Iragarkia
263. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
420/2024 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko AFE/albokoen 3 lanpostu huts, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako.
Abenduaren 22ko 115/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ekoan), O-NOZeko eta NOPLOIko osasun langileen 2021. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean ezarritako ordezte-tasari zegokiona. Lan publikoaren eskaintza partzial horretan, besteak beste, Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko AFE/albokoen lanpostu huts bat (1) zegoen, 66944 lanpostu zenbakiduna, NOPLOIri atxikia.
Abenduaren 27ko 306/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2023. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio.
Osasuneko kontseilariak emaniko apirilaren 12ko 119E/2024 Foru Aginduaren bidez, deialdi bat onetsi zen, medikuntza prebentiboko eta osasun publikoko arloko fakultatibo espezialisten bi lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzea baliatuz betetzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako.
Ikusirik Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak egin duen proposamena Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko AFE/albokoen 3 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez bete daitezen.
Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen ekainaren 5eko 248/2023 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenekin,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, batetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko AFE/albokoen 3 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta, bestetik, hautapen proben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.
2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedaturikoarekin bat.
Iruñean, 2024ko abenduaren 11n.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Ángeles Nuin Villanueva.
1. ERANSKINA.–DEIALDIAREN XEDEA ETA ARAU OROKORRAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdiko lanpostuak.
Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko arloko fakultatibo espezialisten 3 lanpostu.
LANPOSTU ZK. | HERRIA | LANALDIA | EUSKARAZ |
66936 | Iruña | Orokorra, goizez, 1592 ordu | Ez |
66944 | Iruña | Orokorra, goizez, 1592 ordu | Ez |
66946 | Iruña | Orokorra, goizez, 1592 ordu | Ez |
1.2. Lanpostuen banaketa txandaka.
Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, deitutako lanpostuak honako ordena korrelatibo honen arabera banatuko dira:
–Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena eta abar, txanda irekian...
–Bigarrena, laugarrena, seigarrena eta abar, igoera txandan...
Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera kontatzen hasteko txanda zehazteko eta lanpostuak banatzeko, aurretik egindako deialdiak hartuko dira kontuan, eta espezialitate bakoitzerako daude ezarrita I. eranskinean.
Igoera txandako lanposturen bat hutsik geldituz gero txanda horretako izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekira igaroko dira.
Era berean, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero txanda horretako izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, bidezko den txandakoei gehituko zaie, oinarri honetan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Halaber, baldin eta igoera txandan edo desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandan probak gainditzen dituzten izangaiak gehiago badira lanpostu hutsen kopurua baino, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Hori horrela, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak eta desgaitasuna dutenen txandakoak txanda irekian onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute.
1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek arloko fakultatibo espezialisten lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.
1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:
11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.
30/2005 Foru Dekretua, otsailaren 21ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituena.
347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.
111/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan (A.1 eta A.2 estamentuak) sartzeko eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak (II. eranskina), eta ezartzen baitira horietan aplikatu beharreko merezimendu baremoak.
97/2024 FORU DEKRETUA, azaroaren 6koa, Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duena.
103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.
Gainerako arau osagarriak.
1.5. Publikotasuna.
Deialdi hau eta haren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:
–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–O-NOZen enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es), honako fitxa honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "NOPLOI", "Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko arloko fakultatibo espezialistak".
1.6. Lanpostuaren sailkapena.
Deialdiko lanpostuak A maila edo taldekoak dira, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Fakultatibo espezialista" estamentuan eta eranskinean azaltzen diren espezialitatean sailkaturik daude (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea erregulatzen duena. Eranskina).
1.7. Ordainsariak.
Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.
1.8. Lanaldia.
Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
Izendatutako izangaiak dedikazio esklusiboko araubidean arituko dira lanean, hau da, prestasun osoz eta dedikazio absolutua izanda, eta ezin izanen dira irabazizko beste inongo jardueratan aritu, ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.
Orobat, lanpostuan egin beharreko guardiak eta/edo guardia lokalizatuak egin beharko dituzte, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordetuta, dagokion burutzak hori agintzen duenean.
