258. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

262/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, 2024ko azaroaren 18 eta 26rako aurreikusitako grebaren deialdia dela-eta Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa-Gizain Fundazioaren esparruan gutxieneko zerbitzuetarako behar diren langileak zehazten dituena.

LAB sindikatuak grebarako deialdia egin du azaroren 18rako (12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara) eta azaroaren 26rako (00:01etik 23:59ra), Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa-Gizain Fundazioaren esparruan.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak eta eguneko arretarako zentroak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute gizarte-larrialdietan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago ezen gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba orduetan.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da pertsona horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Gutxieneko zerbitzuen proposamena LAB sindikatuari bidali zaio, greba batzordearen ordezkaria den aldetik.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa-Gizain Fundazioaren esparruan 2024ko azaroaren 18an eta 26an egitekoa den greba dela-eta, honako gutxieneko zerbitzu hauek finkatzen dira greba eskubidea erabiltzeko:

Egoitza-arretako zentro guztietan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Helburu horrekin, zerbitzu horiek emanen direla bermatzeko behar diren langileek jardunean egon beharko dute, hau da, jaiegunetarako aurreikusitako zuzeneko arretako langileek, egun horretarako zegozkionak baino langile gehiago behar ez badira.

2. Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau jakinaraztea greba batzordeari eta Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa-Gizain Fundazioari, behar diren ondorioetarako.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 15ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2416731