258. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

241E/2024 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuen 2025eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 798231.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak helburu du, besteak beste, lankidetza sustatzea eta ikerketaren ezagutzaren transferentzia egiten laguntzea Nafarroako I+G+b Sistematik (SINAI) sare produktibora, sare sozialera eta gizartera, oro har.

Gainera, lege horrek Nafarroako I+G+b sistema antolatzen du ezagutzaren sorrera, garapena eta aprobetxamendu partekatua sustatzeko, kalitatearen eta berdintasunaren parametroetan. Horretarako, Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan. Artikulu horretan, honako hau hartzen da enpresaren arloko I+G+b unitatetzat (EIU): ikerketa entitatea, funtsean garapen esperimentalean aritzen dena, eta bere enpresa titularren I+G+b arloko beharrak betetzera bideratua. Haren betebeharra da, besteak beste, teknologia sortu eta garatzea eta emaitzen merkataritza ustiapena egitea, patenteak sortuz, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortuz edo produktu eta prozesu berriak garatuz. Hori lortzeko, teknologia zentroen, ikerketa zentroen eta unibertsitateen laguntza behar du, jakintzaren sortzaileak baitira Sistemaren barnean.

Bestalde, Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriak (2021-2025), 4. erronkarekin (SINAI eragileen eta enpresa-sarearen arteko lotura handitzea) lotutako neurrien artean, neurri bat jasotzen du helburua duena lehen zegoen bonu teknologikoen eskemari berriz heltzea, ETEak SINAI eragileetara errazago hurbiltzeko. "Ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuak" izeneko neurri hori 2022an jarri zen abian, eta aurrez ezarritako zenbatekoa zuten laguntzak banatzen zituen, ETEek ezagutzaren eta teknologiaren transferentziarako zerbitzuak kontratatu ahal zitzaten SINAI eragile gisa egiaztatutako unibertsitate, teknologia zentro eta ikerketa zentroekin.

2025eko deialdi honetan mantentzen dira ETEak eta enpresaren arloko I+G+b unitateak (EIU) laguntzaren onuradun izatea, produktu eta prozesu berriak garatu, patenteak sortu eta horrelako lanak egiteko legezko betebeharra baitute, lehen esan den bezala. Hala, laguntza-tresna honen bidez sustatu nahi da enpresa-sarera transferitu daitezela Nafarroako ikerketa zentro, teknologia zentro eta unibertsitateetan sortutako ezagutza eta teknologia. Nafarroako I+G+b Sistemaren eta enpresen arteko harremana sustatu nahi da, eta bultzada horri esker bilatzen da ETEek eta EIUek beren barne-berrikuntza prozesuak sistematizatzea eta kanpoko zerbitzu espezializatuetara jotzea, I+G proiektu erradikalagoei ekiteko erraztasunak emanez, bai eta beren proiektuen bideragarritasuna goiz ebaluatzea ere.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuen 2025eko deialdia onestea.

2. Onestea dirulaguntza arautuko duten oinarriak. Ebazpen honen lehenengo eranskinean jaso dira.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko aurrekontu-ekitaldiko "Ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuak" izeneko G20001 G2100 7701 467302 partidaren kargura, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko azaroaren 19an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako I+G+b Sistema indartzea, ETEen eta enpresaren arloko I+G+b unitateen (EIU) jarduera berritzailea areagotzeko motor gisa, jakintza zientifikoa, teknologikoa edo berritzailea transferitzeko jarduketak kontratatuz unibertsitateekin, teknologia zentroekin eta ikerketa zentroekin.

Gero, ezagutza hori entitateek erabiltzen ahalko dute berrikuntzak egiteko, produktuan, prozesuan edo zerbitzuan, edo etorkizuneko I+G+b proiektu bateko aurretiazko fase gisa.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak eta enpresaren arloko I+G+b unitateak (EIU) izaten ahal dira entitate onuradun:

a) Nafarroan lantoki bat izatea eta zentro horretan egitea diruz lagundutako jarduerak.

b) Enpresen kasuan, ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioaren arabera.

c) EIUen kasuan, hala akreditatuta egotea Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroan, zeina araututa baitago otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan. Baldintza hori eskabidea aurkezten den egunean bete beharko da.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Ez egotea jarduketa egiten duen zentro teknologikoarekin, unibertsitatearekin edo ikerketa zentroarekin elkartuak edo hari atxikiak, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean termino horiei buruz ezarritako definizioaren arabera.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Entitate eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. Laguntzen eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da baldintza guztiak betetzen direla.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira SINAIren Erregistroan halakotzat akreditatutako zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batek egiten dituen jarduketei dagozkienak, haien asmoa baldin bada entitateari ezagutza zientifikoa, teknologikoa edo berritzailea transferitzea; besteak beste, honako jarduketa hauek:

a) Zaintza teknologikoa.

