260. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

180C/2024 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Fundación Aspace Navarra para el Empleo enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusirik Fundación Aspace Navarra para el Empleo enpresak aurkeztu duen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31102272012024), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2024ko uztailaren 23an, eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek izenpetu baitzuten 2024ko uztailaren 17an.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Fundación Aspace Navarra para el Empleo enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31102272012024).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko urriaren 30ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

FUNDACIÓN ASPACE NAVARRA PARA EL EMPLEO (FANE) ENPRESAREN ZENTRO BEREZIAREN VIII. HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Hitzarmen kolektibo honek arautzen ditu Fundación Aspace Navarra para el Empleo enpresak eta haren langile eta lurralde eremuetako langileek dituzten lan-harremanak.

2. artikulua. Lurralde-eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Fundación Aspace Navarra para el Empleo enpresan lan egiten duten langileei aplikatuko zaie. Enpresaren barruan sartzen dira hala zentro okupazionala (UXANE eta ASPACE PRESS) nola enplegu zentro berezia (EZB).

3. artikulua. Denbora-eremua, hitzarmena salatzea eta indarraldia.

Hitzarmen kolektibo honek 2024ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta 2025eko abenduaren 31 arte iraunen du.

86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela epemugarik gabe harik eta bi alderdiek horren ordezko bat sinatzen duten arte.

Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ulertzen da hitzarmen hau salatuta gelditzen dela sinatzen den egunetik beretik.

4. artikulua. Pertsona-eremua.

Hitzarmen Kolektibo honek langile finkoak, behin-behinekoak, bitartekoak eta abar hartzen ditu, honakoetan ezarritako edozein kontratazio mota dutenak: Langileen Estatutuan eta hura garatzeko gainerako legerian, batik bat 427/1999 Errege Dekretuaren bidez aldatutako uztailaren 17ko 1368/1985 Errege Dekretuan (Enplegurako Zentro Berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duena). Hitzarmenaren aplikaziotik kanpo gelditzen dira gizarte boluntarioaren lana egiten dutenak edo prestakuntza praktiketan edo erlijio zereginetan ari direnak, eta FANEko Enplegurako Zentro Berezia entitatearekin zerbitzuen errentamendu kontratuak hitzartuak dituzten enpresen edo entitateen plantilletakoak.

II. TITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA

5. artikulua. Langileen sailkapena.

Langileak, betetzen duten lanaren arabera, lanbide talde, kategoria edo maila hauetakoren batean sailkatuko dira:

1. taldea.–Goi mailako teknikariak.

1.1. Zuzendari teknikoa.

1.2. Unitate operatiboko zuzendaria, laguntza prozesukoa, alorreko arduraduna.

1.3. Fabrikazio burua.

1.4. Terapeuta.

2. taldea.–Erdi mailako teknikariak.

2.1. Ataleko arduraduna.

2.2. Erdi mailako teknikaria.

2.3. Administrari-ofiziala.

2.4. Ataleko arduraduna.

2.5. 1. mailako gidaria.

2.6. Sukaldaria.

3. taldea.–Produkzioko eta zerbitzuetako langileak.

3.1. Soroslea.

3.2. 1. mailako ofiziala.

3.3. 2. mailako ofiziala.

3.4. 3. mailako ofiziala.

3.5. 1. mailako espezialista.

3.6. Espezialista.

Artikulu honetako lanbide taldeen sailkapena zerrenda hutsa baino ez da, baita haietako bakoitzean zehazten diren lanbide mailak ere, eta horrek ez dakar horiek guztiak beterik izateko betebeharra. Hala balegokio, lanbide talde edo maila berriak sor daitezke eginkizun zehatzak izanda, baldin eta egun aurreikusita daudenekin bat egiten ez badute.

Lanbide taldeen bidezko sailkapen hau egin da zenbait balorazio faktore interpretatuz, aplikatuz eta batera aztertuz (hala nola ezagutzak, esperientzia, ekimena, autonomia, erantzukizuna, agintea eta konplexutasuna), baita langileek egiten dituzten oinarrizko betebehar eta atazarik adierazgarrienak ere.

Honako hauek dira enpresako langileak sailkatzeko lanbide taldeak:

6. artikulua. Lanbide taldeen definizioa eta eginbeharrak.

1. taldea.–Goi mailako teknikariak.

Unibertsitateko edo maila bereko eskola teknikoko titulua edo esperientzia edo prestakuntza teknikoa frogatua izanik, kontratuaren xedeko erantzukizunari dagozkion eginkizunak betetzen ditu, bere arloko erantzukizuna bere gain hartuta.

1.1. Zuzendari teknikoa: FANEko produkzio eta zerbitzu arloko arduradun gorena da.

–Unitate operatiboetako zuzendariak koordinatuko ditu.

–Zuzendaritza teknikoko lanak eginen ditu eta prozesuak gainbegiratuko ditu.

–FANEren jarduera guztien produkzioa eta zerbitzuen prestazioa planifikatuko du.

–Konplexutasun, autonomia eta ekimen handiko lanak eginen ditu, hala nola: kalitatea eta sistemak bermatzea, arriskuak prebenitzea eta lan osasuna, langileak kudeatzea, merkataritza kudeaketa, unitate operatiboen urteko aurrekontuari kontrola eta segimendua egitea, laguntza prozesuko zuzendaritzekin eta FANEko zuzendaritzarekin elkarlanean.

–FANEko zuzendaritza taldean hartuko du parte. Eta hura ordezkatuko du, hala eskatzen zaionean.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

1.2. Unitate operatiboko, laguntza prozesuko eta arloko arduradunen zuzendaria: unitate operatiboko, laguntza prozesuko edo esleitutako arloko erantzukizun handieneko pertsona da.

–Bere unitateko, prozesuko edo alorreko kargudunak eta arduradunak koordinatuko ditu.

–Erantzukizun handiko eginkizunak beteko ditu bai eta bere unitateari, prozesuari edo alorrari esleitutako prozesuak gainbegiratzekoak ere.

–Bere unitateko, prozesuko edo alorreko jarduera guztien zerbitzua eta produkzioa planifikatuko ditu.

–Erantzukizun, autonomia eta ekimen handiko lanak eginen ditu bere unitate, prozesu edo alorraren barruan, hala nola: kalitatea eta sistemak bermatzea, arriskuak prebenitzea eta lan osasuna, langileak kudeatzea, merkataritza kudeaketa, unitate operatiboen urteko aurrekontuari kontrola eta segimendua egitea, laguntza prozesuko zuzendaritzekin, beste unitate operatiboekin edo alorrekin, EZBko zuzendaritza teknikoarekin eta FANEko zuzendaritzarekin elkarlanean.

–Laguntza prozesuetako eta unitate operatiboetako zuzendariek zuzendaritza taldean parte hartuko dute, eta hura ordezkatuko dute hala eskatzen zaienean.

Laguntza prozesuetako zuzendariek FANEko zuzendaritza batzordean hartuko dute parte.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

1.3. Fabrikazio burua: fabrikazio langileen zuzeneko arduraduna da (produkzioa, mantentze-lanak, zerbitzu osagarriak, etab.), baita bere zentroko edo zerbitzuko beste kargudun eta aginteena ere. Halaber, ardura du lana banatzearen, diziplinaren, pertsonen segurtasunaren, ingurumena errespetatzearen eta bere alorreko eta bere erantzukizun mailako bezero eta hornitzaileekiko harreman zuzenaren gainean.

–Bere gain dauzka lantegiko zuzendaritzaren eta produkzioaren kontrola eta planifikazioa.

–Lan kargak, produkzio eta hobekuntza azterlanak, errendimenduak, etab. ere kontrolatuko ditu.

–Elkarlanean arituko da bere unitate operatiboko zuzendaritzarekin helburuak eskuratzeko eta EZBko beste zentro edo zerbitzuekin koordinatzeko.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

1.4. Terapeuta: bere eginkizunak betetzeko titulu ofiziala izanda, eskeletoko alterazioak prebenitzeko eta errehabilitazioko tratamenduak egiten ditu, bitarteko fisiko odolik gabekoen bidez (fisioterapeutaren kasuan). Pedagogoaren kasuan, etengabeko prestakuntzako eginkizunak edo errehabilitaziokoak eginen ditu, bere alorraren barrenean.

