Iragarkia
252. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
490/2024 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, 2025ean Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probetarako deia egin eta proba horien egutegia ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.
Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 46. artikuluan, erdi eta goi mailako zikloetara sartzeari dagokionez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluan eskatutako baldintzak aipatzen dira, eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetara sartzeko kondizioetako bat sarrera proba bat gainditu izana da. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 52. artikuluan ezartzen denaren arabera, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan sartzen ahal dira, baldintza akademikoak bete ez arren, sarrera-proba gainditzen dutenak; eta, azkenik, Lege Organiko haren 64. artikuluaren arabera, kirol irakaskuntzetako erdi eta goi mailetan sartzen ahal dira, eskatzen diren titulu edo ziurtagiriak izan ez arren, sarrera-proba bat gainditzen dutenak. Horrez gainera, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak 46.2. artikuluan xedatzen duenez, hezkuntza administrazioek sarrera baldintzak betetzen ez dituzten pertsonentzako sarrera-probetarako deialdiak egin beharko dituzte urtero.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa garatuz, Lanbide Heziketaren sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetarako sarbidea arautzen du, eta baldintza gisa ezartzen du sarrera-proba bat gainditu behar dela, erdi mailakoa edo goi mailakoa, hurrenez hurren. Sarrera-proba horiek helduentzako oinarrizko gaitasunak egiaztatzeko prozeduraren erregelamendu-garapenaren arabera antolatu beharko dira. Bestalde, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duenak, eta urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duenak, erdi mailako eta goi mailako zikloetarako sarbidea arautzen dute, eta zehazten dute zilegi izanen dela ziklo horietan sartzea hezkuntza administrazioek deitutako sarrera-proba bat gaindituta.
Ebazpen honen bidez, 2025ean Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa ziklo, Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi eta goi mailako heziketa ziklo eta kirol irakaskuntzen zikloetarako sarrera-probetarako deialdia egiten da, eta proba horien egutegia ezartzen da.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sortu litezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka agertzen ahal dira, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.
Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin, batetik, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ziklo, Arte Plastikoetako eta Diseinuko ziklo eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-proben 2025eko deialdia onesteko, eta bestetik, proba horien egutegia ezartzeko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2025an Lanbide Heziketako irakaskuntzetako, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako erdi eta goi mailako zikloetarako sarrera-probetarako deia egitea eta proba horien egutegia ezartzea, ebazpen honen eranskin gisa ageri diren oinarrien arabera.
2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.
4. Ebazpen hau eta ebazpen honen eranskinak honako hauei helaraztea, dagozkion ondorioetarako: Hezkuntzako Ikuskapenaren Zerbitzua; Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzua; Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua; Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzua; Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzua; Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua; Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzua; Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzua; Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hiru zerbitzuak: Arte Ikasketen Atala; Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atala; Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atala; Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Orientazio Atala; Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atala; Iruñeko Bigarren Zabalguneko Enplegu Agentzia; Tuterako Enplegu Agentzia; Agoizko Enplegu Agentzia; Lodosako Enplegu Agentzia; Tafallako Enplegu Agentzia; Altsasuko Enplegu Agentzia; Lizarrako Enplegu Agentzia; eta Doneztebeko Enplegu Agentzia.
Iruñean, 2024ko irailaren 27an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.
1. ERANSKINA.–ZIKLOETARAKO SARRERA-PROBEN DEIALDIA. 2025. URTEA
Deialdia.
1. Deialdi hau honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago:
a) Erdi mailako zikloetarako sarrera-proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hamazazpi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.
b) Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetarako sarrera-proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hemeretzi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.
c) Kirol irakaskuntzetako goi mailako zikloetarako sarrera-proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hemeretzi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea, eta, horrez gainera, kirol teknikariaren titulu bat izatea, kasuan kasuko kirol modalitate edo espezialitatekoa.
2. Erdi eta goi mailako zikloetarako sarrera-probetarako deia egiten da, 2025erako, Nafarroako Foru Komunitatean.
–Erdi mailako zikloetarako sarrera-proba.
–Goi mailako zikloetarako sarrera-proba modalitate hauetan: "Zientziak eta Ingeniaritza", "Osasun Zientziak", "Gizarte Zientziak", "Giza Zientziak", "Arteak", eta
–Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetarako sarrera-proba
Inskripzioa.
3. Erdi eta goi mailako zikloetarako sarrera-probetan inskripzioa egiteko epea 2025eko otsailaren 19 hasiko da, eta otsailaren 28ko 14:00etan bukatuko.
4. Sarrera-probetarako inskripzioa bidali beharko da Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako eta goi mailako zikloak ematen dituzten Nafarroako edozein ikastetxe publiko edo itundutara, edo bertan entregatu beharko da. Ikastetxe horien zerrenda zehatza ikusgai dago Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probak" fitxan; esteka honetan dago:
5. Sarrera-probetarako inskripzioa honela egiten ahalko da:
a) Erregistro telematikoa, "Educa" atariaren bidez.
b) Aurrez aurre, ikastetxeko idazkaritzan.
Bi kasuetan, inskripzioa aurreko ataletan aipatutako edozein ikastetxetara zuzenduko da.
