26. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

538/2023 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena 2023-2024 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 726420.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluak administrazio publikoei agintzen die behar diren prebentzio- eta konpentsazio-jarduketak ziurtatu behar dituztela gizarte, hezkuntza eta kultura aldetik zaurgarritasun-egoeran dauden haur guztiak eskolatzeko baldintza egokienak bermatzeko, haien hezkuntza- eta gizarte-garapenik handiena sustatzeko, eta, hartara, hezkuntza inklusiboa izateko aukera izan dezaten, gainerakoen baldintza beretan. Konpentsazio-politikek hezkuntza-sistemaren ekintza sendotuko dute, faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desberdinkeriak saihesteko.

69/2023 Foru Aginduak, abuztuaren 21ekoak, Hezkuntzako kontseilariak emanak, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako hezkuntza-inklusioa arautzen duenak, hau xedatzen du 27. artikuluan, "bekak eta laguntzak" izenekoan: Hezkuntza Departamentuak, aukera-berdintasuna sustatzeko eta ekitate- nahiz inklusio-printzipioak indartzeko, bekak eta laguntzak jasotzeko deialdiak ezarriko ditu urtez urte.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatu du 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean xedatutakoarekin, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei laguntzak emateko deialdi publikoaren oinarriak onestea, 2023-2024 ikasturterako. Oinarri horiek I. eranskinean jaso dira.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoak diruz laguntzeko, 480.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko kudeaketa-aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 420004-42700-4809-322403 partida, "Ikastetxe itunduetako ikasleei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako" izenekoa, eta 2023ko gastu-aurrekontuari dagokiona. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2023ko abenduaren 29an.–Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, Ignacio Miguel Catalán Librada (128/2023 Foru Agindua, abenduaren 1ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

I. ERANSKINA.–2023-2024 IKASTURTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN CURRICULUM EGOKITUKO PROGRAMAK EMATEKO BAIMENA DUTEN IKASTETXE ITUNDUETAN ETA ENTITATEETAN EGOERA SOZIOEKONOMIKO ZAURGARRIAN DAUDEN IKASLEEI LAGUNTZAK ESLEITZEKO DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak esleitzea egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan eskolaturik badaude eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean.

2. Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzaren zenbateko osoa 480.000 eurokoa da, 2024ko gastu-aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 420004-42700-4809-322403 partida, "Ikastetxe itunduetako ikasleei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako" izenekoa. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

Ematen diren baliabide ekonomikoak egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko erabiliko dira.

2.2. 2023-2024 ikasturtean diruz laguntzen ahalko dira ikastetxeek 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era gauzatuko dituzten gastuak, honako hauekin loturik badaude:

a) Ekipamendu pertsonala, liburuak (doakotasun-programakoak izan ezik) eta eskola-materiala (informatika-ekipamendua, eskola-asegurua, ikastetxeen kudeaketa- eta funtzionamendu-plataforma, giza baliabideak, bertako langileak, elkarrizketa-laguntzaileak... izan ezik).

b) Eskolako irteerak eta beste jarduera osagarri batzuk.

c) Eskolako jantokiaren zerbitzua.

Baliabide ekonomiko horien azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta ikastetxea gastua egiteaz arduratuko da, ikasleen beharren arabera.

2.3. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ikastetxe bakoitzean baldintzak betetzen dituzten ikasleen kopurua eta dirulaguntzaren gehieneko zenbateko osoa.

3. Baldintza orokorrak.

3.1. Eskatzaileak.

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak matrikulatuta dituzten itunpeko ikastetxe guztiek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan araututako laguntzak.

3.2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Egoera sozioekonomiko zaurgarrien 9. ardatzean erroldatuta egotea, honako arrazoi hauengatik:

–Familia-errenta (FE): 2022ko ekitaldian errentaren 1. kintilak baino diru-sarrera txikiagoak zituen familia-unitate batekoa izatea.

–Errenta bermatua (EB): errenta bermatua jasotzen duen familia-unitate batekoa izatea.

–Beka-hartzailea: beste administrazio publikoren baten eskutik jantokiko beka edo laguntza ekonomikoa jasotzen duen ikaslea izatea.

Arrazoi horietakoren batengatik erroldatuta egoteko, dokumentazio hau aurkeztu behar da ikastetxean:

–2022ko ekitaldiko errenta-aitorpena.

–Eskaera egin den unean errenta bermatua jasotzen dela egiaztatzen duen txosten ofiziala.

