258. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

73/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 21ekoa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseiluko kide batzuk berritzen dituena.

Otsailaren 6ko 9/2006 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseilua sortu eta arautu zen. Kide anitzeko organo hori kontsulta eta aholkularitza organoa da. Zehazki, azterketa, eztabaida, partaidetza eta aholkularitza foro bat da, foru zuzenbide zibila mantendu, eguneratu eta hedatzeko, eta hura mantendu, aldatu eta garatzeko proiektuetan herritarren eta instituzioen partaidetza sustatzeko.

Otsailaren 6ko 9/2006 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera eta kontuan hartuta gaia dela-eta hura atxikia duen departamentuaren egitura organiko berria, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

a) Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria. Kontseiluko burua izanen da.

b) Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia. Kontseiluko buruordea izanen da.

c) Justiziako zuzendari nagusia.

d) Gobernuaren Idazkaritzako, Erakundeekiko Harremanetako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendaria. Idazkari lanak beteko ditu.

e) Sei kide, gehienez, kontseiluko buruak Nafarroako foru zuzenbide zibilarekin lotutako entzute handiko juristen artetik aukeratuak.

f) Hamar kide, kontseiluko buruak honako honen arabera izendatuak:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkari bat eta Nafarroako Unibertsitateko beste bat, bakoitzari dagokion gobernu organoaren proposamenaren bidez, Zuzenbide Zibileko irakasleen artetik.

–Nafarroako Justizia Administrazioko bi kide, foru zuzenbide zibilarekin lotutako eginkizunak dituztenak, eta Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak izendatuak.

–Nafarroako Foru Komunitateko abokatuen elkargoen bi ordezkari, foru zuzenbide zibilean adituak, gobernu organoek beren kideen artetik aukeratuak.

–Nafarroako Kontseiluko kide bat, instituzio horretako osoko bilkurak proposatua.

–Nafarroako Notarioen Elkargoko ordezkari bat eta Nafarroako Jabetza eta Merkataritza Erregistratzaileen Elkargoko beste ordezkari bat, kontseiluek edo gobernu batzarrek beren kideen artetik aukeratuak.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko bat.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak otsailaren 17an emandako 37/2023 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseiluko kideak izendatu ziren. Haien agintaldia bost urtekoa da, berritzeko aukerarekin.

Aldaketak gertatu direnez Nafarroako Kontseiluaren esparruan, erakunde horrek ordezkari berri bat proposatu du, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren esparruan ere. Bestalde, kontseiluko kideetako batek, Nafarroako foru zuzenbide zibilarekin lotutako arloetan entzute handia duen jurista bera, uko egin dio karguari, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian bere gain hartu duen karguaren ondorioz.

Horrenbestez, Gobernuaren Idazkaritzako, Erakundeekiko Harremanetako eta Araugintzako Zerbitzuaren txostena ikusita, bidezkoa da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren otsailaren 17ko 37/2023 Foru Aginduan izendatutako kideetako batzuk berritzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseilua sortu eta arautzen duen otsailaren 6ko 9/2006 Foru Dekretuaren 5. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kargutik kentzea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseiluko kide hauek, eta egindako zerbitzuak eskertzea:

–María Belén Cilveti Gubía andrea, kontseiluko kide izan dena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkularia izateagatik.

–María Ángeles Egusquiza Balmaseda andrea, Nafarroako Kontseiluak proposatuta izendatua.

–Esther Erice Martínez andrea, Nafarroako foru zuzenbide zibilarekin lotutako arloetan entzute handiko jurista izateagatik izendatua. Borondatez uko egin dio kide izateari.

–Ana Clara Villanueva Latorre andrea, Nafarroako foru zuzenbide zibilarekin lotutako arloetan entzute handiko jurista izateagatik izendatua, eta orain Nafarroako Kontseiluak proposatua.

2. Honako hauek hautatu eta izendatzea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseiluko kide Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilarekin lotutako arloetan entzute handia duten juristak izateagatik:

–María Angeles Egúsquiza Balmaseda andrea.

–Isabel Cañas Palacios andrea.

3. Honako hau izendatzea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseiluko kide:

–Ana Clara Villanueva Latorre andrea, Nafarroako Kontseiluak proposatuta.

4. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseiluko kide hautatu izendatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridikoa izateagatik:

–Idoia Tajadura Tejada andrea.

5. Izendatutako kideek bost urtez beteko dute beren agintaldia, izendapenetik hasita, eta berriz hautatzen ahalko dira hurrengo aldietarako.

6. Foru agindu hau igortzea Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari eta Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari.

7. Kargu-uzteak eta izendapenak interesdun bakoitzari jakinaraztea.

8. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2024ko azaroaren 21ean.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2416972