Iragarkia
258. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
902E/2024 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, "Naex Talentua Bekak" dirulaguntzaren 2025eko deialdia onesten duena. DDBNeko identifikazioa: 797664.
Nafarroako Nazioarteko Planak (NNP) zenbait helburu estrategiko ditu, hala nola, nafar gizartea trebatzea eta sentsibilizatzea herritar guztiak pertsonalki eta profesionalki garatzeko aukera aprobetxatzeko gai izan daitezen, ingurune global batean. Plan honetan jasotako ekimenetako bat da nazioarteko jardueren profesionalei prestakuntza ematea, nazioartean aritzeko azken hamarkadan mamitu eta pandemiaren ondorioz finkatzen ari diren modu berrietara egokitu daitezen.
NAEX Talentua Bekak deialdiaren helburua da, lehenik eta behin, beka lortzen duten gazteei nazioartekotze arloko profesionalen profil berrietarako beharrezkoa den prestakuntza teoriko espezializatua eskaintzea, arestian adierazitakoaren bidetik: nazioartekotze prozesuen digitalizazioa eta destinoan lan egiteko edo destinoa bera lantzeko behar diren ezagutzak eta gaitasunak. Horretarako, NUPekin batera (1. fasea) prestatutako International Business unibertsitate masterra doan eginen dute beka hauen onuradunek.
Bigarren helburua da destinoan nazioartekotzeari laguntza emateko eginkizunen ezagutza praktikoa eskaintzea beka lortzen duten gazteei. Arestiko hori lortzeko, gazte bekadunek egonaldiak eginen dituzte Bulego Ekonomiko eta Komertzial Espainiarren sareko atzerriko bulegoetan eta Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenaren inguruko gaietan laguntzen dioten aholkularitza enpresetan, Nafarroako Nazioarte Planean helburu diren herrialdeetan (2. fasea).
Eta, azkenik, lortutako ezagutza teorikoak eta praktikoak praktikan jartzeko aukera eskaini nahi zaie beka lortu duten gazteei, Acoge Naex Talento programan parte hartzen duten enpresa, erakunde, enpresaburu elkarte edo klusterretan praktikak eginez (3. fasea).
Nafarroako enpresek etorkizunean beren nazioartekotze prozesuei modu egokian heltzeko gai diren pertsona prestatuak izan ditzaten, laguntzen deialdi hau onesten da.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. NAEX Talentua Bekak dirulaguntzen 2025eko deialdia onestea.
2. Destino bakoitzari dagozkion bekak eta zuzkidurak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.
3. Guztira 571.000 euroko gastua baimentzea, gastu aurrekontu indarduneko "Nazioarteko praktikak" izeneko 810003-81400-4809-146100 partidaren baliokidea izateko asmoz ekitaldi horien aurrekontuetan gaitzen diren partiden kargura, baldin eta kreditu egokia eta aski badago ekitaldi horietan. Era honetan banatuko da:
EKITALDIA | AURREKONTUA |
2026 | 138.000 euro |
2027 | 285.000 euro |
2028 | 148.000 euro |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko azaroaren 18an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
I. ERANSKINA.–NAEX TALENTUA BEKAK 2025 OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Xedea.
NAEX Talentua Bekak programa honen xedea da unibertsitateko titulua duten gazteei nazioartekotze jardueren inguruko prestakuntza teorikoa eta praktikoa ematea, Nafarroako enpresek eskura izan ditzaten etorkizunean beren nazioartekotze prozesuei modu egokian heltzeko gai izanen diren pertsona prestatuak.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izaten ahal dira onuradunak:
a) Nafarroarekiko lotura izatea, hemen jaiotzeagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatuta izateagatik, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino gutxienez urtebete lehenagotik, edo erroldatuta egon izanagatik 5 urtez segidan, deialdiaren aurreko azken 10 urteetan; hori egiaztatzeko erroldaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
b) 1996ko urtarrilaren 1etik aurrera jaioak izatea.
c) Unibertsitatearen graduko titulu ofizial bat izatea.
Hori egiaztatzeko titulua aurkeztu beharko da, edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, esanez arestiko dokumentu horietakoren bat 2025eko irailaren 1a baino lehen aurkezteko moduan dagoela, arrazoi justifikaturik dagoenean salbu. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztuko da dokumentazioa.
