252. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BUÑUEL

Buñuelgo San Gregorio udal zahar-etxearen estatutuen proiektua. Behin betiko onespena

Buñuelgo Udalak, 2024ko abuztuaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Buñuelgo San Gregorio udal zahar-etxearen estatutuen proiektua. Iragarkia 2024ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 17an.

Jendaurreko aldia iraganik inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, hura behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Buñuelen, 2024ko urriaren 31n.–Alkatea, Enrique Villafranca Uriel.

BUÑUELGO SAN GREGORIO ZAHAR-ETXEA UDAL ERAKUNDE AUTONOMOA

I. TITULUA.–HELBURUA, IZAERA ETA XEDEAK

1. artikulua. San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren izaera.

1. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoa da, administrazio izaerakoa, Buñuelgo Udalaren mendekoa, zeinak berezko nortasun juridikoa duen estatutu hauetan zehazten diren egitekoak garatzeko, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85. artikuluan xedatuari jarraikiz, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak eman zion idazketa berrian, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 192. eta 196. artikuluei ere, beraz, izaera autonomoa du.

2. Ulertzen da Udalak zerbitzu publikoa eman eta erakunde autonomoa kudeatzeko duen eskumenak ez diela kalterik egiten Udalak sinatzen dituen lankidetza hitzarmenei; hain zuzen ere, Buñuelgo San Gregorio zahar-etxearen funtzionamenduan parte har dezaten, beste administrazio, pertsona edo entitateekin (izan publikoak ala pribatuak) sinatzen dituen horiei.

3. Autonomoa izateagatik ere, Udalaren babespean arituko da, horrek baititu zuzendaritza eta fiskalizazio eginkizunak, baita jardueren eraginkortasuna kontrolatzekoa ere.

2. artikulua. San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren asmoak eta helburuak.

Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea udal erakunde autonomoaren asmoa eta helburua Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea osoki kudeatzea da. Egoitza horrek egoiliarrak artatzen ditu, eta hainbat eginkizun ditu: adineko pertsonen bizileku iraunkor komuna izatea, haiek mendetasunik gabekoak, mendekotasun ertainekoak, mendekotasun larrikoak edo mendekotasun handikoak direla ere; egoitzak ongi funtziona dezan zaintzea; arreta osoa ematea, interesdunei ostatu eta mantenu zerbitzua, arreta mediko-geriatrikoa, errehabilitazio txikia, terapia okupazionala eta kultura eta aisialdiko beste zerbitzu batzuk eskainiz; eta eguneko zentro zein jantoki sozial zerbitzua eskaintzea. Horretan guztian, lehentasuna emanen zaie Batzordearen iritziz eta onarpen araudiaren arabera egoitzan sartzeko beharrezko baldintzak betetzen dituzten Buñuelen jaiotako pertsonei eta bertako biztanleei.

3. artikulua. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren ahalmenak.

Bere jarduera deskribatutako helburuetara egokitzeko, erakunde autonomoak, estatutu hauetan arautzen denari jarraikiz, halakoak egiten ahalko ditu:

a) Edonolako ondasunak erosi eta eduki, eta horiek besterendu eta kargatu, baliabide arrunten % 30eraino.

b) Bere ondarea administratu, baita bestelako pertsona fisiko edo juridikoek lagatako ondasunak ere.

c) Tasak edo prezio publikoak ezarri.

d) Jaraunspenak, legatuak eta dohaintzak onartu, eta dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskuratu edozein erakunde publiko nahiz pribatutatik, are pertsona fisikoengandik ere.

e) Edonolako kontratuak, hitzarmenak eta lankidetza itunak sinatu.

f) Zerbitzua emateko behar diren langileak kontratatu, indarreko araudiaren eta Buñuelgo Udalaren erabakien arabera.

g) Aurrekontua eta urteko kontuak prestatu eta onetsi. Udalaren osoko bilkurak emanen die behin betiko onespena.

h) Akzio judizial eta administratiboak erabili.

i) Kudeatzen dituen zerbitzu publikoak arautzeko ahalmena, Udalak ezartzen duen oinarrizko arauketari jarraituz.

j) Esleiturik dituen zuzenbide publikoko diru sarrerak biltzeko ahalmena.