Ikastetxeek beharrezko laguntza eta sostengua emanen diete 2024-2025 ikasturtean bertan matrikulaturik dauden ikasleei erregistro telematikoaren bidez egin dezaten sarrera-proben 2025eko deialdiko inskripzioa.
6. Izangai bakoitzak inskripzio-orri bakar bat bete beharko du, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probak" fitxako ereduen araberakoa.
7. Inskripzioak jasotzen dituzten ikastetxeek eskatzaileari inskripzio-orriaren fotokopia bat emanen diote, noiz sartu den adierazita eta zigilua jarrita. Eskabidea Educa atariaren erregistro telematikoaren bidez aurkezten dutenek inskripzioaren egiaztagiri bat deskargatzen ahalko dute.
Proba egiteko egokitzapenak.
8. Honako hauek egokitzapenak eskatzen ahal dituzte sarrera-proba egiteko:
–Desgaitasunen bat frogatzen duten pertsonak. Inskripzio-orrian proba egiteko eskatzen den egokitzapena adierazi beharko da.
–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak egiaztatzen dituzten pertsonak. Egokitzapenak indarra duten arauetan xedaturikoari jarraikiz eginen dira.
9. Desgaitasuna egiaztatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko da: Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria; Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, edo Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioarena, edo Defentsa Ministerioarena; Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.
10. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela frogatzeko, "Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslearen kondizioa egiaztatzeko ziurtagiria" delakoan adierazitako informazioa biltzen duen dokumentua aurkeztu beharko da; derrigorrezko ikasketak edo derrigorrezkoaren ondoko ikasketak zein ikastetxetan egin dituen, horietako azkeneko orientatzaileak sinatuta behar du dokumentu horrek, ebazpen honen 2. eranskineko ereduari jarraikiz.
Salbuespenak probako esparru edo zati batzuk egin behar ez izateko.
11. Probaren esparru edo zatietarako salbuespenak eskatzen ahalko dira, 2025eko sarrera-probetarako deialdian horretarako aplikatzekoa den ebazpenean ezarritako egoeretan.
Dokumentazioa.
12. Erdi mailako eta goi mailako zikloetarako sarrera-probetan inskribatzeko orriarekin batera, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Nahitaezko agiriak:
–NAN, AIZ edo pasaportearen fotokopia.
–Sarrera-probetan inskribatzeko tasaren kontzeptu gisa ezarritako diru kopurua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan sartu izanaren gordekina.
–Sarrera-probetan izena emateko tasaren ordainketaren 100eko 50eko hobaria edo hartarako salbuespena izanez gero, kondizio hori egiaztatzeko dokumentazioaren fotokopia.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36.5. artikuluan ezarrita daude salbuespenak eta 100eko 50eko hobariak.
b) Dokumentazioa proba egiteko egokitzapenak eskatzen badira:
–Desgaitasunaren egiaztagiriaren fotokopia.
–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslearen kondizioa egiaztatzeko ziurtagiria, zer-nolako egokitzapena behar duen adierazita.
c) Dokumentazioa, erdi mailako sarrera-probaren eremuak edo goi mailako sarrera-probaren zatietarako salbuespena eskatzen bada: Salbuespena eskatuz gero, egiaztagiriekin batera aurkeztu beharko da, salbuespen horiek ezartzen dituen ebazpenean ezarritakoaren arabera eta 2025eko probetarako deialdian aplikatzekoa denari jarraikiz.
13. Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetarako sarrera-proban inskribatzeko orriarekin batera, izangaiek, aurreko oinarrian adierazitako dokumentazioaz gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Kirol teknikariaren tituluaren fotokopia, dagokion kirol modalitate edo espezialitatekoa.
–Kirol Irakaskuntzetako erdi mailako zikloko ikasketa ziurtagiriaren fotokopia, zikloko batez besteko azken nota jasotzen duena.
Inskribatzeko tasak.
14. Jarraian adierazitakoak dira proban inskribatzeko tasak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36. artikuluari jarraikiz, kontuan harturik hartan ezarritako onura fiskalak:
–Sarrera-probetarako inskripzioa: 18 euro.
–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 9 euro.
–Kategoria bereziko familia ugariko kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); % 65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak; langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera-probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez): salbuespena tarifatik.
15. Probetan inskribatzeko tasa ordaintzeko, dagokion ordainketa gutuna bete beharko da Interneten bidez. Ordainketa gutun hori eskuragai dago Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probak" fitxan.
16. Tasaren kuota izena emateko ezarritako epean ez ordaintzea edo osorik ez ordaintzea baztertzeko arrazoia izanen da; orobat, bazterturik geldituko da tasa ordaintzetik salbuetsita egoteko edo tasaren hobaria izateko behar diren agirietako bat aurkezten ez bada edo agiri horietan faltsukeriaren bat atzematen bada.
Tasak itzultzea.
17. Tasa ez da itzuliko izangaiak baztertuak gelditzen badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.
Sarrera-probetan inskribatzen diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.
18. Inskripzio prozesuaren egutegia, onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak, erreklamazioetarako epeak eta onartutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratzeko egutegia ebazpen honen 3. eranskinean ezarrita daude.
