261. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1163E/2024 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua ematen baitzaio aluminiozko alanbre-burdina fabrikatzeko eta altzairuzko eta aluminiozko elementuen trefilaketarako eta kablegintzarako instalazio bati. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioa Uharte Arakilgo udal mugartean kokatuta dago eta Uhalrod SL da titularra.

Instalazioa Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 2.5.b) kategorian sartzen da (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), eta, horrenbestez, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 2.5.b) epigrafean sartuta dago (testu bategina).

Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 4. multzoko e) kategorian sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez substantzia arriskutsuak dauden istripu larrietako berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onesten dira).

Titularrak txosten bat aurkeztu du substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilerari, ekoizpenari eta emisioari buruz, instalazioaren kokalekuan lurzorua eta lur azpiko urak kutsatzeko aukera kontuan harturik. Substantzia horiekin lurzorua eta lur azpiko urak kutsatzeko arriskua aztertuta, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera nabarmenik ez dagoela eta, beraz, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea kokalekuaren egungo egoeraz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharkako isuria egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea honako hauetan xedatutakoaren arabera tramitatu da: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta hura garatzen duen Erregelamendua (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsia), eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua eta 23. artikulua (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretu bidez onetsi zen). Halaber, prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ingurumen ebaluazioari dagokionez ezarritako jarduketak.

Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoarekin, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira hogeita hamar egunez, eta epe horretan ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jendaurreko informazioaren tramitearekin batera, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta interesdunekin, hogeita hamar egunez. Egindako kontsulten eta jasotako txostenen zerrenda ebazpen honen eranskinean jaso da.

Titularrak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera ematea eskatu zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 24ko 646E/2024 Ebazpenaren bidez, proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin da, aldekoa. Ebazpen honen eranskinean dago ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotako informazioa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Egiaztatu da ezen aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duela betetzen dela 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa. Erabaki horren bidez, burdinazkoak ez diren metalen industrietarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emisio industrialei buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea aluminiozko alanbre-burdina fabrikatzeko eta altzairuzko eta aluminiozko elementuen trefilaketarako eta kablegintzarako instalazio bati. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioa Uharte Arakilgo udal mugartean kokatuta dago eta Uhalrod SL da titularra.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P01123090012024 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin urak udal kolektoreen sarera isurtzeko baimena sartzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusia. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bost urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.–Baimendutako proiektua abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta proiektutik gauzatu den zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Zortzigarrena.–Baimendutako proiektua abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bederatzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketa programa bat, non azalduko baitira lurzorura edo lurpeko uretara irits daitezkeen isurketa kutsagarriak ekiditeko dauden neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

–Instalazioan ingurumen-kudeaketarako ezarrita dagoen sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan xedatua. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamairugarrena.–Ebazpen hau igortzea Uhalrod SLri, Uharte Arakilgo Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSAri, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2417162