–Bere jarduerak koordinatuko ditu PASYP laguntza prozesuko zuzendariarekin.

–Egin beharreko programak eta terapiak ezarriko ditu.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2. taldea.–Erdi mailako teknikariak.

2.1. Ataleko arduraduna: gaia behar bezala ezaguturik, unitate operatiboko zuzendaritzak, laguntza prozesuko zuzendariak edo fabrikazioko buruak agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

–Lanak zuzentzea eta esleitzea bere produkzio ataleko, lantalde mugikorreko, enklabeko, lantokiko edo laguntza zerbitzuko langileei.

–Lana banatzea, diziplina, pertsonen segurtasuna, ingurumena errespetatzea eta bere ataleko, zentroko, lantalde mugikorreko, enklabeko edo zerbitzu osagarriko bezero eta hornitzaileekiko zuzeneko harremana, unitate operatiboko zuzendariak, laguntza prozesuko zuzendariak edo fabrikazio buruak gainbegiratuta.

–Esleitutako alorraren erantzukizuna bere gain hartzea, prozesu operatiboko zuzendaria, unitate operatiboko zuzendaria edo fabrikazio burua ez dagoenean.

–Produkzioa edo zerbitzua bermatzea, bezeroak kalitatean, zerbitzuan eta/edo kantitatean egiten dituen errekerimenduen arabera.

–Bere ardura etengabe hobetzen jardutea eta prestakuntzarako ekintzak, produkzioa hobetzekoak edo zerbitzua ematekoak eta antolaketa proposatzea.

–Bere kargurako langileei laguntzea emaitzarik hoberenak lortzeko, eta bere mendeko langileen beharrak eta arazoak atzeman eta bideratzea.

–Bere ardura diren makina, instalazio, material, eta beste elementuak egoera ezin hobean mantentzea.

–Kontrolpean edukitzea erreminten, tresnen, osagarrien eta bere agindupekoek lana egiteko behar dituzten beste elementuen egoera.

–Elkarlanean aritzea unitate operatiboko zuzendariarekin, laguntza prozesuko zuzendariarekin edo fabrikazio buruarekin, bere ataleko, zentroko, lantalde mugikorreko, enklabeko edo zerbitzu osagarriko helburuak erdiesteko.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2.2. Erdi mailako teknikaria: kategoria honetakoak dira, berariazko kualifikazio teknikoa izanik, zerbitzu edo alor zehatz batean eginkizun teknikoak betetzen dituztenak, betiere bertako arduradunaren menpean.

2.3. Administrari-ofiziala: gaia behar bezala ezaguturik eta laguntza prozesuko zuzendariaren agindupean, administrazio tramitazioa antolatu eta egiten du: fakturazioa, albaranak, kontabilitatea, txostenak, erosketen segimendua eta alor ekonomiko-finantzarioko beste lan batzuk.

–Orobat, bere erantzukizuneko kudeaketak egiten ditu, EZBren barruan zein kanpoan.

–Laguntza prozesuarekin elkarlanean aritzeko, telefonoa eta bisitak hartzen ditu, langileen asistentzia erregistratzen du eta laguntza lanak egiten ditu unitate operatiboko, laguntza prozesuko eta zuzendaritza teknikoko zuzendarientzat.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2.4. Sekzioko nagusia: gaia behar bezala ezaguturik, unitate operatiboko zuzendariak, zuzendari teknikoak, ataleko kargudunak eta/edo laguntza prozesuko zuzendariak agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

–Bere ataletik (mantentze-lanak, informatika eta kalitatea) koordinatzen da bere zerbitzuak behar dituzten zentro, lantalde mugikor, enklabe edo zerbitzu osagarriekin.

–Kargudunekin elkarlanean aritzea bere eginkizunetan eta haiek ordezkatzea bertan ez daudenean.

–Bere erantzukizuneko jarduerak hobetzen jardutea etengabe eta hobekuntzak, prestakuntzako ekintzak eta antolaketakoak proposatzea.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak betetzea, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2.5. Lehen mailako gidaria: C1 gidabaimena edukita (3.500 kg-tik gorako ibilgailuei dagokiena), EZBko ibilgailuak gidatu, kargatu, deskargatu, garbitu eta mantentzen ditu, behar bezala funtziona dezaten.

–Gestioak eskatzen ahal zaizkio berezko zentro eta zerbitzuetan zein besteetan.

–Ardura izanen du garraiatzen dituen kargen kontrolaren eta segurtasunaren gainean.

–Segurtasun neurriak begiratuko ditu, salgaiak garraiatzen dituenean eta, are gehiago, pertsonak eramaten dituenean.

–Trafikoaren erregelamenduan biltzen diren arau guztiak beteko ditu bere erantzukizunei eta eginkizunei dagokienez.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko dituzte, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkien beste batzuk ere.

2.6. Sukaldaria: behar bezalako ezagutzak izanik, eta gobernantaren agindupean, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

–Menuak prestatuko dituzte.

–Bere ardura diren elementu guztiak (hozkailuak eta izozkailua, labea, erauzgailua, frijigailua, sutegia, apalak eta mahaigainak, biltegiak, aldagelak, sukaldeko eremu osoa eta gainerako tresnak) behar bezala kontserbatu, garbitu eta mantendurik daudela bermatuko dute.

–Eskaerak prestatuko dizkiete sukaldeko hornitzaileei.

–Eguneroko garbiketa eta garbiketa orokorra eginen dizkiete sukaldeko eta jantokiko eremu, ontzi eta tresna guztiei.

–Jantokian eta sukaldean sortzen diren hondakinak eta zaborrak egunero eramanen dituzte edukiontzietara, eta organikoa eta inorganikoa bereiziko, haien tratamendurako zabor bilketarako zerbitzuen aldetik.

–Janaria zerbitzatuko diete bezeroei.

–Arduradunarekin batera, menuak prestatuko dituzte ostatu hartuta daudenen betebeharrak asetzeko. (Dieta bereziak, zeliakoentzat, barazkijaleentzat, dietak kirolarientzat, haurrentzat...).

–Sukaldaritza zerbitzua itxita egoten denean, lankideekin arituko dira elkarlanean esleitzen zaizkien lanetan.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko dituzte, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkien beste batzuk ere.

3. taldea.–Produkzioko eta zerbitzuetako langileak.

3.1. Soroslea: gutxienez igerilekuko soroslearen titulazioa edukirik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

–Igerilekua zaintzea eta, hala behar denean, laguntza ematea oinarrizko bizi-euskarria mantentzeko, inprobisaturiko bitartekoekin funtsean.

–Igerilekuan mantentze-lanak egitea: pH-a kontrolatzea, makineria, hondo-eskobatzailea, hondartza-igerilekua eta bere erantzukizuneko beste edozein instalazio errebisatzea.

–Aldagelak, komunak, dutxak, botikina eta bere erantzukizuneko beste edozein gela egoera ezin hobean mantentzea.

–Bere ataleko edo zerbitzuko langileekin elkarlanean aritzea beharrezkoa denean eta aurretik aipaturiko eginkizunak betetzen ez dituenean.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak betetzea, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

3.2. 1. mailako ofiziala: behar bezalako ezagutzak edukita, jarduera zehatzen gainean erantzukizunak bere gain hartuta eta arduradunak gainbegiratuta, akabera eta perfekzio handiko egite lanak betetzen ditu, autonomiarekin eta ekimenarekin.

3.3. 2. mailako ofiziala: behar bezalako ezagutzak edukita eta arduradunak gainbegiratuta, bere laneko hainbat fase autonomia osoz egin ditzake.

3.4. 3. mailako ofiziala: behar bezalako ezagutzak edukita eta kategoria handiagoko batek zuzenean gainbegiratuta, bere laneko hainbat fase autonomiaz egin ditzake.

3.5. 1. mailako espezialista: menpekotasun handiz eta oso jarraibide zehatzez egiten ditu lanak. Esfortzu fisikoa beharrezkoa izan daiteke, oso oinarrizkoa da prestakuntza eta denbora laburra behar du egokitzeko; kategoria horretako hainbat lanpostutarako balio du.

3.6. Espezialista: menpekotasun handiz eta oso jarraibide zehatzez egiten ditu lanak. Esfortzu fisikoa beharrezkoa izan daiteke; prestakuntza urria edo ezagutzak oso oinarrizkoak; egokitzeko denbora laburra behar du.