19. Erreklamazioak sarrera-probetan inskripzioa egin zeneko zentroan aurkeztuko dira. Erreklamazioa egiteko, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probak" fitxan dagoen eredua erabiliko da.
20. Inskripzio zentroaren eskumenekoak diren erreklamazioak ikastetxean ebatziko dira. Erreklamazioak ebazteko eskumena sarrera-probak koordinatzeko auzitegiari badagokio, ikastetxeak probak koordinatzeko epaimahaiari helaraziko dizkio, telematikoki. Zentroaren edota probak koordinatzeko epaimahaiaren eskumenekoak diren erreklamazioak zehazteko, epaimahai koordinatzaile horrek zentroei eman eta zuzentzen dizkien jarraibideak hartuko dira kontuan.
Sarrera-proben koordinazio epaimahaia eta ebaluazio epaimahaiak.
21. Koordinazio epaimahai bat eratuko da, Lanbide Heziketan eskumena duen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez izendatua, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, kide hauek izanen dituena: epaimahaiburu bat, idazkari bat eta lau epaimahaikide.
22. Erdi mailako zikloetarako sarrera-probarako, ebaluazio epaimahaiak eratuko dira, kide hauek izanen dituztenak: mahaiburu bat eta, gutxienez, mahaikide bat probaren esparru bakoitzeko.
23. Goi mailako zikloetarako sarrera-probarako, epaimahai hauek eratuko dira: epaimahai bat "Zientziak eta Ingeniaritza" modalitatearen probarako, beste bat "Osasun Zientziak" modalitaterako, beste bat "Gizarte Zientziak" modalitaterako, eta beste bat "Arteak" modalitaterako. Horietako bakoitzak kide hauek izanen ditu: mahaiburu bat eta, gutxienez, mahaikide bat irakasgai bakoitzeko.
24. Epaimahai horien eraketa, eginkizunak eta jarduketa finkatzeko, Lanbide Heziketan eskumena duen zuzendari nagusiak jarraibide batzuk emanen ditu, ebazpen bidez.
Erdi mailako zikloetarako sarrera-proba. egitura eta edukia.
25. Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 110. artikuluan ezarritakoaren arabera, erdi mailako zikloetarako sarrera-probaren helburua zera da, erdi mailako zikloei dagokien prestakuntza probetxuz egiteko gaitasun, ezagutza eta trebetasun nahikoak egiaztatzea.
26. 110. artikulu horretan ezartzen den bezala, helduentzako oinarrizko gaitasunak egiaztatzeko arautzen den prozedura erregelamenduaren garapenari jarraikiz gauzatuko da erdi mailako heziketa zikloetarako sarrera-probaren antolamendua. Oraindik ez denez arautu helduentzako oinarrizko gaitasunak egiaztatzeko prozedura, 2025eko erdi mailako zikloetarako sarrera-proba gaitasun proba komun bat izanen da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako oinarrizko gaitasunen ingurukoa, eta gaitasun proba horren helburua izanen da egiaztatzea ikasleek irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutza eta trebetasunak dituztela.
27. Erdi mailako zikloetarako sarrera-proba bakarra da, eta esparru eta ariketa hauetan egituratzen da:
ESPARRUA | GAITASUNA | ARIKETAK |
Komunikazioa | Hizkuntza komunikazioa | Gaztelaniako edo Euskarako ariketa bat. |
Gizartea | Gaitasun sozial eta zibikoa | Gizarte Zientzietako, Geografiako eta Historiako ariketa bat |
Zientzia eta teknologia | Matematika eta zientziako eta teknologiako oinarrizko gaitasunak | Matematikako ariketa bat |
10 galderako ariketa bat: 5 galdera Natur Zientziei buruz eta 5 galdera Teknologiari buruz |
Hiru esparru horietako ariketetako edukien curriculum erreferentzia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren barnean dagozkion irakasgaiekin lotuta Nafarroan ezarrita dagoena izanen da. "Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia" ariketaren kasuan, curriculum erreferentzia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako "Geografia eta Historia" irakasgairako Nafarroan ezarritakoa izanen da. "Natur Zientziak" delakoaren 5 gaien kasuan, curriculum erreferentzia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako "Biologia eta Geologia" irakasgairako Nafarroan ezarritakoa izanen da. "Teknologia" delakoaren 5 gaien kasuan, curriculum erreferentzia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako "Teknologia eta Digitalizazioa" irakasgairako Nafarroan ezarritakoa izanen da.
28. Proba gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko da; aukera hori inskribatzeko unean adierazi beharko da. "Gaztelania" eta "Euskara" ariketak gaztelaniaz eta euskaraz erantzun beharko dira, hurrenez hurren, proba egiteko zer hizkuntza aukeratu den gorabehera.
Goi mailako zikloetarako sarrera-proba. egitura eta edukia.
29. Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 114. artikuluan ezarritakoaren arabera, goi mailako zikloetarako sarrera-probaren helburua zera da, goi mailako zikloei dagokien prestakuntza probetxuz egiteko gaitasun, ezagutza eta trebetasun nahikoak egiaztatzea.