4. artikulua. Helbidea.

Erakunde autonomoaren egoitza udal eraikin batean egonen da, helbide honetan: Kale nagusia 1, 3154 Buñuel.

5. artikulua. Iraupena.

Erakunde autonomoa denbora mugagaberako eratu da, eta desegiten eta iraungirik gelditzen ahalko da estatutu hauetan aurreikusten den moduan.

II. TITULUA.–ORGANOEN ARAUBIDEA. GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

6. artikulua. Osaera.

Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea udal erakunde autonomoaren gobernu eta administrazioak honako organo hauek izanen ditu:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Gobernu Batzarra.

e) Partaidetza Batzarra.

7. artikulua. Lehendakaria.

Lehendakaria Buñuelgo Udaleko alkate udalburua izanen da, edo hark eskuordetzen duen zinegotzia, eta honako eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Egoitzaren erakunde autonomoaren eta haren gobernu organoen ordezkari izatea ekitaldi eta kontratu guztietan, edozein agintari edo erakunderen aurrean, deusetan ukatu gabe ahalak eman edo eskuordetzak egiteko aukera.

b) Presazko kasuetan, Batzarrari esleitutako eskumenak baliatzea, eta hari kontu ematea berrespen ondorioetarako.

c) Batzarraren bilkuren deia egitea, horietan buru izatea eta eztabaidak zuzentzea, eta berdinketa izanez gero, erabakitzea bere kalitatezko botoarekin.

d) Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren gobernua eta administrazioa zuzentzea.

e) Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenaren mugen barrenean, kontu ematea, kreditu eragiketak hitzartzea, betiere, aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzeko zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten % 10 baino handiagoa, berari dagozkion diruzaintzako kreditu eragiketak izan ezik, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada ekitaldian agertzen diren diru sarrera arrunten % 15 baino handiagoa, betiere Buñuelgo Udalak osoko bilkuran baimena eman ondotik.

f) Lan publikoaren eskaintza onestea, Udalaren osoko bilkuran onetsitako aurrekontuaren eta plantillaren arabera, eta langileak hautatzeko proben oinarriak onestea.

g) Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren akzio judizial eta administratiboak erabiltzea eta erakundea defendatzea bere eskumeneko gaietan, eta presakoa denean, Gobernu Batzarraren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan, horri eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.

h) Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten % 10 baino gehiago ez bada; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean.

i) Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, kontratazioa bere eskumena bada, eta aurrekontuan aurreikusirik badaude.

j) Ondasunak eta eskubideak erostea, baita haien besterentzea ere, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten % 10 baino gehiago ez bada, eta besterentzea, aipatutako portzentajean.

k) Erakunde autonomoaren erabakiak argitaratzeko eta betetzeko agintzea eta betearaztea.

l) Erakunde autonomoaren aurrekontua egitea.

m) Erakunde autonomoaren zerbitzuko langileen burutza.

n) Legeek alkateei espresuki esleitzen dizkieten gainerakoak, estatutu hauekin kontraesanean ez badaude.

8. artikulua. Lehendakariordea.

Buñuelgo Udaleko Gizarte Zerbitzuen zinegotzi delegatua izanen da erakunde autonomoko lehendakariordea.

Lehendakariordearen eginkizunak.

Erakunde autonomoko lehendakariordeari eginkizun hauek dagozkio:

a) Lehendakaria ordeztea, izendapen hurrenkeraren arabera, hura falta denean edo kanpoan, eri edo ezinean dagoenean.

b) Lehendakariak esleitzen dizkion eginkizunak eta eskumenak.

9. artikulua. Gobernu edo Zuzendaritza Batzarra.

Gobernu Batzarra erakunde autonomoaren organo gorena izanen da.

Batzarreko kargu guztiak ohorezkoak eta ordainik gabeak izanen dira.

10. artikulua. Osaera.

