Iragarkia
251. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CINTRUÉNIGO
Deialdia, administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Tokiko Gobernu Batzarrak 2024ko azaroaren 15eko erabakiaren bidez onetsi ditu Cintruénigoko Udalean administrari laguntzailearen lanpostu bat betetzeko deialdiaren oinarriak. Lanpostu hori hautaprobak eginez, lehiaketa-oposizio bidez eta lan-kontratudun finkoen araubidearen arabera beteko da.
OINARRIAK
1. oinarria. Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Cintruénigoko Udalean administrari laguntzailearen lanpostu bat lehiaketa-oposizio bidez eta txanda irekian betetzea. Lanpostua D mailakoa da, lan-kontratudun finkoen araubidearen menpe dago eta A33 zenbakiarekin dago identifikatuta plantilla organikoan.
Prozesua gauzatuko da honako araudi honetan xedatutakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
Deialdi honetan kontratatzeko hautatzen den pertsona lan-kontratudun finkoa izanen da eta indarra duten xedapenek Cintruénigoko Udaleko lan-kontratudunen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.
1.2. Era berean, deialdi honen xedea da zerrenda bat eratzea probak gainditu arren hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, oinarri hauetan xedatutakoarekin bat, zerbitzuan sortzen diren aldi baterako beharren arabera administrari laguntzailearen D mailako lanpostua aldi baterako betetzeko.
1.3. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan D mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.
1.4. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldi mota eta ordutegia, eta lanpostu hori zerbitzuaren beharretara egokituko da une oro; organo administratibo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
1.5. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak izangaien zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, administrari laguntzaile lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Cintruénigoko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.
Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Cintruénigoko Udaleko administrari laguntzaile izateko lanposturako aldi baterako kontrataziorako.
Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.
1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:
Haien mailako eta kategoriako berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzetako lanak, baita tokiko zerbitzu publikoen berezko jarduketekin ikusteko dutenak ere, eta haiek egoki funtziona dezaten begiratzea. Hona hemen batzuk, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe:
Jendeari arreta egitea eta administrari laguntzaileek udal bulegoetan dituzten zeregin guztiak betetzea: ordenagailuekin lan egin, testu tratamendua, kudeaketa programak, edozein eratako udal zerbitzuak eman eta alkatetzak nahiz organo delegatuek agindutako lanak egin. Zeregin horiek guztiak, betiere, beren eskumen, maila eta kategoriaren barnean sartuko dira. Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta kudeaketak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.
1.7. Hautapen prozedura oposizio-lehiaketa bidez eginen da, deialdiko lanpostuak duen izaera eta bertan gauzatu beharreko eginkizunak direla-eta. Izan ere, oposizio-lehiaketaren sistemari esker, merezimendu eta gaitasun printzipioak hobeki baloratzen ahal dira, esperientzia baloratzeaz gain, gauzatu beharreko eginkizunekin lotutako prestakuntza eta ezagutza teoriko eta praktikoak baloratzen ahal baitira.
Hautapen probak 6. oinarrian ezarritakoak dira.
2. oinarria. Izangaiek bete beharrekoak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Titulu hauetako bat izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketa, horietako baten baliokidea, edo, bestela ere, titulu horietako bat eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea, administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea eta diziplina-kaleratzerik ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
3. oinarria. Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Foruen plazako 1. zenbakian dagoen Cintruénigoko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, hori ziurtatu aurretik.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Cintruénigoko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Cintruénigoko Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://cintruenigo.sedelectronica.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein.
Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.
2.–Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren kopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
3.–Behar den dokumentazioa, frogatzeko alegatu diren eta balora daitezkeen merezimendu guztiak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera. Izangaiek baremoan (6.2 oinarria) agertzen den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.
Ez da inolaz ere onartuko adierazitako epearen ondoren ezer gehitzea.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute horiek parte hartzeko eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
4. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
5. oinarria. Izangaiak onartzea.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Cintruénigoko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du. Zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.
5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, Cintruénigoko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
5.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betekizunak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, faltsutzeagatik izan zitzaketen erantzukizunei kalterik egin gabe.
5.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Lehiaketaldia.
Izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, oinarri honetan dagoen baremoaren arabera. Soilik baloratuko dira deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak.
Ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:
6.2.1 Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak. 20 puntu, gehienez.
Administrazio publikoetan, administrari laguntzaile edo administrari-ofizial lanpostuetan egindako zerbitzuak: 4 puntu, urte bakoitzeko.
Aurreko apartatuan ezarritako merezimenduak frogatzeko, izangaiak aurkeztu beharko ditu lan egindako administrazio publiko edo entitate pribatuaren ziurtagiriak; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, kontuan hartuko dira bai lan-kontratu administratibo finko nahiz aldi baterakoarekin egindako zerbitzuak, bai administrari laguntzaile, bitarteko nahiz jabetzako lanpostuetan egindakoak.
Denbora-tarte berean administrazio publiko batean baino gehiagotan eman badira zerbitzuak, soilik baloratuko da epealdi luzeena; eta datak bat badatoz, horietako bat bakarrik baloratuko da.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da.
Izangaiak zerbitzuak eman zituen administrazio publikoen edo erakundeen ziurtagirietan, hauek jaso beharko dira: lan egindako denbora, zerbitzuen hasiera eta bukaera datak, betetako lanpostua eta lanaldiaren iraupena.
Gehienez ere 20 puntukoa izanen da apartatu honen puntuazioa.
6.2.2. Beste merezimendu batzuk. 10 puntu, gehienez.
6.2.2.a) Prestakuntza osagarria. (Gehienez 5 puntu).
Deialdi honetan eskatu baino maila handiagoko tituluak: 5 puntu.
Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, maila handieneko titulua edo ziurtagiria baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere 5 puntukoa izanen da apartatu honen puntuazioa.
6.2.2.b) Prestakuntza ikastaroak. (Gehienez 5 puntu).
Deialdiaren xede den lanpostuari dagozkion gaiei buruzko hobekuntza eta espezializaziorako prestakuntza ikastaro eta ekintzak, erakunde eta zentro ofizialek eta unibertsitateek eginak baldin badira, eta administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak: egindako prestakuntza/ikastaro ordu bakoitzeko 0,02 puntu.
Ziurtagirietan irakastorduak bakarrik jaso beharko dira. Azaldutako moduan jasota ez dagoen kasuetan, 0,05 puntu emanen dira.
Gehienez ere 5 puntukoa izanen da apartatu honen puntuazioa.
6.2.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.
6.2.4. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, aurreko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.2.5. Epaimahaiak ez du inola ere kontuan hartzen ahalko alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ez du puntuazio handiagorik ematen ahalko, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
6.2.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Aurkezten diren frogagiriek aipatu baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute.
6.2.7. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako behin-behineko puntuazioa Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan eta udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.
6.2.8. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
6.3. Oposizioaldia.
Ariketa bakoitzean 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta baztertzaileak izanen dira:
Ariketak 2024ko martxotik aurrera eginen dira.
Oposizioaldia (proba teorikoa eta praktikoa) gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da.
Oposizioaldian bi proba eginen dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Biak ere baztertzaileak izanen dira.
a) Proba teorikoa.
Proba honetan ere aukera anitzeko galdera sorta edo test bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri direnak izanen dira.
Ariketa hasi baino lehen, epaimahaiak zenbat iraunen duen ezarriko du.
Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,50 puntu kenduko dira.
Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
25 puntu lortzen ez dutenek ez dute ondoko proba egiten ahalko.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina ez bada.
Epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian, izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, eta adieraziko du noiz eta non eginen den hurrengo ariketa, gutxienez ere 48 ordu lehenago.
b) Proba praktikoa.
Administrazio-agiri batzuk prestatu beharko dira eta/edo galdera praktiko labur batzuei erantzun, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin: lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik hautatuko ditu epaimahaiak.
Epaimahaiak idatziz, ahoz edo ordenagailuz egitea planteatzen ahalko du kasu praktiko bakoitza. Era berean, eskuz edo ordenagailuz aritzeko eska dezake epaimahaiak, agiria prestatzeko edo galdera praktiko laburrei erantzuteko.
Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak, agiriaren aurkezpena, eta epaimahaiak emaniko datuak ongi jaso izana.
Bigarren proban gehienez 20 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez puntuen erdia erdietsi beharko da.