30. 114. artikulu horretan ezartzen den bezala, helduentzako oinarrizko gaitasunak egiaztatzeko arautzen den prozedura erregelamenduaren garapenari jarraikiz gauzatuko da goi mailako heziketa zikloetarako sarrera-probaren antolamendua. Oraindik ez denez arautu helduentzako oinarrizko gaitasunak egiaztatzeko prozedura, 2025eko erdi mailako zikloetarako sarrera-proba gaitasun proba komun bat izanen da, Batxilergoko gako-gaitasunen eta proba osatzen duten irakasgaien berariazko gaitasunen inguruan, eta gaitasun proba horren helburua izanen da egiaztatzea ikasleek irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutza eta trebetasunak dituztela.
31. Goi mailako zikloetarako 2025eko sarrera-probak bi zati izanen ditu: "Zati komuna" eta "Berariazko zatia".
32. Goi mailako zikloetarako sarrera-proba egiteko bost modalitate daude: "Zientziak eta Ingeniaritza", "Osasun Zientziak", "Gizarte Zientziak", "Giza Zientziak" eta "Arteak". Hona hemen bakoitzaren zatiak, gaiak eta ariketak:
"ZIENTZIAK ETA INGENIARITZA" MODALITATEA.
PROBAREN ZATIAK | IRAKASGAIAK | ||
Zati komuna | Ezagutza instrumentalak | Gaztelania edo Euskara | Ariketa bat |
Hauen artean aukeratzeko: (*) –Espainiako Historia –Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa | Ariketa bat | ||
Matematika | Ariketa bat | ||
Berariazko zatia (**) | Lanbide arloaren ezagutzak | Fisika eta Kimika | Ariketa bat |
Marrazketa Teknikoa | Ariketa bat | ||
Teknologia Industriala | Ariketa bat | ||
(*) Inskripzio formularioan Espainiako Historia edo Atzerriko Hizkuntza (Ingelesa edo Frantsesa) aukeratu behar da. (**) Inskripzio formularioan berariazko zati honetako hiru irakasgaietatik bi aukeratu behar dira. | |||
"GIZARTE ZIENTZIAK" MODALITATEA.
PROBAREN ZATIAK | IRAKASGAIAK | ||
Zati komuna | Ezagutza instrumentalak | Gaztelania edo Euskara | Ariketa bat |
Hauen artean aukeratzeko: (*) –Espainiako Historia –Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa | Ariketa bat | ||
Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika | Ariketa bat | ||
Berariazko zatia (**) | Lanbide arloaren ezagutzak | Enpresaren Ekonomia | Ariketa bat |
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak | Ariketa bat | ||
Geografia | Ariketa bat | ||
(*) Inskripzio formularioan Espainiako Historia edo Atzerriko Hizkuntza (Ingelesa edo Frantsesa) aukeratu behar da. (**) Inskripzio formularioan berariazko zati honetako hiru irakasgaietatik bi aukeratu behar dira. | |||
"GIZA ZIENTZIAK" MODALITATEA.
PROBAREN ZATIAK | IRAKASGAIAK | ||
Zati komuna | Ezagutza instrumentalak | Gaztelania edo Euskara | Ariketa bat |
Espainiako Historia | Ariketa bat | ||
Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa | Ariketa bat | ||
Berariazko zatia (*) | Lanbide arloaren ezagutzak | Psikologia | Ariketa bat |
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak | Ariketa bat | ||
Geografia | Ariketa bat | ||
(*) Inskripzio formularioan berariazko zati honetako hiru irakasgaietatik bi aukeratu behar dira. | |||
"OSASUN ZIENTZIAK" MODALITATEA.
PROBAREN ZATIAK | IRAKASGAIAK | ||
Zati komuna | Ezagutza instrumentalak | Gaztelania edo Euskara | Ariketa bat |
Hauen artean aukeratzeko: (*) –Espainiako Historia –Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa | Ariketa bat | ||
Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika | Ariketa bat | ||
Berariazko zatia (**) | Lanbide arloaren ezagutzak | Biologia | Ariketa bat |
Kimika eta Fisika | Ariketa bat | ||
Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak | Ariketa bat | ||
(*) Inskripzio formularioan Espainiako Historia edo Atzerriko Hizkuntza (Ingelesa edo Frantsesa) aukeratu behar da. (**) Inskripzio formularioan berariazko zati honetako hiru irakasgaietatik bi aukeratu behar dira. | |||
"ARTEAK" MODALITATEA.
