1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
495E/2024 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez baimendu egiten da Ribaforada udal mugartean kokatuta dagoen eta titularra Ganados Barberena SL duen haragitarako behi eta behor aziendaren instalazio baten aldaketa funtsezkoa, helburua duena haragitarako behi eta behor aziendaren instalazioaren proiektua egitea (handitzea, haragitarako 2.495 moxal eta 1.214 aratxe izateko guztira). Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.
Egun abian dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman zitzaiona; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 10.17 multzoan, 10.21 taldean.
2023-03-15ean titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen haragitarako behi eta behor aziendaren instalaziorako (handitzea, haragitarako 2.495 moxal eta 1.214 aratxe izateko guztira).
Ondorioz, eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aldaketa nabarmena ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.
Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1. taldeko f 3) letran sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 6ko 656E/2024 Ebazpenaren bidez erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gainean ondorio nabarmenik ez duela adierazita.
Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan, zeinaren bidez istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi baitziren, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean ezarrita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraituz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 6ko 656E/2024 Ebazpenaren bidez, proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin da, aldekoa. Ebazpen honen VIII. eranskinean, ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotako informazioa ageri da da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin.
Bestalde, ez dago ingurumen-baimen bateratuaren dokumentu bat zeinetan biltzen baitira instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak. Jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko zenbait ebazpen daude eta horien bidez joan dira ezartzen funtzionamenduko ingurumen baldintzak denboran zehar.
Horregatik, beharrezkotzat jo da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, jarduera sailkatuaren udal lizentziaren emateetan eta aldaketetan oinarritzen den dokumentu bategin baten bidez, errazago ikusi ahal izateko zein diren instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Baimena ematea Ribaforada udal mugartean kokatuta dagoen eta titularra Ganados Barberena SL duen haragitarako behi eta behor aziendaren instalazio baten aldaketa funtsezkoa egiteko, helburua duena haragitarako behi eta behor aziendaren instalazioaren proiektua gauzatzea (handitzea, haragitarako 2.495 moxal eta 1.214 aratxe izateko guztira). Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.
Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen XI. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori akituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.
Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan 15P02208090412024 zenbakiarekin inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.
Laugarrena.– Behor aziendaren (moxalen) instalazioko simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onestea, 2080010420/2/2 zenbakiduna, bai eta behi aziendaren (aratxeak) instalazioko simaurrak sortu eta kudeatzeko plana ere, 2080010456/1/1 zenbakiduna. Biak sartu dira ebazpen honetako V. eranskinean.
Bosgarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.
Seigarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, aldaketa nabarmenerako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Zazpigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Zortzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–Ebazpen honen XI. eranskinean ezarritako hirigintzako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.
–Titularraren adierazpena, non hitz emanen baitu ezen, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero, lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratuko duela gehienez ere bost urteko epean.
–Memoria eta dokumentazio grafikoa, baimenean aurreikusitako landaketak eta gorpuen edukiontziak jarriko diren egituren azken soluzioa egikaritu direla egiaztatzen duena.
–Abeltzaintzako ustiapen bien REGA inskripzioa.
–Funtzionamendu anomalorako plana.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.
Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hamahirugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Ganados Barberena SL sozietateari, Ribaforadako Udalari, Greenpeace erakundeari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, Nafarroako Foru Komunitatearen Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioari, Aragoiko Estatuko Errepideen Mugapeari eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioko Trenbide Sektorearen Zuzendaritza Nagusiko Trenbide Plangintzako zuzendariorde nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2416704