3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
GIZARTE SEGURANTZAREN DIRUZAINTZA NAGUSIA
6/2024 LEGE ORGANIKOA, abenduaren 5ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa, trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari dagokienez.
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEAK
Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei zuzenduta.
Jakizue: Gorte Nagusiek ondorengo lege organikoa onartu dutela eta Nik berronetsi egin dudala.
ATARIKOA
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren xedea da, 3. artikuluaren arabera, batasun konstituzionalarekin bateragarriak diren ahalmen eta eskumen guztiak Nafarroako foru araubidean sartzea, eta Nafarroako foru araubidearen ahalmen eta eskumen bereki guztiak bermatzea.
Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoek Nafarroako Foru Komunitatearen jatorrizko eskubide historikoak errespetatu eta babestuko dituzte, 1839ko urriaren 25eko Legeari, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduari eta bere xedapen osagarriei, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoari eta Konstituzioari jarraikiz, haren lehen xedapen gehigarriaren lehenbiziko lerroaldean ezarritakoaren arabera.
Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen du ezen lege organiko horretan ezarritako araubidea onartzeak ez dakarrela Nafarroari dagozkiokeen beste eskubide jatorrizko eta historikoei uko egitea, eta eskubide horiek ordenamendu juridikoan sartuko direla, 71. artikuluan ezarritakoaren arabera. Artikulu horretan jotzen da ezen, foru araubidearen izaera juridikoa dela-eta, Foruaren Hobekuntza aldaezina dela alde bakarrak erabakita, eta zehazten du zein den Hobekuntza erreformatzeko prozedura.
Bestalde, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.3 artikuluak ezartzen duenez, trafikoari eta zirkulazioari dagokien guztian, Nafarroak gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak osoki atxikiko ditu. Halaber, 51.1 artikuluaren arabera, Foruzaingoaren araubidearen arauketa Nafarroari dagokio, eta, Foru Diputazioaren agintaritza gorenaren pean, gaur egun dituen eginkizunak betetzen segituko du.
Alde horretatik, eta Nafarroako Foru Komunitateak berriro bete ditzan, erabat bete ere, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko eginkizunak, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartzea trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko eskumena, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen barruan.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak erreforma-ekimena sustatu eta dagozkion negoziazioak egin ondoren, Nafarroako eta Espainiako gobernuek, ados jarrita, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa aldatzeko proposamena egin dute, eta proposamen hori Nafarroako Parlamentuan eta Gorte Nagusietan aurkeztu da, onets dezaten, aipatutako lege organikoa onesteko jarraitutako prozedura bera erabilita.
Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren aldaketa.
Honela aldatzen da abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa:
Bat.–49. artikuluko 3. apartatuak honako testu hau izanen du:
«3. Nolanahi ere, aurreko apartatuek aipatzen dituzten gaietan, Nafarroak gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak osoki atxikiko ditu.
Bere foru araubidearen eta lege organiko honetan xedatutakoaren arabera, Nafarroari dagozkio, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloan, Estatuko legeria betearazteko eskumena eta trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko eginkizunak, orain arte atxiki dituen ahalmenez eta eskumenez gain».
Bi.–51. artikuluaren 2. apartatuari beste paragrafo bat gehituko zaio, hirugarrena. Honako testu hau izanen du:
«Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari dagokienez, Foruzaingoaren eskumenak 49.3 artikuluan xedatutakoarekin bat arautuko dira».
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Lege organiko honek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Horrenbestez,
Espainiar guztiei, norbanako nahiz agintariei, agintzen diet bete dezatela eta betearaz dezatela lege organiko hau.
Madrilen, 2024ko abenduaren 5ean.–FELIPE E.–Gobernuko presidentea, Pedro Sánchez Pérez-Castejón.
Iragarkiaren kodea: E2417991