1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 24an hartua, «Tafallako (Nafarroa) "La Pedrera" araztegian erregulazio biltegi berria eta handitzea (2. fasea)» izeneko obra-proiektua egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, desjabetzearen ondorioetarako.
2023ko apirilaren 26an, Mairagako Mankomunitatearen Batzarrak erabaki zuen «Tafallako (Nafarroa) "La Pedrera" araztegian erregulazio biltegi berria eta handitzea (2. fasea)» izeneko obra-proiektua onestea, haren onura publikoa onartu eta deklaratzea, bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere, onespenak berekin dakarrena; erabaki zuen, halaber, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batean onestea eta jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.
Jendaurreko aldia alegaziorik aurkeztu gabe bukatu zenez, Mairagako Mankomunitatearen Batzarrak, 2023ko azaroaren 23an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar proiektuaren onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektua presakoa dela deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako, eta ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko behar den kredituaren atxikipena egitea.
Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen presako okupazioa hainbat herritan edateko uraz hornitzeko dauden arazoak konpontzeko premian oinarritzen da. Herri horiek Mairagako Mankomunitatean integratu berri dira, eta batez ere Nafarroako Erriberagoienekoak dira, hala nola Cadreita, Funes, Milagro eta Alesbes, eta gabeziak dituzte giza kontsumorako uraren kantitateari eta kalitateari dagokienez.
Nafarroako Gobernuak, Mairagako Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. «Tafallako (Nafarroa) "La Pedrera" araztegian erregulazio biltegi berria eta handitzea (2. fasea)» izeneko obra-proiektua egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, desjabetzearen ondorioetarako.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Mairagako Mankomunitateari jakinaraztea eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura igortzea.
Iruñean, 2024ko urtarrilaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2401301