Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
5E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez María Ascensión Larrea Bañales andreak Artaxoako Santsoain parajean dagoen zerri-ustiategia handitzeko sustatu duen proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten den. Proiektuaren xedea da ustiategiak guztira 6.539 gizentze-plaza izatea.
Ebazpena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baitzaio María Ascensión Larrea Bañales andreak Artaxoako Santsoain parajean dagoen zerri-ustiategia handitzeko sustatu duen proiektuari. Proiektuaren xedea da ustiategiak guztira 6.539 gizentze-plaza izatea.
Proiektua, bere ezaugarrien arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko A) 3 epigrafean sartzen da. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.
Jarduera, halaber, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 9.3.b) kategorian sartzen direnetakoa da, eta, beraz, ingurumen-baimen integratuaren araubidearen mende dago.
–Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea.
2023ko urtarrilaren 2an, titularrak ingurumen-baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta, horrekin batera, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen.
2023ko otsailaren 9an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen, 30 egunez, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta ingurumen-baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa, eta kontsulta-tramitea ireki zuen ukitutako administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin.
Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Abere Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Artaxoako Udalari. Honako hauen erantzunak jaso dira espedientean: Ingurumen Eraginaren Atalarena, Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalarena, Animalien Ekoizpenaren Atalarena eta Artaxoako Udalarena. Horrez gain, zazpi pertsona interesduni egin zitzaien kontsulta, eta erantzun bat jaso zen: Sustrai Erakuntza Fundazioaren alegazioa.
Txosten honen eranskinean laburtuta jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsultak eta jendaurreko informazioaren tramitean jasotako alegazioak.
2023ko maiatzaren 30ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jakinarazpena igorri zion titularrari, eta espedienteari erantsi zizkion kontsulten izapidearen ondoriozko erantzunak, eta adierazi zion proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskatzen ahal zuela, bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin.
2023ko ekainaren 23an, titularrak dokumentazio berria aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen.
–Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
Artaxoako 12. poligonoko 533A eta 509B partzeletan zerriak gizentzeko lehendik dagoen ustiategi intentsibo bat handitu nahi da. Horretarako, jardueraren lehen ezarpenean sortu zen zabalgunea okupatuko da, eta bertan dauden zerbitzuak xede horretarako eraikiko diren bi pabiloi berrietara hedatuko dira.
Jarduera ezartzeko, zabalgune bat egin zen laborantza-sail baten gainean, eta ustiategia handitzeko zabalgune hori baliatuko da. Zabalgunea berezko mailak dituen mendi-magal leun baten hego-isurian dago, Artaxoako herritik 3 kilometrora, hego-mendebalderantz. Proiektuaren eremuak 533. partzela gainditzen du (partzela horretan daude pabiloiak eta minda-putzua); izan ere, zabalgunearen iparraldean, 509A azpipartzelan, ur-biltegi bat dago berez larreak okupatzen duen gainazal batean. Zabalgunearen hegoaldea larrez estalitako ezponda natural baten gainean bermatzen da. Ezponda hori 509 B partzelari dagokio. Landaredi hori maldan behera datozen urak hartzen dituen sakonune buztintsu txiki bateraino hedatzen da. Sakonune horretan, mindak biltegiratzeko putzua dago.
Eremu hori Nafarroako Ubideak ureztalur bihurtutako II.2 sektorean dago. Bertan, batetik, laboreek okupatutako malda eta sakonune margatsuak eta buztintsuak eta, bestetik, landaredi naturalez estalitako hareharrizko, limolitazko eta igeltsuzko azaleratzeak dituzten tontorrak tartekatzen dira. Eremuak, oro har, balioa du landaredi naturalak eta laboreek osatutako mosaiko gisa ("boccage"). Izan ere, labore ureztatuekin batera, larre xerofitikoak eta zuhaiztun sastrakadi mediterraneoak ageri dira ezpondetan eta azaleratze litikoetan. Jariatze-uren drainatze-eremuetan, hondo endorreikoen inguruetan eta istiltze-eremuetan landaretza freatofiloa garatzen da.
