258. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 27an hartua, proiektu hauen exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko: "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea)", "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Funesko adarra" eta "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Milagroko adarra".

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluaren arabera, prozedura hasten edo tramitatzen duen administrazio-organoak, prozedura hasteko modua edozein izanda ere, erabaki dezake, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, prozedura hori metatzea oinarri bera edo lotura estua duten beste batzuekin, baldin eta organo berak tramitatu eta ebatzi behar badu prozedura. Metatzeko erabakiaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri.

Kasu honetan, kontuan hartuta eskaera guztiak Mairagako Mankomunitateak aurkeztu dituela eta horiek guztiak proiektu berarekin lotuta daudela, hau da, "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea)" proiektuarekin, bidezkoa da eskaera horiek metatzea, Nafarroako Gobernuak batera izapidetu eta ebatz ditzan.

2024ko irailaren 12an, Mairagako Mankomunitatearen Batzar Nagusiak erabaki zuen honako proiektu hauek onestea: "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea)", "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Funesko adarra" eta "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Milagroko adarra"; horrez gain, erabaki zuen proiektu horiek ukitutako ondasun eta eskubideen onura publikoa aitortu eta deklaratzea, bai eta haien okupazioaren beharra ere, onespenak berekin dakarrena; erabaki zuen, halaber, proiektuek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendak hasiera batez onestea eta jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez. Erabakia 2024ko 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 19koan.

Jendaurreko aldia bukatuta, Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2024ko urriaren 16an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zituen aipatutako proiektuak, baita horiek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendak ere. Onespen horrek berekin dakartza onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioak. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa dela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektuen exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, hainbat herritan edateko uraz hornitzeko dauden arazoak konpontzeko premiagatik eta proiektu honi lotutako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko. Herri horiek Mairagako Mankomunitatean integratu berri dira, eta batez ere Nafarroako Erriberagoienekoak dira, hala nola Cadreita, Funes, Milagro eta Alesbes, eta gabeziak dituzte giza kontsumorako uraren kantitateari eta kalitateari dagokienez.

Nafarroako Gobernuak, Mairagako Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Proiektu hauen exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea: "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea)", "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Funesko adarra" eta "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Milagroko adarra".

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Mairagako Mankomunitateari jakinaraztea erabaki hau.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2417278