26. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

77/2024 EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 31koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita osasun laguntzako zentroetan (ospitaleetan eta oinarrizko osasun-laguntzan) maskara derrigor erabiltzeko betebeharra, aurrerantzean ez baita derrigorrezkoa izanen, gomendagarria baizik.

Osasuneko ministroaren 2024ko urtarrilaren 10eko ohar bidezko Aginduan, jarduera koordinatu batzuk onetsi ziren osasun publikoaren arloan, hori guztia bat etorrita Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 65.1 artikuluan ezarritakoarekin. Artikulu horrek ezartzen duenez, "Osasun Ministerioari dagokio osasun publikoko jarduera koordinatuak deklaratzea, Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluak aldez aurretik hala erabakita, eta zuzenean ukitutako erkidegoei entzunda, salbu eta premia larriko egoeretan; kasu horretan, behar-beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, eta premiaz emanen zaie hartutako neurrien berri".

Lege-testu horren 65.2 artikuluak honako hau ezartzen du: "Jarduketa koordinatuen deklarazioa, Osasun Ministerioak onetsia, nahitaez bete behar dute alde guztiek", eta, horrekin bat etorrita, 23E/2024 Ebazpena eman zen, urtarrilaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez xedatu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzea Osasuneko ministroaren 2024ko urtarrilaren 10eko ohar bidezko Agindua, osasun publikoko jarduketa koordinatu batzuk deklaratzea onesten duena.

Ohar bidezko agindu horren I. eranskinean ezarritakoaren arabera, maskara erabiltzearekin eta laguntza-zentroetan (ospitaleetan eta oinarrizko osasun-laguntzan) derrigor erabiltzeko betebeharrarekin lotutako neurriei dagokienez, honako hau ezartzen da: "autonomia-erkidegoek, baldin, Zaintza Sarearen bidez Osasun Ministerioari emandako datuen arabera, bi astez jarraian arnas infekzio akutuen intzidentzia metatuaren jaitsiera-datuak aurkeztu badituzte, osasun-zentroetan maskarak derrigor erabiltzeko betebeharra kendu ahal izanen dute eta horiek erabiltzeko gomendatu, baldin egokitzat jotzen bada beren egoera epidemiologikoaren arabera. Irizpide hori bete arren derrigortasunari eutsi nahi diotenek, beren datuen analisietan oinarrituta, zilegi izanen dute hori egitea jarduera koordinatuen deklarazioa indarrean dagoen artean".

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, eta 2024ko 4. asteko (urtarrilaren 22tik 28ra) txosten epidemiologikoko datuak kontuan hartuta, bigarren astez jarraian jaitsi egin da oinarrizko osasun-laguntzan arnas infekzio akutuagatik izandako kontsulten kopurua. Aste horretan, tasa 793 kasukoa izan da 100.000 biztanleko: %20 jaitsi da 3. astearen aldean (urtarrilaren 15-21) eta %36 2. astearen aldean (urtarrilaren 8-14).

Bigarren astez jarraian, behera egin du gripe-sindromearen tasak (105, 100.000 biztanleko, hots, %38 gutxiago 3. astearen aldean, eta ia %60 gutxiago 2. astearen aldean) eta COVID-19arenak (21, 100.000 biztanleko, hots, %40 gutxiago 3. astearen aldean, eta %71 gutxiago 2. astearen aldean).

Nafarroako bilakaera epidemiologikoa ikusita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean aipatzen da ezen egoera horrek aukera ematen duela osasun-zentroetan maskarak derrigor erabiltzeko betebeharra kendu eta horiek erabiltzeko gomendatzeko.

Azaldutakoa kontuan hartuta, eta Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Osasun laguntzako zentroetan (ospitaleak eta oinarrizko osasun-laguntza) maskarak derrigor erabiltzeko betebeharra kentzea eta horiek erabiltzea gomendatzea, jaitsi egin delako, ondoz ondoko bi astez, arnas-infekzio akutuen intzidentzia metatua; hori guztia bat etorrita Osasun ministroaren 2024ko urtarrilaren 10eko ohar bidezko Aginduarekin, zeinaren bidez osasun publikoko jarduera koordinatuak deklaratzea onetsi baitzen.

2. Egoera aldatzeak ondorioak izanen ditu ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 31n.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

Iragarkiaren kodea: F2401721