262. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1183E/2024 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa ematen duena "Lurzoru urbanizaezinean abeltzaintza intentsiborako instalazioak ezartzea helburu duen Andosillako udal planaren aldaketa egituratzailea"ri buruz. Aldaketaren sustatzailea Andosillako Udala da.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abiatzeko helburuarekin, 2023ko maiatzaren 29an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak Andosillako udal planaren aldaketa egituratzailea aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

Udalak 2023ko maiatzaren 2an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2023ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 18koan.

Aldaketaren helburua da lurzoru urbanizaezineko eremu bat ezartzea, zeinetan abeltzaintzako instalazio intentsiboak baimentzen ahalko diren, eta ez beste inon udal mugarte guztian. Eremu hori udalerriaren iparraldean dago, Cárcar, Lerin eta Faltzesekin muga egiten du, eta sustatzaileak hasieran aukeratu zuen proposamenak La Portilla, La Serrezuela, Campiestros eta Suertes Viejas alderdiak hartzen zituen barnean.

Ingurumen Ebaluaziorako Atala ohartu zen proposatutako aldaketa planteatutako alderdietan eginez gero ingurumen ukipenak eraginen liratekeela, estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritiko baten zati direlako (AC-8 Andosilla-Cárcar-Faltzes-Lerin-Azkoien kontserbazio eremua); izan ere, estepako hegaztientzat balio handieneko Nafarroako tokietako bat da eremu hori.

Hori kontuan hartuta, orduko Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari txostena egiteko eskatu zitzaion, eta hauxe da atal horren 2024ko uztailaren 5eko erantzunean jasotako ondorioa: "aipatu eremu kritikoan abeltegi intentsiboen ezarpena baimentzeko helburua duen Andosillako udal planaren aldaketa ez da bateragarria estepako hegaztien kontserbazioarekin, ez du betetzen araudiak espezie mehatxatuei eta Natura 2000 Sareari buruz ezartzen duena eta, horregatik, kontrako txostena ematen da aurkeztutako aldaketari buruz".

Ondorio horiek ikusita, 2024ko irailaren 26an, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak Andosillako Udalari eskatu zion aurkeztutako proposamena berriz planteatzeko, estepako hegaztientzat ukipenak dituen zatia kenduta eta, hala badagokio, abeltegi intentsiboak baimentzen ahalko diren beste eremu bat proposatuta udal mugartearen barnean.

2024ko urriaren 14an, udal plana aldatzeko beste proposamen bat igorri zuen udalak, kanpoan utzita estepako hegaztientzat ukipenak dituen zatia.

Agiri berriak aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela, eta zehaztu du planaren aldaketak ez duela ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean horretarako ezarritako irizpideekin bat, eta txosten honetan ezarritako baldintzetan.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, "Lurzoru urbanizaezinean abeltzaintza intentsiborako instalazioak ezartzea helburu duen Andosillako udal planaren aldaketa egituratzailea"ri buruz. Aldaketaren sustatzailea Andosillako Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Hirigintza Atalari eta Andosillako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Abeltzaintza intentsiboko eremuaren mugaketa. Proposatutako antolamendua. 2024ko urria.

Iragarkiaren kodea: F2417264