Iragarkia
258. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
901E/2024 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Nazioartekotzeko bultzada bonuak" dirulaguntzaren 2025eko deialdia. DDBNeko identifikazioa: 797576.
Nafarroako Nazioarteko Planaren erronka nagusietako bat da Nafarroako enpresa txiki eta ertainak gehiago nazioartekotzea.
Nazioartekotze Bultzada Bonuen xedea da Nafarroako enpresa txiki eta ertainei nazioartekotze prozesuetan aurrera egiten laguntzea, horretarako behar diren gastuak diruz lagunduz.
Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 6an hartutako erabaki baten bidez baimena eman zitzaion Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiari 2025ean "Nazioartekotzeko bultzada bonuak" dirulaguntza emateko, banakako ebaluazio araubidean.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. "Nazioartekotzeko bultzada bonuak" dirulaguntzaren 2025eko deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Guztira 145.000 euroko gasturako baimena ematea, 2026ko aurrekontuaren partidaren kargura, oraingo ekitaldiko partida honen parekoa baita: "Enpresentzako kanpo-sustapenerako dirulaguntzak" izeneko 810003 81400 4709 431300 partida, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago.
Orobat, 100.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.
Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta ondoko egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko azaroaren 18an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–2025EKO "NAZIOARTEKOTZEKO BULTZADA BONUAK" DIRULAGUNTZAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Xedea.
"Nazioartekotzeko bultzada bonuak" izeneko dirulaguntzaren xedeak dira enpresa esportatzaileen kopurua handitzea, dagoeneko esportazioan ari direnen nazioartekotzea sendotzea, eta Nafarroako esportazioen bolumena gehitzea.
Horretarako, diruz laguntzen dira nazioartekotzen hasi edo horretan sendotu nahi duten Nafarroako enpresa txiki eta ertainek xede horrekin egindako gastuak.
Enpresen nazioartekotze maila kontuan hartuta, bi bonu modalitate aurkitzen ahal dira:
a) Bultzada hastea bonua, 2024an 50.000 euro edo gutxiago esportatu duten enpresentzat.
b) Bultzada sendotzea bonua, 2024an 50.000 euro edo gehiago esportatu duten enpresentzat.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Dirulaguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:
a) ICEXen ICEX NEXT programan parte hartu izana edo parte hartzen aritzea, edo enpresaren nazioartekotzearen aldeko diagnostiko bat izatea. Bi kasuetan, 2020ko urtarrilaren 1etik eskabidea egin arteko aldian.
Lehenengo kasuan, programari atxikitzeko gutuna aurkeztuz frogatuko da. Bigarren kasuan, diagnostiko horren ondorioak eta gomendioak aurkeztuz frogatuko da, hura egin duen enpresak sinatuta. Aholkularitza enpresa horrek gutxienez ere hiru urteko esperientzia izan beharko du nazioarteko merkataritzaren arloko aholkularitzan. Diagnostikoak ebaluatu beharko du enpresa zenbateraino dagoen prestatuta nazioartekotze digitaleko estrategiarako, horrekin lotutako gastuetarako dirulaguntza eskatzen duenean.
b) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz. Hori egiaztatzeko, ETE izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
c) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea Nafarroan.
d) Esportatzen ahal den berezko produktu, zerbitzu edo marka bat izatea.
e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
f) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, hala badagokio, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
g) Nazioartekotze Bultzada Bonuen dirulaguntzaren onuradun ez izatea bi deialdi baino gehiagotan azken bost urteetan.
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Oinarri hauetako c) letratik h) letrara bitarteko baldintza orokorrak eskabide-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
3. Baldin eta emakidaren ondotik enpresan egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du. Nolanahi ere, subrogazioa laguntza ordaintzeko ebazpenean baimenduko da.
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, dirulaguntzaren zenbatekoa eta gauzatzeko epea.