1. Gobernu Batzarra erakunde autonomoaren organo gorena da:

Batzar honek haren gobernua eta kudeaketa gorena izanen ditu bere gain, eta kide hauek izanen ditu:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Buñuelgo Udaleko udal talde bakoitzaren ordezkari bana.

e) Zahar-etxeko zuzendaria, zeinak hitza izanen duen, baina botorik ez.

f) Idazkaria. Udaleko idazkaria izanen da. Ez du botorik izanen. Eskatzen zaizkion gaietan hitza izanen du. Beraz, bozketetan ez da kontuan izanen gehiengoak zehazteko.

g) Kontu-hartzailea. Udalekoa izanen da. Ez du botorik izanen. Eskatzen zaizkion gaietan hitza izanen du. Beraz, bozketetan ez da kontuan izanen gehiengoak zehazteko.

2. Udalaren ordezkariak Udalaren osoko bilkurak izendatuko ditu eta haien agintaldia udal legegintzaldikoa izanen da. Hiru hilabeteko epean berrituko dira, hauteskundeak egiten direnetik aurrera. Buñuelgo Udalaren osoko bilkuran ordezkaritza duen talde politiko bakoitzak ordezkari bana izanen du.

Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoko kide izateari utziko dio agintaldiak dirauen bitartean zinegotzi izateari uzten dionak edo osoko bilkurak kargutik kentzen dituenak.

Gobernu Batzarraren iraupena legegintzaldikoa izanen da.

11. artikulua. Gobernu edo Zuzendaritza Batzarraren eginkizunak.

Gobernu Batzarrak, erakunde autonomoaren gobernu organo gorena den aldetik, haren helburuak betetzen direla zainduko du eta, horretarako, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzea.

b) Udal zergak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamena egitea eta horiek arautzen dituzten ordenantza fiskalak onestea, deusetan ukatu gabe osoko bilkurari igortzea hark behin betiko onesteko.

c) Lanpostuen zerrenda onestea.

d) Kreditu bereziak egiteko espedientearen hasierako proposamena egitea, deusetan galarazi gabe osoko bilkurari igortzea, bidezkoa denean.

e) Kreditu transferentziak onestea funtzio taldeen artean.

f) Beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen eskuordetza onartzea.

g) Akzio judizial eta administratiboak erabili eta erakunde autonomoa defendatzea, Gobernu Batzarraren eskumeneko gaietan.

h) Erakunde autonomoaren egintzen kaltegarritasun-deklarazioa.

i) Kreditu eragiketak hitzartzea, Buñuelgo Udalak baimendu ondotik.

j) Bere xedeak betetzeko, gastu eta diru sarreren urteko aurrekontua eta langileen plantilla organikoa onestea eta Udalari igortzea, horrek onets ditzan.

k) Urtean egindako gastuak ikuskatzea, behar diren txosten, kontu eta balantzeak idazteko. Hura Kontu Hartzailetzaren gainbegiradapean eginen da eta Udalari igorriko zaio, behin betikoz onets dezan.

l) Erakunde publikoen aurrean bilatzen den xederako dirulaguntzak kudeatzea.

m) Mota guztietako ondasunak salerostea, kredituak hitzartzea eta dohaintzak, legatuak eta jaraunspenak onartzea, betiere baliabide arrunten % 30 gainditzen ez badute, lehendakariari dagozkionen kasuan izan ezik.

n) Gastuak baimendu eta xedatzea, ekitaldi bakoitzeko aurrekontua betearazteko oinarrietan erabakitzen denaren arabera.

o) Erakunde autonomoak jaso beharreko tasa eta prezio publikoen proposamena prestatzea, baita urteko diru sarrerak banatzeko arauena ere, eta Udalari igorriko zaizkio, behin betikoz onets dezan.

p) Mota guztietako akzio zibil, penal, administratibo, auzibidezko eta lanekoak aurkeztea, edo demandatu gisa agertzea erakunde autonomoak dituen berezko eginkizunei jarraituz.

q) Arautzeko ahalmena, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez.

r) Azken batean, erakunde autonomoaren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak egitea.