Ebaluazioan, garrantzizkotzat jo da abeltegiko pabiloiak ingurunean integratzea eta simaurrak eta nekazaritza-jarduerarekin lotutako bestelako material biodegradagarriak kudeatzea. Obrak ebaluatu ondotik, neurri zuzentzaile hauek hartu dira: zabalgunearen hegoaldeko lubetaren ezpondak eta iparraldeko lur-erauzketarenak integratzea, eta minda-putzurako sarbideak ezpondaren oineko larrean eragindako afekzioa zuzentzea. Jardueraren garapenari dagokionez, nabarmendu da ezen nekazaritza intentsiboko eremu horretan ugariak direla abeltegiak eta oso hedatua dagoela simaurren eta haien deribatuen erabilera.
Instalazioak baditu hornidura elektrikoa eta sarbidea, baina ur-hartuneetatik datorren ur-horniduraren emakida handitu beharko da. Instalazioa urez hornitzeko, egun dauden ur-biltegia eta hodiak erabiliko dira, eta haiek zerbitzuan jartzeko, arroko erakundearen baimena beharko da.
Ebaluazio-izapidean, proiektuak barne hartu ditu instalazioaren inguruko habitat naturalen babesean eragina duten neurriak. Egiaztatu denez, simaurrak banatzeko plana ureztatze bidez jada eraldatutako ekoizpen-eremu baten barruan gauzatzen da, eta banaketa horrek ez die eragiten lehentasunezko intereseko habitatak dituzten partzelei, Nafarroan estepako hegazti-fauna kontserbatzeko eremu kritikoei, Natura 2000 Sarearen barruko eremuei edo nitratoez kutsatzeko arriskua duten eremuei. Horrek aukera ematen du minda aprobetxatzeko, zuzeneko edo zeharkako kalterik eragin gabe biodibertsitatean (alde horretatik, aintzat hartu da jendaurreko informazioaren tramitean aurkeztutako alegazioetan jasotakoa) edo azaleko eta lurpeko uretan.
Espedientearen ingurumen-inpaktuaren analisi teknikoaren ondotik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak jakinarazi du ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura behar bezala egin dela eta proiektua gauzatzeak ez duela inpaktu esanguratsurik sortuko ingurumenean, baldin eta ingurumen-inpaktuaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluazio honetatik eratorritakoak aplikatzen badira.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Artaxoako Santsoain parajean dagoen zerri-ustiategia handitzeko proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea. María Ascensión Larrea Bañales andreak sustatu du proiektu hori, zerri-ustiategiak guztira 6.539 gizentze-plaza izan ditzan.
2. Ezartzea jarduera egin beharko dela goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz, baita ebazpen honetan aipatzen diren hauek betez ere:
–Obrak egitean, kontuan hartuko dira 2023ko ekaineko dokumentazioaren 1. eranskinean jasotako soluzio teknikoa eta baldintzak, 509 B azpipartzelan dagoen magaleko eta haren oineko larreak babesteko neurriak ezartzeari dagokionez. Larre hori babestua izateko seinalatu da.
Ildo horretan, makinen maniobrek eta instalazioko elementu guztiek egungo zabalgunea soilik okupatuko dute. Zabalgunean ez da materialik gordetzen edo metatzen ahalko, eta ez da bertara ezer isurtzen ahalko.
–12. poligonoko 509. partzelan, zabalgunearen iparraldean egindako lur-erauzketaren ezponda berriz landareztatzeko tratamendua eginen da hidroereintza bidez, eta zabalgunea hegoaldetik mugatzen duen lubetaren ezponda hidroereintza bidez berriz landareztatzeko tratamendua ere eginen da.
–Eranskinean jasotakoari jarraikiz, kendu eginen da ustiategirako sarbidearen eta putzuaren arteko tarteko ibilbidea, Artaxoako (Nafarroa) 12. poligonoan 509 partzelako B esparrua erdibitzen duena, bai eta minda-putzuaren ipar-ekialdeko bidea ere. Minda 533 partzelaren hegoaldetik kargatuko da putzura, Santsoaingo bideko nekazaritza-pistatik (egungo sarbidea). Lur horiek gaingiroki laboratu beharko dira, harrotzeko.
–Hildako animaliak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan utziko dira, eraikin itxietan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta haiek animalien hondakinetara iristea saihesteko. Hidrolisi-tankeak ere erabiltzen ahalko dira.