1. Oinarri honen bigarren atalean aipatutako gastuen %60 lagunduko da diruz, enpresa bakoitzeko gehienez ere 10.000 euro Bultzada hastea Bonuaren kasuan, eta enpresa bakoitzeko gehienez ere 20.000 euro Bultzada sendotu Bonuaren kasuan.
2. Gastu hauek laguntzen ahalko dira diruz, eta baliozkoak izanen dira nazioartekotze estrategia bertsio fisiko nahiz digitalean egiten denean:
a) Enpresaren nazioartekotze plana diseinatu edo eguneratzearen ondoriozko gastuak. Barne hartzen ditu nazioartekotzean espezializatutako aholkularitza enpresen laguntzaz ekintzak diseinatzeko, egutegian kokatzeko eta aurrekontua prestatzeko egindako gastuak.
b) Enpresaren xede-merkatuaren prospekzio gastuak. Barne hartzen ditu merkatua eta merkatuko eragileak hobeki ezagutzeko azterlan guztiak: destinoko merkatuaren joerak, gobernuen politikak, arau esparrua, enpresa lehiakideak eta haien estrategia, produktu edo zerbitzu lehiakideak eta ordezkoak, bezerogaiak, banaketako kanalak, inportatzaileak eta merkatuan sartzeko oztopoak.
c) Nazioarteko sustapen gastuak. Barne hartzen ditu nazioarteko sustapeneko estrategia bat ezartzea xede duten zerbitzuak kontratatzeko gastu guztiak: sustapeneko euskarriak prestatzea, sustapen kanpainak diseinatu eta ordaintzea, publizitate kanpainak diseinatu eta kontratatzea eta kontaktuen agendak egitea.
d) Jabetza industriala babestu eta nazioarteko salmentan inpaktua duten homologazioak eta ziurtagiriak lortzearekin lotuta sortutako gastuak.
e) Atzerrirako ezarpen plan bat diseinatzearekin lotuta sortutako gastuak. Barne hartzen ditu destinoko ezarpenaren bideragarritasuna aztertzearekin lotutako gastuak eta ezarpenerako negozio planaren diseinu gastuak.
f) Nazioartekotze estrategia diseinatu eta ezartzeko behar den lege aholkularitzak sortutako gastuak.
g) Nazioartekotze estrategia ezartzeko langileak hautatzea. Barne hartzen ditu profilak aurkitzeko gastuak, enpresan sartuko diren langileak jatorrian edo destinoan kontratatzeko hautaketa prozesua egiteko gastuak, bai eta destinoko herrialdean merkataritza-eragileak edo -ordezkariak kontratatzekoak ere.
h) Esportazioen kudeatzaile bat gutxienez sei hilabetez kontratatzeko gastuak.
3. Ez dira inola ere diruz lagunduko bidaien eta ostatuaren gastuak, nazioarteko azoketan eta misioetan izandakoak, jarduera iraunkorrekin edo aldizkakoekin lotutakoak, ez eta enpresaren ohiko kudeaketa gastuekin lotutakoak ere (back office lanak, hala nola kontabilitatea egitea, zerga-aitorpenak, etab.). Helburu zehatzak dituzten lan puntualak baizik ez dira diruz lagungarriak.
4. Dirulaguntza jaso ahal izateko, zerbitzuak ematen dituen enpresak frogatu beharko du nazioarteko merkataritzaren arloko aholkularitzan gutxienez hiru urteko esperientzia duela, aplikagarria denean, eta h) letraren kasuan, zerbitzuak ematen dituen enpresak edo autonomoak frogatu beharko du nazioarteko merkataritzaren arloan edo Export manager gisa hiru urteko esperientzia duela gutxienez.
5. Dirulaguntza jaso ahal izateko, diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 5.000 euro izan behar da gutxienez.
6. Diruz laguntzeko modukoak izateko, gastuak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin, fakturatu eta ordaindu beharko dira, egun hori barne.
7. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen fakturatu bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
8. Enpresak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko gastu diruz lagungarriak egin baditu, gastu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 1ean bukatuko, egun hori barne.
