Iragarkia
261. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, psikologo lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2024ko azaroaren 27an, deialdia onestea erabaki zuen, oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1. 1.1. Deialdi honen xedea da psikologo lanpostu 1, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa, oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzurako. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera eginen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Lanpostua Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrari atxikita dago, eta plantilla organikoan honako zenbaki honen bidez identifikatuta:
1-100517-6.
Honako txanda honi dagokio:
–Lanpostu bat txanda irekian.
Lanpostu hori aldatu ahal izanen da psikologoaren 1 lanposturen lekualdatze-lehiaketaren emaitzaren arabera, zeina Iruñeko Udalaren Giza Baliabideetako zuzendariak 2024ko azaroaren 22an ebazpen bidez onetsi baitzuen.
1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaie, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2. Baldintzak.
2.1. Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.
Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda independizatu ez badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Gradu- edo Lizentzia-titulua Psikologian edo horietako baten baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.1.2. Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.
Betekizun hori egiaztatzeko Giza Baliabideetako idazkari teknikoari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu-delitugileen Erregistro Zentralari, edo bestela, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dira.
2.3. Izendatuak izateko proposatutako izangaiek deialdi honen oinarriek zehazten duten unean egiaztatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.
3. Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren eta/edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 25,50 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Gradu- edo Lizentzia-titulua Psikologian, edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Hala nahi duenak eskabidea aurkezteko unean baimena eman ahalko dio kudeatzaileari Hezkuntza Ministerioaren Datuak Ziurtatzeko zerbitzuan titulazioa egiaztatzeko, baina horrek ez du bermatzen ziurtatu eginen dela, batzuetan titulazioa ez baita gordetzen ministerio horretan.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.
–Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, Giza Baliabideetako Idazkaritza Teknikoari baimenik eman ezean hura eskatzeko.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak galdatuko dira.
4. Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiz, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galdu egingo dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Elian Peña Guerrero, Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorreko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Alfredo Hoyuelos Planillo, Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko zuzendari kudeatzailea.
Epaimahaikidea: María Barragan Lamana, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko psikologoa.
Epaimahaikide ordezkoa: Pilar Baigorri Lerga, Iruñeko Udaleko psikologoa.
Epaimahaikidea: Alfonso Muro Molina, Gizarte Ekintzako txertatze-programako psikologoa.
Epaimahaikide ordezkoa: Miriam Arregui San Martin, Iruñako Udaleko Ekintza Komunitarioko, Haurtzaroko eta Adinekoendako zuzendaria.
Epaimahaikidea: Salvador Tarazona Cabezón, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: María José Elverdín Garcés, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2025eko irailetik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Oposizioak proba bat izanen du, bi atalekoa:
a) I. atala: test erako galdetegia.
Ariketa teorikoa izanen da. Izangaiek deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzko gehienez 100 galdera -test modukoak- erantzun beharko dituzte, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan nola zigortu akatsak.
Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
b) II. atala: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea.
Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz ebatzi beharko dira epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz proposatutako bi kasu praktiko. Garatzeko galderak izanen dira. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.
Izangai bakoitzak ariketa ahoz eta publikoki aurkeztu eta defendatu beharko du epaimahaiaren aurrean, horretarako zehazten den datan (Udalaren webgunean argitaratuko da), gehienez ere 20 minutuz, eta epaimahaiak izangaiak egindako ariketaren inguruko galderak egiten ahalko ditu, beste 10 minutuz.
Bigarren ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. 60 puntu horietatik 40 idatzizko probari dagozkio, eta 20, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute idatzizko ariketan gutxienez 20 puntu eta ahozkoan gutxienez 10 puntu eskuratzen dituztenek.
6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.
6.6. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiendako.
6.7. Proba amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balioespenei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
7. Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, probaren II. atalean puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.
Halere berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan. Alfabetoko bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak lehen abizenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera ebatziko dira, lortutako bi letretatik abiatuta.
8. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Aitzineko izapidea bukatu ondoren, epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian eskainitako lanpostu kopuruaren arabera.
Aipatutako izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.
8.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:
8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko adierazpen bat edo adierazpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
8.2.2. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
8.3. Agiri horiek aipatu epean -behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan salbu- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eska dezakeen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du deialdiaren 8.2. apartatuan ezarritakoarekin bat.
9. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik aitzina.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
9.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
9.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.
10. Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak.
11. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.
11.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin -non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa-, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:
a) Lanposturik lortu ez, baina proba gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Lanposturik lortu ez, oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetako I. atala gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko probako I. atalean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.
Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.
11.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
11.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
11.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Halaber, lanposturik eskuratu ez eta proba gainditu ez dutenen zerrendan izangaien hurrenkera probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.
Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
11.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostutik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.
12. Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2024ko azaroaren 27an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
I. ERANSKINA.–GAITEGIA
Zati orokorra:
1.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.