6.4. Oposizioaren proba bakoitza egin eta kalifikatu ondoren, epaimahaiak lortutako behin-behineko kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian. Era berean, gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere adieraziko dira.
Gutun-azal itxiak ireki ondotik, 5 egun balioduneko epea izanen dute interesdunek eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa aterako da bi ariketetan lortutako puntuazioak baturik, baina ezinbestekoa izanen da proba biak gaindituta izatea.
6.5. Ariketa bakoitza egiteko dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Ezarritako moduan nor diren frogatzen ez dutenak edo aurretik zehaztutako egun, ordu eta tokian agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
6.6. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.
7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Oscar Bea Trincado, Cintruénigoko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Anabel Lacarra Ridruejo andrea, Cintruénigoko Udaleko zinegotzia eta barne araubideko batzordeburua.
Epaimahaikidea: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) administrari-ofiziala.
Epaimahaikidearen ordezkoa: José Angel Ipiña París jauna, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: Milagrosa Pérez Barquín andrea, Corellako Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikidearen ordezkoa: María José Armendariz Poyales andrea, Corellako Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: Tuterako Udalak izendatzeko den administrari-ofiziala.
Epaimahaikidearen ordezkoa: Tuterako Udalak izendatzeko den administrari-ofiziala.
Epaimahaikide-idazkaria: Isabel Garbayo Aliaga andrea, Cintruénigoko Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikide-idazkariaren ordezkoa: Elia Bea Sesma andrea, Cintruénigoko Udaleko administrari laguntzailea.
7.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ez da eratzen ahalko, ez eta jarduten ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
7.3. Kalifikazio epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu eta epaimahaikide guztiek sinatuko dituzte.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak eta, berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.
7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, jarraikiz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeari. Halaber, izangaiek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.
8. oinarria. Emaitzak.
8.1. Azken kalifikazioa kalkulatzeko, oposizioaldian lortutako puntuazioa eta lehiaketaldian lortutakoa batuko dira, betiere izangaiak oposizioaldiko bi ariketak gainditu baditu.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen ariketan (proba teorikoan) puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, bigarren ariketan (praktikoan) lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eta puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak berariaz prestatuko duen zozketa publiko bakar baten bidez hautsiko da berdinketa hori.
8.2. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu eta bietako puntuak batu ondotik, epaimahaiak gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du Cintruénigo Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoko gardentasun atarian. Zerrendan, lehiaketa-oposizioan guztira lortu den kalifikazioa jasoko da, lortutako puntuazio osoaren ordenaren arabera.
Epaimahaiak, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko/kontratatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari.
Proposamen hori epaimahaiburuak argitaratuko du Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan, haren egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
8.3. Oposizioaldiko bi ariketak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez duten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan.
9. oinarria. Agirien aurkezpena.
9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:
–Deialdian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
–Osasun ziurtagiri ofiziala, egiaztatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea. Proposatutako pertsonak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen erakundeak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio gizarte eskubideen departamentuaren ezintasunak baloratzeko arloari.
–Zinpeko aitorpena, administrazio publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena
–Lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko jatorrizko agiriak edo horien kopia autentifikatuak. Agiri horiek ez badira zehatzak edo bat ez badatoz lehenago aurkeztu eta lehiaketaldian baloratu zirenekin, izangaiaren aldeko izendapen-proposamena baliorik gabe geldituko da automatikoki, eta deialditik baztertuko da.
–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
9.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, eta ez bada behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasua, izangaia ez da izendatzen ahalko, eta haren jarduketa guztiak deuseztatuko dira; hori, eskabidean faltsukeria egiteagatiko erantzukizuna deusetan eragotzi gabe.
9.3. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, 8.2 apartatuan aipatzen den gainditutakoen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da lanpostua, aurreko apartatuetan adierazitako moduan.
10. oinarria. Izendapena eta kontratazioa.
10.1. Hautapen prozesua bukatu ondoren, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 9.1 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak haren izendapena ebatziko du, eta tokiko erakunde horretako lan-kontratuko langile finko gisa kontratatuko du administrari laguntzaile lanpostua betetzeko, eta lanpostu hutsa esleituko zaio.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen ditu, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
10.2. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du kontratua sinatu eta lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Cintruénigoko Udaleko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu.
