1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
261/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berriz hasten baita izapideetarako epeen zenbaketa, langile jakin batzuetarako, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 11ko 232/2024 eta 233/2024 Ebazpenen bidez deitutako lekualdatze-lehiaketetan. Ebazpen horien bidez estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deia egin da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusitako kidegoetako irakasle funtzionarioentzat.
Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 11ko 232/2024 eta 233/2024 Ebazpenen bidez, estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deia egin da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusitako kidegoetako irakasle funtzionarioentzat. Ebazpen horien arabera, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 5etik 26ra bitartekoa zen, bi egunak barne.
Azaroaren 6ko PJC/1222/2024 Aginduaren bidez, Ministro Kontseiluaren 2024ko azaroaren 5eko Erabakia argitaratu zen azaroaren 7ko Estatuko Aldizkari Ofizialean. Erabaki horren bidez, "babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu" deklaratu zen 2024ko urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean Penintsulan eta Balear Uharteetan goi-geruzetako depresio isolatu (GOIDI) baten ondorioz kaltetutako lurraldea.
Erabaki horrek hemeretzigarren atalean ezartzen du epeak eta mugaegunak eten eginen direla administrazio-prozedurak izapidetzeko, harik eta Ministro Kontseiluak neurri horren amaiera dekretatzeko beste erabaki bat eman arte. Aurreikuspen hori azaroaren 5eko 6/2024 Errege Lege Dekretuaren eranskinean jasotako udal-mugarteetan bizi diren pertsonei aplikatuko zaie (errege lege dekretu horren bidez, presako neurriak hartu ziren zenbait udalerritan 2024ko urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean goi-geruzetako depresio isolatu (GOIDI) baten ondorioz sortutako kalteei erantzuteko), bai eta larrialdiaren ondorioengatik hura betetzea ezinezkoa edo kaltegarria dela egiaztatzen dutenei ere.
Eteteari eutsiko zaio, harik eta Ministro Kontseiluak neurri horren amaiera dekretatzen duen erabaki bat hartu arte. Horren ondoren, etendako epeen zenbaketa berriz hasiko da.
Horrenbestez, bidezkoa da zehaztea Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 11ko 232/2024 eta 233/2024 Ebazpenetan eskaerak aurkezteko ezarritako epea berriz hasiko dela zenbatzen 2024ko azaroaren 5eko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren hemeretzigarren atalean aurreikusitako neurriaren amaiera dekretatzen duen Ministro Kontseiluaren erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunean.
Prozedurak behar bezalako antolaketa eta publizitatea izateko, beharrezkotzat jotzen da zehaztea nola eta zer epetan aurkezten ahalko diren eskaera horiek, inolako eraginik izan ez dadin deitutako lekualdatze-lehiaketa ebazteko azken epeetan, horrek eragin negatiborik izan ez dezan hezkuntzako plangintzan eta 2025-26 ikasturtearen hasiera arruntean, eta bermatu dadin parte hartzen dutenek normaltasunez beteko dituztela esleitzen zaizkien lanpostuak.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Zehaztea ezen, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 11ko 232/2024 eta 233/2024 Ebazpenen bidez irakasle kidegoetako funtzionarioentzat egindako lekualdatze-lehiaketaren deialdian, eskaerak aurkezteko epea berriz hasiko dela zenbatzen Ministro Kontseiluaren 2024ko azaroaren 5eko Erabakiaren hemeretzigarren atalean aurreikusitako neurriaren amaiera dekretatzen duen erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Eskaerak aurkezteko epea 16 egun baliodunekoa izanen da.
Azaroaren 5eko 6/2024 Errege Lege Dekretuaren eranskinean jasotako udal-mugarteetan bizi direla egiaztatzen dutenei soilik aplikatuko zaie epe hori (errege lege dekretu horren bidez, presako neurriak hartu ziren zenbait udalerritan 2024ko urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean goi-geruzetako depresio isolatu (GOIDI) baten ondorioz sortutako kalteei erantzuteko), bai eta larrialdiaren ondorioengatik Idazkariordetzaren 2024ko urriaren 24ko Ebazpenaren bidez argitaratutako deialdian ezarritako epeak betetzea ezinezkoa edo kaltegarria dela egiaztatzen dutenei ere.
2. Parte hartzeko eskaera eskabide orokorra izanen da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dena, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduta.
3. Parte hartzeko eskaerari honako agiri hauetako bat erantsiko zaio nahitaez:
–Azaroaren 5eko 6/2024 Errege Lege Dekretuaren eranskinean ezarritako udalerriren batean erroldatuta egotearen ziurtagiria.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, non justifikatuko baita larrialdiaren ondorioak kontuan hartuta ezinezkoa edo kaltegarria dela deialdian ezarritako epea betetzea, arestian deskribatutako egoeragatik, egoera hori frogatzen duen dokumentazioa erantsita.
4. Betekizunak eta merezimenduak kontuan hartuko dira, soilik, hobetuta baldin badaude Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 11ko 232/2024 eta 233/2024 Ebazpenetan eskaerak aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunerako.
5. Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak deialdiaren web-fitxan argitaratuko du (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/concurso-de-traslados-de-ambito-estatal-para-el-personal-funcionario-docente-no-universitario-2024-2025) interesdunek deialdian behar bezala parte hartzeko behar den informazio guztia.
Halaber, haiekin guztiekin harremanetan jarriko da, haien parte-hartzea errazteko, eta behar diren jarraibideak emanen zaizkie.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
7. Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.
Iragarkiaren kodea: F2418317