–2023-2024 ikasturtean jantokiko beka/laguntza jaso izanaren egiaztagiria.

b) Eskatzailearen familia-unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

3.3. Familia-errenta (FE) dela-eta, egoera sozioekonomiko zaurgarrien 9. ardatzean erroldatuta egoteko bete behar diren baldintza ekonomikoak.

Egoera hauetan dauden familia-unitateetako ikasleak erroldatzen ahalko dira:

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren oinarria honako taula honetako datuak baino txikiagoa izatea, familia-unitateko kide-kopuruaren arabera.

Urteko datuak:

FAMILIA-UNITATEKO
KIDEEN KOPURUA

ZERGA-OINARRIA

1

12.720

2

15.792

3

17.988

4

19.308

5

20.628

6 edo gehiago

21.504

Familia-unitatearen zerga-oinarria kalkulatzeko, bi gurasoen zerga-oinarriak batuko dira, aintzat hartu gabe aitorpena batera edo bereizita egiten duten.

Legez bananduta dauden eta zaintza partekatua duten familien kasuan, bi gurasoen zerga-oinarriak batuko dira.

Guraso bakarreko familien edo zaintza osoa duten gurasoen kasuan, zaintza duen gurasoaren zerga-oinarria soilik hartuko da kontuan. Familia-egoera hori behar bezala eta idatziz egiaztatu beharko da.

2022ko ekitaldian errenta-aitorpena aurkeztetik salbuetsita egonez gero, inguruabar hori automatikoki jasoko da zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagirian, eta aski izanen da dokumentu hori soilik aurkeztea.

4. Dokumentazioa.

Deialdi honetako 1. oinarrian adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatuta dituzten itunpeko ikastetxe eta erakunde baimenduek egiaztatzen diren arrazoien arabera erroldatuko dituzte ikasleak, eta eskabide orokor bat aurkeztuko dute, honako agiri hauekin batera:

a) Ikastetxearen adierazpena, laguntza hauen hartzaileek irakaskuntzaren kuota ordaintzeko inolako diru-ekarpenik egiten ez dutela adierazteko.

b) Ikastetxe edo erakunde baimenduaren erantzukizunpeko adierazpena, erroldaren ardatz horietan jasotako datuen egiazkotasunari buruzkoa.

Egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleentzat Hezkuntza Departamentuak emanen dituen laguntzen eskaerak ikastetxeen bitartez baizik ez dira eginen. Ikastetxeek, zaurgarritasun-egoera egiaztatzen duten agiriak jaso ondotik, ikasle onuradunak erroldatuko dituzte.

Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dituzte ikastetxeek.

5. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak, 4. oinarrian adierazten den dokumentazioarekin batera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta 20 egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduta, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak araututako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

6. Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

6.1. Instrukzioa egiteko organo arduraduna Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

6.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta haiek aztertu ondotik, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, dirulaguntzak behin-behinekoz ematea onetsiko du ebazpen bidez. Onuradunak izanen dira deialdi honen 3.2 atalean jasotako arrazoietako batengatik, gutxienez, egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasle gisa erroldatu diren ikasleak.

Dirulaguntzak behin-behinekoz ematea onetsi ondotik, hamar egun balioduneko epea ezarriko da egoki irizten diren alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko, edo dokumentazioa zuzentzeko, hala eskatu bada. Dirulaguntzak behin-behinekoz emateko ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da jakinarazpen ondorioetarako.

Instrukzio-organoak erreklamazioak eta/edo zuzenketak ebatzi ondotik, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntzak behin betiko ematea.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

7. Gastuen justifikazioa.

Emandako laguntza justifikatzeko, ikastetxeek 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era arte egindako gastuen fakturak aurkeztu beharko dituzte, bai eta ordainagiriak edo ordaindu izanaren erantzukizunpeko adierazpena ere. Hori guztia haien izenean eta IV. eranskinean eta II. eta III. eranskinetan (Excel formatuan) jasotzen den bezala, uztailaren 31 baino lehen.

Hezkuntza Departamentuko zerbitzu juridikoek adierazi dute garrantzitsua dela jarraibide horiek betetzea, ez betetzeak emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekar baitezake, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzultzea.

Hala ere, emandako zenbateko osoa 2024ko uztailaren 31 baino lehen justifikatu nahi duten ikastetxeek 2024ko martxoaren 31ra arte bidaltzen ahalko dute ordainketa izapidetzeko adierazitako dokumentazioa.

