262. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2897/2024 EBAZPENA, 2024ko abenduaren 11koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Unibertsitateetako Kalitatearen eta Prospektibaren Aragoiko Agentziaren arteko hitzarmena, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile gazteen zuzendaritzapeko ikerketa-proiektuen ebaluazioa kudeatzeko mandatua formalizatzen duena.

Hitzarmena 2024ko azaroaren 22an sinatu zen elektronikoki.

2015eko urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak, 11. artikuluan, honako hau adierazten du: "Kudeaketa-agindua administrazio desberdinetako zuzenbide publikoko organo eta erakundeen artean egiten denean, dagokion hitzarmena izenpetuz formalizatuko da (...). Aipatutako hitzarmena "Estatuko Aldizkari Ofizialean", autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean edo probintziakoan argitaratuko da, gomendioa egiten duen organoa zein administraziotakoa den kontuan hartuta". Hortaz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da hitzarmena.

Azaldutako guztiarengatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz,

EBAZTEN DUT:

Bakarra.–Aipatutako hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea. Hona hemen hitzarmena:

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ETA UNIBERTSITATEETAKO KALITATEAREN ETA PROSPEKTIBAREN ARAGOIKO AGENTZIAREN ARTEKO HITZARMENA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERTZAILE GAZTEEN ZUZENDARITZAPEKO IKERKETA-PROIEKTUEN EBALUAZIOA KUDEATZEKO MANDATUA FORMALIZATZEN DUENA.

Agiria elektronikoki sinatu den egunean, honako hauek

BILDU DIRA

Alde batetik, Claudia Pérez Forniés andrea, Aragoiko Gobernuaren Enpleguko, Zientziako eta Unibertsitateetako Saileko kontseilaria -Aragoiko Gobernuaren presidenteak 2024ko uztailaren 12an emandako dekretu baten bidez kontseilari izendatua-, Unibertsitateetako Kalitatearen eta Prospektibaren Aragoiko Agentziaren izenean (aurrerantzean, ACPUA) eta haren ordezkari gisa -agentzia horren Errektoretza Kontseiluaren presidentea baita Aragoiko Unibertsitate Sistemaren Antolaketari buruzko 5/2005 Legearen (2005eko ekainaren 14koa) 87. artikuluko 2.a) eta 3. apartatuei jarraikiz-. Kontuan harturik Errektoretza Kontseilu horrek hitzarmena sinatzea onetsi duela 2024ko urriaren 22ko bileran, lege horren 88.1.d) artikuluan eta ACPUAren Estatutuetako 10.1.d) artikuluan jasotakoa betez -Aragoiko Gobernuaren 239/2006 Dekretuaren bidez (2006ko abenduaren 4koa) onetsi ziren estatutuak-, eta Aragoiko Gobernuak horretarako baimena eman duela 2024ko azaroaren 13ko bileran.

Bestetik, Ramón Gonzalo García jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izenean eta haren legezko ordezkari gisa -51/2023 Foru Dekretuaren bidez errektore izendatua (2023ko maiatzaren 31koa, 115 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua 2023ko ekainaren 2an)-, eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoaren 50. artikuluak (2023ko martxoaren 22koa) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek aitortutako eskumenez baliatuz -estatutuak Nafarroako Gobernuaren Kontseiluak onetsi zituen 2003ko maiatzaren 12an (2023ko maiatzaren 19ko NAOan argitaratua)-. Kontuan harturik, orobat, errektorea denez, eskumena duela entitate publiko zein pribatuekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko, NUPen Estatutuen 40. artikuluan ezarria dagoenaren arabera.

Bi alderdiek, bakoitza bere erakundearen ordezkari gisa, ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri hitzarmen hau formalizatzeko, eta bien artean adostuta,

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE

I

ACPUA zuzenbide publikoko erakundea da, Aragoiko Unibertsitate Sistemaren Antolaketari buruzko 5/2005 Legearen bidez sortua 2005eko ekainaren 14an eta Aragoiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak unibertsitateko hezkuntzaren arloan duen sailari atxikia. Bere estatutu propioek arautzen dute -Aragoiko Gobernuaren 239/2006 Dekretuaren bidez onetsiak 2006ko abenduaren 4an-, eta nortasun juridikoa, ondare propioa eta bere helburuak betetzeko ahalmen osoa du.

