251. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169/2024 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Oteitzako udal mugartean goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira.

Bat etorrita Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoarekin, 2024ko otsailaren 7an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen, bai eta instalazioaren onura publikoa zehazki deklaratzeko ere, transformazio azpiestazio berri baten proiekturako: 220/66 kV-eko "Estellerria TA", Oteitzako 1. poligonoko 439. lurzatian kokatua, eskualdean elektrizitate eskarirako hornidura bermatzeko helburuarekin.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, eta etorkizunean izan dezakeen bilakaera gorabehera, 220/66 kV-eko "Estellerria TA" azpiestazioak instalazio hauek izanen ditu:

–220 kV-eko sistema. Transformadorearen T-1 posizioaren neurketako eta babeseko elementuek osatzen dute:

  • 220 kV-eko hiru tximistorratz.
  • Hiru intentsitate transformadore.
  • Hiru tentsio transformadore.
  • Hiru isolatzaile.

–220/66/13,8 kV-eko potentzia transformadorea (T-1), 125 MVA-koa, kanpoan instalatzekoa eta olio mineralean isolatua.

–66 kV-eko sistema. Horretarako, barra bikoitzeko konfigurazioa hartu da, eta posizio hauek osatuko dute:

  • Potentzia transformadorerako posizio bat, T-1, M motakoa, kanpoan instalatzekoa, etengailuarekin.
  • Lineetarako 6 posizio (Murieta l., Lizarra l., Lorka-1 l., Lorka-2 l., Arroitz l. eta Larraga l.), M motakoak, kanpoan instalatzekoak, etengailuarekin.
  • Barren loturarako posizio bat, M motakoa, kanpoan instalatzekoa, etengailuarekin.
  • Zerbitzu osagarrietarako bi posizio, M motakoak, kanpoan instalatzekoak, etengailuarekin.
  • Tentsioa neurtzeko bi posizio, barretan, kanpoan instalatzekoak, etengailurik gabe.

–Zerbitzu osagarrietarako bi transformadore trifasiko, 250 kVA-koak eta 66 kV / 0,420 kV erlazioa dutenak, kanpoan instalatuak eta K motako likido dielektrikoan murgilduak, azpiestazioaren zerbitzu propioak elikatzeko.

–Kontrolerako eta komunikazioetarako eraikina, 148,78 m²-koa, panelagarria eta "in situ" eraikitzekoa; kontrolerako gela bat eta komunikazioetarako beste gela bat izanen ditu.

Bat etorrita Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluan ezarritakoarekin, proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri dira 30 egun baliodunez. Horretarako, iragarkia paratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2024ko 47. zenbakian, martxoaren 5ekoan) eta Diario de Navarra egunkarian (2024ko martxoaren 6an) eta, orobat, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean argitaratu zen. Era berean, informazioa Oteitzako Udalari igorri zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan bere ediktu-taulan. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea espedientean jaso da.

Ez da alegaziorik jaso.

Aldi berean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 146. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta igorri zitzaien Oteitzako Udalari, Red Eléctrica de España SAUri eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari. Zerbitzu horretako Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txostena jaso da, non jakinarazten baita ez dagoela ukipenik atal horren eskumeneko arloetan. Araudia betez, txosten hori sustatzaileari helarazi zitzaion, eta espedientean jasota dago harekin ados dagoela.

Bestalde, espedientean honako ebazpen hauek daude jasota:

–85E/2024 Ebazpena, otsailaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egin baitzen, aldekoa, proiektu honi buruz: "66 kV-eko ‘Larraga’ eta ‘Arroitz’ linea berriak, ‘Estellerria TA’ berriari eta ‘220/66 kV-eko Estellerria TA’ri dagozkionak". Ebazpenean ezarri zenez, "proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, eta, beraz, ez zaio egin behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta (21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluaren 1. atalean ezarritakoa)", baina, nolanahi ere, ingurumen ebazpenean bertan ezarritako baldintzak sartu beharko dira baimenean.

–168E/2024 Ebazpena, maiatzaren 31koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena ematen baita proiekturako, hirigintzako ebazpenean bertan zehazten diren determinazioak betetzeko baldintzarekin.

2024ko azaroaren 8an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk eskabide bat aurkeztu zuen, jakinarazteko instalazioa egin asmo den lurzatia okupatzeko akordioa lortu duela Red Eléctrica de España SAUrekin (lurzatiaren titularra baita). Horregatik, eskatzen zuen uko egindakotzat jo dadila instalazioaren onura publikoa zehazki deklaratzeko eskaera, eta ebazpena eman dadila aurretiazko administrazio baimenari eta eraikitzeko administrazio baimenari buruz.

Adierazitakoarekin bat eta espedientean dagoen informazioa ikusita, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak otsailaren 1ean emandako 10/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 16koa) eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea aipatutako goi tentsioko instalazio elektrikoa jartzeko (220/66 kV-eko "Estellerria TA"), aurkeztutako proiektua onestea eta hogeita lau hilabeteko epea ematea lanak egiteko.

2. Baimen hau emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

3. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak (ITC-RAT 01-23) onesten dituen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak (ITC-LAT 01-09) onesten dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatuarekin.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri obra-bukaerako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari fakultatibo eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian ezarritako gainerako dokumentazioa ere.

5. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Ondare Historikoaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Red Eléctrica de España SAUri, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.

8. Ebazpen hau Oteitzako Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko azaroaren 11n.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2416363