PROBAREN ZATIAK | IRAKASGAIAK | ||
Zati komuna | Ezagutza instrumentalak | Gaztelania edo Euskara | Ariketa bat |
Artearen Historia | Ariketa bat | ||
Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa | Ariketa bat | ||
Berariazko zatia (*) | Lanbide arloaren ezagutzak | Marrazketa Artistikoa | Ariketa bat |
Bolumena | Ariketa bat | ||
Marrazketa Teknikoa | Ariketa bat | ||
(*) Inskripzio formularioan berariazko zati honetako hiru irakasgaietatik bi aukeratu behar dira. | |||
Irakasgai bakoitzaren ariketetako edukien curriculum erreferentzia Nafarroan Batxilergorako ezarritako dagozkionetan finkatutakoa izanen da. "Zientziak eta Ingeniaritza" modalitateko "Teknologia Industriala" ariketaren kasuan, curriculum erreferentzia Batxilergoko "Teknologia eta Ingeniaritza" irakasgairako Nafarroan ezarritakoa izanen da. "Enpresaren Ekonomia" modalitateko "Gizarte Zientziak" ariketaren kasuan, curriculum erreferentzia Batxilergoko "Ekonomia" irakasgairako Nafarroan ezarritakoa izanen da. "Giza Zientziak" modalitateko "Psikologia" ariketaren kasuan, curriculum erreferentzia apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan irakasgai horretarako ezarritakoa izanen da. "Osasun Zientziak" modalitateko "Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak" ariketaren kasuan, curriculum erreferentzia Batxilergoko "Ingurumen Zientziak" irakasgairako Nafarroan ezarritakoa izanen da. "Arteak" modalitateko "Artearen historia" ariketaren kasuan, curriculum erreferentzia apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan irakasgai horretarako ezarritakoa izanen da. "Arteak" modalitateko "Marrazketa Teknikoa" ariketaren kasuan, curriculum erreferentzia Batxilergoko "Arte plastikoetara eta diseinura aplikatutako marrazketa teknikoa" irakasgairako Nafarroan ezarritakoa izanen da.
33. Araubide bereziko Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko, goi mailako zikloetan sartzeko edozein modalitatetako probaren zati komuna egin beharko da.
34. Proba gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko da; aukera hori inskribatzeko unean adierazi beharko da. "Gaztelania" eta "Euskara" ariketak gaztelaniaz eta euskaraz erantzun beharko dira, hurrenez hurren, proba egiteko zer hizkuntza aukeratu den gorabehera.
Sarrera-probaren kalifikazioa.
35. Erdi mailako zikloetarako sarrera-proba:
a) Hiru esparruetako bakoitza 0tik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin.
–Komunikazioaren esparruko nota "Hizkuntza" ariketan lortutakoa izanen da.
–Gizarte esparruaren nota "Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia" ariketan lortutakoa izanen da.
–Esparru zientifiko-teknologikoaren nota "Matematika" ariketaren eta "Natur Zientziak" eta "Teknologia" ariketaren batezbesteko aritmetikoa izanen da.
b) Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako zikloetarako sarrera-probaren azken kalifikazioa 1etik 10era adieraziko da, bi dezimalekin zehaztuta. Hiru esparruen batezbesteko aritmetikoa eginez aterako da, betiere bakoitzean lau puntu edo gehiago atera badira. Azken kalifikazioan 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat joko da.
c) Kirol Irakaskuntzetako erdi mailako zikloetarako sarrera-probaren azken kalifikazioa 0tik 10era adieraziko da, bi dezimalekin zehaztuta. Hiru esparruen batezbesteko aritmetikoa eginez aterako da, betiere bakoitzean lau puntu edo gehiago atera badira. Azken kalifikazioan 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat joko da.
d) Probaren esparruren batean salbuespenak daudenean, azken kalifikazioa kalkulatzeko kontuan hartuko da Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak sarrera-probetan salbuespenak ezartzeko ebazpenean –2025eko probetarako deialdian aplikatzekoa denean– ezarritakoa.
36. Goi mailako zikloetarako sarrera-proba:
a) Probaren bi zatietako bakoitza 0tik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin.
–Zati komuna: 0tik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin. Zati honen azken nota izanen da aukeratzen den proba modalitatean egin beharreko ariketetan lortzen den notaren batezbesteko aritmetikoa.
–Berariazko zatia: irakasgai bakoitzeko ariketa 0tik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin. Zati honen azken nota izanen da bi ariketetan lortutako noten batezbesteko aritmetikoa.
b) Goi mailako zikloetarako sarrera-probaren azken kalifikazioa 1etik 10era adieraziko da, bi dezimalekin zehaztuta. Bi zatien batezbesteko aritmetikoa eginez aterako da azken kalifikazioa, betiere bakoitzean lau puntu edo gehiago atera badira. Azken kalifikazioan 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat joko da.
d) Probaren esparruren batean salbuespenak daudenean, azken kalifikazioa kalkulatzeko kontuan hartuko da Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak sarrera-probetan salbuespenak ezartzeko ebazpenean –2025eko probetarako deialdian aplikatzekoa denean– ezarritakoa.
37. Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetarako sarrera-proba: probaren azken kalifikazioa 0tik 10era adieraziko da, bi dezimalekin. Sarrera-probako kalifikazioaren eta kirol teknikariaren titulazioaren irakaskuntzetako azken kalifikazioaren arteko batezbesteko aritmetikoa eginen da, baldin eta bi notak lautik gorakoak badira (edo lau). Azken kalifikazioa bost puntukoa edo hortik gorakoa izanez gero, gainditutzat hartuko da.
Proben emaitzak eta erreklamazioak.
38. Behin-behineko emaitzak, erreklamazioak eta behin betiko emaitzak Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoko "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probak" izapideen fitxan argitaratuko dira, ebazpen honen 3. eranskinean adierazten diren egunetan.