Atzerrian edo estatuko zentro pribatuetan lortutako tituluekin batera, dagokion homologazioa, agintaritza eskudunak emandakoa, aurkeztu beharko da.
d) Ingelesean B2 maila izatea, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren (2010eko irailaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 117. zk.) I. eranskinean aipatutako edozein ziurtagiriren bidez egiaztatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bost urteetan eman bada, edo, bestela, ondorio horietarako prestatutako ahozko eta idatzizko probak gainditu beharko dira. Kasu horretan, eskatzaileak aukera hori adierazi beharko du eskaera orrian.
e) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (aurrerantzean, NUP) International Business unibertsitate masterrean onartuak izatea 2025eko ediziorako.
Baldin eta graduko unibertsitate-titulu ofiziala ez bada Ekonomiako eta/edo Enpresen Zuzendaritzako gradua edo antzeko beste graduren bat, masterrean sartzeko, eskatzaileek gai horietan prestakuntza osagarri egiaztatua izan beharko dute edo, bestela, arlo horietan esperientzia profesional sendoa izan beharko dute.
f) Bekari dagozkion eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
g) Aurreko edizioetan beka hauen onuradun ez izatea, masterra hasi aurretik bekari uko egin bazaio izan ezik.
h) Helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten beste laguntza edo beken onuraduna ez izatea.
i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea beka esleitzen duen organoak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak, eta orobat, haren nortasun datuak kontsultatu ditzan. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak eta nortasuna eta jaioteguna egiaztatzeko agiriak.
2. Oinarri honetako f), g), h) eta i) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaera egiteko inprimakian datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
3. oinarria.–Deialdian eskainitako bekak.
1. NAEX Talentua Beken deialdi honetan hamabi beka emanen dira, 8. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz. Hamabi onuradunek International Business unibertsitate masterra (NAEX Talentu Bekak programaren 1. fasea) eginen dute. Horietatik, gehienez ere zazpi pertsona sartuko dira programaren 2. eta 3. faseetan, hurrenez hurren, 9. oinarrian deskribatutako prozeduraren arabera hautatuta.
2. Prestakuntzarako bekak direnez, horien emakidak eta gozamenak ez du inolako lan harremanik ekarriko bekadunaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean, ez eta bekadunaren eta 2. eta 3. faseetan harekin lotuko diren destinoko entitateen artean ere.
3. Bekadunei ematen zaien dirua ez da inola ere soldata edo lansaritzat hartuko, prestakuntzarako laguntza ekonomikotzat baizik.
4. 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, NAEX Talentua Bekak deialdiaren onuradunek Gizarte Segurantzaren araubidearen babesa izanen dute, eta kontingentzia komunei eta kontingentzia profesionalei dagokiena kotizatuko dute. Ez da egonen langabeziagatik kotizatzeko betebeharrik, ezta Soldatak Bermatzeko Funtsari edo lanbide-heziketagatik ere.
4. oinarria.–NAEX Talentua Bekak programaren faseak.
NAEX Talentua Bekak programak elkarren segidako fase hauek ditu:
1. 1. fasea: International Business unibertsitate masterra.
Masterra NUPek emandako unibertsitate-titulu ofizial bat da. Masterraren programa akademikoa Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan prestatu da, eta enpresen nazioartekotzearen arloko gaur egungo errealitatera egokitu da.
Masterraren helburua da kanpo-merkataritzako eta nazioartekotzeko prestakuntza espezializatua ematea, bekadunek programaren ondotiko faseak behar bezala gauzatzeko behar dituzten ezagutzak eta trebetasunak eskura ditzaten.
2025eko irailean hasi eta 2026ko ekainean bukatuko da.
Onuradunek masterreko kreditu guztiak gainditu beharko dituzte masterreko titulua lortzeko eta programaren 2. fasera igarotzeko.
2. 2. fasea: Praktikak nazioartekotzea bultzatzeko entitateetan.
2. fasearen helburua izanen da bekadunei ezagutzera ematea, batetik, enpresei laguntzeko tresna publikoak, eta bestetik, nazioartekotzearen sustapenean ari diren entitate publiko nahiz pribatuetan eskuragarri dauden programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori atzerrian dauden Espainiako Ekonomia eta Merkataritza Bulegoen sarean emanen da, 2023ko otsailaren 2an Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministerioak eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak sinatutako hitzarmenari jarraikiz, edo Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenean laguntzeko aholkularitzetan. Bekadunek entitate horietan ematen diren zerbitzuetan lagunduko dute, zehaztutako prestakuntza planaren arabera.