Hori gertatuz gero, deialdiaren 9.3 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
10.3. Lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere 9.3 oinarrian xedatzen den moduan beteko da.
11. araua. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.
11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1,5. oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
11.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Cintruénigo Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, deialdiaren 8.3 oinarrian ezarritakoa betez.
11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren arabera erabiliko da.
11.5. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.
Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
11.6. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek sarrera-deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
11.7. Prozesu honetan onesten diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak bost urtez egonen dira indarrean, eta Tokiko Gobernu-batzarraren erabakiaren bidez luzatzen ahalko da haien indarraldia.
12. oinarria. Aldi baterako kontratazio zerrenden kudeaketa.
12.1. Deitzea.
Gainditu duten eta epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.
Zerrendan dagoen lehentasun ordenaren arabera deituko zaie izangaiei. Aurrekoa gorabehera, aldi baterako beharrei erantzuteko langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera), eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaie eta afiliatuko dira.
12.2. Dei egiteko arau orokorrak:
1.–Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 12.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio. Horrela, dagokion zerrendan azken postuan utziko da.
4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengo ageri denari dei eginen zaio, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.
5.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.
6.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
12.3. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan duen postuari eutsiko baitio:
–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.
–Aldi baterako ezintasuna izatea.
–Lan-kontratu bat indarrean izatea.
–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.
–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.
–Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera (bikote egonkorra), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Kasu horietan, izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzeko eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egiten ez den artean, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.
Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten postu berean segituko dute.
12.4. Zerrendetatik baztertzea.
Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:
a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
b) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.
c) Lanpostua bertan behera uztea.
d) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.
e) Sinatutako kontratuari uko egitea.
f) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.
12.5. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.
13. oinarria. Datuen babesa.
Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraituz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Cintruénigoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da deitutako lanpostu hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
- DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cintruenigo.com).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
14. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko kalifikazio-epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
Izen-deiturak: | ||
NAN / Nortasun agiria | Jaioteguna | Jaioterria |
Nazionalitatea | Egungo helbidea (kalea, zenbakia, solairua) | |
Posta kodea / Herria | Telefono mugikorra | Telefono finkoa |
Helbide elektronikoa | ||
AZALTZEN DU:
Deialdiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabidean erantsi dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.
Eskabidearekin batera aurkezten dut lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.
Egoki denean (markatu eta erantsi dokumentazioa):
Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).
Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.
ESKATZEN DU:
Nafarroako Aldizkari Ofizialean (zenbakia: ......................; data: ........................................................................................) argitaratutako lan-araubide finkoko administrari laguntzailearen lanpostu baten hautaproben bidez deialdiko hautaketa prozesuan onartua izatea.
Cintruénigo, 20..........(e)ko ...............................................................(a)ren ................ (e)(a).
(Sinadura)
DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA.
Tratamenduaren arduraduna: Cintruénigoko Udala. Xedea: deitutako lanpostu hutsa betetzea, langileak hautatzea. Eskubideak erabiltzea: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, tratamendua mugatzeko eta beste eskubide batzuk baliatzen ahalko dira, deialdiaren 13. oinarrian, www.cintruenigo.com egoitza elektronikoko gardentasun-atarian eta dpd@cintruenigo.com helbidean eskuragarri dagoen informazio gehigarrian adierazitako gisan.
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua.
2.–Udal errolda: Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak.
3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki erakundeei buruzko xedapen orokorrak.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. IX. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa: Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola.
6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua: I. titulua: Udalbatzetako kideen estatutua II. titulua: Toki entitateen beharrezko antolaketa. III. titulua: Lurralde mailako toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: Toki entitateen antolaketa osagarria. VI. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa.
7.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua, I. kapitulua, 1. atala. Hirigintzako lizentziak.
8.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).
9.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.
10.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua, Xedapen orokorrak; II. titulua, Gardentasuna; III. titulua, Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.
11.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua.
Oharra: Deialdia zein egunetan argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Cintruénigo, 2024ko azaroaren 19a.–Alkatea, Óscar Bea Trincado.
Iragarkiaren kodea: L2416802
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