3. taldeko pertsona horiek guztiak EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko dituzte, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkien beste batzuk ere.

Artikulu honetan lanbide sailkapen bakoitzarentzat adierazi diren eginkizun eta lanak adibide moduan jarri dira. Hortaz, langile guztiak gainean dituzten agintariek agintzen dizkieten bestelako lan eta eginkizunak egitera behartuta daude, hemen adierazi ez badira ere; betiere, beren eskumen eta kategoriaren barrenekoak baldin badira.

7. artikulua. Lanbide sustapena.

FANEn hutsik dauden lanpostuak, zuzendaritzak erabakirik, bete edo amortizatzen ahalko dira, hala baderitzo, lanaren, garapen teknologikoaren, jarduera aldaketen eta komenigarri egiten duten bestelako inguruabarren arabera.

Betetzen badira, eta, oro har, FANEk argitaratuko ditu lantoki bakoitzeko iragarki oholean, ordezkapeneko zein sorrera berriko lanpostu hutsen deialdia, eta ondoko hauek jasoko dira bertan: lantokia, lanbide taldea, kategoria, lanpostuaren profila, beharrezko prestakuntza, hautatzeko sistema, eskaerak aurkezteko eta prozesua ebazteko eguna.

Irizpide eta/edo proba objektiboei jarraituz aukeratuko da izangaia, haren merezimendua eta gaitasuna neurtuz; halaber, FANEk ezartzen dituen proben bidez, eta betiere FANEko esperientzia kontuan hartuko da.

Plantillako langileek lanbidean gora egin dezaten, lanpostu hutsak betetzeko, aldi berean FANEtik kanpoko izangaiak eta plantillakoak lehiatzen diren prozesuetan, azken horiek izanen dute lehentasuna baldintza berdinetan.

Nolanahi ere, jardun profesionalean aginteko funtzioak edo konfiantza eta erantzukizun bereziak dituzten lanpostuak izendapen libreko sistemaren bidez beteko dira FANEko egituraren edozein mailatan, edo zuzendaritzaren iritziz, kontratazio berri batekin.

Hitzarmen honek indarra duen bitartean, sustatuko da langileak mailaz igotzea FANEn bertan eta lan merkatu arruntean sartzea, gure Fundazioaren "Empleo con Apoyo" izeneko programaren bidez.

III. TITULUA.–LANEAN HASTEA ETA LANA UZTEA, PROBALDIA

8. artikulua. Kontratuak.

Desgaitasunaren ziurtagiria edo antzekoa dutenentzat, kontratu guztiak idatziz formalizatuko dira, eta Enplegurako Zentro Berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duen uztailaren 17ko 1368/1985 Errege Dekretuan, martxoaren 12ko 427/1999 Errege Dekretuak aldatu zuen hartan, ezarritakoari men eginen zaio.

Kontratuen iraupenari eta motei dagokienez, 1368/1985 Errege Dekretuaren 7. eta 10. artikuluetan, 427/1999 Errege Dekretuaren bidez eman zaion idazketan, agindu bezala eginen da.

Gainerako langileei Langileen Estatutuan xedatutako araudia aplikatuko zaie.

9. artikulua. Aldi baterako laneko enpresak.

Zuzendaritzak, oro har, aldi baterako lan enpresez ez baliatzeko hitza ematen du. Horregatik, bakarrik aparteko kasuetan, Enpresa Batzordearen kide gehienak ados daudela, izenpetzen ahalko dira kontratuak aldi baterako lan enpresekin langileak atzemateko.

10. artikulua. Probaldia.

Langileak enpresan lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da, idatziz horrela agertzen bada. Probaldi horrek iraupen aldakorra izan dezake, bete beharreko lanpostuen eta gainerako inguruabarren arabera. Hala ere, probaldiak ez du inola ere lau hilabetetik gora iraunen.

11. artikulua. Lana borondatez uztea.

FANE bere borondatez utzi nahi duen langileak gutxienez 15 egun lehenago horren berri eman beharko du. Aurreabisu horren epea ez betetzeak azken likidazioan eta kitapenean kenketa bat ekarriko du, eta haren balioa aurreabisua egin behar zuenetik egin duenera bitarteko egunei dagokien lansaria adinakoa izanen da.

FANE, aurreabisua garaiz eta behar bezala jasotzen badu, beharturik egonen da, lan harremanari bukaera ematean, langileari dagokiokeen azken likidazioa eta kitapena ematera. Eginbehar hori bete ezik, langileak eskubidea izanen du kalte-ordain bat hartzeko. Honelaxe kalkulatuko da: atzeratu den egun bakoitzeko bi eguneko lansaria pagatuko zaio, gehienez ere 15 egunekoa.

IV. TITULUA.–LAN OSASUNA

12. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Arlo honetan, une bakoitzean indarra duen legeriak agintzen duenari jarraituko zaio, eta, bereziki, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak eta hura garatzen duten arauek ezarritakoari.

13. artikulua. Laneko arropa eta babes-jantziak.

Segurtasun oinetakoak edo, legez hala ezartzen denean, beharrezkoa den beste edozein babes ekipamendu emanen zaizkie langileei. Segurtasun ekipamendu horiek jasotzen dituzten langileak derrigorturik daude haiek erabiltzera eta behar bezala mantentzera.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa ukatu gabe, jantzi eta ekipamendu horiek guztiak zentzuz erabili eta hondatzen diren heinean berritu beharko dira. Alde horretatik, berariaz ezartzen da ezen zuzendaritzak, edo horrek eskuordetzen duenak, erabilitako jantziak eta ekipoak eskatzen ahal dituztela berriak eman baino lehen, bai urtero eskura ematen direnean, bai berriak ematen direnean, bai langilearen harremana FANErekin hausten denean.

Plantillako langile guztiei udako nahiz neguko arropa emanen zaie. Arropa hori zerbitzuaren beharretara egokituko da eta arriskuen prebentzioaren arloan ezarritako baldintzak bete behar ditu.

Arlo honetaz sor daitezkeen gorabeherak, hala nola, jantziak aldatzeko datak eta maiztasuna, arropa mota eta haren ezaugarriak, eta abar, enpresa batzordeak eta FANEko zuzendaritzak elkarrekin eztabaidatu ondoren erabakiko dira.

V. TITULUA.–LANALDIA, OPORRAK, LIZENTZIAK ETA ESZEDENTZIAK

14. artikulua. Lanaldia.

Benetan egiteko 1.593 lanordu izanen ditu urtean langile bakoitzak.

"Baztan" gazteen aterpetxearen kasuan, 15 minutuko atsedenaldia benetan egiteko lanaldiaren barrenean egonen da, goizeko txandan (8:00etatik 15:30 arte) zein arratsaldekoan (15:30etik 23:00ak arte).

Alderdiek hitzartzen dute, Langileen Estatutuaren 34.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, 10 ordukoa izanen dela gaueko txandan Iruñeko Jesus y Maria aterpean aritzen diren langileen eguneko lanaldia.

Halaber, fisioterapiaren zerbitzuarekin lantokian egiten duen errehabilitaziorako denbora lanalditzat hartuko da.

15. artikulua. Lanaldi irregularra.

Bi alderdiek erabaki dute indarrik gabe uztea Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan xedatua eta %0ean ezarri dute lanaldia modu irregularrean banatzeko aukera (hori kontrako ituna da).

16. artikulua. Atsedenaldiak.

15 minutuko atsedenaldia ezarri da ogitartekoa hartzeko, bai lanaldi jarraituko langileentzat bai lanaldi zatitukoentzat. 15 minutuko atsedenaldia ez da benetan lan egindako denboratzat hartuko, salbu eta "Baztan" gazteen aterpetxearen kasu bakarrean, bertan, salbuespenez, benetan lan egindako lanalditzat joko baita.

Antolaketaren edo produkzioaren arrazoiak direla-eta, komenigarria denean, zentroan luzatzen ahal dira atsedenaldiak eta haien iraupena.

Halaber, zuzendaritzak zentroen eta zerbitzuen berariazko ordutegietako atsedenaldiak zehaztuko ditu. Atsedenaldi horiek, hala komeni denean, aldatzen ahalko dira antolaketaren edo produkzioaren arabera.