Fase hau 2026ko uztailean hasiko da, eta 12 hilabeteko iraupena izanen du. Hasierako eta bukaerako benetako egunak destinoko entitatearekin adostu beharko dira, eta ahal bada, bat etorriko dira entitate horretan ari diren gainerako bekadunen datekin. Praktikak egin bitartean, bekadunaren ordutegia, laneko egutegia eta oporrak destinoko entitateak ezarritakoaren arabera zehaztuko dira.
Programaren 2. faseko praktiketan, bekadunek txosten bat bidali beharko dute, hil bakoitzeko azken astean, becasnaextalento@navarra.es helbide elektronikora. Horretan, zer lan egin diren eta zein azokatan, misiotan edo ekitalditan parte hartu den azaldu beharko da, eta prestakuntza planean zehaztutako gainerako dokumentazioa erantsiko da. Programaren 2. faseko praktiken azken hilabeteari dagokion txostenarekin batera, bekaren garapenari buruzko azken balorazio txostena aurkeztuko da.
Gainera, 2. fasea bukatzean, destinoko entitateko arduradunak balorazio txostena emanen du, eta han zehaztuko ditu bekadunaren prestakuntza gauzatu den arloak, emandako eginkizunak betetzeko bekadunak erakutsi dituen jarrera eta prestasuna, eta jardunean iritsitako maila.
Txostenak ikusita, erakunde kudeatzaileak, alegia, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, epaituko du programaren helburuak bete ote dituzten bekadunek, eta horren arabera jarraitzen ahalko dute bekadunek programaren 3. fasean.
Programaren 2. fasean eta, betiere, 2027ko maiatzaren 14a baino lehen, bekadunek Praktiketarako Konpromisoa sinatu beharko dute oinarri honen hirugarren atalean adierazitako enpresa eta entitateren batekin, 3. faseko praktikak egiteko. Praktiketako Konpromisoak epearen barruan sinatzen ez dituzten bekadunek izaera hori galduko dute, eta ez dute 3. fasea egiterik izanen.
Programaren 3. faserako praktikak esleitzeko sistema bekadunek eta enpresa edo entitate parte-hartzaileek Acoge NAEX Talento plataforma birtualaren bidez duten lehia askean oinarritzen da.
3. 3. fasea: Praktikak enpresa eta entitateetan.
Programaren 3. fasean, bekadunek Acoge NAEX Talento programan parte hartzen duten enpresetan edo entitateetan eginen dituzte praktikak (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/acoge-naex-talento/).
Programaren 3. fasea hasiko da 2. fasea bukatzean, eta, betiere, 2027ko abuztuaren 16a baino lehen, destinoko entitatearekin adostutako eguna den aldetik, eta hamabi hilabeteko iraupena izanen du. Praktikak egin bitartean, bekadunaren ordutegia, laneko egutegia eta oporrak destinoko entitateak ezarritakoaren arabera zehaztuko dira.
Praktika eginen duen enpresa edo entitatearen destinoko herrialdea, ahal bada, 2. fasean izandako bera izanen da.
2. eta 3. faseen iraupena aldatzen ahalko litzateke, zenbait bekadunentzat, baldin eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen badu, eta bi faseen guztirako iraupena 24 hilabetetik gorakoa ez bada.
Programaren 3. fasea bukatu aurreko azken hamar egun baliodunetan, bekadunek bukaerako txosten bat bidali beharko dute becasnaextalento@navarra.es helbide elektronikora. Horretan, praktiken aldian gauzatutako zereginen xehetasunak eta bekaren garapenaren balorazioa jasoko dituzte, bai eta beken fitxan eskuragarri dagoen eraginkortasun-adierazleen 1. galdetegia ere.
Era berean, 3. faseko praktikak bukatu eta hilabetera, destinoko enpresa edo entitateko tutoreak balorazio txostena emanen du, eta han zehaztuko ditu bekadunaren prestakuntza gauzatu den arloak, emandako eginkizunak betetzeko bekadunak erakutsi dituen jarrera eta prestasuna, eta jardunean iritsitako maila.
5. oinarria.–Beken zenbatekoa.
