukatu eta hogeita hamar minutu igarotakoan.
(c) Kablea ez batzea edo konektorea behar bezala ez jasotzea.
(d) Kargatzeko puntuko arduradunek aparkatzeari, ibilgailua erretiratzeari edo karga puntuko ekipoa edo azpiegitura erabiltzeari buruz eman dituen jarraibideak ez betetzea, baldin eta beste erabiltzaile batzuen eskubideak kaltetzen ez badira edo kargatzeko puntuko ekipoa edo azpiegitura kaltetzen edo hondatzen ez bada.
(e) Ordenantza honetan ezarritako arauak eta hura garatuz ezartzen diren xedapenak urratzearen ziozko egintza, baldin eta berariaz astuntzat jotzen ez bada.
2. Falta astunak.
(a) Ibilgailua ez erretiratzea karga bukatu eta hiru ordu baino gehiago igarotakoan, erreserbatutako plaza okupatuz.
(b) Zabarkeriaz kaltetzea kargatzeko puntuko ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.
(c) Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren kargatzeko puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek zerbitzu publikoen gaineko kalteak, Udalaren jabetzako ondasunen gaineko kalteak edo hirugarren erabiltzaileen eskubideen gainerako urraketak badakartza.
(d) Urtebetean bi arau hauste arin egiteagatik zehapena jaso izana.
3. Falta oso astunak.
(a) Kargatzeko puntu, ekipo, instalazio edo seinaleetako elementuak lapurtzea.
(b) Nahita kaltetzea kargatzeko puntuetako ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.
(c) Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek istripua eragiten badu.
(d) Udalak ingurua zaintzeko eta bizilagunekiko errespetu eta bizikidetza egokirako ezartzen dituen jarraibideak ez betetzea.
(e) Kargatzeko puntuari iruzurrezko erabilera ematea.
(f) Ez identifikatzea arau-haustearen ustezko arduraduna, nahiz eta horretarako errekerimendua egin agintaritza agenteek.
(g) Urtebetean bi arau hauste astun egiteagatik zehapena jaso izana.
7.2. Zehapenak.
Ordenantza honen arau hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:
(a) Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute zehapen.
(b) Arau-hauste astunek 200 euroko isuna izanen dute zehapen.
(c) Arau hauste oso astunek 500 euroko isuna izanen dute zehapen, bai eta kargatzeko puntua hiru hilabetez erabiltzeko debekuaren zehapen osagarria ere.
Ordenantza honen arau hausteen ziozko diruzko zehapenek indarreko legedian aurreikusitako murrizketak lortzen ahal dituzte.
7.3. Erantzuleak.
Arau haustea eragin duen jarreraren egilea izanen da horren gaineko arduraduna, eta, hala badagokio, ibilgailuaren titularra edo alokatzailea, eta, beraz, arau haustearen arduraduna behar bezala identifikatu beharko dute.
Arau haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean egiten direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.
Era berean, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau hausteei aurre hartzeko.
7.4. Eskumena eta prozedura.
Zehapen prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna Garinoaingo Udaleko Alkatetza edo eskumen hori eskuordetuta duen zinegotzigoa izanen da, betiere dagokion espedientea zabaldu ondoren.
Zehapen prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
8. artikulua. Lehengoratzea eta kalte ordaina.
Ordenantza honetan ezarritako jarrerengatik ezartzen ahal diren zehapenak gorabehera, arau hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta berritzera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez.
Horretarako, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunen tasazioaren ondotik, konponketaren zenbatekoa erabakiko du, eta horren berri emanen dio arau hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.
AZKEN XEDAPENA
Lehenengoa.–Garatzeko eta egokitzeko gaikuntza. Alkateari berariaz ahalmena ematen zaio ordenantza hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, bai eta ordenantza argitzeko, interpretatzeko eta hobeki aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan ere; hala ere, ahalmen horrek ez dakar ordenantza aldatzea.
Bigarrena.–Arau hierarkia. Ordenantza honen indarraldia hasi ondoren goragoko mailako arauren bat aldarrikatzen bada eta indarrean jarri, eta ordenantza honetan arautzen diren gaietan eragina badu, arau horiek zuzenean aplikatuko dira, ondoren ordenantza hau egokitzen ahalko den arren.
Hirugarrena.–Indar hartzea Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onetsitakoan eta testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta Garinoaingo Udalak erabaki arte indargabetzea edo berariaz aldatzea.
Iragarkiaren kodea: L2417111