2.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.
3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.
4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. titulua, Administrazioen arteko harremanak.
5.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.
6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Ebazpenak betearaztea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.
7.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.
8.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
9.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua: Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
10.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.
11.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
12.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
13.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia. Diagnostikoa eta Ekintza Plana.
14.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua: Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua: Dirulaguntzak itzultzea. III. titulua: Finantza-kontrola. Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra.
Zati espezifikoa:
1.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.
2.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
3.–3/2018 Foru Legea, apirilaren 19koa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea aldatzekoa.
4.–Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriaren arloko jarduerak koordinatzeko protokoloa.
5.–Iruñeko Udalaren Emakumeendako Arreta Zerbitzua.
6.–Iruñeko Udalaren III. Berdintasun Plana.
7.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.
8.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.
9.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazioa egiteko prozeduraren II. eskuliburua I. Liburukia.
10.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazioa egiteko prozeduraren II. eskuliburua II. Liburukia.
11.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazioa egiteko prozeduraren II. eskuliburua III Liburukia.
12.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazioa egiteko prozeduraren II. eskuliburua IV Liburukia.
13.–Iruñeko Udalaren Haur eta Nerabeen II. Plana (2023-2027). III. fasea.
14.–Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorreko Haur, nerabe eta familiendako Prebentzio Programa.
15.–Iruñeko Udalaren Gizarte Ekintzako Alorreko Haurrei eta familiei laguntzeko programa.
16.–Haur, nerabe eta horien familiendako baliabideak Iruñean. Iruñeko Udalaren Iruñategi/elkarteen ataria.
17.–Esku-hartze komunitarioaren psikologia.
18.–Esku-hartze komunitarioari buruzko parte hartzeari buruzko gida Nafarroan.
19.–Familia- eta genero-indarkeriaren biktima izandako haurrendako arreta psikologikoa eta hezitzailea.
20.–Migrazio-dolua.
21.–Pertsona erdigunean jartzen duen arreta integralaren eredua. Banakako arreta-planak diseinatzea. Talde-lana.
22.–Familia-orientazio eta -bitartekotza zerbitzua Nafarroan. Bitartekaritza gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko sistema gisa.
23.–Gizarteratzeko Programa Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorrean.
24.–Jokabide suizidak maneiatzea eta horien inguruko baliabideak Nafarroako Foru Komunitatean.
25.–Osasun mentaleko arazoak edo zailtasunak dituztenen adingabe eta helduendako baliabideak Nafarroan.
26.–Atxikimendua. Azalpen-teoriak, atxikimendu motak. Atxikimendua nola eratu eta garatzen den. Atxikimendu-figurengandik banatzea eta horiek galtzea.
27.–Garapena bizitzaren bi eta sei urte artean: fisikoa eta psikomotorra, kognitiboa, komunikazioa eta hizkuntza, afektiboa, emozionala eta soziala.
28.–Garapena bizitzaren sei eta hamabi urte artean: kognitiboa eta sozioemozionala.
29.–Garapen kognitibo eta psikoemozionala nerabezaroan.
30.–Laguntza goiztiarra Nafarroan. Esku hartze eredua. Arreta eredua. Koordinazio sistema eta mailak.
31.–Nafarroako Foru Komunitatean adin txikikoak babesteko sistema. Babes neurriak eta dauden baliabideak.
32.–Haurtzaroko sexu-abusuak. Eredu argigarriak. Ondorioak. Aurrea hartzea, hautematea eta tratatzea.
33.–Esku-hartze psikosoziala familiekin eta adingabeekin haurren babesaren esparruan. Esku-hartzeen tipologia. Helburuak.
34.–Haurrei tratu ona ematea eta gurasotasun positiboa.
35.–Ikuspegi dialogikoa. Bideratze-lana eta praktika egokiak.
36.–Curriculum aniztasuna Nafarroan. Baliabide eta ibilbide pedagogikoak.
37.–Nafarroako hezkuntza-ekitaterako Baliabide zentroa NHEBZ.
38.–Haurren Babeseko egoeretan jarduteko gida, Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Sistemarako Sustatzea haurrei tratu ona ematea. Haurren babesgabetasunari aurre hartzea. Haurren babesa. Hautematea eta jakinaraztea. Jakinarazteko orria. Hezkuntza sistemak nola hartzen duen parte Haurren babesgabetasunari buruzko esku hartzean.
39.–Haurren Babeseko egoeretan jarduteko gida, Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Sistemarako Sustatzea haurrei tratu ona ematea. Haurren babesgabetasunari aurre hartzea. Haurren babesa. Hautematea eta jakinaraztea. Jakinarazteko orria. Osasun sistemak nola hartzen duen parte Haurren babesgabetasunari buruzko esku hartzean.
Iragarkiaren kodea: L2417615
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
