1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
107/2024 FORU DEKRETUA, azaroaren 20koa, zeinaren bidez ematen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2024ko Zilarrezko Dominak.
Azaroaren 24ko 100/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren Goresmen Sariak arautzen dira.
Aintzat hartuz beherago adierazten den zerrendan ageri diren pertsonen merezimenduak; izan ere, lan eta dedikazio handiz aritu dira Nafarroako Foru Komunitatean kirola sustatzeko eginkizunetan, eta, batez ere, lan horrekin asko lagundu diote Nafarroako kirolari, betiere adorez eta diskrezioz.
Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 20an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. Jarraian aipatzen diren pertsonetako bakoitzari Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Domina ematen zaio 2024an, kirolaren eta kirol jarduera fisikoen arloan aparteko zerbitzua eta ukaezinezko merezimendua duen lana egiteagatik urte askoan, borondatez eta ordainsaririk jaso gabe:
–Manuel Fernández Largo, 35 urtetik gora eman baititu halterofilia sustatzen, eta lan nabarmena egin baitu, Nafarroan, entrenatzaile gisa, batez ere Fiteroko eta Cintruenigoko klubetan.
–Miguel Sanz Vega, dedikazio handiz aritu baita areto-futbola sustatzen azken 43 urteetan. Aipatzeko modukoa da, esate baterako, Tafallako Ciudad del Cidacos saria antolatu duela, bai eta areto-futbolaren arloko beste zenbait ekitaldi ere.
–Santiago Iriarte Casales, errugbian aritu baita 42 urtean baino gehiagoan, eta ibilbide nabarmena egin baitu jokalari eta entrenatzaile gisa. Orobat, besteak beste, zenbait lehiaketa-batzorde eta zuzendaritza-batzordetako kide izan da, bai eta Iruña Rugby Club taldeko lehendakaria ere.
–José Ignacio Labayen Artázcoz, dedikazio handiz aritu baita Txantrea KKE taldearen futbol atalean. Izan ere, 50 urtez jarraian egon da kirol horren alde lanean, eskuzabaltasun hutsez aritu ere.
–Rubén Lorente Zamarbide, saskibaloiaren arloan lan handia egin baitu 39 urtean baino gehiagoan, eskuzabaltasun hutsez. Nafarroako hainbat klubetan aritu da, jokalari, entrenatzaile, hautatzaile eta zuzendaritza teknikoko kide gisa.
–José Antonio López Chasco, urte askoan egon baita lanean saskibaloia sustatzen Nafarroako zenbait klubetan, hala nola Itxako Kirol Elkartean eta Oncineda saskibaloi taldean.
–Heraclio Jiménez Alba, dedikazio handiz futbola sustatzen ibilbide luzea egin baitu. Harreman estua izan du CD Urroztarra klubarekin, Nafarroako Futbol Federazioarekin, Mutualidad de Futbolistas Españoles delakoaren Nafarroako ordezkaritzarekin eta Futbol Amateurraren Espainiako Batzordearekin.
–Francisco Javier Garraus Esparza, dedikazio handiko ibilbide luzea egin baitu golfa sustatzen Nafarroan. Bertako golf federazioan aritu da sorreratik beretik gaur egunera arte; federazioko kidea izan da, eta funtsezko lana egin du luzaroan.
–José Manuel Veiga Villegas, Nafarroako Eskrima Klubak, Eskrimaren Nafarroako Ordezkaritzak eta Nafarroako Eskrima Federazioak egindako jarduerak sustatzen lan egin baitu. Musu-truk aritu da entrenatzaile, tiratzaile, arbitro eta zuzendaritzako kide gisa.
–Margari Basarte López, harreman estua izan baitu Lizarrako txirrindularitza klubarekin, eta harekin lan egin baitu luzaroan klubak errepideko txirrindularitzari lotuta antolatu dituen kirol ekitaldietan.
–Iñaki Galdeano Juanaberría, harreman estua izan baitu Lizarrako txirrindularitza klubarekin, eta harekin lan egin baitu luzaroan klubak errepideko txirrindularitzari lotuta antolatu dituen kirol ekitaldietan.
–Pablo Unzué Gorraiz, dedikazio handiz aritu baita lanean Zizur Nagusiko atletismo eskolak eta Ardoi atletismo kluba bultzatzen. Zuzendaritza-taldeetako kide izan da, eta ekitaldi eta herri-lasterketa ugari antolatu ditu.
–Javier San Martín Labairu, futbolean lan handia egin baitu. Ibilbide oparoa, eskarmentu handikoa, egin du entrenatzaile, koordinatzaile eta zuzendaritzako kide gisa zenbait taldetan, hala nola Bidezarran, Mutilveran eta Oberenan.
