1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 27an hartua, Untzititik (Nafarroa) Zorokiainera joateko bidea zolatzeko proiektuaren exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.
2024ko otsailaren 22an, Untzitibarko Udalaren osoko bilkurak erabaki zuen Untzititik (Nafarroa) Zorokiainera joateko bidea zolatzeko proiektua onestea, proiektuaren onura publikoa aitortzea eta deklaratzea, baita proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra ere, proiektua onesteak berekin baitakar, eta, orobat, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onetsi eta jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez (udalaren erabakia 2024ko apirilaren 25ean argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean).
Jendaurreko aldia iraganda, Untzitibarko Udalak, 2024ko abuztuaren 22an egin osoko bilkuran, ezetsi egin zuen aurkeztutako alegazioa eta behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Halaber, erabaki zuen behar den kredituaren atxikipena egitea, ordaindu ahal izateko ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua eta desjabetze-espedientearen ondorio diren gainerako obligazioak, eta Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektua presakoa dela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.
Proiektuaren exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, NA-234 errepidearekiko gurutzagunetik Zorokiainera doan bidea egokitu behar delako. Izan ere, bidea egoera txarrean dago eta, gainera, azken urteotan nabarmen handitu da bide horretako ibilgailuen zirkulazioa, Zorokiaingo bizilagunen kopurua ere handitu delako. Egokitzapen horren bidez, ibilgailuen, oinezkoen eta txirrindularien bide-segurtasuna bermatu nahi da.
Untzitibarko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, Nafarroako Gobernuak justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Untzititik (Nafarroa) Zorokiainera joateko bidea zolatzeko proiektuaren exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Untzitibarko Udalari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2417279