1. International Business unibertsitate masterra egitea (NAEX Talentua Bekak programaren 1. fasea) doakoa izanen da onuradunentzat. Masterraren kostu osoa Enpresen Sustapeneko Zuzendaritza Nagusiak finantzatuko du, NUPekin duen hitzarmenari jarraikiz. Bekadunek ez dute inongo zenbatekorik ordaindu behar, eta zuzkidurarik ere ez dute jasoko, fase honetan.
2. Programaren 2. eta 3. faseetarako esleitutako zenbatekoa, guztira 571.000 euro, era honetan banatuko da:
a) 2026ko ekitaldia: 138.000 euro.
b) 2027ko ekitaldia. 285.000 euro.
c) 2028ko ekitaldia: 148.000 euro.
3. Programaren 2. eta 3. faseetan, bekadunek II. eranskinean adierazitako urteko zuzkidura gordinak jasoko dituzte, praktiken helmugako herrialdearen arabera, 10. oinarrian ezarritako moduan.
Zuzkidura horietatik dagokion zerga-atxikipena eta indarrean dagoen legeriari jarraikiz aplikatzekoak diren Gizarte Segurantzako kotizazioen kuota kenduko dira.
Onuradunek 2. eta 3. faseetako praktikekin lotutako gastu guztiak ordaindu beharko dituzte esleitutako zuzkidurarekin, hauek barne: helmugako herrialdera joan eta handik itzultzeko bidaia gastuak; helmugako hiriko ostatuaren, mantenuaren eta joan-etorrien gastuak; bisa lortu eta berritzeko gastuak, eta nahitaezko aseguru bat (istripuak, bidaiak, osasun laguntza eta erantzukizun zibila).
Programaren 3. fasean, helmugara joan eta handik itzultzeko bidaia gastuak, bisa lortu eta berritzeko gastuak eta prestakuntza planaren barruan bekadunak egin beharreko jardueren ondoriozko gastuak destinoko entitatearen kontura izanen dira.
6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko apirilaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.
2. Eskaerak Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalaren Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta nahitaezkoa da bide telematikoz aurkeztea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-naex-talento-2025 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
3. Laguntzak eskatzeko prozesuan, eskatzaileek beren datuak eta erantzukizunpeko adierazpena bete beharko dituzte, onuradun izateko 2.1 oinarriko f), g), h) eta i) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla adieraziz.
4. Eskabide telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):
a) NAN neurriko argazki bat, berriki aterea.
b) Baldin eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultarako baimena ematen ez badu, nortasuna eta jaiotze-data egiaztatzen dituen dokumentazioa (NAN, jaiotza-agiria, edo hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri).
c) Nafarroan jaio ez direnen kasuan, erroldaren ziurtagiria.
d) Curriculum vitaea.
e) Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, esanez arestiko dokumentu horietakoren bat 2025eko irailaren 1a baino lehen aurkezteko moduan dagoela, arrazoi justifikaturik dagoenean salbu. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztuko da dokumentazioa.
f) Ingelesaren ziurtagiria.
g) NUPeko International Business unibertsitate masterreko inskripzioaren ziurtagiria.
h) Baldin eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultarako baimena ematen ez badu, eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.
i) Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin, hala badagokio.
j) Atzerriko bigarren hizkuntzaren ziurtagiria, hala badagokio.
5. Ingelesa, frantsesa edo alemana ez diren gainerako hizkuntzen agiriak Nafarroako Foru Komunitatean ofizialak diren hizkuntzetako batera itzulita aurkeztu behar dira.
6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. 7.2 ataleko b), c) eta d) letretan adierazitako merituak justifikatzeko dokumentazioa ez aurkeztea ez da zuzentzen ahalko.
8. Dirulaguntzen eskaera aurkezteak adierazten du eskatzaileak oinarri hauetan ezarritakoa onartzen duela.
7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.
1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Balorazio altuena lortu duten hamabi eskatzaileei emanen zaizkie bekak.
2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Ekonomia, Enpresen Zuzendaritza, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak edo Ingeniaritzako unibertsitate gradua: 15 puntu.
b) Unibertsitateko master ofiziala (gutxienez 60 kreditu): gehienez 10 puntu.
I. Kanpo merkataritza, enpresa kudeaketa, marketina edo nazioarteko harremanak: 10 puntu.
II. Gainerako masterrak: 5 puntu.
c) Ingelesa: 20 puntu gehienez.