Objektibotasunez, inpartzialtasunez eta independentziaz betetzen ditu bere eginkizunak, zeinak legeak aitortzen eta bermatzen baititu. Bere egitura eta jarduketak bat datoz Europako Unibertsitate Eremuan indarrean diren estandarrekin kanpoko agentziek kalitatea bermatzeko gaietan (ingelesez, Standards and Guidelines for Quality Assurance in the European Higher Education Area, ESG), eta horrek nazioarteko akreditazioa du. Horrenbestez, European Association for Quality Assurance in Higher Education (ENQA) entitateko eskubide osoko kide da ACPUA 2016az geroztik, eta inskribatua dago European Quality Assurance Register for Higher Education (EQAR) entitatean. Unibertsitate eremuko hezkuntzaren kalitaterako Europar Batasuneko esparru bateratuan -hori baita ACPUAren jarduera-eremua- konpromiso aginduzkoa dago unibertsitateei aukera emateko egokiena irizten duten EQAR agentzia erregistratuarekin egin dezaten kanpoko agentziek kalitatea bermatzeko prozesua: "Commitment to enable our higher education institutions to use a suitable EQAR registered agency for their external quality assurance process" (Yereván Communiqué, Europako Unibertsitate Eremuko Ministroen Konferentzia, 2015eko maiatzaren 14ko eta 15eko bilera, 2. eta 5. or.).

Horri dagokionez, aintzat hartu behar da Espainiako zenbait unibertsitatetako irakasle eta ikertzaileen irakaskuntzako, ikerketako eta arduretako banakako merezimenduak ebaluatzen aritu dela ACPUA 2006an sortu zenetik.

II

Aragoiko Unibertsitate Sistemaren Antolaketari buruzko 5/2005 Legearen (2005eko ekainaren 14koa) 85.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, ACPUAk zilegi du bere eskumenen esparruan zerbitzuak eskaintzea beste autonomia-erkidego, unibertsitate eta unibertsitate-ikastegi batzuei eta, oro har, Unibertsitate eremuko hezkuntzako ikastegiei, Espainiakoak izan edo ez, baldin eta aldez aurretik horretarako hitzarmena sinatzen badute, Aragoiko Gobernuak baimendua. Hitzarmen horretan, argi eta garbi zehaztu behar dira zer betebehar hartzen dituzten alderdiek. Betebehar horiek ezin izanen diote kostu ekonomikorik ekarri Agentziari.

Horrenbestez, irakasle eta ikertzaileen irakaslana ebaluatzeko gaietan Aragoiko Unibertsitate Sistemaren Antolaketari buruzko 5/2005 Legeak (2005eko ekainaren 14koa) ACPUAri esleitutako eginkizunak betez, ACPUAk zilegi du bere eskumenen esparruan zerbitzuak ematea beste autonomia-erkidego, unibertsitate eta unibertsitate-ikastegi batzuei, baldin eta aldez aurretik horretarako hitzarmena sinatzen badute.

III

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ematen dituen ikasketen, irakaskuntzaren, ikerketaren eta kudeaketaren kalitatea eta bikaintasuna sustatzeko ahalmenak erabiliz, eta, horretarako, prestakuntzarako, pizgarri izateko, kontrolerako eta ebaluaziorako egoki diren neurriak hartuz -bere estatutuetako 3. artikuluak emandako eginkizuna-, NUPeko ikertzaile gazteen zuzendaritzapeko ikerketa-proiektuak modu berezi eta indibidualean ebaluatzea nahi du.

Hori dela eta, hitzarmen honetan sektore publikoko erakunde gisa esku hartzen duten bi alderdien xede eta helburuen barrenean kokatuz, eta kontuan hartuz eskumenak dituztela ikertzaileak ebaluatzeko gaietan eta ACPUAk esperientzia duela eremu horretan, hitzarmen hau sinatzen dute bi alderdiek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 11. artikuluan (2015eko urriaren 1ekoa) eta Aragoiko Sektore Publiko Autonomikoaren Antolamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko 5/2021 Legearen 16. artikuluan (2021eko ekainaren 29koa) xedatutakoari jarraikiz, bai eta honako klausula hauen arabera ere:

KLAUSULAK

Lehenbizikoa.–Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoak ACPUAri egindako kudeaketa-mandatua formalizatzea ACPUAk Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile gazteen zuzendaritzapeko ikerketa-proiektuak ebaluatzeko lan teknikoa egin dezan.