1.9. Irakaskuntza.
Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.
1.10. Lotura organikoa.
Arloko fakultatibo espezialisten lanpostu bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen).
1.11. Hizkuntzak.
Nafarroako edozein administrazio publikotan euskara edo hizkuntza komunitarioren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek, geroago, beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.
Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Txanda irekia.
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Izendatua izatea lanpostu baterako, zeinean sartzeko berariaz eskatu baitzitzaion Medikuntzako eta Kirurgiako gradudun edo lizentziadun titulua eta Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko espezialitateko titulua edukitzea.
Izangairen batek alegatzen badu eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dioten ikasketa baliokideak dituela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko du, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez izatea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
2.1.2. Igoera txanda.
Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea (funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratudun finkoa) eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterakoren batean ari bada lanean.
b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.
c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta gutxienez bost urteko antzinatasuna aitorturik izatea administrazio publikoetan.
2.1.3. Erreserba-txanda desgaitasuna dutenentzat.
Txanda irekirako adierazitako betebeharrak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.
2.2. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den lanpostuetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.
Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).
2.3. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segitu, harik eta izendatzen dituzten arte.
3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Inskripzioa egiteko epea.
Inskripzio-eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.
3.2. Inskripzio-eskaera eta tasak.
Inskripzio-eskaeraren aurkezpena eta tasen ordainketa telematika bidez eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez, hots, https://empleosalud.navarra.es/eu/oposiciones helbidearen bidez, fitxa honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Arloko fakultatibo espezialista", "Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa" aukeratuz, eta gero, "Inskripzioa" sakatuz.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak. Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:
–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
b) Hautaprobaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak.
Salbuespen hori frogatzeko, izangaiek baimena ematen ahal diote Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren lan eskatzaile gisa.
c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.
3.3. Inskripzio-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Inskripzio telematikoa egiten denean, tasa ordaintzetik salbuesteko dokumentazioa eskaneaturik erantsi beharko da, bai eta jarraian adierazten dena ere, kasuen arabera.
3.3.1. Igoera txandan parte hartzen dutenak Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira:
–Ziurtagiri bat, zeinean agertuko baitira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortua duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.
3.3.2. Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu salbuespenez eskatzen bada.
3.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.
3.6. Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da arloko fakultatibo espezialisten aldi baterako kontratazioetarako osatuko diren zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa.
3.7. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskaera-orrian adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.
4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.
4.1. Izena emateko eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, telematika bidez erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragandakoan, eta horien gainean ebazpena eman ondoren, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.
4.4. Ezarritako epean inskripzio-eskaera bat ere aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.5. Izangairen bat kanporatzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaio azterketa-eskubideengatik ordaindutako tasa itzuliko.
4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia ebazpen bidez izendatuko da, izangai onartuen behin betiko zerrenda onestearekin batera.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.3. Epaimahaiak hemen izanen du egoitza: Leire kalea 15, 31003 Iruña.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.
6.2. Oposizioa 2025eko ekainetik aurrera hasiko da. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean.
6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.
6.3.1. Oposizioaldian proba hauek eginen dira:
a.1) Proba teoriko-praktikoa, test motakoa; aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, lanpostuari lotutako gaiei buruz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Erantzun okerrek penalizazioa izanen dute. Proba hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak zenbat galdera izanen diren, zer penalizazio izanen duten erantzun okerrek eta probak zenbat iraunen duen gehienez.
a.2) Deialdi honen xedeko lanpostuaren jardunarekin zerikusia duten kasu kliniko praktiko batzuk ebaztea. Kasu praktiko horiek epaimahaiak zehaztuko ditu eta kasu berak izanen dira izangai guztientzat. Proba egin baino lehen jakinaraziko ditu epaimahaiak zenbat kasu garatu beharko diren, zein izanen den proba egiteko gehieneko denbora eta, hala badagokio, zenbatekoa izanen den kasu bakoitzari gehienez esleituriko puntuazioa.
Kalifikazio-epaimahaiak aldez aurretik iragarriko ditu, behar den denborarekin, proba honen ezaugarriak, bai eta, kasua bada, izangaiek ariketak jendaurrean irakurri beharra ere, epaimahaiak balora ditzan.