Zientzia eta teknologiari buruzko kanpo informazioa eta entitatea berarena biltzeko jarduerak, eta informazio hori hautatzea, aztertzea, zabaltzea eta komunikatzea, ezagutza bihurtzeko, arrisku gutxiagoko erabakiak hartzeko eta aldaketei aurrea hartu ahal izateko.

b) Bideragarritasun azterlanak.

Proiektu batean eragina duten faktoreak eta enpresak proiektua gauzatzeko dituen aukerak aztertzea. Arrisku tekniko, operatibo, ekonomiko eta merkatukoaren maila aztertu, analizatu eta baloratzea.

c) I+G+b-ari laguntzeko zerbitzuak. Besteak beste:

  • Produktua garatzea eta hobetzea.
  • Teknologiak eta prototipoak baliozkotzea.

d) Aholkularitza teknologikoa.

e) I+G proiektuen edo konponbideen diagnostikoa eta orientazioa.

f) Eragile horien I+G azpiegiturak edo ekipamenduak erabiltzea, zeinak SIESS sistemaren parte baitira (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra-https://www.siessnavarra.com).

Jarduketa horiek jarduera osoak izaten ahalko dira, edo jarduketa handiago batzuen fase partzialak.

2. Ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen entitateen ohiko jarduerak, produktuen kalitatea hobetzeko direnak edo jadanik badiren produktuak nahiz produkzio produktuak aldatzeko edo egokitzekoak, baldin eta funtsezko berrikuntzarik ez badakarte. Zehazki, ez dira diruz lagungarriak izanen honako helburu hauek duten jarduketak:

a) Nahitaezko arauak betetzea.

b) Kalitateko, ingurumeneko, jardunbide egokietako eta antzeko arloetako ziurtapenak eta CE marka ezartzea.

c) Ohiko analisi, entsegu edo karakterizazioak.

d) Prestakuntza orokorra.

e) Softwarea eskuratzea edo garatzea.

f) Negozio planak eta balorazio ekonomikoak.

g) Web-orriak garatzea.

h) Merkatu azterketak.

i) Lege, patente, zerga eta prestakuntza arloen gaineko aholkularitza eta laguntza.

3. Dirulaguntza jasoko duten jarduketak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitarte eginen dira.

4. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 1ean hasiko da (deialdia geroago argitaratzen bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea), eta 2025eko otsailaren 28an amaituko da.

2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, laguntzen fitxaren bidez.

5. oinarria. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate guztiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabide telematikoa, 2. eta 12. oinarrietan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Entitatearen aurkezpen agiria, honako hauek izanen dituena:

–Deskribapen laburra; egiten duen jarduera, produktuak, erabilitako teknologiak, instalazioak, etab.

–Hautatutako eragilearekin egin beharreko jarduketaren beharra, abiapuntua edo ebatzi beharreko problema, eta jarduketak entitateari dakarkion berrikuntza maila.

–Behar bezala justifikatu beharko da zergatik aukeratu den eragilea, dituen baliabideei (materialak edo giza baliabideak), lanen irismen teknologikoari eta abarrei dagokienez.

–Zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batekin ohikotasunez lan egiten bada, azaldu beharko da zein den eta zertarako eta zenbateko maiztasunez egiten diren lan horiek.

c) Hautatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa zentroak egindako eskaintza teknikoaren kopia, non behar bezain zehatz azalduko baita egin beharreko jarduketa, ezagutza enpresara edo EIUra transferitzeko. Honakoa sartu behar du:

–Zerbitzua kontratatuz zer ziurgabetasun tekniko ebatziko den.

–Egin beharreko jarduerak eta erabili beharreko teknologia.

–Aurreikusitako kronograma, hasierako eta bukaerako datak eta, behar izanez gero, jarduera xehakatuak.

–Egin beharreko lanen aurrekontu xehakatua.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, dagokion ebaluazio irizpidea baloratzearren.

e) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana laguntza eskatzen den egunaren aurreko hilabetean zehar, desgaitasunaren irizpidea baloratzearren.

2. Aurreko puntuan adierazitako agiriez gain, enpresek hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Enpresaren tamaina kalkulatzeko inprimakia eta azken 2 ekitaldietako kontuak (itxiak eta Merkataritza Erregistroan gordailutuak), bai eskatzailearenak, bai haren enpresa elkartu eta lotutakoenak.

b) Entitateak, laguntzaren xedeko jarduera egin behar den lantokian, 2024. urtean izan duen batez besteko langile kopurua frogatzen duen agiria.

3. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean gehienez, errekerimendua jakinarazten denetik hasita, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkezten diren eskaerak elkarren artean konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, 2. eranskinean ezarritako ebaluazio irizpideen arabera, eskatzailea ETEa bada, eta 3. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, eskatzailea enpresaren arloko I+G+b unitatea (EIU) bada.