Ikastetxeek Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari igorri beharko diote justifikazio hori, Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

Justifikatzeko epea amaitu eta dokumentazioa berrikusi ondotik, II., III. eta IV. eranskinen arabera eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkeztu ez duten ikastetxeei jakinaraziko zaie hamar egun balioduneko epea dutela dokumentazioa zuzen dezaten.

8. Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ordainduko da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, 2024ko irailetik aurrera eginen den ordainketa bakar batean; aurretik, 2024ko uztailaren 31 baino lehen, II. eta III. eranskinak eta egindako gastuen fakturak eta ordainketen frogagiriak, nahiz instrukzioak aurkeztu beharko dira, VI. eranskinaren arabera.

2024ko martxoaren 31ra arte (egun hori barne) emandako laguntza osoa justifikatzen den kasuetan, ordainketa bakarra 2024ko maiatzetik aurrera eginen da.

Ordainketa-ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpen-ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaizkie, informazioaren ondorioetarako.

9. Ikastetxeen betebeharrak.

Curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Deialdiaren oinarri hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

2. Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen-lanak onartzea.

3. Ikasle onuradunaren familiari laguntzaren jatorria eta xedea jakinaraztea.

10. Ez-betetzeak.

Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

11. Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bai eta haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta biharamunetik hasita.

12. Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA.–GASTUEN JUSTIFIKAZIOA. 2023-2024 IKASTURTEA

IKASTETXEA

UDALERRIA

IKASTETXEAREN

KODEA

FAKTURAK

KOPURU
EGOZGARRIA

IKASLE ONURADUNEN KOPURUA (2)

DOK. ZK.(1)

HORNITZAILEA

KONTZEPTUA

FAKTURA, GUZTIRA

1

2

3

4

5

JASO BEHARREKO LAGUNTZA, GUZTIRA

(1) Fakturak hurrenez hurren zenbakituta aurkeztuko dira.

(2) Laguntzaren xede izan diren ikasleen kopurua.

III. ERANSKINA.–IKASLE BAKOITZEKO GASTUEN JUSTIFIKAZIO OSOA. 2023-2024 IKASTURTEA

IKASTETXEA

UDALERRIA

IKASTETXEAREN

KODEA

DOKUMENTU ZENBAKIA (1)

1. DEITURA (2)

2. DEITURA

IZENA

GUZTIRA

JASO BEHARREKO LAGUNTZA, GUZTIRA

(1) IV. eranskineko lehenbiziko zutabeari loturiko numerazioa.

(2) Ikaslearen zutabeetan izen-deitura osoak jarri, ordena alfabetikoaren arabera.

IV. ERANSKINA

Gastuak justifikatzeko hiru agiri bidali behar dira:

1. II. eranskina (Excel formatuan).

2. III. eranskina (Excel formatuan).

3. Fakturak eta ordainagiriak eskaneatuta eta behar bezala ordenatuta jasotzen dituen dokumentu bat (PDF formatuan), edo aurkeztutako fakturak ordaindu direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

Fakturak eta dagozkien ordainagiriak aurkezteko jarraibideak:

Faktura bakoitza ordenatuta egonen da, eta dagokion ordainagiria erantsiko zaio, zenbakiaren hurrenkeraren arabera (dok. zenbakia), IV. eranskineko lehenengo zutabean agertzen den bezala.

Adibide gisa, honela ordenatu behar da PDFa: 1. faktura, 1. egiaztagiria, 2. faktura, 2. egiaztagiria... eta horrela hurrenez hurren.

I. eranskinaren 7. oinarriak xedatzen duen bezala, ikastetxeek fakturak aurkeztuko dituzte, eta, ordainketaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ezean, faktura horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere bai, honako kasu hauetan izan ezik, non dokumentu hauek aurkeztu beharko baitira:

1.–Jantoki-zerbitzua ikastetxeak kudeatzen duenean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, ikasle onuradunak eta jantoki zerbitzuaren zenbateko osoa (lehengaiak eta giza baliabideak) zehaztuz; laguntza agortu arteko denbora ere zehaztuko da.

2.–Jantoki-zerbitzua kanpoko enpresa batek kudeatzen duenean, enpresa horrek txosten sinatu bat eginen du ikasle onuradunen eta zerbitzuaren kostuaren berri emateko, eta ikastetxeak, berriz, enpresa kudeatzaileari laguntza agortu arte egindako transferentzien egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.–Salbuespenezko beste inguruabar batzuk. Hala gertatuz gero, Hezkuntza Departamentuak aztertuko ditu eta banakako jarraibideak emanen ditu.

Iragarkiaren kodea: F2400080