12. artikulua. Batzarreko kideei dagokie:

a) Lehendakariari gai-zerrendan sartu beharreko gaiak proposatzea.

b) Gobernu organoei sostengu ematea.

c) Gobernu Batzarraren eztabaidetan parte hartzea eta erabakiak bozkatzea.

13. artikulua. Zuzendaria:

Zuzendaria, zahar-etxea erakunde autonomoko kide bakarreko organo betearazlea, Gobernu Batzarrak izendatu eta kargutik kenduko du.

14. artikulua. Zuzendariaren eginkizunak.

Hona hemen zuzendariaren eginkizunak:

a) Batzarraren erabakiak eta lehendakariaren aginduak eta dekretuak aplikatu eta betearaztea.

b) Zerbitzuak zuzendu eta ikuskatzea eta langileen eguneroko zuzendaritza bere gain hartzea.

c) Egoiliarren eta senideen erreklamazioak entzun eta jasotzea.

d) Bitarteko izatea egoiliarren arteko gatazketan eta egoiliarren eta langileen artekoetan.

e) Batzarraren bilkuretara joatea. Hitz egiteko eskubidea izanen du, baina boto eskubiderik ez.

f) Batzarrak eman edo lehendakariak eskuordetzen dizkion gainerakoak.

15. artikulua. Zuzendaritza Batzarreko idazkariaren eginkizunak.

a) Erakunde autonomoko Batzarreko idazkariak behar bezala deitzen diren Batzar edo bilkuretan parte hartuko du eta horien akta eginen du, hartzen diren erabakien tramitazioa zainduko du eta artxibo administratiboak berezko dituen espediente eta agiriak begiratuko ditu. Halaber, Batzarrak hartutako egintza eta erabakiei eta/edo lehendakariaren ebazpenei buruzko ziurtagiriak luzatuko ditu, horiek beharrezkoak baldin badira.

b) Erakunde autonomoaren jarduerari buruzko liburu eta agiriak zain daitezen aginduko du.

c) Erakunde autonomoari zuzendutako korrespondentziari edo berak igortzen duenari burubidea emanen dio.

d) Gobernu Batzarrari aholkularitza juridikoa emanen dio.

16. artikulua. Kontu Hartzailetzaren eginkizunak.

Udaleko kontu-hartzailearen eginkizunen antzekoak beteko ditu.

Funtsen kontu-hartzailetza egitea.

Aurrekontua eta kontuak egiten lagunduko du.

17. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Zuzendaritza Batzarrak aurrez finkatutako egunetan eginen ditu bilkura arruntak eta, gutxienez, hiru hilabetetik behin.

2. Halaber, Zuzendaritza Batzarrak bilkura bereziak egiten ahalko ditu, lehendakariak horrela erabakitzen duenean berez nahiz batzarkideen heren batek hala eskatuta.

3. Bilkuretarako deia eginen da astebete lehenagotik bederen, non ez duen gaiaren presak besterik eskatzen, orduan 48 ordu lehenagotik egin bailiteke. Halakoetan, gai zerrendaren lehen puntuan bileraren presa onetsi beharko da gehiengoz.

4. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, hitz egin eta botoa emateko eskubidea duten batzarkideen erdiak eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago eginen da, hala behar bada, eta horretarako aski izanen da batzarkideen herena agertzea.

5. Bilkurak ez dira ez hasten ahal ez egiten ahal, bertan ez badira lehendakaria eta idazkaria, edo legez haien ordezko direnak. Lehendakaria ez badago, lehendakariordeak hartuko du haren lekua.

6. Gai zerrendan sartu gabeko kontuak presako deklaratu direnean baizik ez dira aztertuko. Deklarazio horrek bertan direnen gehiengoa beharko du.

7. Udaleko Idazkaritzaren eta Kontu Hartzailetzaren txostenak nahitaezkoak izanen dira toki araubidearen legeriak Udalaren osoko bilkuretarako eskatzen duen kasuetan.

8. Batzarraren erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengoaz hartzen badira. Berdinketarik izanez gero, Batzarreko lehendakariak kalitatezko botoa izanen du.