Lanaldien arteko eta asteko atsedenaldiei dagokienez, zuzendaritzak prestaturiko ordutegi eta egutegietan xedatu bezala eginen da. Horiek, betiere, legeak unean-unean ezarritako gutxieneko iraupenak errespetatu beharko dituzte.

17. artikulua. Lan-egutegia.

Urtero, bezeroen eskakizunen arabera, FANEk lan-egutegia prestatuko du. Bertan, txanden, ordutegien eta lanegunen sistemak jasoko dira FANEk bere egituran dituen atal, zerbitzu eta zentroetarako, baita langile bakoitzaren banakako egutegia ere, norberaren txanda eta ordutegi espezifikoekin. Urteko egutegia prestatu aurretik, zentroko zuzendaritzak kontsulta eginen dio langileen legezko ordezkaritzari.

Lan-egutegi horrek eginen da benetan egiteko 1.593 lanordu oinarri hartuta.

Zentro bakoitzeko lan-egutegia aurreko urteko abenduren 15erako finkatuta egon beharko da, langileei egun horretan emanen zaie, eta iragarki-taulan jarriko da.

18. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean 30 egun naturaleko opor pagatuak izanen dituzte, 22 lanegun alegia.

Urteko opor horiek, urte naturalean hartu beharko direnak, ezin izanen dira eskudirutan ordaindu, salbu eta lan harremana hautsiz gero edo eszedentzia hartuz gero.

Urte naturalean kontratatutako langileek lan egiten duten denborari proportzioan dagozkion opor egunak izanen dituzte.

Oporrak, horiek hartzean langileak kobratzen duen benetako soldataren arabera pagatuko dira.

Oporretarako txandak urtero zehaztuko dira, urteko lehen hiruhilekoan, zuzendaritzaren eta langileen batzordearen arteko adostasunaren bidez eta bezeroen zerbitzu beharrak kontuan hartuz. Nolanahi ere, oporren zehaztapena eta horien gainean egin beharreko doikuntzak bi hilabeteko aurreabisuarekin jakinaraziko dira.

Hori horrela, bezeroen zerbitzu beharrak ezagutu ahala zentro edo zerbitzuetan, zuzendaritza eta langileen batzordea, hitzarmena interpretatu eta betearazteko batzorde mistoan, oporrak hartzeko egunak zehaztuz joanen dira gela, atal, lantalde edo zentro bakoitzerako. Data hauek ezartzean, posible bada aukera edo egun batzuen artean hautatzea, ahalik eta lasterren jakinaraziko zaie langileei, beren eskura dauden txanden edo egunen artean hautatu ahal izan dezaten. Kasu horietan, langileak hautatu ondoren, ezarritako egunak ezin aldatuko dira, salbu eta langilea eta zuzendaritza espresuki ados badaude.

Azken kasu hauetan lortu nahi den helburua denez oporrak zenbait zentro, lantalde edo zerbitzutan gutxieneko lanari eta bezeroendako zerbitzuari eutsiz hartzea, espresuki ahalmena ematen zaio hitzarmena interpretatzeko batzorde mistoari gutxieneko lana bermatu, oporrak hartzeko lehentasunezko irizpideak eta metodoak ezartzeko, helburu hori ahalik eta hobekien erdiesteko. Lan maila eta lehentasunezko irizpide horiek ukituriko langileei jakinaraziko zaizkie, horiei lotuz norberak bere oporrak hartu ahal ditzan.

Gainera, oporren luzapen bat ezartzen da, antzinatasunaren arabera. Opor gehigarri gisa, egun bat gehiago hartuko dute FANEn gutxienez 18 urteko antzinatasuna duten langile guztiek.

Opor gehigarri gisako egun hori hartzeko, langileak jakinarazi beharko du, ahalik eta lasterren, zein egunetan hartu nahi duen, eta halaber, egun hori onartu beharko dio bere ataleko arduradunak.

Egun hori ez onartzeak ekarriko du egun horretan oporrik hartu ezin izatea. Kausa objektiboak eta frogatzeko modukoak arrazoitu beharko dira horretarako, hala nola egun horretan beste eskaera batzuk daudela, baja, baimen edo beste opor batzuekin batera dela, eta, oro har, antolaketa edo produkzioaren arloetako beste edozein dagoela.

Ildo horretan, ahalmena ematen zaio hitzarmena interpretatzeko batzorde mistoari, sortzen diren kasu zehatzak ikusi ahala, alor horretan bidezkoak juzgatzen dituen erabaki guztiak har ditzan, hala nola gutxieneko portzentajeak ezartzea atal eta/edo lanpostuetan aritzeko, lehentasunezko irizpideak eskaerek bat egitean, aurreabisuak, etab.

19. artikulua. ABEa oporretan.

Langile batek aldi baterako ezintasuna duenean oporraldi osoan edo zati batean, lanera itzuli ondoren eskubidea izanen du bajan egon den bitartean izandako opor egunen kopuru bera hartzeko, zegokien urte naturala bukaturik badago ere, baldin eta 18 hilabete baino gehiago ez badira igaro sortu ziren urtearen bukaeratik.

Oporrak hartzeko egun berriak ukitutakoaren eta zuzendaritzaren artean zehaztuko dira.

20. artikulua. Baimen ordainduak.

Langileek, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik abisatuz eta ondoren justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:

a) Ezkontza: 15 egun natural.

b) Haur baten jaiotza: 4 egun.

c) Heriotzagatik.

–Ezkontidea: 6 egun.

–Seme-alabak: 6 egun.

–Gurasoak: 3 egun.

–Anai-arrebak: 3 egun.

–Aitona-amonak eta bilobak: 2 egun.

–Bigarren maila bitarteko ezkontza bidezko ahaideak: 2 egun.

d) Ondokoen istripu edo gaixotasun larria, ospitaleratzea edo ospitalizaziorik behar ez izan arren etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa:

–Ezkontidea: 5 egun.

–Seme-alabak: 5 egun.

–Gurasoak: 5 egun.

–Anai-arrebak, aitona-amonak, ilobak: 5 egun.

–Bigarren maila bitarteko ezkontza bidezko ahaideak: 5 egun.

–Aurrekoak ez beste edozein pertsona, langilearekin etxebizitza berean bizi dena eta haren zaintza eraginkorra behar duena: 5 egun.

c) eta d) ataletako kasuetan baimenak hartzeari begira, kasu bakartzat hartuko dira ebakuntza eta hura prestatzeko aldez aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak. Halaber, espresuki ezartzen da baimena ezin izanen dela ospitaleratzeko aldia baino luzeagoa izan.

Ospitaleraturik daudenean, egoerak irauten duen denbora guztian izanen da baimena hartzeko aukera. Ezein kasutan ezin izanen dira hartu, gozamen gerokotuaren sistema berri honen bidez, gertaera eragilearen ondotik egokituko litzaizkiokeen baino lan egun gehiago.

c) eta d) arrazoiengatik langileak 60 kilometrotik gorako joan-etorri bat egin behar duenean, baimen horri egun bat gehituko zaio, eta bi egun, aldiz, Nafarroarekin mugakide ez den probintzia batera joan behar duenean.

e) Ohiko bizilekuz aldatzea (ezkontzaren ondoriozkoarekin bat ez badator): egun bat.

f) Aiten, amen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontzagatik: egun bat.

g) Behar den denbora hartzen ahal da Gizarte Segurantzan familiaren medikuari eta sendagile espezialistei egin beharreko kontsulta medikoen kasuetan eta errehabilitaziorako tratamendu mediko-funtzionaletan eta lanbidearen arloko orientazio, prestakuntza eta berregokitzapen ekitaldietan parte hartzeko, lanaldiz kanpo joaterik ez dagoenean eta seihilabetekoan hamar egun baino gehiago ez direnean.

h) Behar den denbora hartzen ahal da Gizarte Segurantzan familiaren medikuari eta sendagile espezialistei egin beharreko kontsulta medikoen kasuetan, lanaldiz kanpo joaterik ez dagoenean eta seihilabetekoan hamar egun baino gehiago ez direnean.

i) Behar den denbora hartzen ahal da gaixotasun larri bat duten lehen mailako ahaideak medikuaren kontsultara laguntzeko, izan familia medikua edo espezialista, baldin eta lanorduetatik kanpo joatea ezinezkoa bada eta, betiere, seihileko batean absentzia horiek 10 egunetik gorakoak ez badira. Gaixotasun larritzat hartuko dira uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretuan jasota daudenak, betiere mediku espezialista batek behar bezala frogatuta daudenean.

j) Betebehar publiko eta pertsonal baterako, beharrezkoa den ezinbesteko denbora.

k) Behar-beharrezkoa den denbora, azterketetara eta gaitasun eta ebaluazio probetara joan ahal izateko, langileek izena ematen dutenean titulu akademiko bat lortzeko edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio bat lortzeko asmoz HZMak eta/edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan.

l) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza-lanetan aritzeko denbora, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

m) Behar-beharrezkoa den denbora, erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanorduetan egin behar badira.

n) Norberaren aferetarako: Enpresan gutxienez 4 hilabeteko antzinatasuna duten langileek norberaren aferetarako 3 egun hartzen ahalko dituzte urtearen amaieran, jarraian ezarritako baldintzetan.