2. Eskaerak bide telematikoz aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/bonos-impulsa-de-internacionalizacion-2025 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
3. Laguntzak eskatzeko prozesuan, eskatzaileek enpresaren datuak bete beharko dituzte, bai eta erantzukizunpeko adierazpena ere, onuradun izateko 2.1 oinarriko c) letratik h) letrara ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa.
4. Eskabide-orri telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza fitxategi batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:
a) 2024. urteko BEZ aitorpenak.
b) ICEX NEXT programari atxikitzearen gutuna edo aholkularitza enpresak sinatutako nazioartekotze diagnostikoa.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa ertain edo txikia dela adierazten duena, enpresaren legezko ordezkariak digitalki sinatua.
d) Dirulaguntzaren xede diren gastuei buruzko memoria.
e) Dirulaguntzaren xede diren gastuen aurrekontuak edo, bestela, eskatutako gastuaren zenbatespena egiaztatzen duten agiriak.
f) Zerbitzuak ematen dituzten enpresen baldintzak, eta, behar bada, baldintza pertsonalak betetzen direla ziurtatzea, zerbitzua ematen duten enpresen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, hartan adierazirik eskatutako esperientzia urteetan egindako lanik garrantzitsuenak, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egiaztatu ahal izateko gisan.
g) Hornitzailearen hautaketaren gaineko justifikazioaren inprimakia, enpresaren legezko ordezkariak digitalki sinatua, eta 3.7 oinarrian ezarritako gainerako agiriak.
5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
5. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritakoaren arabera ebaluatuko dira eta 3. oinarrian ezarritakoa aplikatuz esleituko da dirulaguntza.
2. Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan modalitate bakoitzerako kreditua baldin badago:
a) Bultzada-hastea bonua: 45.000 euro.
b) Bultzada-sendotzea bonua: 100.000 euro.
Modalitate baterako eskaera guztiei erantzun ondotik kreditu erabilgarria baldin badago, beste modalitateko eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, aurkezteko hurrenkeraren arabera.
Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
3. Ebazpena eman eta eskatzaileen GHEbaren bidez jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.
1. Onuradunek 2026ko martxoaren 31 baino lehen, hura barne, justifikatu beharko dute egindako jarduera. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei egokituta, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez:
a) Justifikaziorako inprimakia.
b) Ordainketen fakturak eta frogagiriak (bankuko agiriak baino ez dira onartuko).
c) Proiektua justifikatzeko memoria.
d) Proiektuaren finantzabideen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.
e) Dirulaguntzaren publizitatearen gaineko justifikazioa, 9.1.c) oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
f) Dirulaguntza eskatu bada esportazioen kudeatzaile bat kontratatzeko, izenpeturiko kontratua ere aurkeztu beharko da.
g) Ebaluazio-inkesta (laguntzen fitxan dago).
2. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondotik, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena lau hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, bide telematikoz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan gaitutako izapidearen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) nahiz ez izan (kasu horretan, egoera hori adieraziko da adierazpenean).
Baldin eta 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.
b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 7. oinarrian ezarritako moduan eta epean.
c) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz adieraztea dirulaguntza baten onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) logoa ikusgai jartzea. Logoa hemen deskargatzen ahal da: https://www.planinternacionaldenavarra.es/.
d) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 10. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
f) 2026ko eta 2027ko ekitaldietako eraginkortasun-adierazleak kalkulatzeko datuak aurkeztea (salmenten, esportazioen eta enpleguaren zifrak), Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak hala eskatzen dionean.
g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 7.2 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Onuradunak gastu bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntza batzuk hartzen dituenean, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago "enpresa bakarraren" definizioa.
Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.
12. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia bide telematikoz aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan beharrezkoak diren komunikazioak interesdunen Gaitutako Helbide Elektroniko Bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, dirulaguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
14. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal direla, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2416901
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