9. Gobernu Batzarraren bozketak arruntak, izendunak edo isilpekoak izan daitezke, edozein kidek eskatuta.

10. Batzarkideek ez dute parte hartzen ahalko eztabaida edo erabakietan, gaietan interes zuzena baldin badute edo, hala berean, beren ahaideei eragiten badiete, hirugarren gradukoak barne. Halakoetan, interesdunak lekutu beharko du, gaia eztabaidatu eta bozkatzen den bitartean.

11. Lehendakariak gai zerrendako puntu zehatzen batera deitzen dituenak etortzen ahalko dira Batzarraren bilkuretara, hizpidea dutela baina botorik gabe, Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren zerbitzuko langileak izan ala ez.

12. Buñuelgo Udalaren osoko bilkurak zer arau dituen, horiexek zuzenduko dute bilkuren funtzionamendua.

18. artikulua. Bilkuren akta.

1. Akten liburua eramanen da eta hartan Zuzendaritza Batzordearen erabakiak jasoko dira. Honako hauek paratuko dira: bilkuren tokia, eguna eta ordua, lehendakariaren eta bertan diren batzarkideen izen-deiturak, eztabaidagaiak, emandako iritzien laburpena eta hartu diren erabakiak.

2. Zuzendaritza Batzordeko lehendakariaren eta idazkariaren sinaduren bidez baimenduko dira aktak.

III. TITULUA.–ONDASUNAK, BALIABIDE EKONOMIKOAK, AURREKONTUAK ETA KONTUAK

19. artikulua. Erakunde autonomoaren ondarea.

1. Erakunde autonomoaren ondarearen osagaiak:

a) Udalak atxikitzen dizkion ondasunak, jatorrizko kalifikazio juridikoa gordeko badute ere.

Erakunde autonomoaren sorrerarekin, Buñuelgo zahar-etxeak duen udal eraikina eta altzariak atxikitzen zaizkio (Kale nagusia 1, 3154 Buñuel).

b) Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoak edozein titulu legitimoren bidez eskuratzen dituen beste ondasun batzuk.

2. Horretarako, erakunde autonomoak ondare hori osatzen duten ondasunen zerrenda eginen du bere inbentarioan.

20. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren baliabideak honako hauek izanen dira:

a) Udalak urtero bere aurrekontuetan atxikitzen dion diru ekarpena.

b) Bere ondarean produktu, aprobetxamendu, fruitu eta errendimenduak.

c) Edozein entitate publiko nahiz pribaturen dirulaguntza eta laguntzak, eta partikularrenak.

d) Zahar-etxearen erabiltzaileen bidez sortzen diren diru-sarrerak (tasak, prezio publikoak).

e) Beren ardurapean dauden erakundeetako kide edo laguntzaileen kuotak.

f) Bere jarduera berariazkoek edo zerbitzuak emateak ekartzen ahal dizkioten diru sarrerak.

g) Jaso ditzakeen dohaintza, jaraunspen edo legatuak.

21. artikulua. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren aurrekontua.

Aurrekontuaren proiektua Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoko lehendakariak prestatuko du eta, Gobernu Batzarrak onetsi ondoan, Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin, urte bakoitzeko urriaren lehena baino lehen. Toki entitateen aurrekontuen egiturari egokitutako aurrekontu bat eginen da, eta Udalaren aurrekontu orokorrari eranskin gisa gehituko zaio.

22. artikulua. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren kontuak.

Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren kontuak urtean behin egin, onetsi eta Udalaren kontuei gehituko zaizkie, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Kudeaketa ekonomikoa.

Erakunde autonomoaren kudeaketa ekonomiko osoaren, hau da, eduki ekonomikoa duten eskubide eta betebeharrak dakartzaten egintza, agiri eta espedienteen kontu hartzea eta kontabilizazioa eginen da, Buñuelgo Udalean egiten den modu eta baldintza beretan, ahalik eta zorroztasun, eraginkortasun eta gardentasun handienarekin.

24. artikulua. Kontratazioa.

1. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren kontratazio araubidea kontratu publikoei buruzko foru legeetan ezartzen dena izanen da, horren artikuluei jarraituz.