Bigarrena.–Alderdien konpromisoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak honako betebehar hauek ditu:

1. Deialdia egitea, non ezarriko baita nolakoa izanen den hitzarmen honen bidezko kudeaketa-mandatuaren xede den jarduerari laguntzeko prozesua.

2. ACPUAri dokumentazioa garaiz eta forman ematea, hots, ikerketa-proiektuei dagozkien merezimenduak baloratzeko behar den dokumentazioa, Unibertsitateak ebaluaziora aurkezteko ezarrita dituen baldintzak betetzen dituzten proiektuena.

3. Publizitatea ematea Unibertsitateko ikertzaile gazteen artean Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile gazteek ikerketa-proiektuak garatzeko laguntzei, zeinek esperientzia eskuratzeko modua ematen baitute ikerketa-proiektuak garatzeko arduradun gisa.

4. ACPUAri ikertzaileen zerrenda garaiz eta forman bidaltzea, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile gazteen zuzendaritzapeko ikerketa-proiektuak ebaluatzeko deialdian Unibertsitateak jarritako baldintzak betetzen dituztenena.

5. ACPUAri alegazioak bidaltzea, halakorik balego, ebaluatutako ikerketa-proiektuen egileek ebaluazio prozesuaren ondoriozko baloraziorekin ados ez egoteagatik aurkeztu dituztenak.

ACPUAk honako betebehar hauek ditu:

1. Ebaluazio prozesua gehienez ere hiru hilabeteko epean burutzea, ACPUAk dokumentazioa jasotzen duen egunetik kontatzen hasita. Horretarako, ebaluazio eskaera bakoitzeko ebaluazio txosten bat bidali behar du, bat etorriz Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 557/2024 Ebazpenaren eranskineko irizpide eta prozedurarekin -NUPeko errektoreak 2024ko martxoaren 4an emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile gazteek gidatutako ikerketa-proiektuak 2025. eta 2026. urteetan garatzeko deialdia onetsi eta dagokion gastua baimentzen duena-.

2. Txostena egin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zerbitzu Juridikoari eta Ikerketako Errektoreordetzari bidaltzea, 10 eguneko epean, ACPUAk dokumentazioa jasotzen duen egunetik kontatzen hasita, baldin eta errekurtso administratiboren bat aurkeztu delako halakorik eskatu badio Unibertsitateak Agentziari.

Hirugarrena.–Alderdien konpromiso finantzarioak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ebaluazioen kostu osoa hartzen du bere gain zuzenean, bai eta ACPUAri zazpi mila zortziehun eta hamabi euro eta berrogeita hamar zentimo (7.812,50 euro) BEZik gabe ordaintzeko betebeharra ere.

2. Diru kantitate hori banku transferentzia bidez ordainduko dio Unibertsitateak ACPUAri, ACPUAk aldez aurretik faktura jaulkita. Horretarako, ebaluazioak bukatua egon behar du, eta aldez aurretik NUPeko zuzendari arduradunak egiaztatu behar du Agentziak mandatua burutu duela, eta, halaber, aditzera eman behar du ados dagoela egindakoarekin. ACPUAk Ibercajan duen kontu korronte honetara eginen da transferentzia:

ES76 2085 0155 4503 3032 7476

3. ACPUAk ez du konpromiso finantzariorik hartzen hitzarmen honen bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hartzen baitu bere gain ebaluazioaren kostu osoa.

Laugarrena.–Mandatuaren araubide juridikoa eta eskumenaren titulartasuna.

1. Hitzarmen honen bidez egindako kudeaketa-mandatua artikulu hauetan xedatutakoak arautuko du: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeko 11. artikulua (2015eko urriaren 1ekoa) eta Aragoiko Sektore Publiko Autonomikoaren Antolamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko 5/2021 Legearen 16. artikulua (2021eko ekainaren 29koa).

2. 40/2015 Legearen 11.2 artikuluaren (2015eko urriaren 1ekoa) eta 5/2021 Legearen 16.2 artikuluaren (2021eko ekainaren 29koa) arabera, hitzarmen honen bidezko kudeaketa-mandatuak ez dakar bi alderdien eskumenen titulartasuna lagatzea, ez eta horiek erabiltzeko funtsezko elementuena ere, eta mandatu-emailearen erantzukizuna da mandatuaren xede diren jarduerei laguntzeko egintza eta ebazpen juridikoak ematea.