–Instalazioa handitzen den zatian, argi-kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, gehienez ere %5ekoa izanen da kanpoko argiteriako argi-puntuen goiko hemisferioek igorritako argi-fluxua, bat etorriz EA-03 jarraibide tekniko osagarriaren 1.1 apratatuan xedatutakoarekin. Jarraibide tekniko hori manu honetan dago jasota: 1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, kanpoko argiteria-instalazioen energia-eraginkortasunari buruzko Erregelamendua onartzen duena.
Komeni da argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea, eta haien ordez sodio-lurrunezko lanparak, edo LED-anbarrak (argi zuria edo horia) erabiltzea, edo 440 nm-tik beherako uhin-luzerako erradiazioa iragaztea. Argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihetsi ezin direnean, kanpoko argiak lanorduetan edo behar diren lanetan erabiliko dira. Gainerako orduetan itzalita egon beharko dute.
–Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Jabari Publiko Hidraulikoa Kudeatzeko Arloari eskatu beharko zaio urak aprobetxatzeko emandako emakidaren ezaugarriak aldatzeko. Horretarako, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 143.-153. artikuluetan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko zaio, gutxienez.
–Jardueraren gaineko ingurumen-zaintza.
Instalazioa martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du, memoria bat eta dokumentazioa jasotzen dituena, egiaztatzeko ezen bete direla baimen honetan xedatutako neurri zuzentzaileak, hots, ezpondak hidroereitea eta 509B azpipartzelan dagoen larrea bere izaera naturalera lehengoratzea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Artaxoako Udalari, Basozainak / Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangoza mugapea) eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urtarrilaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Artaxoako Santsoain parajeko 12. poligonoko 533 eta 509 partzeletan zerriak gizentzeko dagoen ustiategia handitu nahi da (guztira 6.715 plaza izan arte) egungo instalazioak okupatzen duen eremuan. Partzela horiek azalera bakarrean bilduta geratuko dira etorkizunean.
Horretarako, 1.120 eta 1.099 plaza izanen dituzten bi pabiloi eraikiko dira egungo pabiloiekiko paraleloan, haien hegoaldean. Instalazio osoak elementu hauek izanen ditu: 533. partzelan lehendik zeuden lau pabiloiak eta haiei gehituko zaizkien bi pabiloi berriak; partzela horretan bertan dagoen minda-putzua (5.500 m³-ko edukiera), eta 509. partzelan dagoen xafla metalikozko ur-biltegi zirkularra (308 m³-ko edukiera).
Instalatuko diren pabiloiak berdin-berdinak izanen dira: 69,9 x 15,5 metroko oinplanoa eta 6 metroko altuera gailurreraino. Estalkia bi isurkikoa izanen da. Animaliak lurzoruaren gainean goratutako hormigoizko hobietan kokatuko dira, eta hobi horiek mindaren kanpoko andelari lotuta egonen dira. Pabiloi berriak jartzeko, metalezko sarezko itxitura berri bat instalatu beharko da, pabiloiak eta haien ondoko elikadura-siloak bereizteko.
Ustiategia urez hornitzeko, Nafarroako Ubideko IV. sektoreko II. erkidegoko ur-hartune bat baliatuko da. Ur-hornidura handitu egin beharko da instalazio berrirako. Linea elektriko batek elektrizitatez hornitzen du ustiategia. Partzelan bertan transformadore bat dago, bai eta larrialdiko gasoliozko sorgailu bat ere, lokal tekniko baten barruan. Lokal horretan, bulegoa, aldagela eta komuna ere badaude.
Instalazioak Santsoaingo bidetik du sarbidea. Nekazaritza-pista horretatik abiatzen da pabiloietarako sarbidea ematen duen partzela barruko bidea, bai eta eraikinen hegoaldean dagoen minda-putzurako sarbidea ere.
20 kg eta 110 kg arteko zerriak gizentzeko jarduera, abereak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta gizentze zikloen artean huste sanitarioa eginez. Urtean 2,2 eta 2,5 ziklo bitarte izanen dira. Ustiategiak 8.498 m³ minda materialki balorizatzea aurreikusten du. Horretarako, Artaxoako eta Larragako udalerrietako 168 hektarea produktibotan banatuko da minda hori, nekazaritzan aprobetxatzeko. Hektarea horien %90 labore-ureztalurrek hartzen dute. Labore horietatik erdia, gutxi gorabehera, artoa da. Jardueraren kudeaketak baliabide eta lehengaien kontsumo hau ekarriko du berekin: 3.213 tona pentsu eta 12.941 m³ ur. Horrez gain, amoniakoa, CO2a, oxido nitrosoa, metanoa, eta berotegi-efektuko beste gas batzuk isuriko dira atmosferara, eta 33,55 tona nitrogeno eta 21,5 tona fosforo lurzorura. Gorpuak kudeatzaile bati entregatuko zaizkio, hark desagerraraz ditzan.
II. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN ETA INFORMAZIO PUBLIKOAREN IZAPIDEAREN LABURPENA
Hona hemen tramite horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:
Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:
Ingurumen Eraginaren Atala | X |
Lurraldearen Antolamenduaren Atala | X |
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala | X |
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala | X |
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia | |
Artaxoako Udala | X |
Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea. | |
Ekologistak Martxan - Landazuria | |
Ekologistak Martxan | |
Sustrai Erakuntza Fundazioa | X |
SEO/BirdLife | |
Gurelur | |
Greenpeace Espainia |
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak dokumentazioak bete beharreko baldintzak azaldu ditu. Besteak beste, adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketak egungo instalazioan aplikatu beharreko neurri zuzentzaileen ezarpen-egoera eta eraginkortasuna deskribatu beharko dituela. Neurri zuzentzaile horiek jarduerari ekin aurreko handitzearen ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarri ziren, eta, zehazki, ezpondak landareztatzeko tratamenduari eta putzurako sarbideak erasandako larreen izaera naturalaren baldintzei buruzkoak dira. Era berean, adierazi du ezen azterketak obrak gauzatzeko modua analizatu beharko duela, gehiago erasan ez dadin pabiloien ondoan dagoen larrez estalitako ezponda, eta pabiloien diseinuan edo kokapenean doikuntza puntualak egitea proposatu du. Azkenik, txostenak sustatzaileari adierazi dio arroko erakundearen baimena izan beharko duela hornidurarako emakida bat lortzeko, instalazioarako aurreikusten den edukiera asetzeko behar beste ur-baliabide ziurtatuko duena.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak adierazi du egiaztatu duela proiektuak betetzen dituela Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltzaintzako instalazioen ingurumen-baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen-baldintzak eta orobat teknika erabilgarri onenak, Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiarekin bat etorriz, zeinaren bidez teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen baitira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan, oilategiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiboari dagokionez. Era berean, adierazi du proiektuak betetzen dituela amoniako-isuriak murrizteko neurriak, eta, simaurren ekoizpen- eta kudeaketa-plana berrikusi ondotik, egiaztatu dela simaurra banatzeko lurralde-planean dauden partzeletako bat bera ere ez dagoela nitratoez kutsatzeko arriskua duen eremu baten barruan, eta badituela jabeen edo laborarien baimenak simaurra lur horietan zabaltzeko. Zenbait murrizketa ezarri dizkio planari banaketa-aldiei dagokienez, planak bete beharko duen araudia kontuan hartuta.
Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde- eta hirigintza-planeamenduari buruzko zenbait ohar eman ditu, informazio modura, "Erdialdeko Eremuak" 4. LAPak (Lurralde Antolamenduko Planak) –hor kokatuta dago udalerria– horiei buruzko muga edo berezitasunak ezartzen ahal dituelako.
Lurzoruaren sailkapenaren arabera, honela sailkatuko litzateke handitze-eremua: sektoreko legeriak babestutako eremua, natura aldetik ustiatzeko balio duen lurzorua eta gaitasun agrologiko handiko lurzorua. Beraz, jarduerak baimendu daitezke, betiere egiaztatzen bada jarduera horiek lurzoru horiekin lotuta daudela, dela elikadurarako lehengaiak lortzeko erabiltzen direlako dela gertuko azalera abeltzaintzako hondakinak kudeatzeko planaren barruan sartzen delako. Bestalde, partzela hori Nafarroako Ubideko II-2 Sektorean dago sartuta; beraz, Atal horrek txosten bat erantsiko dio espedienteari proiektuak gaur egungo ureztalurretan eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean duen eraginari buruz.