I. C2 maila: 20 puntu.
II. C1 maila: 15 puntu.
d) Atzerriko bigarren hizkuntza (alemana, arabiera, mandarin txinera, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera edo japoniera): 15 puntu gehienez.
I. C2 maila: 15 puntu.
II. C1 maila: 10 puntu.
III. B2 maila: 5 puntu.
e) Proba psikoteknikoa: 15 puntu, gehienez.
f) Elkarrizketa pertsonala, zehazteko ea eskatzailearen profila bekaren helburuetara egokitzen den eta zein zeregin izanen dituen fase bakoitzean: 25 puntu, gehienez.
3. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, hartuko da kontuan c) irizpidean lortutako puntuazioa, eta, berdinketak jarraitzen badu, e) irizpidean lortutakoa, eta, azken buruan, eskaera aurkezten den eguna.
Nolanahi ere, beka emateko baldintza izanen da NUPek eskatzailea behin betiko onartu izatea, International Business unibertsitate masterra egiteko.
4. A) balorazio-irizpidea egiaztatzeko, titulua aurkeztu beharko da, edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, esanez arestiko dokumentu horietakoren bat 2025eko irailaren 1a baino lehen aurkezteko moduan dagoela, arrazoi justifikaturik dagoenean salbu. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztuko da dokumentazioa.
Atzerrian edo estatuko zentro pribatuetan lortutako tituluekin batera, dagokion homologazioa, agintaritza eskudunak emandakoa, aurkeztu beharko da.
5. B) balorazio-irizpidea egiaztatzeko, titulua aurkeztu beharko da, edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin.
Atzerrian edo estatuko zentro pribatuetan lortutako tituluekin batera, dagokion homologazioa, agintaritza eskudunak emandakoa, aurkeztu beharko da.
6. C) eta d) irizpideak egiaztatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren (2010eko irailaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 117. zk.) I. eranskinean aipatutako edozein ziurtagiri aurkeztu beharko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bost urteetan eman bada. Ingelesa, frantsesa edo alemanaren maila egiaztatzen ahalko da, orobat, horretarako eginen diren idatzizko eta ahozko probak eginda. Kasu horretan, eskatzaileak aukera hori adierazi beharko du eskaera orrian.
7. Elkarrizketa pertsonalerako deituko diren hautagaien kopurua ez da izanen deialdian eskainitako beken kopurua halako bi baino gehiago, gainerako irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera. Puntu berdinketa izanez gero, oinarri honen 3. apartatuan adierazitakoaren arabera ebatziko da.
8. oinarria.–Bekak ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta ebazpen proposamena bidaliko du organo eskudunera, onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziz.
2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da bekak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta gutxienez adieraziko du beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaeren ezespena, halakorik bada.
Halaber, ordezkoen zerrenda bat eginen da, bekak eskuratzeko eskatzen diren baldintza guztiak bete arren onuradunek baino puntuazio txikiagoa lortu duten eskatzaileekin.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Beka eman ondotik onuradunen batek uko egiten badio, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Masterra hasi aurretik egiten bada uko, oinarri honen bigarren atalean adierazitako ordezkoei eman ahalko zaie, ezarritako lehentasun ordenari jarraikiz.
b) Masterra hasi ondotik egiten bada uko, masterra egiten ari diren ordezkoak soilik hartuko dira kontuan. Kasu horretan, programaren 2. eta 3. faseei dagokien zuzkidura soilik sartuko bekan.
c) Programaren 2. faseko praktikak hasi ondotik egiten bada uko, 9.3 oinarrian xedatutakoari jarraikiz, beka ordezkoei ematen ahalko zaie, ezarritako lehentasun-ordenari jarraikiz, baldin eta dagokion destinoko entitatearen prestakuntza- eta hizkuntza-betekizunak betetzen badituzte. Halakoetan, bekak barne hartuko du uko egin duen bekadunarentzat ezarritako bukaera-egunera arte 2. faseri dagokion zuzkiduraren zati proportzionala eta 3. faseko zuzkidura.
9. oinarria–2. eta 3. faseetako praktiken destinoa esleitzea.