Proposamenak ebaluatu ondoren, lehentasunaren araberako zerrenda bat eginen da entitate eskatzaile mota bakoitzeko: ETEen zerrenda eta enpresaren arloko I+G+b unitateen zerrenda.

2. Laguntzak emateari dagokionez, honela banatuko da deialdiko kreditua:

a) 100.000 euroko hasierako kreditua ezarri da ETEek aurkezten dituzten eskaerei erantzuteko.

b) 50.000 euroko hasierako kreditua ezarri da enpresaren arloko I+G+b unitateen eskaerei erantzuteko.

3. Entitate motaren arabera eskatzaile bakoitzari dagokion zerrendako lehentasun hurrenkerari jarraituz emanen dira laguntzak. Berdinketarik bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren.

4. Entitate bakoitzak gehienez ere jarduketa baterako dirulaguntza jasoko du. Hala ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, jarduketa diruz lagungarrien kopurua handitzen ahalko da, gehienez ere hiru izan arte entitate onuradun bakoitzeko, baldin eta jarduketa diruz lagundu ez den zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batekin egiten bada.

5. Entitate beraren eskabide batek baino gehiagok puntuazio bera badute, sarrera-ordenaren arabera hartuko dira kontuan.

6. Entitate mota bati dagozkion eskaera guztiei erantzun ondotik gerakinik badago hartarako baimendutako kredituan, beste motako entitate eskatzaileen jarduketak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da.

7. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (I+G+b Zerbitzua) entitate eskatzaileei eskatzen ahalko dizkie eskabideak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio gehigarri guztiak.

7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Enpresentzat, gastu diruz lagungarriaren %60 (BEZa kanpo); muga 10.000 euro izanen da jarduketa bakoitzeko.

b) EIUentzat, gastu diruz lagungarriaren %70 (BEZa kanpo); muga 16.000 euro izanen da jarduketa bakoitzeko.

2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aurreko puntuan ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, eskatzaile mota horrentzat aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

8. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Bi kategorietako bakoitzean dauden entitate onuradunen zerrenda, lortutako balorazioen hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

9. oinarria. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, baita dagozkion gastuak eta ordainketak ere, 2025eko azaroaren 30a baino lehenago, hori barne.

2. Justifikazio agiriak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 2an amaituko da.

3. Honako hau da telematika bidez eta laguntzen fitxaren bidez aurkeztu beharreko justifikazio dokumentazioa, fitxa horretan eskura dauden ereduak erabiliz:

a) Jarduketa laburbiltzen duen fitxa.

b) Zerbitzu teknologikoak egin dituen zentro teknologikoaren, unibertsitatearen edo ikerketa zentroaren fakturaren fotokopia.

c) Ordainketaren frogagiriaren fotokopia.

d) "Jarduketaren bukaerako txostena" dokumentua, kontratatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa zentroak emana. Bertan jarduketaren norainokoa, helburuak noraino bete diren edo izandako zailtasunak zehaztuko dira.

4. Frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hilabete bateko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

5. Dirulaguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak entitate onuradunaren instalazioak bisitatzen ahalko ditu, dirulaguntza jaso duen jarduketa egin dela egiaztatzeko.

6. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeak aurkezten badituzte.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa oinarri honetan adierazitako moduan eginen da.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, laguntzen fitxaren bidez telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, fitxa horretan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.

e) Nafarroako Gobernuak jarduketa gauzatzeko dirulaguntza eman duela aipatzea onuradunaren web-orrian eta, idatzizko edo irudi bidezko zabalkundea eginez gero, horretarako sortutako dokumentazio guztian.

f) Entitate onuradunek, diruz lagundutako jarduketaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela. Aipamen horretan testu hau edo antzekoa sartuko da:

"Nafarroako Gobernuak jarduera hau finantzatu du, ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuak izeneko deialdiaren esparruan".

"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logoa erabil daiteke, hemen eskuratu daitekeena: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Era berean, "jarduketa hau" terminoaren ordez, gauzatzen den jarduketaren deskribapena erabil daiteke.

g) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko dute, eta begiratuko dute berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria. Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

12. oinarria. "De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2023ko L 352. EBAO, abenduaren 15ekoa).

Aipatu erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, onuradunek aitortuko dute, laguntzen eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta, "de minimis" laguntzarik jaso duten aurreko hiru urteetan.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

14. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. ERANSKINA.–ETE ESKATZAILEEN PROPOSAMENAK EBALUATZEKO IRIZPIDEAK

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1. Jarduketaren berrikuntza maila

20

2. Bonuen 2024ko deialdian parte hartu izana

20

3. Lantokiko batez besteko plantilla

15

4. Lurralde kohesioa

15

5. Berdintasun neurriak

10

6. Desgaitasuna duten langileak

10

7. Lehen lankidetza 5 urtean

10

GUZTIRA

100

1. Jarduketaren berrikuntza maila. Zenbateraino den jarduera handinahia; potentzial berritzailea; helburu eta planteamendu berritzaileak.