2. Kontratatzeko eskumena organo hauei dagokie:

a) Lehendakariari:

–Urteko kontratazioak, haien zenbatekoak gainditzen ez badu aurrekontuko diru sarrera arrunten % 10.

–Urte anitzetarako kontratazioak, baldin eta gastua aplikatzen den ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada, eta urte guztietako zenbatekoak, baturik, arestian aipatu portzentajea gainditzen ez badu.

b) Zuzendaritza Batzordeari, gainerako kasu guztietan, betiere baliabide arrunten % 30eko muga duela. Zenbateko hori gainditzen badu, Buñuelgo Udalak baimendu beharko du beti.

IV. TITULUA.–LANGILEAK

25. artikulua. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoko langileak.

1. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoak bere xedeak betetzeko behar adina langile izanen ditu, eta haien kopuru, kategoria eta eginkizunak Batzordeak onesten duen plantillan zehaztuko dira. Plantilla hori, dagokion lan eskaintzarekin batean, urtero prestatuko da aurrekontuekin batean, eta Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.

2. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoko langileak lan-kontratudunak izanen dira eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa ezarriko zaie, baita Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileak arautzen dituen foru araudia ere. Langileen ordainsarien baldintzak zehazteko eta aldatzeko, osoko bilkuran hartarako onesten dituen arauak bete beharko dira beti, bat etorriz Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriari eta Estatuko aurrekontu orokorrei buruzko araudiarekin.

3. Horri kalterik egin gabe, Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoak zerbitzu, hornidura eta obren emakidako eta errentamenduko kontratuak egin ahalko ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

26. artikulua. Aplikatzekoa den legedia.

Langile lan kontratudunei dagokienez, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta sektore publikoari aplikatu beharreko administrazio-araudian xedatutakoa ezarriko zaie.

Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoak behin-behinekotasuna saihestuko du, baita elkarren segidako aldi baterako kontratuak egitea ere.

27. artikulua. Langileen burutza.

Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoko langileak erakunde autonomoko lehendakariaren langileen burutzaren mende geratuko dira.

V. TITULUA.–BARNE ARAUBIDEA

28. artikulua. Barne araubidearen erregelamendua.

Erakunde autonomoko gobernu organoen jarduketaren, bilkura araubidearen eta, oro har, zerbitzu emateari buruzko alderdien arauak garatzeko, Gobernu Batzarrak behar diren barne araubidearen erregelamenduak prestatuko ditu, zeinak udalbatzaren osoko bilkuraren eskura jarri beharko diren.

Barne araubideko erregelamendu berriak idazten ez diren bitartean, egungo erregelamenduek indarrean jarraituko dute estatutu hauekin kontraesanean ez dauden alderdi guztietan.

VI. TITULUA.–PARTAIDETZA KONTSEILUA

29. artikulua. Partaidetza Kontseilua nahitaez sortu beharko da, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

30. artikulua. Partaidetza Kontseilua.

1. Partaidetza Kontseiluak honako kide hauek izanen ditu gutxienez, eta ahaleginak eginen dira gizonen eta emakumeen arteko banaketa orekatua izan dadin:

a) Lehendakaria: zentroko zuzendaria edo ordezkaria.

b) Kideak:

–Zentroko hiru profesional, arlo teknikokoak eta zuzeneko arreta ematen dutenak.

–Lau erabiltzaile, edo haien ahaide edo legezko ordezkariak.

c) Idazkaria: Kontseiluak aukeratuko du, bere kideen artetik.