–Fernando Hernández Zorzano, atletismoa sustatzen lan egin baitu. Harreman estua izan du Beste Iruña klubarekin eta ezaguna da Iruñeko maratoia eta San Silvestre lasterketak antolatzen eta kudeatzen egin duen lana.
–Maite Marín García, luzaroan aritu baita, musu-truk, epaile gisa abiadura-patinajearen arloan. Orobat, ekitaldi askotan aritu da Nafarroako Patinaje Federazioarekin lankidetzan.
–Juan Cruz Izura Lizoáin, wushua sustatzen lan egin baitu. Izan ere, Espainiako titulua eskuratu zuen lehenbiziko nafarra izan zen, eta ibilbide luzea eta nekaezina –37 urtetik gorakoa, hain zuzen– egin du diziplina horretako eskolak ematen.
–Esteban Baigorri Arriazu, 49 urte baino gehiago aritu baita musu-truk Fontellas kirol klubean. Jokalari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide eta kazetari afizionatu gisa aritu da, eta futbolarekin lotutako hainbat ekitaldi antolatu ditu.
–Fermín Herrero Palomo, zenbait saskibaloi klub eta lurralde-selekziotan aritu baita entrenatzaile gisa, eta 35 urte baino gehiago eman baititu kirol hori Nafarroan sustatzen, eskuzabaltasun hutsez sustatu ere.
–José Garín Sanz, urte askoan egon baita futbolaren alde lanean. Gehienbat, Ondalan kirol klubean aritu da, eta haren lana funtsezkoa izan da entrenatzaile eta zuzendaritzako kide gisa.
–Joaquín Esparza Martínez, gizonezkoen eta emakumezkoen futbola sustatzen lan egin baitu 1988az geroztik Lagunak Udal Zerbitzuan. Entrenatzaile eta koordinatzaile gisa aritu da 36 urtean baino gehiagoan.
2. Jarraian aipatzen diren pertsonetako bakoitzari Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Domina ematen zaio 2024an, honako hauetan ibilbide luzeak egin eta bereziki nabarmendu izanagatik: kirol modalitate batean edo batzuetan; edo, maila pertsonalean zein instituzionalean, kirol-jarduera fisikoaren eta kirol-jardueraren zuzendaritzan, antolakuntzan, sustapenean, ikerketan eta garapenean, bai eta ardura bereziko postuetan, hautazkoetan, edozein administrazio publikoren zerbitzuko eginbeharrak dedikazio eta eredugarritasun nabarmenaz betez, izan kirolaren eta kirol-jarduera fisikoen arloan, izan kirol mailako elkarte egituren zerbitzuan.
–Catalina Viedma Feligreras, 33 urtez aritu baita lanean Arangurengo kirol koordinatzaile gisa. Emakumezko kudeatzailea, eta aitzindaria arlo honetan. Ibarreko lehenbiziko elkarteen sarea ehuntzen lagundu zuen.
–Soledad Chueca Rodríguez, 1992az geroztik aritu baita lanean Buñuelgo Udaleko kirol koordinatzaile gisa. Emakumezko kudeatzailea, eta aitzindaria arlo honetan. Zenbait proiektu bultzatu ditu; esate baterako, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako programa.
–Pablo Bolea Goñi, Tafallan kirol koordinatzaile gisa egindako lanagatik. Izan ere, 35 urtez aritu da inguru horretan kirola sustatzen. Besteak beste, eskola-jarduerak koordinatu ditu, bai eta kirol proba eta txapelketa ugari ere.
–Luis Morales Cerdán, 38 urtez aritu baita lanean Cortesko Udaleko kirol teknikari gisa. Udaleko kirol egitura ehundu du, eta lan nabarmena egin du adineko pertsonei zuzendutako kirolaren arloan.
3. Honako honi ematen zaio Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Domina 2024an ekimen eta ekintza eredugarriak dituen ibilbidea egin baitu, aitortza publikoa merezi duena, bai kirol balioen aldetik izan duen garrantzi eta oihartzunagatik, bai eta Nafarroaren irudia nazioartean proiektatzeagatik ere:
–Raul García Escudero, kirol ibilbide arrakastatsua egin baitu futbol jokalari gisa talde entzutetsuetan, hala nola Osasunan, Atletico Madrilen eta Athleticen. Halaber, nazioartean ere aritu da, Espainiako selekzioan. Besteak beste, honako titulu hauek irabazi ditu: Espainiako Liga, Erregearen Kopa, Espainiako Superkopa, Europako Superkopa eta UEFA Europa League.
4. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru dekretu hau jakinaraztea interesdunei, eta igortzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 20an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
Iragarkiaren kodea: F2416915