262. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1182E/2024 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Cortesko udal mugartean dagoen oilaskoak gizentzeko hegazti instalazio baten funtsezko aldaketa, ur eta energia kontsumoa aldatzeko proiektua gauzatzeko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularrak Leyre eta Javier Vicente Cuartero dira.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 329E/2019 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 10eko 4E/2022 Ebazpenaren bidez berrikusia.

Halaber, instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 9.3 b) epigrafean dago jasoa, "Etxeko hegaztien hazkuntza intentsiborako instalazioak edo zerriak haztekoak, gizentzeko zerrientzat (30 kg-tik gorakoak) 2000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6 b) epigrafean ere (testu bategina), "Etxeko hegaztien hazkuntza intentsiborako instalazioak edo zerriak haztekoak, ugalketarako zerrientzat (30 kg-tik gorakoak) 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan.

2024ko ekainaren 11n, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, ur eta energia kontsumoa aldatzeko helburua baitu. 2023ko uztailaren 18an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa hori funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez substantzia arriskutsuak dauden istripu larrietako berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onesten dira).

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isurtzea, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko balizko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera nabarmenik ez dagoela, eta beraz ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea kokalekuaren egungo egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Espedientea izapidetu da bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoarekin.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimentzea Cortesko udal mugartean dagoen oilaskoak gizentzeko hegazti instalazio baten funtsezko aldaketa, ur eta energia kontsumoa aldatzeko proiektua gauzatzeko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularrak Leyre eta Javier Vicente Cuartero dira.

Bigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoituta adierazi beharko du aldaketa funtsezkotzat jotzen duen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hirugarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitze proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Leyre eta Javier Vicente Cuarterori, Cortesko Udalari, Greenpeaceri eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2417632