1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
103/2024 FORU DEKRETUA, azaroaren 20koa, zeinaren bidez indargabetzen baita martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretua, "José Lázaro Galdiano" edizio saria sortzen duena.
Martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretuaren bidez sortu zen "José Lázaro Galdiano" edizio saria. Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak zein Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko Departamentuak sustatu zuten, gauzatu zedin Nafarroako Gobernuaren eta Lázaro Galdiano Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena (2009ko martxoaren 25ean sinatutakoa). Hala, foru dekretu haren bidez ezarri ziren sariaren ezaugarri orokorrak, baita deialdia egiteko, parte hartzeko, hautapena egiteko eta saria emateko prozedura ere.
Ondoren, ekainaren 26ko 76/2019 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen aipatu foru dekretua eta saria bi kategoriatan banatu zen: liburuak, oro har, eta bibliofilia liburuak. Halaber, hizkuntza ez-sexistara egokitu zen foru dekretua eta saria emateko tokia aldatu zen, ekitaldiak hedapen handiagoa izan zezan. Azkenik, foru dekretua gauzatzeko eskumena eman zitzaion argitalpenen edizioaren arloan eskumena zuen Nafarroako Gobernuko departamentuari.
Aipatu araudia sortu duen hitzarmenari dagokionez, adierazi behar da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriak aurreikusten duela, hitzarmenen indarraldiari dagokionez, legeak indarra hartzean indarrean dauden hitzarmenak automatikoki egokituko direla. Hala, legeak indarra hartzean iraupen mugagabeko isilbidezko luzapen bat ezarrita duten hitzarmenek (eta horien artean dago hitzarmen hau) lau urteko indarraldia izanen dute legeak indarra hartzen duen egunetik aurrera.
Beraz, 2020an preskribatu zuen Nafarroako Gobernuak eta Lázaro Galdiano Fundazioaren artean sinatutako hitzarmenak.
Gaur egun, Nafarroako Gobernuak bere lehentasunak birdefinitu ditu Foru Komunitatearen garapenari dagokionez:haren posizionamendua hobetzea eta zabaltzea lortu nahi du, Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 24an onetsitako Nafarroako Marka plan estrategikoaren bidez. Plan horrek ikuspegi estrategiko berri bat identifikatzen eta lehenesten du, xede baitu talentua eta inbertsioak erakartzea eta fidelizatzea Nafarroa lurralde berritzaile, jasangarri eta berdinzalea izan dadin Europan. Orain, estrategia horrekin, lerrokatzeko zenbait identifikazio eta dibulgazio ardatz birformulatu behar dira eta haien muina izanen da identitatea, bizi-kalitatea, enpresa, talentua, turismoa, paisaia aniztasuna eta natura sustatzea. Hortaz, gaur egun, "José Lázaro Galdiano" edizio sariak ez du ematen behar bezainbeste garrantzitsua denik Nafarroa lurralde berritzaile, jasangarri eta berdinzalea izan dadin sortutako Nafarroako Marka sustatzeko estrategia berriarekin lotutako ekimen gutxienetako bat izaten jarraitzeko.
Horregatik guztiarengatik, iritzi zaio ez dela bidezkoa saria mantentzea.
Horiek horrela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko maiatzaren hogeian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabetzea martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretua, "José Lázaro Galdiano" edizio saria sortzen duena.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko azaroaren 20an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2416910