1. Bigarren faseko praktikak egiteko destinoa esleitzeko, 1. fasean barna, erakunde kudeatzaileak bekadunen zerrenda bat eginen du, hurrenkera ezartzeko irizpide hartuta masterraren lehenengo sei hilekoan lortutako batez besteko kalifikazioa. Puntuazio berdinketak 7.3. oinarrian ezarritakoaren arabera ebatziko dira. Nolanahi ere, 2. fasera igarotzeko ezinbesteko baldintza izanen da masterraren kreditu guztiak gainditzea.
2. Organo kudeatzaileak navarra.es webguneko beken fitxan argitaratuko du zerrenda hori, bai eta 2. faseko praktikak egiteko aukeratzen ahal diren destinoko entitateen zerrenda eta kasu bakoitzeko hizkuntza- edo prestakuntza-betekizunak ere.
3. Zerrenda argitaratu ondotik, batez besteko kalifikazio altuena duten zazpi bekadunek hamar egun izanen dituzte 2. faseko praktiken destinoa aukeratzeko inprimakia aurkezteko, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliz. Batez besteko kalifikazioa lehenengo zazpien artean ez duten bekadunak ordezkoen zerrendan sartuko dira gainerakoen aurretik.
4. Organo kudeatzaileak 2. faseko praktiken destinoa esleituko du, aintzat hartuta bekadunen batez besteko nota eta lehentasuna, bai eta haien profila destinoko entitateak ezarritako baldintzetara egokitzen den ere, eta ebazpenaren proposamena helaraziko dio organo eskudunari.
Destinoko entitateak eskatuta, postu hutsak betetzeko, bekadunek nahitaez hizkuntza zehatz bat jakin edo prestakuntza zehatz bat behar badute, postu huts horiek esleitzen ahalko zaizkie baldintza horiek betetzen dituzten bekadunei, hasiera batean beraiek destino hori aukeratu ez bazuten ere. Esleipen hori nahitaez onartu beharko du bekadunak.
5. Enpresen Sustapeneko zuzendari nagusiak 2. faseko praktiken destinoa esleitzeko ebazpena emanen du, eta adieraziko ditu praktiken hasierako eta bukaerako datak eta destino herrialdearen arabera bekadun bakoitzari dagokion urteko zuzkidura gordinaren zenbatekoa.
Bigarren faserako beken zenbatekoa kalkulatzeko, batez besteko kalifikazio altuena lortu duten zazpi onuradunei II. eranskinean adierazitako zenbatekoak esleituko zaizkie, destinoko herrialdearen arabera, deialdi honetan aurreikusitako aurrekontu ekitaldi bakoitzerako baliagarri dagoen aurrekontu kredituaren mugarekin.
Ebazpen horretan, 10.1.a) oinarrian zehaztutako aurrerakina ordainduko da eta hurrengo ordainketen zenbatekoak adieraziko dira.
6. Halaber, bekadunek 2. fasea bukatu eta 3. faserako beren Praktiketako Konpromisoak sinatu ondotik, Enpresen Sustapeneko zuzendari nagusiak 3. faseko praktiken destinoa esleitzeko ebazpena emanen du, eta adieraziko ditu praktiken hasierako eta bukaerako datak eta destino herrialdearen arabera bekadun bakoitzari dagokion urteko zuzkidura gordinaren zenbatekoa.
Beken zenbatekoa, aipatu aldi horretarako, bekadunei destinoaren arabera II. eranskinean azaldutako kantitateak esleitu ondotikoa izanen da, deialdi honetan aurreikusitako aurrekontu ekitaldi bakoitzerako baliagarri dagoen aurrekontu kredituaren mugarekin.
Ebazpen horretan, 10.1.b) oinarrian zehaztutako aurrerakina ordainduko da eta hurrengo ordainketen zenbatekoak adieraziko dira.
7. Praktiken destinoa esleitzeko ebazpenak Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez aldatzen ahalko dira, arrazoi hauek daudenean:
a) Destino herrialde baterako behar diren bisa edo baimenak lortzea ezinezkoa dela egiaztatzen denean, eta horren arrazoia bekadunari egotz ezin zaionean; kasu horretan, beste destino bat esleituko zaio eta emandako hasierako zuzkidura egokituko da, aurrekontu baliagarria izanez gero.
b) Bekaren eginkizunetan aritzeko baldintzak mehatxu egoeran badaude, destinoko entitateari egozten ahal zaizkion edo entitatean eragina duten arrazoiengatik, edo destinoko lekuan nahasmen handia edo segurtasuna mehatxatua badago; kasu horretan destino berria esleituko da, aldi baterako edo behin betiko, eta esleitutako hasierako zuzkidura egokituko da, aurrekontu baliagarria izanez gero.
