252. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

4320/2024 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena turismo jardueretako ofizialen bi lanpostu betetzeko, oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori Estatuaren 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio, eta hartan sartu ziren, besteak beste, turismo jardueretako ofizialen lanpostu batzuk, C mailakoak.

Abenduaren 14ko 114/2022 Foru Dekretuaren bidez (2022ko 261. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), 2022ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori Estatuaren 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio, eta hartan sartu ziren, besteak beste, turismo jardueretako ofizialen lanpostu batzuk, C mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 2625/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismo jardueretako ofizialen lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Gero, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 20ko 3041/2024 Ebazpenaren bidez, bete gabe deklaratu zen lekualdatze-lehiaketa hori.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismo jardueretako ofizialen bi lanpostu sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismo jardueretako ofizialen bi lanpostu betetzeko deialdia onestea, bai eta haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Atalari, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Turismoaren Lurralde Garapen Jasangarriko Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa).

DEIALDIA, TURISMO JARDUERETAKO OFIZIALEN BI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdia arautuko duten,

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da turismo jardueretako ofizialen bi lanpostu betetzea, oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko. Lanpostu horiek C mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak dira, eta ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira horien zenbakiak eta destinoak.

1.2. Bi lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–Lanpostu 1 txanda irekian.

–Lanpostu 1 igoera txandan.

1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Batxilergoko titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa izatea, edo horietako baten baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.

Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

d) Titulazioaren betebeharraren ordez, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasuna izatea frogatzen ahalko da.

2.1.3. Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Enplegu publikorako deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 26 eurokoa da.

Telematikoki ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek deialdi honen 2.1.2 atalean jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Alberto Jesús Ecay Pagoto jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Turismoaren Lurralde Garapen Jasangarriko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Manuel José Bermejo Garde jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Esther Urtasun Galdeano andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Turismo Gobernantzaren eta Plangintzaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Margarita Cueli Erice andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Ainhoa Arnaiz Tomé andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko turismo jardueretako ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: Noemí Ayala Martínez andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko turismoko enpresa eta jardueretako teknikaria.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Idazkaria: Unai Garbisu de Goñi jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Turismo Behatokiko eta Berrikuntzako Ataleko burua.

Ordezko idazkaria: Amaya Alcelay Llano andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Euskarri Digitalen Bulegoko burua.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2025eko apiriletik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba.

Teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 60 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba hau egiteko.

Kalifikazioa: Proba honi dagokion puntuazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da. Idatziz erantzun beharko dira epaimahaiak proposatuko dituen hiru kasu praktikori buruzko galdera laburrak, ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako edukiekin lotuak eta lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren ezagutzen gainekoak.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba hau egiteko.

Epaimahaiak jarriko duen ordenagailuarekin eginen da proba hau. Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere; boligrafoak eta orri zuriak baino ezin izanen dira izan mahai gainean.

Bigarren proba honi dagokion puntuazioa 60 puntukoa izanen da gehienez ere.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.3. Hirugarren proba:

Ingeleseko eta frantseseko idatzizko eta ahozko proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunen araberakoa.

Bazterturik geldituko dira bi hizkuntzetan gai ez diren izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba hau egiteko.

6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematikoki.

7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera banatuta eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin daitezen.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du oposizioa gainditu duten izangaiek (zehaztuko da zenbatek) betebehar hau betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

–Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

–B motako gidabaimena nahitaezko duten lanpostuak lortu nahi izanez gero, izangaiek B gidabaimenaren kopia erantsi beharko dute.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, horretarako ezarritako epean, izangaiek jakinaraziko dute lanpostu hutsetatik zein duten nahiago, hurrenkera adieraziz.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen direnak eskainiko zaizkio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostuak hautatzeko, txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna duten izangaien salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen direnak.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B) Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, jatorrizko administrazioan jarduneko zerbitzuan daudela frogatzeko, edo borondatezko eszedentzian eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterakoren batean.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. eta 8. oinarrietan aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanpostuaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta honek aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.

9.6. Izangai batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostu hutsen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie, jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua beteko da, era berean, deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautapena. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.

Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.

12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori dena, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

Iruñean, 2024ko azaroaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa).

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Zati orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

5. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

8. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

9. gaia.–Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea.

10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Administrazio-egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

13. gaia.–7/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Nafarroako Turismoari buruzkoa.

14. gaia.–502/2003 Foru Dekretua, abuztuaren 25ekoa, Nafarroako Turismo Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duena. 190/2004 Foru Agindua, ekainaren 18koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, turismoko establezimendu, enpresa eta entitateak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko prozedura arautzen duena.

15. gaia.–140/2005 Foru Dekretua, abenduaren 5ekoa, Nafarroako turismoko aterpetxeak antolatzeko erregelamendua onesten duena: Xedapen orokorrak. Jardueraren antolamendua. Funtzionamenduaren araubidea. Gutxieneko betekizun eta baldintzak. 230/2011 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko apartamentu turistikoen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duena: Xedapen orokorrak. Jardueraren antolamendua. Funtzionamenduaren araubidea, prezioak eta erreserbak. Baldintza tekniko orokorrak.

16. gaia.–24/2009 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duena: Xedapen orokorrak. Lurzoru urbanizaezineko hirigintza arauak. Turismo arloko arauak. Jardueraren antolamendua. Baldintza tekniko orokorrak. 22/2024 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, zeinaren bidez arautzen baita non igaro dezaketen gaua Nafarroako Foru Komunitatean barna turismo ibiltarian ari diren autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek.

17. gaia.–243/1999 Foru Dekretua, ekainaren 28koa, landetxeetan ostatatzea arautzen duena: Xedapen orokorrak. Baldintza teknikoak. Funtzionamendu araubidea. Prozedura. 44/2014 Foru Dekretua, maiatzaren 28koa, nekazaritza-turismoari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Inskripzio prozedura. Funtzionamendu araubidea.

18. gaia.–146/2005 Foru Dekretua, abenduaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko hotel-establezimenduak antolatzeko erregelamendua onesten duena: Xedapen orokorrak. Jardueraren antolamendua. Funtzionamenduaren araubidea, prezioak eta erreserbak. Hotel-establezimendu guztien betekizun teknikoak eta baldintzak.

19. gaia.–288/2004 Foru Dekretua, abuztuaren 23koa, turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen erregelamendua onesten duena. 1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onesten dituena: Laugarren liburua, "Bidaia konbinatuak eta bidaia-zerbitzu lotetsiak". I. titulua: Xedapen orokorrak.

20. gaia.–36/2024 Foru Dekretua, apirilaren 17koa, ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Ingurumen jasangarritasuneko neurriak. Kontrolerako eta jarraipenerako neurriak.

Bigarren zatia.

1. gaia.–Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoa (2018-2025). Diagnostikoa eta erronkak. Helburuak eta orientabide estrategikoak. Planaren kudeaketa.

2. gaia.–Turismoa eta Nafarroako ekonomian duen eragina. Jarduera ekonomikoaren beste sektore batzuekiko harremana. Turismoaren sektorea tokiko jarduera ekonomikoan. Turismoaren arloko enplegua Nafarroan.

3. gaia.–Helmugan turismoaren jasangarritasuna sustatzeko estrategia, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

4. gaia.–Europar Batasunaren kohesio-politika (2021-2027). Europako lurralde arteko lankidetza turismoaren arloan: mugaz gaindikoa, nazioz gaindikoa eta eskualdeen artekoa.

5. gaia.–Turismoko informazioaren iturriak. Nafarroako informazio turistikoaren sistema: teknologiak, datuak, analisiak eta iturriak.

6. gaia.–Turismoko produktu eta zerbitzuen diseinua: baliabide turistikoak; eskaintzaren eta produktu turistikoen balorazioa; produktu baten posizionamendua; produktu eta helmuga turistikoen bizi-zikloak.

7. gaia.–Turismoaren plangintza eta lurralde koordinazioa: Nafarroako gune turistikoak kudeatzeko unitateak (GTKU). Eginkizunak eta lurralde eremua. Nafarroako Gobernuaren Turismo Bulegoen Sarea. Turismo bulegoen antolaketa eta funtzionamendua.