39. Erreklamazioak koordinazio epaimahaiko buruari igorritako idazkiaren bidez aurkeztuko dira. Erreklamazioa egiteko, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probak" fitxan dagoen eredua erabiliko da.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, dagozkion ebaluazio epaimahaiak bilduko dira haiek aztertu eta ebazteko.
40. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jartzearekin betetzat joko da ebaluazio epaimahaiek eta proben koordinazio epaimahaiak erreklamazioen gainean hartzen dituzten erabakien berri emateko prozedura. Aktaren eranskin bat ere argitaratuko da, non adieraziko baita, modu arrazoituan, ea kontuan hartu diren izandako erreklamazioak.
Goi mailako zikloetarako sarrera-proba gainditu izanaren ziurtagiria eta akreditazio partzialak.
41. Zikloetarako sarrera-proba gainditzen duenak eskubidea izanen du ziurtagiri bat jasotzeko, non adieraziko baita gai edo ez-gai izan den eta eta zein kalifikazio lortu duen, zenbakitan emana, bi dezimal eta guzti.
42. Interesdunek probarako inskripzioa egin zuten ikastetxean eskuratzen ahalko dituzte sarrera-proba gainditu izanaren ziurtagiriak, ebazpen honen 3. eranskinean adierazitako datetan.
43. Sarrera-probaren esparru edo zati bat edo gehiago gainditzen duenak eskubidea izanen du akreditazio partzial bat egin dakion. Bertan adieraziko da zein esparru edo zati gainditu dituen eta lortutako kalifikazioa, 5etik 10era, bi dezimal eta guzti. Akreditazio partzial horrek hurrengo deialdietarako balioko du Nafarroako Foru Komunitatean.
Probaren zein esparru edo zati gainditu diren frogatzeko egiaztagiriak ebazpen honen 3. eranskinean adierazitako egunetan eskuratzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan (Santo Domingo kalea, Iruña).
Zikloetarako sarrera-proba gainditu izanaren ziurtagiriaren ondorioak.
44. Zikloetarako sarrera-proba gaindituz gero, Estatuko lurralde osoan izanen du balioa.
45. Erdi mailako zikloetarako sarrera-proba gaindituz gero, ikasketa hauek egiten ahal dira:
–Lanbide Heziketako erdi mailako heziketa ziklo guztiak.
–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi mailako heziketa ziklo guztiak; horretarako, gainera, gaitasun artistikoaren proba gainditu beharko da.
–Araubide bereziko Kirol Irakaskuntzetako erdi mailako ziklo guztiak; horretarako, gainera, berariazko baldintzak bete beharko dira.
46. Goi mailako zikloetarako sarrera-proba gaindituz gero, ikasketa hauek egiten ahal dira:
–Erdi mailako zikloetarako sarrera-proba gaindituz egiten ahal diren ziklo guztiak.
–Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo guztiak.
–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako goi mailako ziklo guztiak, edozein proba modalitatetatik. Sarrera-proba gainditzeaz gain, beharrezkoa izanen da gaitasun artistikoaren proba gainditzea, salbu goi mailako zikloetarako sarrera-probaren "Arteak" modalitatea gainditzeagatik sartzen bada.
2008a baino lehenagoko deialdietan Nafarroan gainditutako proben kasuan, zein den gainditutako proba, horren ziurtagirian adierazitakoaren arabera erabakiko da goi mailako zein heziketa ziklotan sartu.
47. Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetarako sarrera-proba gaindituz gero, ikasketa hauek egiten ahal dira:
–Araubide bereziko Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloak; gainera, kirol teknikariaren titulua izan behar da, behar den modalitatean, eta kirol arloko berariazko baldintzak bete beharko dira.
–Araubide bereziko Kirol Irakaskuntzetako erdi mailako ziklo guztiak; horretarako, gainera, kirol arloko berariazko baldintzak bete beharko dira.
48. Goi mailako zikloetarako sarrera-probaren zati komuna gainditzen dutenak goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba egin behar izatetik salbuetsita egonen dira, heldutasun proba horien deialdia egiten duen ebazpenean ezartzen denari jarraikiz.
49. Nafarroan heziketa zikloak egin nahi dituzten ikasleen onarpen prozesua arautzen duen araudiak berariazko sarbidea izanen duen talde bat ezartzen du deialdi honen eraginpeko zikloetarako sarrera-proba baten bidez sartzen direnentzat, eta zikloetarako sarrera ikastaro baten medioz.
25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba.
50. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditua dutenek ez dute erdi eta goi mailako heziketa zikloetarako sarrera-proba egin beharko, eta, beraz, ez dute inskribatu beharrik izanen.
51. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditzeak aukera ematen du erdi mailako zikloetan eta goi mailako zikloetarako sarrera-proba gaindituta egiten ahal diren ziklo guztietan sartzeko.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko, gainera, beharrezkoa izanen da gaitasun artistikoaren proba gainditzea, salbu 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko probaren Arteak eta Giza Zientziak modalitatea gainditzeagatik sartzen direnen kasuan.
Sarrera-proben baliokidetzak ondorio profesionaletarako, eta profesionaltasun ziurtagiriak lortzea.