Bosgarrena.–Datu pertsonalen babesa.

1. Hitzarmen honen bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak mandatua egin dio ACPUAri Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile gazteen zuzendaritzapeko ikerketa-proiektuak ebaluatzeko. Ebaluazio horren testuinguruan eta gorago adierazitako xederako, ebaluazio prozesua ziurtatzeko behar diren datu pertsonalak jarriko ditu Unibertsitateak ACPUAren esku. ACPUAk konpromisoa hartzen du ikerketa-proiektuak ebaluatzeko tratamenduan baizik ez erabiltzeko datu pertsonalak, bat etorriz Unibertsitateak, tratamenduaren arduraduna denez gero, bete beharreko arauekin. ACPUAk konpromisoa hartzen du Unibertsitateak emandako datu pertsonalak ebaluazioa egin ondoren suntsitzeko edo, kasua bada, itzultzeko, eta gauza bera egiteko tratatutako datu pertsonalen bat gordea duen euskarri eta dokumentu ororekin.

2. Hitzarmen honen ondorioz bildutako datu pertsonalak tratamendu-jarduera hauen bidez daude babestuak: Aragoiko Gobernuaren 1200 tratamendu-jarduera, "Espainiako eta nazioarteko hitzarmen eta akordioak" izenekoa, zeinaren helburua baita hezkuntzaren arloan kalitatearen kultura zabaltzea eta sustatzea Espainiako eta nazioarteko erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan arituz -horri buruzko informazio guztia Datuak Tratatzeko Jardueren Erregistroen webgunean dago-, eta, bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren "HITZARMENEN ERREGISTROA" izeneko tratamendu-jarduera, zeinaren helburua baita NUPek hirugarren entitateekin sinatutako hitzarmenen tramitazioa, artxiboa eta jarraipena egitea. Hori guztia lege hauetan ezarritako ondorioetarako: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa -haren bidez, 95/46/EE Zuzentaraua indargabetu zen, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra-, eta 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

3. Datu pertsonalak tratatzeko legitimazioak hau du oinarria: legezko betebehar bat eta interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak baliatzeko eginkizun bat. Ez zaie datu pertsonalik jakinaraziko hirugarrenei, non eta ez den legezko betebeharra.

4. Datu pertsonalen titularrek zilegi dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, eramateko eta mugatzeko eskubidea baliatzea, bai eta haiek tratatzeari aurka egitekoa eta erabaki automatizatu indibidualizatuen xede ez izatekoa erabiltzea ere. Horretarako, eskaera egin behar dute bitarteko telematikoak erabiliz Aragoiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan (https://www.aragon.es/tramitador/-/tramite/gestion-de-proteccion-de-datos) edo mezu bat bidaliz NUPeko datuen babeserako delegatuari helbide elektroniko honetara: delegado.protecciondatos@unavarra.es.

5. Datuak tratatzeko jarduera horiei buruzko informazio gehiago eta zehatza Datuak Tratatzeko Jardueren Erregistroetan (aragon.es) eta NUPen Datuak Tratatzeko Jardueren Erregistroan dago, hurrenez hurren, kontsultatzeko moduan.

6. ACPUAk erabaki honetan ezarritako xedea lortzeko baizik ez ditu aplikatuko datuak, eta ez dizkio beste inori jakinaraziko, ezta gordetzeko ere. Konpromisoa hartzen du, halaber, datu pertsonalik ez lagatzeko.

7. Bestalde, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute erabateko konfidentzialtasuna gordetzeko eta gordearazteko hitzarmen honen ondorioz eskuratu lezaketen informazioari eta dokumentazioari buruz.

8. Alderdiek datu pertsonalak araudi hauetan ezarritakoari jarraikiz tratatzera behartzen dute beren burua: datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia eta, bereziki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa -haren bidez, 95/46/EE Zuzentaraua indargabetu zen, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra-, eta 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Seigarrena.–Hitzarmena iraungitzea.

Hitzarmen hau iraungi eginen da baldin eta bere xedea bete badu edo baliogabetzeko zioren bat badago.