–0 puntutik (batere berritzailea ez den jarduna) 20 puntura bitarte (erabat berritzailea den jarduna).

2. Parte hartu izana Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 10eko 25E/2024 Ebazpenaren bidez onetsitako "Ezagutza transferitzeko SINAI bonuak" izeneko 2024ko deialdian:

–Entitatea ezein laguntzaren onuradun izan ez bazen: 20 puntu.

–Entitatea onuradun izan bazen eta ebaluatzen ari den eskabideko SINAI eragileari ez beste bati kontratatu bazion jarduketa: 10 puntu.

–Entitatea onuradun izan bazen eta ebaluatzen ari den eskabideko SINAI eragileari berari kontratatu bazion jarduketa: 0 puntu.

3. Lantokiaren batez besteko langile kopurua 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31 bitarte. 15 puntu, gehienez.

–Langile batetik 9ra bitarte: 15 puntu.

–9 langiletik gora 49ra bitarte: 10 puntu.

–49 langiletik gora 249ra bitarte: 5 puntu.

–0 langile edo 249 baino gehiago: 0 puntu.

4. Lurralde kohesioa. 15 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Enpresa gehienez 1.500 biztanleko udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 15 puntu.

–Enpresa 1.500 biztanletik gorako udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 8 puntu.

Irizpide hau Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat) webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

5. Berdintasun neurriak. 10 puntu emanen dira baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 50 langile baino gutxiago badituzte.

–Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarri ofiziala edo Amedna-ren "Reconcilia zigilua" eta abar).

6. Desgaitasuna duten langileak. Honako kasu hauetan, 10 puntu emanen dira:

–Baldin eta entitate onuradunaren guztizko plantillan 50 langile edo gehiago badaude eta horietatik %4k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute.

–Gainerako entitateetan, plantillan desgaitasuna duen pertsona bat badago gutxienez.

7. Enpresak SINAI eragile jakin horrekin azken 5 urteetan izan duen lehen lankidetza bada: 10 puntu.

Ulertuta lankidetza dela baterako proiekturen bat egitea, diruz lagundua izan edo ez, SINAI eragilearen zerbitzuak kontratatu izana edo kontratu edo lankidetza hitzarmenen bat sinatu izana.

Berdinketarik bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren.

3. ERANSKINA.–"EIU" ESKATZAILEEN PROPOSAMENAK EBALUATZEKO IRIZPIDEAK

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1. Jarduketaren berrikuntza maila

20

2. Bonuen 2024ko deialdian parte hartu izana

20

3. Proiektu kolaboratiboen 2024ko deialdian parte hartu izana

20

4. Lurralde kohesioa

15

5. Berdintasun neurriak

10

6. Desgaitasuna duten langileak

10

GUZTIRA

95

1. Jarduketaren berrikuntza maila. Zenbateraino den jarduera handinahia; potentzial berritzailea; helburu eta planteamendu berritzaileak.

–0 puntutik (batere berritzailea ez den jarduna) 20 puntura bitarte (erabat berritzailea den jarduna).

2. Parte hartu izana Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 10eko 25E/2024 Ebazpenaren bidez onetsitako "Ezagutza transferitzeko SINAI bonuak" izeneko 2024ko deialdian:

–Entitatea ezein laguntzaren onuradun izan ez bazen: 20 puntu.

–Entitatea onuradun izan bazen eta ebaluatzen ari den eskabideko SINAI eragileari ez beste bati kontratatu bazion jarduketa: 10 puntu.

–Entitatea onuradun izan bazen eta ebaluatzen ari den eskabideko SINAI eragileari berari kontratatu bazion jarduketa: 0 puntu.

3. Parte hartu izana SINAI eragileei I+G proiektu kolaboratiboak egin ditzaten laguntzak emateko 2024ko deialdian:

–Entitatea onuradun izan ez bazen: 20 puntu.

–Entitatea onuradun izan bazen: 0 puntu.

4. Lurralde kohesioa. 15 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Enpresa gehienez 1.500 biztanleko udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 15 puntu.

–Entitatea 1.500 biztanletik gorako udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 8 puntu.

Irizpide hau Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat) webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

5. Berdintasun neurriak. 10 puntu emanen dira baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 50 langile baino gutxiago badituzte.

–Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarri ofiziala edo Amedna-ren "Reconcilia zigilua", eta abar).

6. Desgaitasuna duten langileak. 10 puntu emanen dira, plantillan desgaitasuna duen pertsona bat badago gutxienez.

Berdinketarik bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren.

Iragarkiaren kodea: F2417004