1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
548/2024 EBAZPENA, urriaren 31koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita hasiera ematea Bertizaranako udal mugartearen eta Donamariako eta Doneztebeko udal mugarteen arteko mugako marrak berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen testuaren arabera, udal mugartea udaleko gobernu eta administrazio organoek beren eskumenak erabiltzeko duten lurralde esparrua da. Udal mugartearen mugaketa zehatza, "muga jurisdikzionalaren marrak" izenekoen bidezkoa, funtsezko elementua da toki administrazioaren funtzionamendu egokirako eta beste ahalmen publiko batzuen erabilerarako. Are gehiago, mugako marra horien kartografia oinarrizko informazioa da herritarrentzat eta eragile ekonomiko eta sozial askorentzat; informazio hori kalitate handikoa eta eskuragarria izatea eskatzen dute, gero eta gehiago, informazio eta komunikazioaren teknologiaren erabileraren arloan orokorrean gertatzen ari den modu berean.
Nafarroako udalerrien mugaketa ofiziala datu dokumental eta kartografiko multzo batean oinarritzen da. Datu horiek Institutu Geografiko Nazionalaren menpeko Kartografiako Erregistro Zentralean gordetzen dira.
Informazio horrekin batera, Nafarroako Foru Komunitatean beste datu iturri bat dago, hori ere udal jatorria duena eta haren eskumenean dagoena: Nafarroako katastroetako datuak. Horiek ere udalen mugetako marren kartografia eskaintzen dute, baina beste helburu batekin, helburu fiskalarekin, alegia.
Maiz, bi datu-multzoen arteko desberdintasunak nabarmenak dira, arrazoi askorengatik: batean edo bestean nahiz bietan datu zehaztugabeak izatea, eskala eta lan metodologia desberdinak erabili direlako, garai desberdinetan jaso direlako edo erakunde desberdinek egin dutelako bilketa.
Egoera hori dela eta, SITNAren koordinazio organoek behin eta berriz adierazi dute beren lan planetan ez dagoela Nafarroako udalerrien lurralde mugaketaren kartografia finkaturik, eta horrek segurtasun juridiko falta nabarmena sortzen duela eta, betiere, kalitate falta dakarrela administrazioek gizarteari eskaintzen dioten oinarrizko informazioan, estrategikotzat jo dezakegun horretan.
Aipatutako inguruabar guztiak aintzat hartuta, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du lan-programa bati heltzea, pixkanaka helburu hau beteko duena: Estatuko Administrazio Orokorrean, Foru Komunitatekoan eta udaletan arau eta lan-tresna den dokumentazio administratibo eta tekniko ofizialaren batasun erabatekoa lortzea.
Gauzak horrela, 2024ko otsailaren 15ean, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, eskaera bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoaren bidez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari zuzendua, udal mugetako marrak ezartzeko prozedurak lehenestea eskatzeko, Legasako hitzarmenak betearazteko, diferentziak atzeman baitira bertatik bertara ikusitako errealitatearen eta katastroko grafikoaren artean. Lan horien xedea izanen litzateke Bertizaranako udal mugartearen eta Donamariako eta Doneztebeko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionalaren marra berreskuratzea eta haien hobekuntza geometrikoa egitea.
Tramite hauek mugakide diren beste udalerri batzuetan ere eragina dute, marraren hasierako edo bukaerako mugarriak haienak ere direlako. Hauek dira: Baztan, Bertizaranaren eta Donamariaren arteko mugarte-marrako hego-ekialdeko mugarria partekatzen baitu (lehenengoa, Mugaketa Akta Zaharraren arabera), eta Sunbilla, Bertizaranaren eta Donezteberen arteko marrako iparraldeko mugarria partekatzen baitu (hamabigarrena eta azkena, Mugaketa Akta Zaharraren arabera).
Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko geografoak aldez aurreko lan teknikoa eta administratiboa egin du, 2024ko urriaren 22ko txosten teknikoan adierazten den bezala.
Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 20. artikuluak aitortzen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak hasiera eman diezaiela Bertizaranako udal mugartearen eta Donamariako eta Doneztebeko udal mugarteen arteko mugako marra berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei.
2. Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Baztan eta Sunbillako udalei eskatzea bakoitzak mugaketarako bere udal batzordea izenda dezala, lan horietan laguntza eta berrespena emateko. Batzorde horietako bakoitzak kide hauek izanen ditu: alkatea, hiru zinegotzi, udal idazkaria eta udalak peritu lanak egiteko izendatzen duen pertsona.
3. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak lan tekniko eta administratiboen egoeraren berri eman diezaiela ukitutako udalei, modu egokian, gaur egun indarra duten aktak gaurkotuko dituztenak formalizatu daitezen.
4. Jendaurrean jartzea ebazpen honen 1. zenbakian adierazitako udal muga-marra zuzentzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko oinarrizko proposamena, ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, lanen xedeari buruzko informazioa edo ekarpenak jasotzeko. Hori helburu, dokumentazioa aztergai egonen da Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren bulegoetan (Arrieta kalea 12, 4. solairua) eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian.
https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/jendaurreko-informazioaren-tramitea/espediente-061.24.002
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ukituriko udaletara igortzea, baita Institutu Geografiko Nazionaleko Eskualdeko Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuaren unitate hauetara ere: Nafarroako Zerga Ogasunaren Lur-ondasunen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kartografia, Topografia eta Geodesia Atalera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalera eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalera.
6. Ebazpen hau igortzea, halaber, Bidasoa eta Berroaran Mendietako Biltzarrari eta Bertizaranako udalerriko Narbarte, Legasa eta Oieregiko kontzejuei.
Iruñean, 2024ko urriaren 31n.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.
Iragarkiaren kodea: F2416096