Langileak erabakiko du noiz hartu norberaren aferetarako egunak; egun bat baliatu beharko du urteko lauhileko bakoitzean. Norberaren aferetarako egun horiek lanaldi erditan hartzen ahalko dira, baldin eta errespetatzen bada lauhileko bakoitzean egun bat hartzeko konputua.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, une oro bermatu behar da FANEren atal eta zentro bakoitzean langileen %85 gutxienez laneratzea txanda bakoitzeko. Portzentaje horretara iritsi ezean, zuzendaritzak ukatu dezake baimena hartzea.

Norberaren aferetarako egunak gutxienez 5 egun lehenago jakinaraziko dira, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Oro har urteko lauhileko bakoitzean egun bat baliatu behar dela ezarri bada ere, bestela ere baliatzen ahal dira egunok zuzendaritzarekin akordioa lortzen bada.

b) eta f) bitarteko ataletako lizentziak, biak barne, lanegunetan kontatuko dira, eta, d) ataleko ospitaleratzeetarako egindako oharraren kasuan salbu, gertaera eragilea sortu den unetik beretik hartuko dira.

Ezkontideaz esaten dena aplikatuko zaie, orobat, langilearekin izatezko bikote gisa bizi diren pertsonei, baldin eta egoera hori egiaztatzen badute Nafarroako bikote egonkorren erregistroan inskribatuta daudela dioen ziurtagiri baten bidez.

21. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.

Enpresan urtebeteko antzinatasuna duten langileek 15 egun lehenagotik eskatuz gero, gutxienez hamabost eguneko bi baimen hartzen ahalko dituzte urtean, betiere baimena guztira hiru hilabetetik gorakoa ez bada. Baimen hori zentro bakoitzeko oporraldietan lortzeko, enpresaren aldez aurreko baimen idatzia beharko da. Aldi edo inguruabar horietatik kanpo, baimena automatikoki emanen da, baldin eta zentro bakoitzerako ezarritako gutxieneko presentzia maila betetzen bada. Baimena emateak ez du inolako eraginik izanen langileen oporretan. Legezko ondorio guztietarako, baimen horiek eszedentzia gisa tramitatuko dira, enpresara itzultzea salbuetsita; izan ere, baimena bukatu eta besterik gabe itzuliko baita langilea.

22. artikulua. Eszedentziak.

22.1. Borondatezko eszedentzia norberaren aferetarako.

FANEn gutxienez urtebeteko antzinatasuna daukan langile orok aukera izanen du hiru hilabetetik urtebetera bitarteko borondatezko eszedentzia hartzeko, lanpostua gorderik. Lanpostua gorderik izateko epe hori iraganda FANEra itzuli gabe, urtebeteko luzapen bat eska daiteke, lanpostua gorderik izan gabe, baina lehentasunezko eskubidea edukita egun horretan FANEn izan litezkeen kategoria bereko edo antzeko lanpostu hutsetan sartzeko, betiere, eskubide hori baliatzeagatik FANEk ez baditu galtzen langilearen ezintasunagatik enplegurako zentro berezi gisa jaso beharko lituzkeen dirulaguntzak. Kasu horretan, langilea itzuliko da egoera hori amaitzen denean.

Eszedentziarako eskaera, eta lanera itzultzekoa ere, idatziz egin beharko da, 15 egun lehenagotik gutxienez.

Oro har, beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, langilea lanpostura itzultzen denetik gutxienez urte bat igaro beharko da.

22.2. Borondatezko eszedentzia lan munduan sartzeko.

FANEn ezintasuna duten pertsonak lanean sar daitezela sustatzeko asmoz, ezartzen da ezen, ezintasuna duela frogatuta, enpresa arrunt batean (EZB ez dena) zerbitzu ordainduak egin nahi dituen langile orok eskubide izanen duela arrazoi hori dela-eta borondatezko eszedentzian egoteko aukera aitor diezaioten bost urtera bitartean, lanpostua gorderik, betiere eskubide hori baliatzeagatik FANEk ez baditu galtzen langilearen ezintasunagatik enplegurako zentro berezi gisa jaso beharko lituzkeen dirulaguntzak. Kasu horretan, langilea itzuliko da egoera hori amaitzen denean.

22.3. Eszedentzia seme-alabak eta lehen mailako ahaideak zaintzeagatik.

Langile orok eskubidea izanen du eszedentzia hartzeko seme-alabak zaintzeko, gehienez ere hiru urtekoa, lanpostua gordeta, jaiotegunetik edo, hala badagokio, ebazpen judizial edo administratiboaren egunetik hasita adingabeak 12 urte betetzen dituen urteko abenduaren 31ra arte. Atal honetan jasotako eszedentzia zatika hartzen ahalko da.

Era berean, ezartzen da langile guztiek eskubidea izanen dutela eszedentziaren epe baterako, lanpostua gorderik, mendekotasuna duen lehen mailako ahaide bat zaintzeagatik, betiere hura behar bezala frogatzen bada, egoera horrek irauten duen bitartean, baina hiru urtez gehienez ere.

Ahaideak zaintzeari buruzko gainerako kasuetarako, aurreko atalean aurreikusten ez diren horietarako, Langileen Estatutuaren 46.3 artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

22.2 eta 22.3 kasuetan, langileak egoera horiek frogatu beharko ditu, eta hamabost egun igaro baino lehen jakinarazi beharko dio FANEri haiek aldatzen direnean (enpresa edo laguntzen diren pertsonak aldatzea), eta FANEk agiri bat prestatuko du, aldaketa horiek jasoz. Bestela, eszedentzia bukatutzat joko da, aurretik itundutakoa bukatuta.

22.4. Gainerako kasuak.

Aurreko ataletan aurreikusi ez diren gainerako eszedentzia kasuetarako, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan xedatuari jarraituko zaio (Laneko eta Familiako Eginkizunak Batera Eramateari buruzko azaroaren 5eko 39/1999 Legearen ondoko idazketa), baita aplikatu beharreko beste edozein legezko arauri ere.

23. artikulua. Amatasuna eta aitatasuna.

Arlo hauei dagokienez, men egin beharko zaie Langileen Estatutuaren 37. artikuluari (4. ataletik 6.era), 45.1 d) artikuluari eta 48. artikuluari (4. eta 5. atalak), baita aplikatu beharreko beste edozein legezko arauri ere.

Familiako arduren banaketa orekatuagoa izan dadin, gurasoei aitortzen zaie aitatasun-amatasuneko prestaziorako eta baimenerako eskubidea, lan araudian eta Gizarte Segurantzan aurreikusi bezala.

24. artikulua. Lanaldi murrizketak eta bularreko haurraren zaintza.

Langileek hautatzen ahal dute edo bularreko haurra zaintzeko eskubidea baliatzea (Langileen Estatutuaren 37.4.1 artikuluan erregulatu bezala), edo artikulu horren arabera izan ditzakeen ordu guztiak metatzea hiru aste naturaleko epe bakar batean. Langileak hiru aste horiek edozein unetan har ditzake, etenik gabe, haurrak bederatzi hilabete bete bitartean.

Hauxe da langileek jarraitu beharreko prozedura bularreko haurra zaintzeko hiru asteko baimena metaturik hartzeko: kontratuaren etenaldia jaiotzagatik bukatuta, bularreko haurra zaintzeko eskubidea metaturik baliatu nahi duen langileak idatziz jakinarazi behar dio zuzendaritzari, 24 orduko epean, jasota geldituta hiru aste horiek hartzeko egunak.