d) Erakunde autonomoko lehendakaria edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Kide ordezkariak bi urtean behin hautatuko dituzte zentroko profesionalek eta erabiltzaile zein ahaideek, gutun-azal itxiaren bidezko bozketa baten bidez. Sektore bakoitzean hautagai eta hautesle izaten ahalko dira zentroan sei hilabetetik gorako antzinatasuna duten profesionalak eta erabiltzaile eta/edo ahaideak, barne araudian adinari, gaitasunari eta ahaidetasunari buruz ezartzen diren baldintzak betetzen badira. Erabiltzaileen eta/edo ahaideen kasuan, boto bakarra onartuko da erabiltzaile bakoitzeko. Hautagai-zerrendak, gutxienez, ezarritako bozketa-eguna baino bost egun baliodun lehenago aurkeztu eta argitaratu beharko dira. Hautagaiei, hala eskatuz gero, toki bat utzi beharko zaie hautagai-zerrendak jendaurrean jartzeko eta beren proposamenak jakinarazteko. Hautagai-zerrendarik aurkezten ez bada, edozein profesional, erabiltzaile edo ahaide izan daiteke hautagarri, horretarako ezartzen diren baldintzak betez gero. Hautagai-zerrendarik aurkezten ez bada, bidezkoa izanen da aurreko ordezkariek segitzea. Kolektiboren batean hautagai-zerrenda gehiago badaude bete beharreko tokiak baino, zerbitzuaren titularrak diren pertsonak edo entitateak arduratuko dira bozketa egiteko lekua, tokia eta modua antolatzeaz eta horri buruzko informazioa emateaz.

2. Partaidetza Kontseiluko kide batek izendatua izateko behar ziren baldintzak betetzeari uzten badio, izendatu zuen organoak edo taldeak ordezkatuko du.

3. Partaidetza Kontseiluko kideak lau urterako hautatuko dira, udalbatzaren agintaldiarekin bat etorriz, eta berriz ere hautatzen ahalko dira, izendatuak izateko behar ziren baldintzak betetzen dituzten bitartean.

31. artikulua. Partaidetza Kontseiluaren eginkizunak.

Partaidetza Kontseiluak honako ahalmen hauek izanen ditu gutxienez:

a) Zentroko barne araubidearen erregelamendua onestea.

b) Zentroko urteko programazio orokorra onestea.

c) Zentroaren funtzionamenduari buruzko garrantzizko informazio guztia jasotzea, urteko memoria barne.

d) Ematen diren zerbitzuen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko proposamen eta gomendioak egitea.

Gizarte-inklusioaren arloan, a) eta b) ahalmenak informazioa jasotzeari eta proposamenak egiteari lotuak egonen dira.

Zuzendaritzak urtero prestatzen duen zentroko jardueren programari buruzko txosten bat eta ebaluazioa egitea.

Instalazioak egoera onean egotea sustatzea.

Zentroa jardunbide egokirako planteamenduak egitea.

Zentroaren jardunbide eta funtzionamenduaren gaineko jakingarriak jasotzea.

Beharrezkoa bada, intereseko beste zentro edo kolektibo batzuekin lankidetza harremanak ezartzea.

Estatutuei, barne araubidearen erregelamenduari eta erabiltzaileen araudiari buruzko txostenak egitea.

Kontseiluaren bilera arruntak, gutxienez, sei hilean behin eginen dira, eta bereziak, berriz, lehendakariak edo kide gehienek eskatuta.

Kontseiluaren funtzionamendua kide anitzeko organoen araudi orokorrak gobernatuko du.

Organoa behar bezala eratu eta bilerak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria –edo, hala dagokionean, haien ordezkoak– eta gutxienez kideen erdiak bertan egotea.

Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, eta, 4. apartatuko a) eta b) azpiapartatuetako kasuetan, kide guztien bi herenen gehiengoa eskatuko da, deusetan galarazi gabe I. eranskineko betebehar funtzionalen 5.b) i) apartatuaren 4. azpiapartatuan ezarritakoa.

Bilkura guztien akta eginen du idazkari lanak bere gain hartzen dituenak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek jaso behar dira: gai zerrenda, bilera non eta noiz izan den, bertaratutako kideak, eztabaidatutako gai nagusiak eta hartutako erabakien edukia. Akta bertaratutako pertsona guztiek sinatu beharko dute, edo, bestela, bidali beharko da halako moduan non jasota geldituko baita kontseilukide guztiek aukera izan dutela akta jasotzeko eta adostasuna edo haren kontrako argudioak komunikatzeko.