Epaimahaiak zehaztuko du irakurtzeko ordena, zozketaz.
Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondotik.
6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:
a.1) proba 30 puntuz baloratuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
a.2) proba 30 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Ariketa hau ez zaie baloratuko a.1) proban bazterturik gelditu diren izangaiei.
6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena.
Ariketara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuta geldituko dira.
6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.
6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du NOPLOIko iragarki-taulan azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian ere ikusten ahalko da.
6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.
6.4.1. Epaimahaiak oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin ekinen dio lehiaketaldiari.
Merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu beharko dituzte oposizioaldia gainditu duten izangaiek, www.empleosalud.navarra.es/eu web-orriaren bidez, honako esteka honetara joz: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "NOPLOI", eta "Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko arloko fakultatibo espezialista. Oposizio-lehiaketa (21-23 LPEa)" aukeratuz. Merezimenduak aurkeztuko dira deialdiko baremoan adierazitako atalen arabera, hamar egun balioduneko epean, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik hasita.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
Izangaiek honako merezimendu hauek ez dituzte aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarriko, baremazioa egin dezan:
–Nafarroako Gobernuaren esparru osoan egindako zerbitzuak.
–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratu direlako, baldin osorik badaude.
6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (I. eranskina).
Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.
6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
6.4.4. Merezimenduen baremoko 1. atalean azaldutako balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Fakultatibo espezialistak" estamentuan eta "Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa" espezialitatean sarturik dagoela (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetarako izendapenen indarreko sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide zehatza arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).
Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:
–Lantokia.
–Estamentua eta/edo espezialitatea.
–Egindako zerbitzuen iraupena, noiztik noiz arte, zehaztuta zenbat egun diren guztira.
Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, emandako zerbitzuen gaineko ziurtagiri horretaz gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena ere aurkeztu beharko da.
6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiek aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, horrek deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta izanen dituen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak, kasua bada.
6.4.6. Lehiaketaldia bukatzen denean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du balorazioaren emaitza NOPLOIko iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazirik.
Izangaiak deialdiaren web-orriaren bidez ikusten ahalko ditu bai lehiaketaren emaitza, bai bere merezimenduen banakako balorazioa.
7.–Azken puntuazioa.
Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.
Azken puntuazioetan berdinketarik badago, lehentasuna izanen du oposizioaldian puntuaziorik handiena duen izangaiak. Berdinketak badirau, lehenetsiko da deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena lortzen duen izangaia, baremoko hurrenkerari jarraituz.
Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen dituzten puntuazioen arabera ordenatua, NOPLOIko iragarki-taulan. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortzen duten izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, deitutako lanpostuak adina izangai, hain zuzen.
8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.
8.1. Destinoko lantokia administrazio organo eskudunak esleituko du, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, probak gainditu eta deitutako lanpostuak adina izangaik egindako eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, baldin lanpostu horietan aritzeko oinarri hauetan eskatzen diren eskakizunak betetzen badituzte.
%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostu bat lortu duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Gero, igoera txandakoek hautatuko dute eta, azkenik, lanpostua txanda irekian lortzen dutenek.
Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, bere desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.
Euskara maila jakin bat frogatzea ezinbestekoa duten lanpostuen kasuan, ezin izanen da horietara sartu ez bada jakite hori frogatzen. Lanpostuak hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, egon arren, lanpostu horiek hautatzen ez badituzte aurreko paragrafoan onartutako eskubidea erabiltzen dutenean.
8.2. Destinoko lantokia hautatzeko prozedura:
–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien eta zentroen (edo, zein den kasua, lanpostuen) zerrendak argitaratuko dira. Informazio hori jendaurrean jarriko da NOPLOIko iragarki-taulan eta NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian.
–Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epean eginen dituzte eskaerak, oposizio-lehiaketaren azkeneko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, sartu beharko dute deialdiaren fitxan adierazitako estekan, www.empleosalud.navarra.es/eu web-orrian: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "NOPLOI", eta "Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko arloko fakultatibo espezialista. Oposizio-lehiaketa (2021eko eta 2023ko LPEa)" aukeratuz. Han, lanpostuak lehentasun ordenaren arabera zerrendatu beharko dituzte.
–Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.
–Horren emaitzaren informazioa NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian jarriko da ikusgai interesdunentzat.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Administrazio organo eskudunak behar den izendapen proposamena eginen du lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua lortzen duten izangaien alde. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetearen barnean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte NOPLOIko Langileriaren Kudeaketarako Unitatean:
9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
9.2.2. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gain, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.
9.2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaien kasuan:
Eskatzen den tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, 9.2.1.e) atalean ezartzen den bezala.
10.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu, ebazpen bidez, laneko medikuntzako mediku espezialisten lanpostuetan jardun dezaten.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.
10.3. Izendapena dela bide, izendatua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.
Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen diren izangaiak funtzionario bihurtuko dira, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haien montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartzen diren administrazioaren montepioan jarraitzea edota Gizarte Segurantzan afiliatzea.
10.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratu eginen da baldin izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.
Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.
Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea funtzionario izaerarekin, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.
10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik) edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.
Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat jartzen bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenak zer dioen, eta haren mende egonen da.
11.–Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatzea.
11.1. NOPLOIko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko arloko fakultatibo espezialisten lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariak emandako ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiko zaio (agindu horren bidez onesten dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako), edo zerrenda horiek indarrean jartzen direnean indarra duen foru aginduari.
11.2. Deialdi honen emaitzan oinarrituta prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta aurrerantzean ere haiek betetzen jarraitu beharko dute.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehala baztertuko dira kontratazio zerrendatik.
11.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Kontrataziorako zerrendetan egoteko, bai gainditu duten eta lanposturik ez duten izangaiek, bai oposizioaldia gainditu ez dutenek, deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, 2.1.1.c) atalean aipatutako titulazioaren agiria aurkeztu beharko dute, salbu aldez aurretik NOPLOIn aurkeztu badute. Agiri hori aurkezten ez dutenak zerrendetatik kanpo geldituko dira, salbu Administrazioak horren berri baldin badu Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuaren bidez.
Euskaraz jakitea nahitaezkoa duten lanpostuetan aritu nahi duten izangaiek kasuan kasuko euskara maila egiaztatzen duen titulu ofiziala aurkeztu beharko dute.
Oposizioaldia gainditzen ez dutenek epe horretan aurkeztu beharko dute, orobat, edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuen ziurtagiria, hain zuzen ere, laneko medikuntzako mediku espezialisten lanpostu batean deialdi hau argitaratzen den egunera arte emandako zerbitzuei dagokienez, salbu Nafarroako Gobernuaren esparruan emandako zerbitzuak badira. Izan ere, kasu horretan, ofizioz jasoko dira.
11.4. Kontratu motak.
Aldi baterako kontratazioetarako bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
11.5. Kontratazio zerrendak aukeratzea.
Deialdian inskribatzeko eskaera-orrian, izangaiek adierazi beharko dute zer kontratazio zerrendak aukeratzen dituzten haietan agertzeko.
11.6. Izangaiek lanpostu eskaintzari uko egiten ahalko diote lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.
11.7. Desgaitasuna duen pertsona bati deituz gero aldi baterako kontratatzeko, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.
11.8. Hautapen-prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak indarrean jarriko dira lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
12.–Zerrendak osatzea aldi baterako barne igoeretarako.
12.1. NOPLOIko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko arloko fakultatibo espezialisten lanpostuetan aritzeko aldi baterako barne igoerako zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiko zaio (horren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea), bai eta zerrenda hori indarrean jartzen denean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari ere.
12.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta kontratazioa egin arte mantendu: NOPLOIko langile finkoa izatea, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko arloko fakultatibo espezialisten lanpostuari dagokion maila/taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea, eta lanpostu horretan aritzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.
Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaldiko hautaprobak gainditu behar dira.
Hautaproben emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrenda prestatuko da mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.
Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko den aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak indarra hartuko du lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
13.–Errekurtsoak.