Kasu horietan, langileak erabakitzen duenean hiru asteko aldi bakar batean metatzea bularreko haurra zaintzeko eskubidezko orduak, ondoren ezin izanen du bularreko haurra zaintzeko eskubidea eskatu, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarrita dagoena, metatuta hartua izateagatik.

Bularreko haurra zaintzeko eskubidea metaturik hartzeko aukera aitak nahiz amak balia dezakete, biek lan egiten badute. Hala ere, FANEko bi langilek gertaera eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, FANEko zuzendaritzak mugatzen ahalko du eskubide hori aldi berean baliatzea, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoiengatik.

25. artikulua. Legezko zaintza.

Legezko zaintza dela-eta, langileren batek bere kargura baldin badu hamabi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasuna duen pertsona bat, eskubidea izanen du eguneko lanaldia murrizteko, soldata ere hein berean murriztuta, haren iraupenaren zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere.

Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezkoa– zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.

Atal honetan ezartzen den lanaldi murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, zuzendaritzak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.

VI. TITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK

26. artikulua. Soldata egitura.

Soldaten egiturak honako hauek bilduko ditu: kategoria bakoitzeko oinarrizko soldata bat, denbora edo lan-unitateko sari finko gisa, eta, hala bada, kasuan-kasuan bidezko diren soldata osagarriak.

Kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren bidez hitzarmen honetan ezarritako lanaldi arrunta nahiz atsedenaldiak ordaintzen dira.

Langileen Estatutuaren 26.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hitzarmen honetan ezarrita dauden ordainsari guztiak gordinak dira.

2024. urterako soldata-taulak dokumentu honen II. eranskinean jasota daude.

2025. urterako, erabaki da Nafarroako 2024ko KPI erreala bi puntutan hobetuta igotzea 2024ko soldata-taulak.

27. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Gauean lan egiten dutenentzat gaueko lanaren plusa ezartzen da. Haren zenbatekoa erantsitako soldata-tauletan ezartzen da.

Gaueko lana izanen da indarreko araudian zehazten den ordutegia.

28. artikulua. Igande eta jaiegunetako plusa.

Igande eta jaiegunetako plus bat ezartzen da, 7,50 eurokoa benetan lan egindako ordu bakoitzeko, igandeetan edo jaiegunetan lan egiten duten langileentzat. Plus hori ordaintzearekin desagertzen da igandeetan edo jaiegunetan lan egiteagatik orain arte atsedenalditan ematen zen konpentsazioa.

29. artikulua. Eguberrietako jaiegun berezietako plusa.

Eguberrietako jaiegun berezietako plusa ezartzen da, 66,62 eurokoa benetan lan egindako egun bakoitzeko, abenduaren 24an, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, arratsaldeko nahiz gaueko txandan aritzen diren langileentzat.

Eguberrietako jaiegun berezietako plusa ezartzen da, 53,29 eurokoa benetan lan egindako egun bakoitzeko, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta urtarrilaren 6an, goizeko nahiz arratsaldeko txandan aritzen diren langileentzat.

30. artikulua. Fideltasun saria.

Aparteko eskersaria ezartzen da, finkaezina, "harreman luzearen saria" izenekoa. Behin jasoko da, enpresan 21 urte egiten direnean.

Sari horren zenbatekoa oinarrizko soldataren hilabeteko bat izanen da.

31. artikulua. Aparteko haborokinak.

Fundación Aspace Navarra para el Empleo enpresako langile guztientzako aparteko bi haborokin egonen dira: udakoa eta Eguberrietakoa. Haietako bakoitzaren zenbatekoa, osorik sortuz gero, hilabeteko oinarrizko soldata izanen da.

Aparteko paga horiek urtean urteko ekainaren 30ean eta abenduaren 22an ordainduko dira, ordainketa-egun horietan indarra duten zenbatekoen arabera.

Udako eta Eguberrietako haborokinen sortzapen aldia seihileko naturala izanen da bi kasuetan; ordainketari, kontaketari edo lanean hasteagatik, enpresa uzteagatik edo likidazioagatik egin beharreko hainbanaketari begira, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko tartea hartuko da kontuan lehen pagarako, eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa bigarrenerako.

Nolanahi ere, ordainsariak hilabetetan hainbanatuta jaso nahi duenak, horretarako, FANEko zuzendaritzari adierazi beharko dio.

VII. TITULUA.–HOBEKUNTZA SOZIALAK

32. artikulua. Istripu asegurua.

FANEk bere kargura kontratatuko du langile bakoitzarendako banakako istripuetarako aseguruen poliza. Lan istripuaren ondoriozko heriotzak estaliko ditu, "in itinere" izandakoak barne.

Hitzarmen hau sinatu eta 20 egunetik aurrerako ondorioekin, poliza horrek aseguratutako kapitala 50.000 eurora bitartean handituko da. Hura ez da aldatuko hitzarmenak irauten duen bitartean.

33. artikulua. Aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arrisku egoera eta edoskitzaro naturaleko arrisku egoera.

Lan istripuaren ondorioz aldi baterako ezintasuna sortzen denean, FANEk osatuko ditu gertakizun horren ondoriozko prestazioak, Lan Istripuen Ugazaben Mutualitateak ordainduak, langilearen ordainsariaren zenbateko osoa berdindu arte, egoera horrek irauten duen bitartean.

Lanekoa ez den istripuaren ondorioz edo gaixotasun arruntaren ondorioz aldi baterako ezintasuna sortzen denean, FANEk legezko prestazioa osatuko du bajaren lehenengo 20 egunetan, langilearen ordainsarien hilabeteko zenbatekoaren %80 berdindu arte. 21. egunetik aurrera, legez dagokion prestazio ekonomikoa jasoko du, bajaren aurreko hilabetearen kotizazio oinarriaren %75, alegia.

Nolanahi ere, FANEk ondoko kasu hauetan osatuko ditu lanekoa ez den istripuaren ondoriozko edo gaixotasun arruntaren ondoriozko prestazioak, langileen ordainsarien hilabeteko zenbateko osoa berdindu arte:

–Aldi baterako ezintasunak gertakizun arruntengatik, gaua ospitaleraturik pasatzea beharrezko dutenak, betiere mediku espezialistak behar bezala frogatzen baditu eta ospitaleratze horrek irauten duen bitartean.

–Larritzat jotzen diren gaixotasunak, uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretuan berariaz zerrendatzen direnak, baldin eta mediku espezialista batek behar bezala egiaztatzen baditu.

Orobat, ordainsarien zenbateko osoa berdindu arte osatuko da langileak jasotzen duen prestazioa, hura arrisku egoeran badago haurdunaldian edo edoskitzaro naturalean.

34. artikulua. Fisioterapia zerbitzua.

Langileen egoera fisikoa hobetu nahian, FANEk fisioterapia zerbitzua jarriko du haien eskura. Haren funtzionamendua Egokitze pertsonal eta sozialerako programatik erregulatuko da.

35. artikulua. Prestakuntza.

FANEko zuzendaritzak konpromisoa hartzen du langileen etengabeko prestakuntza zaintzeko.

Horretarako, prestakuntza plan bat prestatuko da urtero, barneko prestakuntza ekintzak dakartzala, FANEko langile guztiei zuzenduak.

Plan hori urtero prestatzeko, zuzendaritzak aldez aurreko azterlan bat eginen du, langileek prestakuntzaren aldetik dituzten premien inguruan. Enpresa Batzordeak parte hartuko du eta plan horretan haren ekarpenak jasoko dira.

Zuzendaritzak plana diseinatuko du eta Enpresa Batzordeari aurkeztuko dio, hark onets dezan. Halaber, hiru hilabetean behin eginen du txostena haren gauzatzeari buruz.

36. artikulua. Erretiro aurreratua.

FANEko zuzendaritzak aurre-erretiroak erraztuko die, unean-unean indarra duen legediarekin bat, egoera horri heltzen ahal dioten langileei, baldin eta egoera horri heltzea bateragarria bada Enplegurako Zentro Bereziak arautzen dituen legediarekin.

37. artikulua. Erretiro partziala.