10. oinarria.–Beken ordainketa.
1. Zuzkiduren ordainketa, 2. eta 3. faseetan, era honetan eginen da:
a) 2. fasea:
I. Programaren 2. faserako emandako zenbatekoaren %30 fase horretarako destinoa esleitu ondotik ordainduko da, bekadunak aukera izan dezan praktiken hasierako gastuak ordaintzeko, esaterako, bidaia gastuak eta destinoko ostatu gastuak.
II. Programaren 2. faserako onartutako zenbatekoaren %20 2026. urtean zehar ordainduko da, bekadunek praktikaldia hasi ondotik, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
III. Programaren 2. faserako onartutako zenbatekoaren gainerako zatia (%50) 2027. urtean zehar ordainduko da, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
b) 3. fasea:
I. Programaren 3. faserako onartutako zenbatekoaren %30 2027. urtean ordainduko da, fase horretarako destinoa esleitu ondotik.
II. Programaren 3. faserako onartutako zenbatekoaren %20 2027. urtean zehar ordainduko da, bekadunek praktikaldia hasi ondotik, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
III. Programaren 3. faserako onartutako zenbatekoaren gainerako zatia (%50) 2028. urtean zehar ordainduko da, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. NAEX Talentua Bekaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jasotzen den egunetik hasita, hogei eguneko epean, pertsona onuradunek ez badiote espresuki uko egiten, ulertuko da laguntza onartzen dutela.
b) International Business unibertsitate masterreko eskolen eta jardueren %90era gutxienez joatea. Masterra bukatzean, NUPek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.
c) Programaren 2. eta 3. faseetarako, destinoko herrialdeak eskatzen dituen bisak, txertoak eta baimenak izatea, eta ezbeharrak, bidaiak, osasun laguntza eta erantzukizun zibila estaltzen dituen aseguru bat lotzea, herrialde hartara joan aurretik.
d) Programaren 3. faserako Praktiketako Konpromisoa sinatzea, epe barruan.
e) Programaren 2. eta 3. faseetan, destinoko entitatean sartzea adostutako egunean, entitatearen funtzionamendu arauak, ordutegia eta laneko egutegia betetzea, eta dedikazio esklusiboz eta behar besteko errendimenduz eta aprobetxamenduz gauzatzea 2. faserako ezarritako prestakuntza planean aipatutako zereginak edo 3. fasean destinoko entitateko tutoreak agindutakoak.
f) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eta destinoan izendatutako tutorearen gainbegiradapean egotea, eta programaren garapen egokian eragina duen edozein gorabeheraren berri ematea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari.
g) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari 4. oinarrian aipatutako txostenak bidaltzea, baita Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak prestakuntza planaren eremuan eskatutako beste dokumentazio guztia ere.
h) Beken fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatutakoan (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igarota.
i) Erakunde kudeatzaileari jakinaraztea helburu bereko bestelako bekarik hartu den, 12. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
j) Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak eskainitako beken hedapen jardueretan parte hartzea.
k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, kasua bada, dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko bekaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Ez bada betetzen oinarri honetako lehen ataleko b) letrako betebeharra, ezinbesteko arrazoiak izan ezean, bekadunak onuradun izateari utziko dio, eta ezi du programaren hurrengo faseetan parte hartzen ahalko. Era berean, International Business Unibertsitate Masterreko matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko dio NUPi.
4. Bekari uko eginez gero, Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuaren iritziz justifikaziorik ez duten arrazoiengatik, programaren 1. fasean edo 2. faseko praktikak hasi aurretik, onuradunak International Business unibertsitate masterreko matrikularen kostuaren zenbatekoa ordaindu beharko dio NUPi.
5. Destinoko entitateak praktikak bukatutzat ematen baditu behar baino lehen, bekadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, eta Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuaren iritziz erabaki hori justifikatuta badago, onuradunak ordura arte jaso dituen zenbatekoak itzuli beharko ditu. Bekadunari ezin egotzi zaion arrazoiren batengatik bukatzen bada, beste entitate batean jarraitzen ahalko da, hori posible denean, eta praktika berria hilabeteko epean erabaki beharko da, 3. fasearen kasuan.