Administrazio bidea amaitzen ez duen deialdi honen kontra, bai eta deialdiko oinarri eta egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin.
Kalifikazio-epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, NOPLOIko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
1. atala.–Egindako zerbitzuak.
Honako hauek baloratuko dira:
1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.
1.2. Edozein administrazio publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.
1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.
Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.
Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.
Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.
Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.
Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin diren lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
Lortu nahi den espezialitatean egoiliar gisa egindako zerbitzuak prestakuntza espezializatuaren atalean baloratuko dira. Beste espezialitate batean egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 atalean baloratuko dira.
Atal honetan, guztira, 16,3 puntu emanen dira gehienez.
2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzak.
Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin eta aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.
2.4, 2.6 eta 2.8 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.
Akta-liburuetan edo "abstract" direlakoetan jasotzen diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.
2.1. Hirugarren zikloko ikasketak:
a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.
b) Doktore gradua: 2,5 puntu.
c) Cum laude: 0,5 puntu gehituko dira.
a) eta b) ataletan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.
2.2. Prestakuntza espezializatua:
Egonaldia osorik egina izatea deialdiaren xedeko espezialitatean, programa nazionalaren bidez edo graduatu ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 6 puntu.
2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,025 puntu.
Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.
Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; eta ikaslea ikasturte osoan aritu dela ageri bada, 12 kreditu kontatuko dira.
Zatikiak hainbanatuko dira.
Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.
Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.
Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.
Osasun Zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.
Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.
2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:
–Nazioartean: lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.
–Estatuan: lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.
–Autonomia erkidegoan: lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.
Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.
Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:
–Nazioartean: 1 puntu.
–Estatuan: 0,5 puntu.
–Autonomia erkidegoetan: 0,25 puntu.
Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.6. ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak, inpaktu-faktorearen (IF) arabera, Journal Citation Reports-ek jasotakoari jarraikiz:
–IFa 3tik gorakoa bada, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,5 puntu. Hurrengo hirurak: 0,25 puntu.
–IFa 3 bada, edo hortik beherakoa, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.
–Inpaktu-faktorerik ez badu, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.
Inpaktu-faktorea izangaiak berak frogatu beharko du, eta lana zer urtetan argitaratu zen, urte horretakoa izanen da.
Gehienez ere 4 puntu emanen dira.
2.7. Irakasle lana:
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.
Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.
Ziurtagirietan egiaztatutako aldia ikasturte oso batera iristen ez bada, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.
Gehienez ere 1 puntu emanen da.
2.8. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.9. Europar Batasuneko laneko hizkuntzak jakitea, Europar Batasunean erabilera ofiziala duten hizkuntzak diren aldetik: Hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.
Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Aintzat harturik azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria (foru dekretu horren bidez arautzen da nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko), Europar Batasuneko laneko hizkuntzak jakitea baloraturik edukiko duten lanpostuak zehaztuko dira, betiere lanpostuaren edukiarekin duten zerikusiaren arabera, izangai onartuen behin betiko zerrenda eta kalifikazio-epaimahaiaren izendapena onesteko ebazpena argitaratzearekin batera.
C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzeak (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera) gehieneko balorazioa jasoko du jakite-mailari dagokionez, edo behar den Europar Batasuneko hizkuntza ofizialari dagokionez.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera), gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Atal honetan, guztira, 20 puntu emanen dira gehienez.
3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.
Euskara jakitea baloratzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 6. artikuluari jarraikiko zaio (foru dekretu horren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea).
Aintzat harturik azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria (foru dekretu horren bidez arautzen da nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko), euskara jakitea baloraturik edukiko duten lanpostuak zehaztuko dira, betiere herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, izangai onartuen behin betiko zerrenda eta kalifikazio-epaimahaiaren izendapena onesteko ebazpena argitaratzearekin batera.
C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzeak (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera) gehieneko balorazioa jasoko du euskararen jakite-mailari dagokionez.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera), gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Merezimendu gisa baloratzeko, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzak jasoko du euskararen ezagutzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12.
Atal honetan, guztira, 2,7 puntu emanen dira gehienez.
Iragarkiaren kodea: F2418031
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