FANEko zuzendaritzak erretiro partzialak hartzeko aukera emanen die, unean-unean indarra duen legediarekin bat, egoera horri heltzen ahal dioten langileei, baldin eta egoera horri heltzea bateragarria bada enplegurako zentro bereziak arautzen dituen legediarekin.

38. artikulua. Garraioa.

Egungo sistema mantenduko dela bermatzen da, eta erabaki da hitzarmena interpretatzeko eta aplikatzeko batzorde mistoa sortzea, beharrezko aldaketak egin ditzan, zuzendaritzak proposatuta eta Enpresa Batzordearekin bat, zentro edo zerbitzu berrietara egokitzeko, haietako bakoitzaren plantillaren arabera.

Nolanahi ere, enpresak kilometrajea ordainduko dio langile bati baldin eta hark, enpresak eskatuta, bere ibilgailuan garraiatzen baditu lantokiko beste langile batzuk, edo txanda aldaketa bat dela-eta normalean baino joan-etorri gehiago egin behar baditu. Egindako kilometro bakoitzeko 0,36 euro ordainduko dira.

VIII. TITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA, FALTAK ETA ZEHAPENAK

39. artikulua. Zehapenak.

FANEko zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei lanean faltak egiteagatik, titulu honetan ezarritako falten eta zehapenen mailaketari jarraikiz.

40. artikulua. Falten mailakatzea.

Langileek lanean edo lanaren ondorioz egiten dituzten diziplina-faltak honelakoak izan daitezke: arinak, astunak edo oso astunak.

A) Falta arinak dira:

A.1) Lankideenganako errespetu edo begiramendu falta.

A.2) Hilean behin lanera ez joatea, bidezko arrazoirik gabe. Langilea lanaldia hasi eta ordubete pasa iristen bada lanera, lanera ez joatea bezala joko da. Horrek ez du esan nahi egun horretako lansari osoa galduko duenik, lanetik kanpo emaniko denborari dagokiona baizik.

A.3) Puntualtasun falta, arrazoirik eman gabe, zentroak edo zerbitzuak ezarritako ordutegiaren arabera, hiru aldiz hilabete batean gehienez. Langilea lanera berandu ailegatu dela ulertuko da lanaldiaren hasieratik ordu bat pasa baino lehen joaten denean.

A.4) Lanean sartzean edo ateratzean ez fitxatzea puntualtasun faltatzat joko da, langilea agertzen ez den kasuetan izan ezik.

A.5) Gorputz-higienerik eza.

A.6) Sakelako telefonoaren erabilera pribatua, baimenik gabe.

A.7) Helbide eta etxe aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ez jakinaraztea horretarako ezarritako epean.

A.8) Axolagabekeriaz edo arduragabekeriaz jokatzea jasotako arauak eta jarraibideak betetzerakoan.

B) Falta astunak dira:

B.1) Hilabete berean lau aldiz berandu iristea lanera, bidezko arrazoirik izan gabe.

B.2) Hilabetean bi egunetan lanera huts egitea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B.3) Lantokitik ateratzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B.4) Noizean behin mozkortzea edo bestelako drogak hartzea.

B.5) Lantokian erretzea, horretarako baimendurik ez dauden eremuetan, edo lanpostutik alde egitea erretzera.

B.8) Beste langile baten presentzia lanean simulatzea, haren ordez fitxatuz.

B.9) Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean.

B.10) Jasotako aginduak edo ezarritako arauak ez betetzea. Bereziki, laneko segurtasun eta higiene neurriei dagokienez.

B.11) Falta arinen errepika.

C) Falta oso astunak dira:

C.1) Lantokian diziplinarik edo obedientziarik eza, behin eta berriro, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

C.2) Lanera behin eta berriz berandu iristea, bidezko arrazoirik izan gabe, hamar aldiz baino gehiago hilean edo hogei aldiz baino gehiago hiru hilabetean.

C.3) Lanera hiru egun jarraian huts egitea edo bost egun tartekatutan hilabete batean, bidezko arrazoirik eman gabe.

C.4) Bajan dagoen bitartean langileak norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta baja lortu edo luzatze aldera egindako edozer ere.

C.5) Lankideak hitzez larriki iraintzea.

C.6) Lankideei fisikoki erasotzea.

C.7) Sexu jazarpena.

C.8) Lantokian behin eta berriro mozkortzea edo bestelako drogak hartzea, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

C.9) Agintekeria.

C.10) Leialtasunik eza eta, eskuarki, kontratuko fede ona urratzen duen beste edozein portaera.

C.11) Lantokiaren edo lankideen ondasunak lapurtu edo ebastea.

C.12) Behin eta berriro uko egitea norberaren babeserako ekipoak erabiltzeari.

C.13) Nahita egindako kalteak lantokiko ondasunetan eta instalazioetan.

C.14) Sei hilabetean falta astun bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota desberdinetakoak izan, baldin eta langileari, haien ondorioz, zehapenik jarri bazaio.

41. artikulua. Zehapenak.

Falten kalifikazioaren arabera enpresak ezartzen ahal dituen zehapenak hauek dira:

A) Falta arina egiteagatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Idatzizko kargu-hartzea.

B) Falta astuna egiteagatik:

–Gehienez 15 eguneko enplegu eta soldata gabe uztea.

C) Falta oso astuna egiteagatik:

–21 egunetik 60 egunera bitartean enplegu eta soldatarik gabe uztea.

–Kaleratzea.

42. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapen ororen berri, hitzezko kargu-hartzea salbu, idatziz emanen zaio langileari. Jakinarazpen horretan zehatz-mehatz esanen zaio zein hutsegite egin duen eta noiz, hutsegitearen kalifikazioa eta zer zehapen jarriko zaion.

Halaber, zuzendaritzak hutsegite larri edo oso larriengatik jartzen diren zehapen guztien berri emanen dio Enpresa Batzordeari. Zehapena ezarririk, haren datatik bi hilabete arte luzatzen ahal da bete gabe.

43. artikulua. Falten preskripzioa.

Mailari begiraturik, falta arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, astunak hogei egunen buruan, eta oso astunak hirurogeiren buruan, zuzendaritzak faltaren berri izaten duen egunetik aitzina, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.

IX. TITULUA.–ESKUBIDE SINDIKALAK

44. artikulua. Ordu sindikalak eta haien metaketa.

Enpresa batzordeko kideetako bakoitzak zenbait ordu izanen ditu ordezkaritza eginkizunak betetzeko. Langileen Estatutuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz dagokion ordu kopurua izanen du bakoitzak. Kreditu hau erabili ahal izateko, aski da ahalik eta lasterren zuzendaritzari noiz hartu nahi diren ordu horiek eta zenbat denbora jakinaraztea eta gero justifikatzea.

Lan sindikala lanorduetatik kanpo egiten denean, ordu horiek konpentsatuko dira, denbora hori behar bezala justifikatu eta gero. Ordu horien ordez atsedenaldi ordaindua hartzen ahalko du ordezkari sindikalak, ordu horien ondoko bi lanegunetan. Hala ere, ordu horiek ondorengo beste batzuei metatzen ahalko zaizkie, hilabeteko epean, lehenbiziko ziurtagiria aurkezten denetik hasita.

Langileen Estatutuari buruzko 68. artikuluko e) apartatuko azken paragrafoan xedaturikoarekin bat, posible izanen da enpresa batzordeko kide bakoitzari dagozkion orduak metatzea, guztira gehienekoa gainditu gabe, osorik edo hein batean kide bakar batek edo batzuek hartuta.

Horretarako, orduak metatzea erabakiz gero, enpresa batzordeko buruak edo idazkariak zuzendaritzari jakinaraziko dio, hiru egun lehenagotik bederen, nork hartuko dituen orduak, zer baldintzatan eta zer epetan.

45. artikulua. Lan osasuna.

Laneko Osasunaren Batzordeko kideei zazpina ordu hilean ematen zaizkie norberaren prestakuntzarako alor horretan.

Ordu horiek kide bakoitzaren soldata gordinaren arabera ordainduko dira.

Orduen kreditu horretarako eskubidea izateko, ordezkariek zuzendaritzari jakinarazi behar diote gutxienez hiru egun lehenago, eta, ondoren, zergatia justifikatu behar dute.

46. artikulua. Iragarki-taula eta artxiboa.