8. gaia.–Turismoko marketinaren oinarri estrategikoak: marketina, ekonomia digitala, turismo jarduera eta turistaren portaera (digitala).

9. gaia.–Turismoko marketinaren oinarri estrategikoak: turismo merkatuen segmentazioa, harremanen ikuspegia eta turismoko marketineko beste estrategia batzuk.

10. gaia.–Turismoko marketineko politikak: produktuak, bizipenak eta helmuga turistikoak.

11. gaia.–Turismoko marketineko politikak: banaketa, bitartekaritza turistikoa eta kanalen osoko kudeaketa.

12. gaia.–Turismorako tresna teknologiko nagusiak. Sare sozialak eta turismoa. SEO, SEM eta web-analitika eta -erabilgarritasuna, turismoaren sektoreari aplikatuta.

Hirugarren zatia.

1. gaia.–Nafarroaren historia: historiaurretik gaur egunera. Mugarri nagusiak.

2. gaia.–Artea Nafarroan: Paleolitotik Neolitora. Erromanikoa eta gotikoa. Arte adierazpen nagusiak. Errenazimentutik gaur egunera arte. Arte adierazpen nagusiak.

3. gaia.–Natura Nafarroan: naturagune babestuak.

4. gaia.–Nafarroa osatzen duten eskualde geografikoak (erliebea, landaredia, klima, higrologia, fauna): Mendialdea. Erdialdea. Erribera.

5. gaia.–Turismoaren jatorria eta bilakaera historikoa Espainian: hasi zenetik XIX. mendearen hasierara. XIX. mendetik 1959. urtera. 1960. urtetik gaur egunera.

6. gaia.–Turismoaren sektoreari buruzko sarrera: turismo sektorearen testuingurua: oinarrizko kontzeptuak, bilakaera, turismoaren ondorioak, merkatua, teknologia berriak turismoaren sektorean eta Espainiako eta nazioarteko ekitaldi nagusiak. Turismoaren sektorearekin loturiko erakunde publiko eta pribatuak. Turismoaren tipologiak eta horien joerak identifikatzea.

7. gaia.–Turismo eskaria: analisia, faktore erabakigarriak, eskariaren egungo joerak eta segmentazioa. Turismo eskaria Espainian.

8. gaia.–Turismo eskaintza (I): kontzeptua. Turismo eskaintzaren analisia: motak eta bilakaera. Oinarrizko zerbitzuak eta zerbitzu osagarriak. Turismo eskaintzaren funtzioa, elastikotasuna, kostuak eta estrategiak.

9. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (II): Nafarroako baliabide turistiko nagusiak.

10. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (III): natura-turismoa Nafarroan. Landa-turismoa Nafarroan.

11. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (IV): kultura-turismoa Nafarroan.

12. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (V): hiri-turismoa Nafarroan.

13. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (VI): turismo aktiboa Nafarroan.

14. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (VII): familia-turismoa Nafarroan.

15. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (VIII): mendi ibiliak eta bizikletaz egiteko turismoa Nafarroan.

16. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (IX): Donejakue bidea. Aipamen berezia Donejakue bideak turismoko baliabide gisa Nafarroan duen garrantziari.

17. gaia.–Nafarroako turismo eskaintza (X): gastronomia-turismoa Nafarroan.

18. gaia.–Sanferminak turistei begira. Historia eta tradizioak. Festetako ekintza eta ekitaldi nagusiak.

II. ERANSKINA.–TURISMO JARDUERETAKO OFIZIALEN LANPOSTU HUTSAK

LANPOSTU ZK.

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN ESPARRUA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

HERRIA

HIZKUNTZA EREMUA

SEXU-DELITUEN ZIURT.

HIZKUNTZAK

GIDABAIMENA

2664

KULTURA, KIROL ETA TURISMO DEP.

TURISMO ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

B

5802

KULTURA, KIROL ETA TURISMO DEP.

TURISMO ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

B

Iragarkiaren kodea: F2416823