Hitzarmena baliogabetzeko zioak hauek dira:

a) Hitzarmenaren indarraldia bukatzea, baldin eta indarraldia luzatzea adostu ez badute alderdiek.

b) Hitzarmena deuseztatzea adostea haren sinatzaileek.

c) Zirkunstantziaren bat egotea ezinezkoa edo premiagabekoa bihurtzen duena hitzarmenaren xede diren jarduerak egitea.

d) Alderdiren batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoren bat ez betetzea. Kasu horretan, beste alderdiak zilegi du konpromisoa bete ez duenari errekerimendu bat jakinaraztea, konpromiso hori hilabeteko epean bete dezan, eta horren berri ematea hitzarmen honetan adierazitako Jarraipen Batzorde Mistoari. Errekerimenduan ezarritako epea pasa ondoren oraindik ez badira bete betebehar eta konpromisoak, errekerimendua egin duen alderdiak hitzarmena baliogabetzeko zioa dagoela jakinaraziko dio beste alderdiari, eta baliogabetutzat joko da hitzarmena.

Alderdiren batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeagatik hitzarmena baliogabetzeak ez dakar berekin kalte-ordaina jasotzeko eskubidea.

e) Hitzarmena baliogabea dela aitortzen duen erabaki judizial bat egotea.

f) Ordenamendu juridikoan aurreikusten den beste edozein arrazoi.

Zazpigarrena.–Jarraipen Batzorde Mistoa.

1. Hitzarmen honen jarraipena egiteko, lau kideko batzorde parekide bat eratu da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak eta ACPUAko zuzendariak bina ordezkari izendatuko dituzte batzorderako. Jarraipen Batzorde Mistoaren presidentea Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak izendatutako bi ordezkarietako bat izanen da. Jarraipen Batzorde Mistoko idazkaria organoak berak hautatuko du.

2. Jarraipen Batzorde Mistoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Alderdiek beren gain hartutako helburu eta betebeharren jarraipena egitea eta haiek ongi gauzatzen direla egiaztatzea.

b) Hitzarmenaren interpretazioarekin eta betetzearekin zerikusia duten arazoak konpontzea. Halako eztabaidek ez diote inolaz ere eraginen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ebaluazio prozedurari, baizik eta bakarrik hitzarmen honen bidez ezarritako laguntza teknikoari.

3. Jarraipen Batzorde Mistoak berak ezarriko du bere funtzionamendu-araubidea.

Zortzigarrena.–Hitzarmena aldatzea.

Bi alderdiak ados badaude, aldaketak egin diezazkiokete hitzarmen honetako kudeaketa-mandatuari. Horretarako, alderdietako batek eskaera egin behar du, eta hitzarmenari gehigarri bat erantsiko zaio aldaketa formalizatzeko.

Bederatzigarrena.–Indarraldia.

Alderdiek adostasuna adierazita burutuko da kudeaketa-mandatua formalizatzen duen hitzarmen hau, eta sinatzen den egunetik hasita izanen ditu ondorioak.

Hitzarmenak urtebete iraunen du, sinatzen den egunetik zenbatzen hasita. Epea bukatu baino lehen, edonoiz erabakitzen ahal dute alderdiek hitzarmena luzatzea, gehienez ere beste lau urtez, eta, horretarako, gehigarri bat erantsi behar diote hitzarmenari.

Hamargarrena.–Hitzarmenaren izaera eta gatazken konponbidea.

1. Hitzarmen hau administratiboa da kudeaketa-mandatu bat formalizatzen baitu 40/2015 Legearen 11. artikuluaren babesean (2015eko urriaren 1ekoa).

2. Hitzarmena betetzearekin, ebaztearekin, haren interpretazioarekin edo ondorioekin zerikusia duten gai guztiak hitzarmenean ezarritako Jarraipen Batzorde Mistoak ebatziko ditu. Nolanahi ere, bi alderdiak ados ez badaude, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari eman behar zaio horren berri, eta hark ebatziko du auzia.

Eta adostasunaren erakusgarri, bi alderdiek kudeaketa-mandatu hau sinatu dute, sinadura elektronikoaren leku-egunetan. Azken sinadura elektronikoaren data izanen da dokumentu honen formalizazio data. Unibertsitateetako Kalitatearen eta Prospektibaren Aragoiko Agentziaren izenean, Claudia Pérez Forniés andrea, Aragoiko Gobernuaren Enpleguko, Zientziako eta Unibertsitateko Saileko kontseilaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izenean, Ramón Gonzalo García NUPeko errektorea.

Iruñean, 2024ko abenduaren 11n.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2418128