12. oinarria.–Beken bateraezintasuna.
NAEX Talentua Bekak bateraezinak dira helburu bera duten bestelako bekekin, 2.g) oinarrian ezarritakoaren arabera.
13. oinarria.–Araubide juridikoa.
Deialdi hau oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera arautuko da.
14. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Beken eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia bide telematikoz aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, beken fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta beka hauek emateko prozeduraren barruan beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
15. oinarria.–Emandako beken publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).
16. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako beken emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
II. ERANSKINA.–NAEX TALENTUA BEKEN ZENBATEKOAK DESTINOAREN ARABERA
DESTINOA | BEKAREN ZUZKIDURA GORDINA 2. ETA 3. FASEAK |
ALEMANIA | 27.950 euro |
ANGOLA | 42.100 euro |
SAUDI ARABIA | 41.100 euro |
ALJERIA | 29.200 euro |
ARGENTINA | 33.300 euro |
AUSTRALIA | 42.000 euro |
AUSTRIA | 28.000 euro |
BELGIKA | 28.900 euro |
BOLIVIA | 25.400 euro |
BRASIL | 28.300 euro |
BULGARIA | 23.900 euro |
KANADA | 30.950 euro |
KOLONBIA | 25.100 euro |
TXILE | 28.700 euro |
TXINA | 34.600 euro |
TXINA (Hong Kong) | 43.900 euro |
HEGO KOREA | 32.700 euro |
BOLI KOSTA | 32.500 euro |
KROAZIA | 24.300 euro |
KUBA | 35.300 euro |
DANIMARKA | 36.100 euro |
EKUADOR | 27.400 euro |
ESTATU BATUAK (zentroa) | 42.900 euro |
ESTATU BATUAK (ekialdeko kosta) | 41.950 euro |
ESTATU BATUAK (New York) | 48.500 euro |
ESTATU BATUAK (mendebaldeko kosta) | 45.800 euro |
EGIPTO | 28.500 euro |
EL SALVADOR | 33.500 euro |
ARABIAR EMIRERRI BATUAK | 40.700 euro |
ESLOVAKIA | 24.900 euro |
FILIPINAK | 25.900 euro |
FINLANDIA | 32.000 euro |
FRANTZIA | 36.700 euro |
GHANA | 36.800 euro |
GREZIA | 23.800 euro |
GUATEMALA | 30.900 euro |
HUNGARIA | 21.700 euro |
INDIA | 27.750 euro |
INDONESIA | 27.000 euro |
IRLANDA | 32.700 euro |
ITALIA | 28.550 euro |
JAPONIA | 41.300 euro |
JORDANIA | 30.700 euro |
KAZAKHSTAN | 27.900 euro |
KENYA | 29.800 euro |
KUWAIT | 40.300 euro |
LITUANIA | 24.000 euro |
MALAYSIA | 25.100 euro |
MAROKO | 25.800 euro |
MEXIKO | 30.400 euro |
NIGERIA | 30.000 euro |
NORVEGIA | 38.300 euro |
ZEELANDA BERRIA | 34.900 euro |
OMAN | 39.300 euro |
HERBEHEREAK | 30.900 euro |
PANAMA | 31.300 euro |
PARAGUAI | 27.000 euro |
PERU | 26.000 euro |
POLONIA | 23.700 euro |
PORTUGAL | 23.300 euro |
PUERTO RICO | 36.500 euro |
QATAR | 45.200 euro |
ERRESUMA BATUA | 41.900 euro |
TXEKIA | 26.300 euro |
TXINAKO ERREPUBLIKA | 34.200 euro |
DOMINIKAR ERREPUBLIKA | 29.700 euro |
ERRUMANIA | 24.000 euro |
SENEGAL | 27.300 euro |
SERBIA | 22.200 euro |
SINGAPUR | 42.400 euro |
HEGOAFRIKA | 26.900 euro |
SUEDIA | 35.000 euro |
SUITZA | 45.600 euro |
THAILANDIA | 25.700 euro |
TUNISIA | 26.000 euro |
TURKIA | 24.450 euro |
URUGUAI | 31.500 euro |
VIETNAM | 27.300 euro |
Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.
Iragarkiaren kodea: F2416851
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