Enpresa Batzordeari bere ordezkaritza lana erraztearren, iragarki ohola eta gutunontziak jarriko dira haren esku, proposamenak eta iradokizunak jasotzeko. Orobat, FANEk Batzordearen esku jarriko du artxibo bat, giltza bat dakarrena, baita behar duen bulego material txikia ere.

47. artikulua. Biltzeko eskubidea.

Langileen Estatutuaren 4. artikuluan, 77.ean eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz, bermatu eginen da langileek biltzeko duten eskubidea.

Batzarrak egitekotan, 48 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio FANEko zuzendaritzari; betiere adieraziko da zein diren jorratu beharreko gaiak eta FANEtik kanpoko zer pertsona joanen diren bilerara. Lanorduetatik kanpo eginen dira, zuzendaritza espresuki ados dagoenean izan ezik.

48. artikulua. Batzordearentzako informazioa.

Zuzendaritzak, Langileen Estatutuko 64. artikuluaren arabera, informazioa emanen dio enpresa batzordeari FANEren bilakaera ekonomiko eta produktiboari buruz, baita kontratazioei buruz eta legez aurreikusten diren gainerako gaiei buruz ere.

X. TITULUA.–AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arau subsidiarioak.

Hitzarmen honetan arauturik ez dagoen orotarako, Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten xedapenetan, bereziki enplegurako zentro berezietan lanean ari diren eta desgaitasuna dutenen lan harreman berezia arautzen duen uztailaren 17ko 1368/1985 Errege Dekretuan, martxoaren 12ko 427/1999 Errege Dekretuak aldatu zuen hartan, xedatu bezala eginen da.

Azken xedapenetan bigarren.–Gatazkak konpontzeko prozedura.

1. Alderdiek erabakitzen dute lan hitzarmen hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren gatazkak konpontzeko, adiskidetze eta bitartekotza aldietan, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren iritziaren menpe jarriko direla. Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.

Beraz, artikulu honek balio du alderdiak arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresa, ordezkaritza sindikala eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera epaiketara jo aitzin. Hortaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

2. Era berean, hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitzematen dute ahaleginak eginen dituztela langileen eta enpresaren artean sor daitezkeen gatazka indibidualak Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiaren aurrean adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje prozeduren mendean borondatez eta espresuki jar daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbidearteko Akordioaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.

3. Orobat, Langileen Estatutuaren 40., 41., 47., 51. eta 82.3 artikuluetan aurreikusitako kontsulta aldietan sortutako desadostasunak konpontzeko erabiltzen diren prozedurek gatazkak konpontzeko bide bera jarrai dezaten bultzatuko dute. Kasu horietan, prozedura horiek ez dira nahitaezkoak izanen, non ez duten hala erabakitzen aho batez kontsulta aldian parte hartzen duten alderdiek.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Interpretaziorako Batzorde Mistoa.

Hitzarmen hau eta Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan xedatua interpretatu eta betetzerakoan sor litezkeen zalantzen gainean ebazteko, Interpretazioko Batzorde Misto bat, paritarioa, sortzen da. Hitzarmena ulertu eta betetzean sor litezkeen gatazkak hortxe ebatziko dira lehenik eta behin.

Aholkulariek laguntzen ahalko diete bi alderdien ordezkariei. Eztabaidetan parte hartuko dute eta hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

Batzorde parekide horrek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak), hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren bidez esleitzen zaizkion gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Ebazpen bat eman beharko du zazpi eguneko epean.

Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako baten kide guztien sinadurak bildu beharko dira.

Azaltzen diren auziak alderdien arteko adostasunez ebatzi behar dira.

Gatazka kolektiborik sortzen bada hitzarmenaren interpretazioari edo aplikazioari buruz, batzorde paritarioak esku hartu beharko du gatazka organo judizial eskudunaren aurrean formalki planteatu aurretik.

Azken xedapenetan laugarrena.–Hitzarmeneko baldintzak ez betetzeko prozedura.

Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute lorturiko akordioa osoki betetzeko, eta adosten dute ezen hark irauten duen bitartean ezin izanen dela jo, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluaren babesean, hitzarmena ez aplikatzeko ezein prozeduratara. Berme hori ez da aplikatuko Nafarroako Gobernuak egiten duen LGSaren %25eko ekarpen gehigarria kenduz gero.

Aurrekoa gorabehera, enpresaren eta langileen ordezkarien arteko akordioaren bidez, bidezkoa izanen da hitzarmenean ezarritako lan-baldintzak enpresan ez aplikatzea.

Hitzarmena aldatzeko edo ez aplikatzeko, akordio bat lortu beharko da sindikatuen ordezkariekin. Enpresak hitzarmen honen ez-aplikazioaz edo aldaketaz baliatu nahi badu, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluak aipatzen duen prozedurari jarraikiz, lehen-lehenik kontsulta aldi bat abiatu beharko du, akordio batera ailegatu ahal izateko; hura Batzorde Paritarioari aurkeztuko zaio, zazpi eguneko epean irizpena eman dezan. Akordiorik lortu ezean Nafarroako Lan Auzitegiaren berezko prozeduren mende utziko da auzia, hurrengo paragrafoetan ezartzen diren baldintzetan.

Bi aldeek espresuki erabaki dute, adostasunak konpontzeko, betiere, Nafarroako Lan Auzitegiko adiskidetze eta bitartekaritza prozesuak erabiliko dituztela. Arbitraje-prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi aldeen arteko akordioa badago.

Orobat, auzia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren mende jartzeko, alderdi bakoitzak hori onartzeko hartutako erabakia beharko da.

Azken xedapenetako bosgarrena.–Lanbide sailkapenerako lan taldea.

Batzordeko teknikarietako bik eta espezialistetako bik eta zuzendaritzak izendatzen dituenek osatutako lan taldea mantenduko da. Hitzarmen honen indarraldian, esleiturik izanen du azterketak eta ikerketak egitea eta, kasua bada, erabakiak hartzea lanbide sailkapenaren arloan.

Erabakitzen da lan talde horretan hitzarmeneko kategoriei buruzko azterketa eta analisiak egitea, lanbide sailkapena hobeki egoki dadin FANEren oraingo errealitatera eta beharretara, eta, halaber, alor horretan sor litezkeen beste kontu batzuk ere egitea.

I. ERANSKINA

Hitzarmen honen 9. artikuluan xedatutakoari buruz, haren sinatzaileek, kontuan harturik FANEren xede soziala desgaitasunak dituztenak lanean txertatzea dela, eta zer ezaugarri dituzten FANEn zerbitzuak ematen dituzten langileek, uste dute Aldi Baterako Laneko Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legearen laugarren xedapen gehigarriak araututako mugapen kasuak aplikagarri direla.

II. ERANSKINA.–2024KO SOLDATA-TAULAK

ENPLEGU ZENTRO BEREZIA

ZUZENDARI TEKNIKOA

40.014,01 euro

UNITATE OPERATIBOKO ZUZENDARIA

32.742,61 euro

LAGUNTZA PROZESUKO ZUZENDARIA

PRODUKZIOBURUA

28.533,58 euro

TERAPEUTA

ATALEKO ARDURADUNA

23.908,30 euro

ERDI MAILAKO TEKNIKARIA

ADMINISTRARI-OFIZIALA

19.900,43 euro

ATALEKO ARDURADUNA

1. MAILAKO GIDARIA

SUKALDARIA

1. MAILAKO OFIZIALA

16.603,47 euro

SOROSLEA

2. MAILAKO OFIZIALA

15.876,00 euro

3. MAILAKO OFIZIALA

15.876,00 euro

1. MAILAKO ESPEZIALISTA

15.876,00 euro

ESPEZIALISTA

15.876,00 euro

GAUEKO LANA

2.241,00 euro

ASPACE ZENTRO OKUPAZIONALA

ZENTRO OKUPAZIONALEKO ZUZENDARIA

32.473,09 euro

ZENTRO OKUPAZIONALEKO ARDURADUNA

29.712,87 euro

TEKNIKARIA

28.298,48 euro

BEGIRALEA

25.022,58 euro

ZAINTZAILEA

21.095,71 euro

1. MAILAKO OFIZIALA

15.876,00 euro

ZERBITZU OROKORRETAKO LAGUNTZAILEA

15.876,00 euro

Iragarkiaren kodea: F2416145