52. Ekainaren 10eko EDU/1603/2009 Aginduak –martxoaren 7ko EDU/520/2011 Aginduak aldatutakoak– 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, erdi eta goi mailako zikloetarako sarrera-probak gainditzea baliokidea da, ondorio profesionaletarako (enplegu publiko zein pribatuetara sartzeko ondorioetarako baino ez), DBHko graduatuaren titulua izatearekin, betiere egiaztatzen bada kondizio hauetakoren bat betetzen duela:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenbiziko bi ikasturteetako irakasgai guztiak gaindituak izatea.
b) Erdi mailako heziketa zikloa ikasten hasia izatea eta lanbide modulu batzuk gaindituak izatea, betiere, modulu horien iraupena heziketa zikloaren iraupen osoaren erdia baldin bada gutxienez.
c) Goi mailako heziketa zikloa ikasten hasia izatea eta lanbide modulu batzuk gaindituak izatea, betiere, modulu horien iraupena heziketa zikloaren iraupen osoaren herena baldin bada gutxienez.
d) Goi mailako arte irakaskuntzetako 10 ECTS kreditu edo gehiago gainditurik izatea, edo, hala badagokio, 1603/2009 EDU Aginduaren 5. xedapen gehigarrian xedatutakoa (EDU/520/2011 Aginduaren bidez aldatua).
e) Atzerrian egindako ikasketak egiaztatzea, hain zuzen, DBHko hirugarren kurtsoan sartzeko Espainiako hezkuntza sisteman eskatzen den mailaren balio berekoak.
f) Helduen Bigarren Hezkuntzaren I. mailako esparru guztiak gaindituak izatea.
53. Ekainaren 10eko EDU/1603/2009 Aginduak –martxoaren 7ko EDU/520/2011 Aginduak aldatutakoak– 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, goi mailako zikloetarako sarrera-probak gainditzea baliokidea da, ondorio profesionaletarako (enplegu publiko zein pribatuetara sartzeko ondorioetarako baino ez), Batxilergo titulua izatearekin, betiere egiaztatzen bada baduela, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulua edo baliokide akademikoren bat.
54. Aurreko bi oinarrietan ondorio profesionaletarako ezarri diren baliokidetzek aukera ematen diete eskatutako titulu akademikorik ez duten helduei lanpostu horietan aritzeko. Baliokidetza horiek ezartzen dira, bakar-bakarrik, lanpostu publiko edo pribatuen deialdietan eskatzen diren betebeharrei dagokienez.
55. Erdi mailako zikloetarako sarrera-proba gainditzeak 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria lortzeko bidea ematen du.
Goi mailako zikloetarako sarrera-proba gainditzeak 3. mailako profesionaltasun ziurtagiria lortzeko bidea ematen du.
Proben egutegia.
56. Probak egiteko eta horien emaitzak argitaratzeko egutegia ebazpen honen 3. eranskinean ezarrita dago.
Zikloetarako sarrera-probetako salbuespenak.
57. Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez ezarriko dira erdi mailako zikloetarako sarrera-probari eta sarrera ikastaroari eta horien eremuei dagozkien salbuespenak, bai eta goi mailako zikloetarako sarrera-probari eta sarrera ikastaroari eta horien zatiei dagozkien salbuespenak ere.
2. ERANSKINA.–HEZKUNTZA LAGUNTZAKO BERARIAZKO PREMIAK DITUEN IKASLEAREN KONDIZIOA EGIAZTATZEKO ZIURTAGIRIA
Centro docente / Ikastetxea | |
Domicilio / Helbidea | Localidad / Herria |
El Departamento de Orientación de este centro acredita que ................................................................................................... es una alumna o alumno con necesidades específicas de apoyo educativo debido a dificultades específicas de aprendizaje y trastornos por déficit de atención e hiperactividad / por necesidades educativas especiales, a los efectos de las Adaptaciones de las Pruebas de Acceso. | Ikastetxe honetako Orientazio Departamentuak egiaztatzen du ................................................................................................... hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela, ikasteko berariazko zailtasunak eta arreta gabeziaren eta hiperaktibitatearen nahasteak dituelako/hezkuntza premia bereziak dituelako, sarrera-proben egokitzapenen ondorioetarako. |
ADAPTACIONES NECESARIAS / BEHARREZKO EGOKITZAPENAK