Erabiltzaileen ahaideen elkarteak ordezkaritza duten solaskide eraginkor gisa aitortzen dira, eta informazioa jasotzeko, entzunak izateko, parte hartzeko eta kexak eta iradokizunak aurkezteko eskubidea izanen dute, partaidetza organoetan edo antzeko organoetan ordezkatuak egon ala ez.

Etengabeko komunikazio eta informazio kanalak egonen dira familiekin edo hurbileko pertsonekin, eta bilerak eginen dira aldian behin; horrez gain, sistema bat egonen da egokitzapen aldian familiak edo hurbilekoek jarraipena egiten dutela bermatzeko, bai eta abisua ematen zaiela ere esku-hartze espezifikoei edo hautemandako zailtasunei edo bizikidetza normala aztoratzen duten gatazkei buruz.

Erakunde autonomoak erabiltzaileen parte-hartze aktiboa eta genero joerarik gabea sustatu behar du, bai eta, betiere haiek onartuz gero, haien familien, hurbilekoen eta zaintzaile informalen parte-hartzea ere.

VII. TITULUA–BUÑUELGO UDALAREN KONTU-HARTZAILETZA ETA FISKALIZAZIORAKO AHALMENAK

32. artikulua. Udaleko Kontu Hartzailetza.

Buñuelgo Udalak honako eginkizun hauek ditu San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoari dagokionez:

a) Erakunde autonomoaren zerbitzu eta ekintzen zuzendaritza, zaintza eta tutoretza.

b) Erakunde autonomoak kudeatu beharreko jardueren betearazpena bultzatu eta ikuskatzea.

c) Aurrekontua behin betiko onestea.

d) Urteko kontuak behin betiko onestea.

e) Plantilla organikoa eta lan eskaintza publikoa behin betikoz onestea.

f) Erabiltzaileek ordaindu beharreko tasak eta prezio publikoak onestea.

g) Ondasun higiezinak erosi, besterendu edo kargatzeko aldez aurreko baimena, baliabide arrunten % 30etik gorakoak badira.

h) Aldez aurreko baimena ematea, kredituak eta maileguak hartzeko.

i) Pertsona fisiko edo juridikoekiko hitzarmenak onestea, kasuan kasuko Udalbatzaren agintaldia baino denbora luzeagoan izan behar badute indarra.

Halaber, Udalak ahalmena izanen du honako hauetarako:

1.–Gobernu Batzarraren erabakiak bertan behera uztea, uste badu haren eskumenekoak ez direla edota udalerriaren edo erakunde autonomoaren interes orokorren kontrakoak direla, edo legeak argi eta garbi hausten dituztela.

2.–Gobernu eta administrazioko organoengandik jasotzea eskatzen dizkien txosten eta agiri guztiak.

3.–Egoki deritzon ikuskapenak egitea.

33. artikulua. Estatutuen aldaketa.

Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eginen du estatutu hauen aldaketa. Horiek prestatzeko zer bide erabili zen, horrexeri segituko zaio.

34. artikulua. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoa desegitea.

1. Buñuelgo Udalaren osoko bilkurak Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoa desegiten ahalko du, ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak hala proposatuta, berau osatzen duen legezko kide kopuruaren gehiengo osoak hala adostuz gero.

2. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoa desegindakoan, hari atxikitako ondasunek beren afektazioa galduko dute, eta Buñuelgo Udalak eskuragarritasun osoa izanen du haien gain. Era berean, Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren jabetza esklusiboko ondasunak Buñuelgo Udalarenak izanen dira.

VIII. TITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKOA

35. artikulua. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoaren araubide juridikoa.

1. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoko lehendakariaren eta Zuzendaritza Batzordearen egintzek bukaera emanen diote administrazio bideari.

2. Buñuelgo San Gregorio zahar-etxea erakunde autonomoko organoen ebazpenen kontra paratzen ahalko dira Nafarroako toki entitateen egintzen kontra une bakoitzean bidezko diren errekurtsoak.

36. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Estatutu hauetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako lege xedapenei jarraikiko zaie.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean, eta Zuzendaritza Batzordeko eta Partaidetza Kontseiluko kideak aukeratu beharko dira, argitaratzen direnetik sei hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: L2416150