Artaxoako Udalaren hirigintza-plangintzari dagokionez, adierazi da ezen partzela nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, eta kategoria horretarako jarduera-mota hori baimengarria dela. Horrez gain, adierazi da proposamenak betetzen dituela akaberen eraikuntza-baldintzak, eta errespetatzen dituela mugekiko eta landaketetiko distantziak (nahitaezkoak fatxadaren eta bide ondoko partzelaren itxituraren artean).
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eta bide publikoetarako eta intereseko ibilbideetarako distantziak errespetatzea. Adierazi da, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko dituela udalaz gaindiko proiektu sektorialak, eta berariaz aipatu dira ureztalurrak eta abeltzaintzako ustiategietatik zenbait elementutara dauden distantziak.
Azkenik, jakinarazi du, gutxieneko distantziak aplikatu ahal izateko, eta ekainaren 24ko 148/2003 Legeari jarraikiz, abeltzaintzako instalazioa 2.820 metrora dagoela hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri hurbilenetik (Artaxoa).
Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari, eta kontsulta ezarri den izapidetze-fasean aldeko txostena eman du. Hala ere, adierazi du baimenaren izapideak irauten duen bitartean sustatzaileak animalien ongizateari buruzko informazioa osatu beharko duela, zehazki, animaliak dauden lekuko argiztapenari buruzkoa. Era berean, jakinarazi du urriaren 31ko 1135/2002 Errege Dekretuak, zerri-granja intentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituenak, 2025eko martxoaren 8tik aurrera aldaketak sartuko dituela animalien ongizateari dagokionez, sustatzaileak kontuan hartu nahi baditu ere.
Jendaurreko informazioaren tramitean egindako alegazioei buruzko azalpena:
Sustrai Erakuntza Elkartearen alegazioak jaso dira. Haietan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapideak dituen zenbait gabezia nabarmendu dira, espedientean ez direlako jaso haztegiei aplikatu beharreko araudi sektorialak eskatzen dituen dokumentuak eta txostenak. Horrez gain, elkarteak uste du proiektua ez dela bateragarria lurralde horrekin, lurraldeak ezin baititu jasan jardueraren inpaktuak, proiektuaren tamainagatik, banaketa-eremuekiko distantziagatik eta inguruan dauden abeltegi ugarien inpaktu metagarriek eragindako saturazioagatik.
Alegazio horiei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren tramitean, titularrak jendaurreko informazioaren tramitearen ondotik aurkeztutako dokumentazioaren 1. eranskinean erantzun ez dituen ingurumen-alderdiak soilik hartu dira kontuan.
III. ERANSKINA.–INGURUMEN-INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA ETA ZAINTZA-PLANA
Tramitazio-prozesuan, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat egin da, ingurumen-baimen integratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean aurkeztutako informazioa biltzen duena. Bertan, handitze hori egungo instalazioa dagoen tokian egitea lehenesten da eta, ingurumen-alderdiak integratzeko neurri zuzentzaileak sartu ondotik, bateragarritzat jotzen da.
Azterketan, alderdi esanguratsuak jaso dira, eta proiektuak ezarpen- eta funtzionamendu-fasean izan ditzakeen inpaktuak identifikatu eta deskribatu dira. Horrez gainera, proiektua ingurumenean integratzeko neurriak proposatu dira. Proiektuan jasotako neurriak, alde batetik, prebentzio-neurriak dira. Haien helburua da ezarpen-eremuko obren eragina mugatzea, kokalekuaren ondoan landaredi naturaleko habitatak dituzten esparruen bidez, batez ere; esparru horiek instalazioen diseinuan txertatu dira. Bestalde, ezpondak, ingurumenean integratzeko neurri zuzentzaileak jaso dira, lehenengo ezarpenean gauzatzeko. Horrez gain, ustiategiak funtzionamendu-fasean ingurumenean izanen duen eragina minimizatzeko beste zenbait neurri jaso dira.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak simaurrak banatzeko lurralde-plan bat jaso du. Banaketa hori Artaxoako eta Larragako udal-mugarteetan eginen da, eremu kalteberatik kanpo. Banaketa ureztalurretan eginen da, nagusiki. Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat bildu da, eta bertan sartzen dira proiekturako eta jarduerarako aurreikusitako inpaktu nagusien jarraipen- eta kontrol-betebeharrak.
Iragarkiaren kodea: F2400899
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