Ampliación de tiempo (20 minutos máximo). Asiento reservado (Se sitúa al alumnado con dificultades específicas de aprendizaje alejado de las zonas de paso para evitar distracciones). Tras las indicaciones iniciales, se le preguntará a nivel personal si han entendido las instrucciones, las opciones... Llamadas de atención (Cuando se ve al alumnado con dificultades específicas de aprendizaje distraído se le pregunta qué tal va para que siga haciendo el examen). Para el alumnado con dificultades específicas de aprendizaje: revisión del examen por parte del profesorado en el periodo adicional de tiempo, para comprobar que es comprensible y si tuvieran que realizar alguna corrección, será siempre dentro del tiempo máximo concedido. Ordenador. Para los alumnos con dificultades específicas de aprendizaje que habitualmente utilice el ordenador como ayuda técnica en el centro, se facilitará un ordenador con procesador de textos, conectado a red eléctrica y sin conexión a internet. El corrector ortográfico estará activado. En algunas asignaturas no se puede utilizar: Dibujo, Matemáticas, Física, Química. En asignaturas como Biología se escribe el texto y los dibujos necesarios se hacen a mano. Se sitúa al alumnado en última fila, para no hacer visible la pantalla. Información sobre dificultades específicas de aprendizaje para los correctores. | Denbora luzatzea (20 minutu gehienez). Eserlekua erreserbatzea (ikasteko berariazko zailtasunak dituzten ikasleak pasaguneetatik urrun kokatuko dira ez dezaten arreta galdu). Hasierako jarraibideen ondoren, banaka galdetuko zaie argibideak, aukerak, etab. ulertu ote dituzten. Ohartarazpenak (ikasteko berariazko zailtasunak dituzten ikasleak distraituta ikusiz gero, zer moduz ari diren galdetuko zaie, azterketa egiten jarrai dezaten). Ikasteko berariazko zailtasunak dituzten ikasleen kasuan, irakasleek azterketa berrikusiko dute denbora gehigarriaren tartean, ulergarria den egiaztatzeko, eta zuzenketaren bat egin behar izanez gero, utzitako gehieneko denboraren barruan egin beharko dute. Ordenagailua. Ikasteko berariazko zailtasunak dituzten ikasleen kasuan, ikastetxean laguntza tekniko moduan ordenagailua erabiltzeko ohitura baldin badute, ordenagailu bat utziko die, testu prozesagailua duena, sare elektrikora konektatua eta interneteko konexio gabe. Zuzentzaile ortografikoa aktibatuta egonen da. Ez da erabiltzen ahalko zenbait irakasgaitan: Marrazketa, Matematika, Fisika, Kimika. "Biologia" irakasgaian eta antzekoetan, testua idatzi egiten da eta beharrezko marrazkiak eskuz egiten dira. Ikasleak azken ilaran eseriko dira, pantaila ez dadin agerian egon. Ikasteko berariazko zailtasunei buruzko informazioa zuzentzaileentzat. |
OBSERVACIONES / OHARRAK
..........................................., a ......... de ........................................ de 2025 /
............................... (e)n, 2025eko ............................. (a)ren ............ ([e]a)n
La Orientadora-El Orientador / Orientatzailea
Fdo / Stua: ..................................................................
3. ERANSKINA.–ZIKLOETARAKO SARRERA-PROBETARAKO 2025EKO DEIALDIAREN EGUTEGIA NAFARROAN
JARDUKETA | EGUNAK |
Inskripzio-eskaerak aurkezteko epea | 2025eko otsailaren 19tik 28ra. (14:00ak arte) |
Azken eguna ikastetxeek inskripzioak EDUCAn sar ditzaten | 2025eko martxoaren 14a |
Azken eguna koordinazio epaimahaiari igortzeko desgaitasuna dela-eta proban egin beharreko egokitzapenen eskaerak (inskripzioa egiten den ikastetxeak), baita berariazko zatia egin beharraz salbuestekoak ere, lan eskarmentua edukitzeagatik | 2025eko martxoaren 21era arte |
Onartutako pertsonen eta egokitzapenen behin-behineko zerrenda argitaratzea | 2025eko martxoaren 28a |
Behin-behineko zerrendei (onartutako pertsonena eta egokitzapenena) erreklamazioak egiteko epea | 2025eko martxoaren 31tik apirilaren 4ra (14:00ak arte) |
Onartutako pertsonen behin betiko zerrenda eta egokitzapenen ebazpena argitaratzea | 2025eko apirilaren 15a |
Informazio honen argitalpena webgunean: izangaien gelaz gelako banaketa | 2025eko maiatzaren 14a (erdi mailako proba eta goi mailako proba) |
Erdi mailako zikloetarako sarrera-proba: Ariketak egiteko eguna | 2025eko maiatzaren 21a 09:30 Komunikazioa eta Gizartea esparrua 15:30 Esparru zientifiko-teknologikoa |
Goi mailako zikloetarako sarrera-proba: zati orokorreko zein berariazko zatiko ariketak egitea (salbu Arteak modalitateko berariazko zatia) Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetarako sarrera-proba | 2025eko maiatzaren 22a 09:30 Zati orokorra 15:30 Berariazko zatia |
Erdi mailako eta goi mailako zikloetarako sarrera-probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea | 2025eko maiatzaren 27a |
Erdi mailako eta goi mailako zikloetarako sarrera-probaren behin-behineko emaitzei erreklamazioak jartzeko epea | 2025eko maiatzaren 28etik 30era (14:00ak arte) |
Erdi eta goi mailako zikloetarako sarrera-probaren behin betiko emaitzen argitalpena | 2025eko ekainaren 5a |
Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (inskripzioa egiten den ikastetxean jaso behar dira) | 2025eko ekainaren 12tik aurrera |
Ziurtagiri partzialak (Hezkuntza Departamentuan jaso behar dira) | 2025eko urriaren 20a |
Iragarkiaren kodea: F2416338
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
